138. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

348E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza batzuk Nafarroako tokiko ekintza taldeei emateko, 2024. urtean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten. DDBN identifikazioa: 764256.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiteko.

Tokiko ekintza taldeak eskualde mailako elkarteak dira, eta bertan biltzen dira eskualdeko sare sozioekonomikoa ordezkatzen duten solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakume-elkarteak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, etab.). Landa garapenaren Europako estrategiak aplikatzea dute helburu, kolektibo sozial, ekonomiko eta instituzionalen arteko adostasunaren ondorioz sortzen diren eskualdeko programak diseinatuz, abian jarriz eta kudeatuz.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean, "Herritar aktiboak, ahalduntzea eta parte-hartzea" kapituluaren barnean, bereziki aipatzen dira alderdi hauek: genero ikuspegia landa garapeneko jarduketetan txertatu beharra, emakumeen ahalduntzea landa esparruan, despopulazioari aurre egiteko neurriak, landa esparruan dagoen eten digitala desagerrarazteko jarduketak eta abar. Auzi horietan guztietan, tokiko ekintza taldeen jarduna erabakigarria da; izan ere, lurraldeari bultzada emateko garrantzi eta eragin handiko entitateak dira.

Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan, kontuan hartzen da toki-administrazioaren erantzukizuna ildo estrategiko guztietan, eta, bereziki, I. ildo estrategikoan, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza-ereduan, toki-administrazioa barne, eta hura tokiko ekintza taldeen parte ere bada, adierazi den bezala. Halaber, plan estrategiko horretako IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren haritik, elkarteen lana ezinbestekoa da, hain zuzen ere, ikuspegi feminista aintzat hartuz eta emakumeen aniztasunetik, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko dioten elkarteena, eta erakundeekin izanen duten elkarrizketak eragina izan behar du politika publikoetan.

Adierazi behar da, bestalde, tokiko esparrua dela herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin eta tokiko ekintza taldeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Tokian tokiko errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten tokiko ekintza taldeentzat. Ebazpen honetan hiru dirulaguntza modalitate aurreikusten dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten tokiko ekintza taldeentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten tokiko ekintza taldeentzat.

Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea (https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/8346E44F-1C60-4850-AAC8-7934034AB5C6/310539/ItinerariotrabajoEntidadesLocales22022015.pdf) eredu bat da, institutuak bultzatzen duena esku-hartze sistematikoa eta koherentea errazteko eta gauzatzeko, eta esku hartzeko esparru bat ezartzen du, bide ematen duena toki erakundeak lankidetzan aritzeko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin koordinatuta. Ibilbide hori tokiko ekintza taldeentzako eredu ere izanen litzateke, eta esku-hartzerako arlo hauek barne hartzen ditu: tokiko gobernantza eta genero-zeharkakotasuna, emakumeen aurkako indarkeria, zaintza, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balio-aldaketa. Era berean, tokiko ekintza taldeen lana planifikatzeko baliagarria izan daiteke "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa", zeina eskualde-eremuko mota horretako elkarteentzako lankidetza-proiektu espezifiko baten emaitza baita.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, helburu duena 2024. urtean Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 20.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastu-aurrekontuko "080001 08100 4819 232207 (E) Tokiko ekintza taldeentzako transferentziak" aurrekontu-partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta haren oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) biltzen dituzten eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 28an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.

I. ERANSKINA.–Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntza batzuk emateko, 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arteko aldian, Nafarroako tokiko ekintza taldeei, talde horietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, tokiko ekintza talde horiek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuen bitartez.

2. oinarria. Erakunde onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean legez eratutako tokiko ekintza taldeek, Nafarroako Foru Komunitatean deialdi honetako proiektuak sustatzen badituzte, eta, era berean, oinarri hauetako baldintzak betetzen badituzte.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) A modalitatea: Nafarroako tokiko ekintza taldeek garatzen dituzten proiektuak, baldin eta berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez badute.

b) B modalitatea: Nafarroako tokiko ekintza taldeek garatzen dituzten proiektuak, baldin eta berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen badute.

c) C modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten Nafarroako tokiko ekintza taldeek garatzen dituzten proiektuak.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. Nafarroako tokiko ekintza taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den epe osoan, salbu 3.1 oinarriko b.2 apartatuan jasotakoaren kasuan.

