139. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

355E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez kudeaketa-esleipena egiten baitzaio Atarrabiako Udalari, modu subsidiarioan egin ditzan IONGRAF SA enpresari Atarrabian daukan instalazioko jarduera bertan behera uzteagatik ezarri zaizkion nahitaezko jarduketak.

Bidezko administrazio-prozedura izapidetu ondoren Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 337E/2024 Ebazpenaren bidez adierazi da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak modu subsidiarioan egin behar dituela IONGRAF SA enpresari ezarri zaizkion nahitaezko jarduketak, Atarrabian daukan instalazioko jarduera bertan behera uzteagatik.

Honako jarduketa hauek dira, laburbilduta: lurren egoerari buruzko azterlana egitea, gasolio-biltegia kentzea eta instalazioko sabaiko plakak kentzea. Hori guztia, ingurumen baimen integratuan ezartzen den bezala egin behar da.

Atarrabiako Udalak zenbait jarduketa eginen ditu hirigunea hobetzeko, ingurumena suspertzeko eta Ultzama eta Arga ibaiek bat egiten duten tokian izaten den uholde-arriskua murrizteko. Horregatik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren iritziz bidezkoa da Atarrabiako Udalari kudeaketa-esleipena egitea, bere kargura egin ditzan aurrean azaldutako jarduketak. Nolanahi ere, IONGRAF SAk jarduketen kostua ordaindu beharko dio administrazioari, likidazioa egin ondoren.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua) eta toki erakundearen arteko lankidetza hitzarmena prestatu da, ezarrita dagoen bezala.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak aldeko txosten juridikoa egin du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Atarrabiako Udalari kudeaketa-esleipena egitea, modu subsidiarioan egin ditzan IONGRAF SA enpresari Atarrabian daukan instalazioko jarduera bertan behera uzteagatik ezarri zaizkion nahitaezko jarduketak, toki erakundeak kudeaketa-esleipena onartuz gero.

2. Esleipen hori formalizatzen duen lankidetza hitzarmena onestea. Ebazpen honen eranskinean dago.

3. Alderdiek sinatu ondoren, lankidetza hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Atarrabiako Udalari, IONGRAF SAri, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, NILSAri eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren kontra interesdunek, administrazio publikoak ez besteek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren titularraren aurrean, hilabeteko epealdian. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

ERANSKINA.–LANKIDETZA HITZARMENA

Batetik, Ana Bretaña de la Torre, Ingurumeneko zuzendari nagusia, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ordezkari gisa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eskuordetuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.h) artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2019 Foru Dekretuak ematen dizkioten eskudantziak erabiliz.

Bestetik, Mikel Oteiza Iza, Atarrabiako alkatea, toki araubideko legeriak aintzatesten dizkion eskumenak erabiliz eta udaleko osoko bilkurak 2024ko maiatzaren 29an emandako baimenaz baliatuz.

ADIERAZTEN DUTE:

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 11. artikuluan ezartzen duenaren arabera, administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak kudeatzeko esleipena beste administrazio bateko beste organo baten esku utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago. Ezinbestekoa da kudeaketa-esleipenaren xedea ez izatea sektore publikoko kontratuen legerian arautzen diren kontratuen berezko xedeetako bat.

Horrelako kasuetan, lankidetza hitzarmena sinatu behar da esleipena formalizatzeko, eta gero kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu behar da.

Beste alde batetik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluan ezartzen denez, bi administrazio publikok edo gehiagok administrazio arteko hitzarmenak sinatzen ahal dituzte, eta hitzarmen horien barnean biltzen ahalko da beste administrazio publiko baten edo lotutako edo mendeko organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate baten bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabiltzea, eskumen propioak edo eskuordetuak baliatzeko.

2010. urtean bertan behera utzi zen aluminiozko profilak, xaflak eta moldurak anodizatzeko eta lakatzeko instalazioko jarduera, IONGRAF SAk Atarrabian egiten zuena. Instalazio horrek ingurumen baimen integratua zeukan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 429/07 Foru Aginduaren bidez emana.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenaren bidez aldatu egin zen Atarrabiako udal-mugarteko aluminiozko profilak, xaflak eta moldurak anodizatzeko eta lakatzeko instalazioaren ingurumen baimen integratua, instalazioa ixteko baldintzak ezartzearren. Izan ere, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta ebazpenaren eranskinetan bildutako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra IONGRAF SA da.

340E/2017 Ebazpenaren hirugarren apartatuan honako hau xedatzen da: "Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea".

