138. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

78E/2024 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi hau onesten baita: "Laguntza, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko, 2024. urterako". DDBN identifikazioa: 765790.

Goi-mendiko eskualdeetan esnetarako behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak zailtasun bereziak ditu: esnea prozesatzeko instalazio nagusietatik urrun egotea, komunikatzeko zailtasuna, malda handiak, bertara iristeko zailtasunak eta batzuetan eguraldi txarra. Hori dela-eta, beharrezkoa da konpentsazio ekonomikoa ematea ustiategi horietan esnea biltzen duten enpresei.

Ustiategi horietako esnea biltzeko laguntza honi esker, goi-mendiko eskualdeetako ustiategiek ekoizten segitzen ahalko dute, eta, horrela, tokian tokiko jarduera ekonomikoari eta landa ehunari eusten lagunduko zaie.

Hori guztia dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du diruz laguntzea Nafarroako esnetarako behi-aziendaren ustiategi horietan esnea biltzen duten enpresei, oinarrizko jarduera ekonomiko hau desager ez dadin, Nafarroako landa eremuek bizirik iraun dezaten eta kontsumitzaileek eskura izaten jarrai dezaten lur honetan kalitatez eta segurtasunez ekoizten diren elikagaiak.

Ebazpen honetan araututako laguntzak de minimis araubidearen menpean daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoan.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea laguntza hauek emateko oinarri arautzaileak: de minimis araubideko laguntzak, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko, 2024. urterako. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan azaltzen dira.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

3. Onuradunak ebazpen honen bederatzigarren oinarrian xedatutako gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bitartez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

4. Onestea de minimis araubideko laguntzen deialdia, 2024. urterako, goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan esnetarako behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko.

5. Ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko, 60.000 euroko gastua baimentzea laguntza hauetarako, 2024ko aurrekontu orokorretako honako partida honen kargura: "Mendi eskualdeetan behi-esnea biltzeko laguntzak esne-enpresei" izeneko 710004 71300 4700 412200 partida.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2024ko ekainaren an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–DE MINIMIS ARAUBIDEKO LAGUNTZAK GOI-MENDIKO ETA ZAILTASUN BEREZIKO ESKUALDEETAN ESNETARAKO BEHI-AZIENDAREN USTIATEGIETAKO ESNEA BILTZEAK DITUEN ZAILTASUNAK KONPENTSATZEKO, 2024. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Ebazpen honen helburua da oinarri arautzaileak ezartzea laguntzak emateko goi-mendiko udalerrietan edo zailtasun bereziko kontzejuetan kokatuta dauden behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko, ebazpen honen II. eta III. eranskinetan jasotzen denari jarraikiz eta bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 4ko 8/2023 Foru Aginduaren I. eranskineko 14. oinarriarekin (28/2024 Foru Agindua, martxoaren 4koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez honako deialdi hauek egiten baitira: 2024ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena; Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) eskualdeko esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako de minimis araubideko estatuaren laguntza).

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta aplikazio eremua.

1. Gehienez 3.000 euroko laguntza emanen da behi-esnea jasotzen zaion ustiategi bakoitzeko, betiere goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualde batean kokatua badago, ebazpen honen II. eta III. eranskinen arabera.

2. Dirulaguntzen deialdi hau de minimis araubidearen menpean dago (Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. 2023ko 2831. EBAO, abenduaren 15ekoa).

3. Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko de minimis laguntza ematen ahal dio hiru urteko epean, hala xedatuta baitago Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Behi-esnearen lehenbiziko erosleak izanen dira laguntza hauen onuradunak, baldin:

a) Erregistratuta badaude AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC izeneko programan (www.aica.gob.es), esnearen sektoreko operadore gisa, eta lehen erosle gisa indarreko kontratuak badituzte goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan kokatutako esnetarako behi-aziendaren ekoizleekin, II. eta III. eranskinetan jasotakoaren arabera.

b) Goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan kokatutako esne ekoizleengandik esnea jaso badute deialdi hau argitaratu aurreko bi hilabeteetan.

2. Entitate onuradunek eguneratuta eduki behar dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez dute deus edukiko itzuli gabe dirulaguntza publikoen arloan.