Edozein modalitatetan, tokiko ekintza taldeek legez eratuta egon beharko dute Nafarroako Foru Komunitatean, eta Nafarroako Gobernuak hautatuta eta onetsita egon beharko dute.

a) A eta B modalitateak.

1. Eskaera egiten den unean, B mailako berdintasuneko agente bat kontratatuta edo plantillan izatea, lanaldi osoan. Tokiko ekintza taldeak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat erabiliko da. IV. eranskina).

Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

2. Entitatearen 2024rako aurrekontuetan partidak izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuak finantzatzeko. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

3. Aukera berdintasuneko plan bat, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategiko bat edo urteko lan-plan bat edukitzea. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatuz gero, baldintza hori egiaztatutzat joko da tokiko ekintza taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz gero (IV. eranskina). Adierazpen horretan, egiaztatuko da tokiko ekintza taldeak berdintasun-plana edo urteko lan-plan bat egiteko asmoa duela deialdi honen aldian. Puntu honetan aipatutako planak oinarri hartu beharko du "Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" edo "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa".

4. Erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan, dirulaguntzaren aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

b) C modalitatea:

1. 2024rako partida edo aurrekontu zuzkidura edukitzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintza eta proiektuetara bideratua. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

2. Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).

4. oinarria. Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Tokiko ekintza taldeek proiektu bakarra aurkeztu behar dute, dagokien modalitatean.

4.3. Proiektu diruz lagungarriek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.

Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

A eta B modalitateak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten tokiko ekintza taldeetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta "Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean" adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a. Toki gobernantza eta zeharkakotasuna.

Ohartaraztea jarduketa honen barnean ez direla diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barne Planak (diagnostikoak barne) plantillan 50 langiletik gora dituzten tokiko ekintza taldeetan.

b. Emakumeen kontrako indarkeria.

c. Zaintza-lanak, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

d. Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Era berean, A eta B modalitateetako proiektuak planifikatzeko, erreferentzia gisa hartzen ahalko da "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa" izeneko dokumentua, eta aipatutako ibilbidean jasotako hiru mailetako edozeinetan koka daitezkeen ekintzak planifikatzen ahalko dira.

Aurrez aipatutako edozein arlotan sartzen diren ekintzak biltzen dituzten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta honako helburu hauek badituzte:

–Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharka integratzeko.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta abar).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.

–Azterlanak, ikerketak, plangintza eta ebaluazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Apartatu honetan diruz lagungarriak diren ekintzen artean dago indarkeriari buruzko tokiko protokoloak egitea, honako argitalpen honetan jasota dagoena: Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida (https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-26-f-eu.pdf) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) argitaratua. Nolanahi ere, protokoloak egitean, bete beharko dira gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak. Gainera, azken legegintza-araudiak jaso beharko dira, ahalik eta ikuspegi eguneratuenarekin, eta protokolo bakoitza kasuan kasuko tokiko ekintza taldearen errealitatera egokitu, ahal den neurrian.

C modalitatea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, lanaldi osoko berdintasuneko agenterik ez duten tokiko ekintza taldeek aurkeztuak.

Modalitate honetan diruz lagungarriak diren ekintza bakarrak honako hauek izanen dira:

–Lurraldeko esparru desberdinetan emakumeen eta gizonen egoera erakusten duten azterlan eta diagnostiko integralak egiteko ekintzak, genero berdintasunaren arloan jarduteko lehentasunak ezartzera bideratuak. Diagnostiko horietatik, ez dira diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barneko Planen aurretik egindako diagnostikoak, tokiko ekintza talde horien plantillan 50 langiletik gora ari badira.

–Tokiko ekintza taldeak planifikatzen eta gauzatzen dituen proiektuetan genero ikuspegia zehar lerro gisa txertatzeko ekintzak.

