139. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

211E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita, onetsi aurretik, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarataren aurkako ekintza-planen laugarren fasea.

Inguruneko Zarataren Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua onetsi zenez eta Zaratari buruzko Legeak eta hori garatzen duten erregelamenduek zuzentarau hori Espainiako antolamendu juridikora ekarri zutenez, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (MITERD) behartua dago estatuko, autonomia erkidegoetako eta tokiko administrazioek prestatu beharreko zarata-mapa estrategikoak eta zarataren aurkako ekintza planak biltzera.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen du autonomia-erkidego bakoitzeko administrazioa izanen dela zarata-mapa bakoitzari dagokion kutsadura akustikoaren arloko ekintza planak garatzeko, onesteko eta berrikusteko administrazio eskuduna, bai eta jendaurrean jartzekoa ere.

Legearen 14. artikuluak eremuak zehazten ditu zarata-mapa estrategikoak garatzeko eta onesteko, eta hori oinarritzat hartzen da kutsadura akustikoaren aurkako ekintza-planak egiteko. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Iruñeko udalerriak baino ez du betetzen aipatu artikuluan ezarritako baldintza, hau da, 100.000 biztanle baino gehiago izatekoa. Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren barnean dagoenez, mapa estrategiko unitate bat osatzen du zaratari buruzko legea aplikatzeko ondorioetarako, eta Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarata-mapa estrategikoa berrikusteari ekin zitzaion, mapa berriz egin eta onestearen bidez. Lehendabiziko mapa estrategikoaren ondoren, bigarren, hirugarren eta laugarren faseak egin ziren, eta laugarrena onetsi zen Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 1219E/2022 Ebazpenaren bidez.

Bestetik, zaratari buruzko legearen 23. artikuluak adierazten du zarataren aurkako ekintza-planek zehaztu behar dituztela zein jarduketa eginen dituzten, hurrengo bost urteetan, ezarritako helburuak lortzeko. Aipatu legearen 24. artikuluak adierazten du planak berrikusi behar direla eta, hala badagokio, aldatu daitezkeela jendaurrean egon ondoren gutxienez hilabeteko epean, baldin eta kutsadura akustikoaren inguruko aldaketa nabarmenik egon bada eta, betiere, onesten denetik aurrerako bost urteetan gehienez jota.

Horri dagokionez, hirugarren fasea, hau da, plan horien aurreko fasea, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 994E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Halaber, ebazpen horren bidez onetsi ziren Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarataren aurkako ekintza-planak 2020-2024 aldirako, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarata-mapa estrategikoen hirugarren faseari zegozkionak. Bide-ardatz handien, trenbide-ardatz handien, aireportu handien eta aglomerazioen zarataren aurkako ekintza-planen laugarren faseari lotutako datuak 2024ko abenduaren 31rako emanen zaizkio Europako Batzordeari, eta MITERDi jakinaraziko zaizkio 2024ko irailaren 30a baino lehen.

Horrenbestez, zarata-mapa estrategikoen laugarren fasea onetsi denez eta kutsadura akustikoaren arloko ekintza-planak berrikusteko epea laster amaituko denez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio plan horiek berrikustea.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak emandako txostena ikusita, eta harekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikulua aplikatzearen ondoriozko eskumenak baliatuz.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Jendaurrean jartzea, hilabetez, Iruñerriko Hiri Aglomerazioaren zarataren aurkako ekintza-planak 2025-2029 aldirako (Ingurumen Zarataren Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko laugarren faseari dagozkionak), baita hura prestatzean sortu den dokumentazio guztia ere.

Horretarako, zarataren aurkako ekintza-planen proposamena eta aipatutako dokumentazioa eskuragarri egonen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan (González Tablas 9, behea, Iruñea), bulegoko orduetan, eta Interneten, Gobernu Irekiaren Atariaren web-orrian, honako esteka hauetan:

https://participa.navarra.es/processes/informacion-publica-previa-cuarta-fase-PAR4-ACP?locale=eu

Alegazioak Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta bide hauetako bat erabiliz aurkezten ahalko dira:

–Aurrez aurre: Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetan.

–Telematikoki: Nafarroako Atarian dagoen erregistro orokor elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainontzeko bideetako edozein erabilita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateko Garraio Zerbitzuari; Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari; Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari; eta Antsoaingo, Aranguren ibarreko, Barañaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Burlatako, Zizurko, Eguesibarko, Esteribarko, Ezkabarteko, Galar Zendeako, Uharteko, Noain Elortzibarko, Oltza Zendeako, Orkoiengo, Iruñeko, Atarrabiako eta Zizur Nagusiko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2409249