3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten erakunde eskatzaileek.

4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, horretarako prestatutako eredua erabiliz, zeina Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagokion fitxan eskura baitaiteke (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin.

Hala ere, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskaera aurrez aurre ere aurkezten ahalko da, departamentu horren erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.

3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Esnea biltzeko kontratuak indarrean dituzten esnetarako behi-aziendaren ekoizleen zerrenda; betiere, izan behar dute goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualde batean kokatuta daudenak, ebazpen honetako II. eta III. eranskinetan jasotakoaren arabera.

b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa izanez gero, entitatearen IFZa eta eraketa-eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek sinatu beharko dituzte, edo legezko ordezkariak edo administratzaileak; azken kasu horretan, ordezkaritzaren frogagiria ere aurkeztuko da.

c) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten lehen erosleen kasuan.

d) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein de minimis laguntzei buruzkoa, hau da, erregelamendu honi nahiz beste de minimis erregelamendu batzuei lotuak aintzat hartuta.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .......................................................................................................(e)k, nire izenean edo ....................................................................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan nik/ordezkatzen dudan entitateak aurreko ekitaldiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela, deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: goi-mendiko eta zailtasun bereziko eskualdeetan behi-aziendaren ustiategietako esnea biltzeak dituen zailtasunak konpentsatzeko laguntzak".

f) Goiko e) atalarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

g) Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

h) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adierazita zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraikiz:

–Lehena. Nagusiki esne ekoizle diren abeltzainek osatutako kooperatibei edo ENSei (eraldaketarako nekazaritza-sozietateak) dagozkien eskaerak.

–Bigarrena. Gainerako eskatzaileak.

3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da ea hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Laguntza eman aurretik, onuradunarengandik adierazpen bat jaso beharko da, idatzizkoa edo bitarteko elektronikoen bidezkoa, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein de minimis laguntzei buruzkoa, hau da, erregelamendu honi nahiz beste de minimis erregelamendu batzuei lotuak aintzat hartuta.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako de minimis araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Entitate onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

2. Onuradunak abeltzaintzako ustiategiekin sinatutako esnegintza arloko kontratuak izan beharko ditu, eta horiek AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC izeneko programan grabatuta egon beharko dute (www.aica.gob.es).

3. Onuradunak EIKAren INFOLAC programan grabatu beharko ditu egindako esne entregak.

4. Entitate onuradunek gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte mantendu beharko dute goi-mendietan edo zailtasun bereziko eremuetan dauden abeltzaintzako ustiategien esne-bilketa, salbu eta abeltzaintzako ustiategiaren titularrari gertatutako ezinbesteko arrazoiengatik, lehenbiziko erosleek ezin badute esnea bildu.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Erakundeak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak horretarako erabili direla frogatzea.

Laguntzen helburua bete dela justifikatzeko, egiaztatuko da goi-mendiko edo zailtasun bereziko eskualdeetan dauden ustiategietan esnea bildu dela, gutxienez, eskaera egin aurreko bi hilabeteetan. Hori egiaztatzeko, kontrol administratiboak eginen dira, esne erosleak entregei buruz AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC programan (www.aica.gob.es) 2024an egiten dituen aitorpenetan oinarrituta.

Hamaikagarrena.–Laguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren de minimis laguntzak ez dira inolako estatu-laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren estatu-laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen baldin badu kategorien arabera salbuesteko erregelamendu baten bidez edo Europako Batzordeak hartutako erabaki baten bidez kasu zehatz bakoitzerako finkatzen den laguntzen gehieneko zenbatekoa edo laguntzen intentsitatea. Badira de minimis batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez Estatuak emandako dirulaguntzekin.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziren bat edo ezinbesteko egoeraren bat gertatu dela dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen jarraipena eta publizitatea.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariaren Tramiteen katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.

3. Estatu kideek, laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, de minimis laguntzei buruzko informazioa gordeko dute estatu kideko edozein agintaritzak emandako de minimis laguntzen erregistro nagusian.

Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta de minimis laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.