Ekintza horiek C modalitatean planifikatzeko, "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa" izeneko dokumentua hartzen ahalko da erreferentziatzat. Ekintzak sailkatzen ahalko dira, bakarrik, aipatutako ibilbidean jasotako 1. mailan.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira:

a) Laguntza teknikoa. Laguntza teknikotzat hartuko da gutxienez proiektuaren %40 azpikontratatzea. Nolanahi ere, tokiko ekintza talde onuradunak diruz lagundutako jarduera osoa azpikontratatzen ahalko du, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin.

Bestalde, eskatuko da generoaren arloko prestakuntza frogatzea C modalitateko proiektuetako ekintza hauetarako:

–Ikerketak edo diagnostikoak egitea.

–Prestakuntza-ekintzak, baldin eta, horiek guztiak batuta, haien balioa azkenean onartzen den aurrekontuaren %40koa edo hortik gorakoa bada.

Nolanahi ere, kontratatutako pertsona fisikoek edo juridikoek frogatu beharko dute genero berdintasunaren arloan gutxienez 240 orduko prestakuntza dutela, erakunde publikoek edo unibertsitateek (publikoek edo pribatuek) zuzenean edo lankidetzan emana.

Hori frogatzeko, kontratatutako pertsonak edo erakundeak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du (IX. eranskina).

b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta pertsonek edo erakundeek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean soilik, beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.5. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Tokiko ekintza taldearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, besteak beste, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.e) apartatuan xedatutakoa salbu.

b) Ez dira diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barneko Planak prestatzeko proiektuak, tokiko ekintza talde horien plantillan 50 lagunetik gora ari badira.

c) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero ikuspegirik ez duten proiektuak.

d) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

e) Kontziliaziorako azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea, Nafarroako Gobernuaren edo Estatuko beste deialdi edo programetan jasota daudenak.

f) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.

g) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasle, familia eta ikastetxeetako langileei zuzendutakoak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Tokiko ekintza taldeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen den pertsonarena, 4.4. apartatuko e) letran ezarritakoarekin bat. Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Tokiko ekintza taldearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontu-partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaera guztiei erantzun gabe, dirulaguntza emanen zaie honako lehentasun hurrenkera honetan, harik eta partida agortu arte:

1. A modalitateko eskaerak.

2. B modalitateko eskaerak.

3. C modalitateko eskaerak, lortutako puntuazioaren arabera, II. eranskinean jasotako balorazio-irizpideei jarraituz. Puntuazio bera duten eskaeren artean berdinketa hausteko, kontuan hartuko da zeinek lortu duen puntuaziorik handiena aipatutako II. eranskineko A ataleko balorazioan (proiektuaren kalitate teknikoari buruzkoa). Berdinketa hausten ez bada, bere lurralde-eremuan biztanle gehienengana iristen den tokiko ekintza taldearen arabera ordenatuko da.

5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez:

a) Gehienez 10.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan duten tokiko ekintza taldeen eskaeretarako. (A modalitatea).

b) Gehienez 7.500 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten tokiko ekintza taldeen eskaeretarako. (B modalitatea).

c) Gehienez 2.500 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan ez duten tokiko ekintza taldeen eskaeretarako. (C modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

5.3.1. A eta B modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak onartuko dira, eta zenbateko hauek jasoko dituzte:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den gehieneko kopuruaren %100 jasoko dute.

5.3.2. C modalitatearen kasuan, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, eta ehuneko hauek emanen dira:

–71-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.

–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %70.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.

6. oinarria. Dokumentuak.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten tokiko ekintza taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, ondoko apartatu hauei dagozkien dokumentu bereiztuetan igorri beharko direnak, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:

a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu beharko da eskaera ereduaren arabera (III. eranskina). Bertan, deialdiaren proiektua eta aurrekontu osoa deskribatuko dituen memoria jasoko da. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.

b) Tokiko ekintza taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena –IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen eredua–; bertan egiaztatuko da 3. eta 12. oinarrietan zehaztutako baldintzak betetzen direla, eta orobat, 13. oinarrian ezarritako betebeharrak.

Elkarte bakoitzak bere modalitateari dagokiona bete beharko du eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.

Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, adierazpen horrek jaso beharko du elkarte eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatutako pertsonak parte har dezan, dirulaguntzak estaltzen duen aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

c) Nafarroako Gobernuan dagoen banku-kontua aldatzen bada, edo NABIrekin eragiketak hasten badira, banku-datuak eguneratu edo sartu beharko dira esteka honen bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla edo agiriak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da noiz eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean elkarte eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontu xehea zehazteko dokumentazioa ez da zuzentzen ahalko. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako justifikazioa aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez hamar egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira deialdiaren fitxatik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizietan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bakar bat adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da bidea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta tokiko ekintza talde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako.

Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du talde eskatzaileak. Hauxe da gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzeko eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza egiteko helbidea: https://dehu.redsara.es; horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izan dezake, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko. Horren arabera zehaztuko da gero ebazpen proposamena.

8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzean, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" hartuko da kontuan. Kontzesioaren zenbatekoa kalkulatzeko, NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoari "kontzesioaren ehunekoa" aplikatuko zaio.

Kontzeptuen azalpena:

–"NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua": III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, "Guztizko aurrekontua" izenarekin, hala badagokio, deialdi honetan diruz lagundu ezin diren proiektuko jardueren zenbatekoa kenduta.

–"Kontzesioaren ehunekoa": deialdiko 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza.

Kontzesioaren zenbatekoa lortzeko, "Kontzesioaren ehunekoa" aplikatuko zaio "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoari.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (A eta B modalitateak) eta 40 puntu (C modalitatea) lortzen ez dituzten proiektuak ez dira ontzat joko eta ez dute dirulaguntzarik izanen.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua" den zenbatekoa III. eranskinaren arabera, "NABIk onartutako proiektu aurrekontua" den zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoarekin bat etorriko dena.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, elkarte onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Elkarte eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate guztiek aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa jakinarazi beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Horretarako, dirulaguntzen gainean ebatzi ondoren, esteka bat gaituko da deialdiaren fitxan, gardentasunari buruzko adierazpenaren kudeaketa tramitatzeko.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Deialdi honetan emandako zenbatekoak gehienez ere 3 hilabeteko epean ordainduko dira, 11.2 puntuaren arabera justifikazioa aurkezteko azken egunetik zenbatzen hasita. Ordainketa bakarra eginen da, 2024an emandako dirulaguntza adinako zenbatekoarekin gehienez (2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra).

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Aurreko 11.1 puntuan ezarritako ordainketa egiteko, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoarekin, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dokumentu bereizietan, dirulaguntzaren fitxan eskuragarri dauden eranskinetara egokituta:

2024ko azaroaren 5erako, beranduenez: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, bilduko duena 2024ko martxoaren 1etik 2024ko urriaren 31ra egindako gastua . Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 apartatuan xedatutakoa.

11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, erakunde onuradunek "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" den zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2024ko azaroaren 5a baino lehen, ondoko atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan igorrita, eta eskura dauden eranskinen arabera eginak:

–V. eranskina: justifikazio memoria.

–VI. eranskina: tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" (8.3 oinarria).

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Adierazpen horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–VII. eranskina: gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.

–Fakturak eta ordainketa agiriak.

Gastuak fakturen eta benetan egindako ordainketen agirien bidez egiaztatuko dira. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

Inola ere ez dira onartuko ordainagiriak, kutxako tiketak, eskaerak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.

Kontratatutako langileei lotutako gastuei dagokienez (4.6 oinarriko a) apartatuan zehaztutako salbuespena), nominak, gizarte aseguruak (TC1 eta TC2) eta dagozkien ordainketa agiriak aurkeztu beharko dira.

–VIII. eranskina: enpresaren hautapenari buruzko ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, tokiko ekintza taldeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela argi adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta hedapenean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo horren ezaugarri teknikoak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan daude jasota (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partez aldatu zuen foru dekretu hori).

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: "Subvenciona/Diruz laguntzen du". Halaber, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, INAI/NABIren sinbolo grafikoarekin batera, deialdiaren fitxan egonen da eskuragarri, oinarri hauen testuaren amaieran. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

–IX. eranskina: genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena: kontratatutako enpresek edo aholkulariek adierazi beharko dute badutela genero arloko prestakuntza, 4.4 puntuko a) letran adierazitakoaren arabera.