IONGRAF SAk ez zituen bete Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenean instalazioa ixteko ezarritako baldintzak. Horregatik, zehapen-espedientea hasi zen eta, azkenean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 27ko 326E/2021 Ebazpenaren bidez adierazi zen aipatutako enpresak arau-hauste astuna egin zuela, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 31.3 artikuluaren arabera, eta 20.000 euroko isuna ezarri zitzaion. IONGRAF SAk foru agindu horren aurka egin zuen eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak zuzenbidearen araberakoa zela ebatzi zuen 2022ko azaroaren 21eko 000274/2022 epaian, 0000486/2021 prozedura laburtuko autoetan.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egindako ikuskapenak 2023ko otsailaren 1eko eta irailaren 21eko txostenetan biltzen dira. Ikuskapen horietan egiaztatu zen enpresak artean ez zituela betetzen Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenean instalazioa ixteko ezarritako baldintzetako batzuk. Hain zuzen ere, Zerbitzuak hauxe adierazten zuen:

–Sabaiko plakak direla eta, ez da egin analisirik jakiteko zenbat amianto duten, eta ez dira kendu.

–Ez dago 40 m³-ko gasolio-biltegia atera den seinalerik Ikuskapen-bisitan egiaztatu da ez dela egin ezer horretarako. Lurpeko biltegiaren zatirik handiena nabearen azpian dago eta beste zati bat kanpoko zolataren azpian. Kendu egin beharko da; beraz, horretarako behar diren neurriak hartu behar dira, are eraispen partzialak egitea ere, beharrezkoa izanez gero.

–Lurraren egoerari buruzko azterlana dela eta, zerbitzu honek ez dauka halakorik egin den berririk. 2020ko urriaren 5ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak lurraren egoerari buruzko aurretiazko txostena jaso zuen. Izapide hori 2007ko otsailaren 1ean ere egin zen, eta ez da nahikoa lurraren kutsadura-maila ebaluatzeko; gainera, beraren irismena ez dator bat 340E/2017 Ebazpenean ezarritakoarekin.

Ikusirik IONGRAF SAk behin eta berriro ez dituela betetzen instalazioa ixteko ezarritako baldintzak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, eskumena daukanez gero ingurumen baimen integratuak emateko eta hori behar duten instalazioak ikuskatzeko eta kontrolatzeko, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 15eko 78E/2024 Ebazpenaren bidez prozedura bat abiarazi du instalazio horren itxierak eragindako neurriak modu subsidiarioan betearazteko, eta titularrari ohartarazi dio hilabetean bete dezala. Ez du ezer lortu.

Atarrabiako Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluaren 2. apartatuaren a) eta b) letretan ezartzen duenari jarraikiz, hirigintzako eta ingurumeneko eskumena dauka, batez ere parke eta lorategi publikoei dagokienez. Udalak zenbait jarduketa egin nahi ditu hirigunea hobetzeko, ingurumena suspertzeko eta Ultzama eta Arga ibaiek bat egiten duten Atarrabiako tokian izaten den uholde-arriskua murrizteko. Jarduketa horien artean longraf eraistea eta kutsatutako lurrak kentzea daude.

Jarduketa horiek finantzatzeko, Atarrabiako Udalak Ingurumenaren Estatu Idazkaritzaren 2022ko abenduaren 20ko ebazpen baten bidez emandako dirulaguntza izendun bateko funtsak dauzka. Dirulaguntza hori Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren abenduaren abenduaren 23ko 1023/2022 Errege Dekretuak arautzen du.

Jarduketa horien funtsezko atal bat da 340E/2017 Ebazpenean jarduera bertan behera uzteko baldintzen artean ezarritako lurrak deskontaminatzeko neurriak ezartzea. Gainera, horretarako behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta juridikoak ipini behar dira, eta lanak modu subsidiarioen egiteko behar diren funtsak ere bai. Nolanahi ere, jarduketak amaitu ondoren haien kostua titularrak hartu beharko du bere gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102. artikuluan nahitaezko betearazpenaz xedatzen denarekin bat etorriz.

KLAUSULAK

Lehenengoa.–Hitzarmen honen bidez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak konpromiso hauek hartzen ditu:

A) Jarduketak modu subsidiarioan egiteko IONGRAF enpresaren aurka behar diren administrazio-egintza guztiak emanen ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezartzen duenari jarraikiz, salbuespen hau kontuan hartuta: jarduketa materialak Atarrabiako Udalak hartzen ditu bere gain, hitzarmen honen bigarren klausulan zehazten den bezala.

B) IONGRAF SAri eskatuko dio jarduketa materialek eragiten dituzten gastuen eta kalte-galeren zenbatekoa, horiek amaitu eta Atarrabiako Udalak behin betiko likidazioa egin ondoren.

C) IONGRAF SAri aurreko diru-kopuru horiek eskatzeko premiamendu-prozeduran behar diren administrazio-egintza guztiak emanen ditu, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekin koordinatuta.

D) Atarrabiako Udalari ordainduko dizkio IONGRAF SArengandik lortzen diren kopuruak, zehazki, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenean ezartzen diren neurrien gauzatze materialerako udalak bere gain hartzen dituen kostuei aurre egiteko lortzen direnak. Neurri horiek bigarren klausulan zehazten dira.