Batzordeak, idatziz, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatuko du zehaztu ahal izateko, batetik, erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren edo ez eta, bereziki, zein den erregelamendu honetan eta beste de minimis erregelamendu batzuetan ezarritakoa betez edozein enpresak jaso duen de minimis laguntzaren guztizko zenbatekoa. Kasuan kasuko estatuak eman egin beharko dio informazio hori Batzordeari, hogei egun balioduneko epean, edo, eskaeran hala ezarrita dagoenean, hori baino handiagoa den epean.

4. Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako duten webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuen bidez. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

II. ERANSKINA.–GOI-MENDIKOTZAT JOTZEN DIREN UDALERRIEN ZERRENDA

UDALERRIAREN KODEA

UDALERRIA

KATALOGAZIOA

3

ABAURREGAINA

Goi-mendia

4

ABAURREPEA

Goi-mendia

13

AMESKOABARRENA

Goi-mendia

20

ARAITZ

Goi-mendia

21

ARANARATXE

Goi-mendia

22

ARANTZA

Goi-mendia

24

ARANO

Goi-mendia

28

ARTZIBAR

Goi-mendia

31

ARESO

Goi-mendia

33

ARIA

Goi-mendia

34

ARIBE

Goi-mendia

50

BAZTAN

Goi-mendia

54

BERTIZARANA

Goi-mendia

55

BETELU

Goi-mendia

58

AURITZ

Goi-mendia

59

BURGI

Goi-mendia

71

GAZTELUBERRI

Goi-mendia

81

DONAMARIA

Goi-mendia

82

ETXALAR

Goi-mendia

87

ELGORRIAGA

Goi-mendia

90

ERATSUN

Goi-mendia

92

ERROIBAR

Goi-mendia

93

EZKAROZE

Goi-mendia

95

ESPARTZA ZARAITZU

Goi-mendia

100

EULATE

Goi-mendia

102

EZKURRA

Goi-mendia

111

GALOZE

Goi-mendia

112

GARAIOA

Goi-mendia

113

GARDE

Goi-mendia

115

GARRALDA

Goi-mendia

117

GOIZUETA

Goi-mendia

118

GOÑERRI

Goi-mendia

119

GORZA

Goi-mendia

128

IZABA

Goi-mendia

129

ITUREN

Goi-mendia

133

ITZALTZU

Goi-mendia

134

JAURRIETA

Goi-mendia

137

BEINTZA-LABAIEN

Goi-mendia

139

LANA

Goi-mendia

143

LARRAGOA

Goi-mendia

149

LEITZA

Goi-mendia

153

LESAKA

Goi-mendia

181

NABASKOZE

Goi-mendia

185

OTSAGABIA

Goi-mendia

187

OIZ

Goi-mendia

195

ORBAIZETA

Goi-mendia

196

ORBARA

Goi-mendia

198

ORONTZE

Goi-mendia

199

OROTZ-BETELU

Goi-mendia

203

PETILLA ARAGOI

Goi-mendia

209

ERROMANTZATUA

Goi-mendia

210

ERRONKARI

Goi-mendia

211

ORREAGA

Goi-mendia

213

SALDIAS

Goi-mendia

221

DONEZTEBE

Goi-mendia

222

SARTZE

Goi-mendia

226

SUNBILLA

Goi-mendia

239

URDAZUBI

Goi-mendia

241

URRAULGOITI

Goi-mendia

244

URROTZ

Goi-mendia

245

URZAINKI

Goi-mendia

247

UZTARROZE

Goi-mendia

248

LUZAIDE

Goi-mendia

250

BERA

Goi-mendia

252

BIDANKOZE

Goi-mendia

256

HIRIBERRI

Goi-mendia

259

IGANTZI

Goi-mendia

263

ZUBIETA

Goi-mendia

264

ZUGARRAMURDI

Goi-mendia

III. ERANSKINA.–ZAILTASUN BEREZIKO KONTZEJUEN ZERRENDA

UDALERRIAREN KODEA

KONTZEJUA

UDALERRIA

KATALOGAZIOA

098

AGORRETA

ESTERIBAR

Mendialdea

144

ODERITZ

LARRAUN

Mendialdea

049

OROKIETA

BASABURUA

Mendialdea

Iragarkiaren kodea: F2409308