11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, 10 egun balioduneko epean. Tokiko ekintza taldeak eskaeran adierazten duen gaitutako helbide elektroniko bakarrean eginen da errekerimendu hori.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastuaren egiaztagirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa baldin bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino ("NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" –8.3 oinarria–, emakidaren ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da, honela:

A eta B modalitateak. Minorazio proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta NABIk onartutako eta justifikatutako zenbatekoa, formula honen arabera: justifikatutako eta onartutako zenbatekoa x emandako zenbatekoa / justifikatu beharreko zenbatekoa.

C modalitatea. Emakidaren ehunekoa NABIk onartutako eta justifikatutako zenbatekoari aplikatuko zaio.

Hori guztia, baldin eta proiektu guztia egitetik hurbil badago nabarmenki, eta egiaztatu bada konpromisoak betetzeko joera garbia duela, proiektuaren balorazio berari eutsita.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.

13. oinarria. Elkarte onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten tokiko ekintza taldeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako betebehar hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute laguntzen fitxaren bitartez, laguntzen fitxan gaituko den estekan eskuragarri dagoen eredua erabiliz, deialdiaren 9.3 oinarriarekin bat etorrita.

Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Komunikazio horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Hala ere, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakiten bada horren berri, justifikazioaren unean jakinarazi beharko da, jasotako funtsei eman zaien erabilera adierazita, eta diruz lagundutako jarduera berberak finantzatzeko jasotako beste dirulaguntza batzuk justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztuta.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, elkarte onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta diruz laguntzen den proiektuko jardueren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

h) Betetzea xedatuta dagoena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, non gardentasun betebeharrak arautzen baitira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunenak barne.

i) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskaeran Nafarroako Berdintasunerako Institutuari baimena eman beharko zaio inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.

Kontsulta hori baimentzen ez bada, dirulaguntzaren fitxaren bidez aurkeztu beharko dira egiaztagiriak.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Elkarte onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere ordaindu, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Aurrekoa gorabehera, A eta B modalitateetan, bidezkoa izanen da jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta tokiko ekintza taldeak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, elkarte onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

17. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/tokiko-ekintza-taldeentzako-dirulaguntza-emakumeen-eta-gizonen-arteko-berdintasuna-sustatu-eta-bultzatzeko-proiektuak-garatzeko

II. ERANSKINA.–Balorazio irizpideak

A eta B modalitateak. Eskaerak baloratzeko irizpideak

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKIKO EKINTZA TALDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

10

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, tokiko ekintza taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (denetariko komunikabideak)

5

D) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKIKO EKINTZA TALDEAREN BESTE ARLO BATZUEK PROIEKTUAN PARTE HARTZEA

10

Emakumeen elkarteak

4

Tokiko kolektiboak

4

Tokiko ekintza taldearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk

2

E) PROIEKTUAREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

10

C modalitatea. Eskaerak baloratzeko irizpideak

Balorazioa 100 puntu.

TOKIKO EKINTZA TALDEAK BERDINTASUNAREKIKO DUEN KONPROMISOA

30

Langileen berdintasun-plana du (plantillan 50 pertsona baino gutxiago badaude soilik)

15

NABIren gidaren araberako indarkeria-protokoloren bat du

15

PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK

70

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

35

1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

10

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

4

Proiektuaren garapen kronologikoa

4

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

2

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

2. Proiektuak tokiko ekintza taldearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin eta abar).

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKIKO EKINTZA TALDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

10

C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, tokiko ekintza taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan eta abarretan argitaratzea (denetariko komunikabideak)

5

D) PROIEKTUAREN INPAKTUA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

10

Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

E) PROIEKTUAREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

III. ERANSKINA.–ESKABIDE ORRIA.

IV. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.

V. ERANSKINA.–JUSTIFIKAZIO MEMORIA.

VI. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA (Justifikazioa).

VII. ERANSKINA.–GASTUEN EREDUA.

VIII. ERANSKINA.–ENPRESAREN HAUTAPENAREN ZIURTAGIRIA.

IX. ERANSKINA.–GENERO ARLOKO PRESTAKUNTZAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.

Iragarkiaren kodea: F2408663