Bigarrena.–Atarrabiako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

A) Modu subsidiarioan beteko ditu IONGRAF SAren instalazioa ixtearen ondoriozko neurriak, hain zuzen ere, instalazioaren ingurumen baimenean ezarritakoak, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenaren bidez baimen horretan egindako aldaketari jarraikiz:

–Lurzoruen egoerari buruzko txostena: Instalazioaren kokalekuko lurraren egoerari buruzko txostena egin beharko da, kutsadura-maila nolakoa den jakiteko, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuak ezartzen dituen irizpideekin eta estandarrekin bat etorriz. Txosten hori eta baliagarri dauden beste iturri batzuetako informazioa oinarritzat hartuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak lurzorua kutsatutzat jotzeko adierazpena emanen du, azterlanek hori egiaztatzen badute, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezartzen diren irizpideen arabera.

–Lurpeko gasolio-biltegia, 40 m³-koa: atera behar da.

–Sabaiko plakak: baimendutako kudeatzaile batek kudeatuko ditu. Aurretik analisia eginen da, amiantorik daukaten jakiteko, eta hura kendu eginen da, beharrezkoa izanez gero.

B) Bere gain hartuko ditu jarduketek zuzenean eta zeharka sortzen dituzten kostu guztiak; hona:

–Jarduketak eginen dituzten langileen kontratazio publikoaren espedienteak prestatzearen, erakunde instrumentalei agintzearen edo langileok zuzenean kontratatzearen kostua.

–Jarduketa horiek egiteko adjudikazioa jasotzen duten enpresen prezioak, soldatak, zergak eta gainerako gastu guztiak.

–Foru Komunitateko Administrazioak esleipenaren xedeko jarduketen ondoriozko ondare-erantzukizunaren kalte-ordainak eman behar izanez gero, horiek itzultzea.

–Foru Komunitateko Administrazioak esleipenaren xedeko jarduketen ondoriozko prozedura judizialen kostu prozesalak ordaindu behar izanez gero, horiek itzultzea.

C) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira bidaliko du jarduketen gauzatze materialak eragiten dituen gastuen eta kalte-galeren behin betiko likidazioa, horiek amaitu ondoren. Likidazioarekin batera ziurtagiriak, fakturak eta frogagiriak aurkeztuko ditu.

D) Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura bidaliko ditu esleipena gauzatzeko lanetan egiten diren txosten teknikoak, proiektuak, memoriak eta agiri teknikoak.

E) Obraren proiektua idazteko eta ondoren hori gauzatzeko lanen kontratazioaz arduratuko da, bai eta obra-zuzendaritzen kontratazioaz ere (segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa barne). Horretarako, Atarrabiako Udala erakunde kontratatzailea izanen da, eta kontratazio publikoaren legerian ezartzen denaren arabera horri dagozkion eskubideak eta betebeharrak edukiko ditu.

F) E) apartatuan adierazten diren kontratazioen zenbatekoa finantzatuko du, eta BEZa ere bai, nahiz eta gero itzuli lehenengo klausulako D) apartatuan azaltzen den bezala.

Hirugarrena.–Jarraipen batzorde bat (administrazio sinatzaile bakoitzeko bi teknikari egonen dira) hitzarmenaren eta sinatzaileen konpromisoak gauzatzearen jarraipenaz, zaintzaz eta kontrolaz arduratuko da. Batzorde horrek hitzarmen hau interpretatzean eta gauzatzean sortzen diren auziak ebatziko ditu.

Laugarrena.–Hitzarmen honek lau urte iraunen du gehienez. Lau urtean ez badira amaitzen esleipenaren xedeko jarduketak edo Foru Komunitateko Administrazioak ez badio itzultzen Atarrabiako Udalari ordaindutako gastuen zenbatekoa, alderdiek konpromisoa hartzen dute beste hitzarmen bat sinatzeko, egiteko dauden jarduketek estaldura juridikoa eduki dezaten.

Bosgarrena.–Hitzarmenaren edukia aldatzeko, alderdi sinatzaileen arteko akordioa beharko da.

Seigarrena.–Hartutako betebehar edo konpromisoren bat betetzen ez bada, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 c) artikulua aplikatuko da, eta betebeharra edo konpromisoa bete ez duen alderdiak egindako kalte-galeren ordaina eman beharko dio beste alderdiari.

Zazpigarrena.–Hitzarmen hau honako kasu hauetan azkenduko da:

–Betetzen denean.

–Hitzarmena suntsitzeko arrazoi hauetako bat gertatzen denean:

–Hitzarmenaren iraunaldia amaitzea.

–Sinatzaile guztiak azkentzeko ados jartzea.

–Sinatzaileetako batek hartutako betebehar edo konpromisoetako bat ez betetzea.

–Xede-jarduketak bete ezin direnean.

–Epaile batek hitzarmena deuseza dela deklaratzen badu.

–Aurrekoak ez beste arrazoi bat, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan aipatzen dena.

Zortzigarrena.–Hitzarmen hau administratiboa da. Bertan ezartzen ez den guztirako honako hauek aplikatuko dira: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; aplikatzen ahal diren zuzenbide publikoko beste arau batzuk.

Iruñean, 2024ko ekainaren 7an. Sinadurak: Ingurumeneko zuzendari nagusia; Atarrabiako alkatea.

Iragarkiaren kodea: F2409397