135. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

161E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita honako deialdi hau: "Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzak, 2024ko ekitaldian zehar udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko". DDBN identifikazioa: 763885.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 20. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari agintzen dio udalen hirigintza jarduerari laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea, bereziki hirigintza planeamenduko tresnak idazteko. Laguntza ekonomiko hori duela urte batzuk ematen hasi zen administrazioa, Hirigintza plangintza prestatu eta aplikatzearen arloan administrazioen arteko lankidetza arautzen duen uztailaren 2ko 145/2002 Foru Dekretuaren bidez (dagoeneko indargabetuta dago).

Udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretu berria onetsi ondoren, nabarmen aldatu da laguntza horiek emateko sistema: orain, laguntzak urteko deialdien bidez formalizatu behar dira, eta banakako ebaluazioaren araubidearekin bat ebatziko dira. Laguntza eredu berri horren ondorioz, ez da beharrezkoa udalek aurkeztutako eskaerak alderatzea; izan ere, aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte aipatutako 98/2022 Foru Dekretuan aurreikusitako fase edo tarte bakoitzari dagozkion lanak benetan bukatu ondoren. Horri esker, bi helburu lortzen dira: alde batetik, udalak estimulatzea planeamendua prestatzeko orduan, eta, bestetik, zenbait ekitalditan zehar dirulaguntzetan konprometitutako funts publikoak izoztea ekiditea.

Testuinguru horretan, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren asmoa da, 2024ko ekitaldian zehar, Nafarroako udalerrietara ongien egokitzen diren hirigintza planeamenduko tresnak prestatu eta berrikusten jarraitzea, haien ezaugarri eta beharrekin bat, eta, horrekin batera, araudi arautzailean jasotako aurreikuspenak betetzea.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere. Zehazki, foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiltzeko baimena ematen duenean. Ildo horretan, 98/2022 Foru Dekretuaren 7. artikuluak honako hau xedatzen du: "Dirulaguntzak emateko prozedura 1. artikuluan adierazitako urteko deialdi publikoaren bidez hasiko da, eta banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko da".

Horren ondorioz, udal hirigintza arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko asmoz eta udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretuan ezarritako helburuak betetzeko xedearekin, bidezkoa da deialdi bat tramitatzea udalei dirulaguntzak emateko udal plan orokorrak egin edo berrikus ditzaten, baita hiriguneak osorik antolatzea helburu duten plan bereziak egin edo berrikusteko ere goian aipatutako 98/2022 Foru Dekretuan adierazitako baldintzetan.

Dirulaguntza hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da (37 erregistro-zenbakia), Lurralde Kohesiorako Departamentuaren dirulaguntzen lerroen barruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako udalei zuzendutako dirulaguntzen deialdi bat 2024ko ekitaldian zehar udal plan orokorrak eta plan bereziak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko.

2 Onestea dirulaguntza horiek emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honi aurre egiteko, 508.108,85 euroko gastua baimentzea. Diru hori Nafarroako 2024rako Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko da, zehazki, "Administrazioen arteko lankidetza" izeneko 240000 24100 7609 261702 partidaren korrelatiboa den partida ekonomikoaren kargura.

4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta dirulaguntzen datu base nazionalari jakinaraztea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Atalari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari) eta Ekonomia eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 27an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO UDALEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA 2024KO EKITALDIAN ZEHAR UDAL PLAN OROKORRAK ETA PLAN BEREZIAK EGIN EDO BERRIKUSTEKO PLANAK FINANTZATZEKO.
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta aplikazio eremua.

1.1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko behar den prozedura finkatzea udal plan orokorrak egin edo berrikusteko lanak finantzatzeko, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz.

Horrez gain, plan bereziak prestatzeko laguntzak ere emanen zaizkie Nafarroako udalei. Plan berezi horien xedea izanen da hiriguneak osorik antolatzea, haien jarduketa eremuak gutxienez 5 hektareako azalera hartzen badu, eta helburua bada lurzoruaren okupazioa arintzea, zuzkidura publikoak sortzea, auzoak saneatzea, mugikortasun edo estetika arazoak konpontzea, hiria berroneratzeko edo berritzeko jarduketak arautzea edo antzeko beste xederen bat. Espazio horiek bat etortzen ahalko dira lehentasunez birgaitu beharreko areatzat hartutakoekin, zeinak etxebizitza arloan indarra duen araudian arautzen baitira.

1.2. Kanpo geratzen dira indarrean dagoen hirigintza-plangintzaren aldaketak eta hirigintza-plangintzako gainerako tresnak.

1.3. Ez dute dirulaguntza berririk hartzen ahalko:

a) Udal plan orokorraren edo eremu berari dagokion plan bereziaren izapidetze prozesua bukatu gabe duten eta beste bat idazten hasi nahi duten udalerrien eskaerak, salbu eta aurretik jasotako zenbatekoak eta dagozkien laguntzak ordaindu zirenetik sortu diren berandutze interesak itzultzen badituzte.

b) Azken 8 urteetan beren udal plan orokorra edo esparru berari eragiten dion plan berezi bat behin betiko onetsi duten udalerrien eskaerak.

c) Zerbitzu profesionalen kontratua sinatu zenetik 6 urte igaro badira udal plan orokorra behin-behinean onetsi gabe edo dagokion plan berezia behin betiko onetsi gabe, salbu eta udalak justifikatzen badu ezinezkoa dela prozedura fase horietara iristea bere arduratik kanpoko arrazoiengatik.

2. Araubide juridikoa

Oinarri hauetan aipatzen diren dirulaguntzak honako arau hauek eraenduko dituzte: deialdi honetako oinarriak, udal hirigintza-plangintza prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa eta dirulaguntzen arloko gainerako arau aplikagarriak.

3. Onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Deialdian parte hartzen ahalko dute udal plan orokorra edo plan berezia prestatu edo berrikusteko prozesua izapidetzen hasi duten eta 4. oinarrian adierazitako tauletan aurreikusitako prozeduraren faseren bat burutu duten Nafarroako udalek.

3.2. Deialdi honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko, aldez aurretik lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko da departamentuarekin, 98/2022 Foru Dekretuaren 3.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden udalak ezin izanen dira deialdiaren xede diren laguntzen onuradun izan.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

4.1. Udal plan orokorrak prestatzeko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin dira izan taula honetan aipatzen diren populazio tarteak kontuan hartuta ezarritako mugak baino handiagoak:

UDAL PLAN OROKORRAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

UDALERRIETAKO
BIZTANLERIA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK FASEKA (BEZa BARNE)

GEHIENEKO ZENBATEKOA (BEZa BARNE)

%15

%15

%35

%25

%10

Udalak
LAEEa
onestea

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak LAEEa onestea

Hasierako onespena

Behin-behineko onespena

Behin betiko onespena

- 1.000 biztanle

18.000 euro

18.000 euro

42.000 euro

30.000 euro

12.000 euro

120.000 euro

1.001-3.000 biztanle

22.500 euro

22.500 euro

52.500 euro

37.500 euro

15.000 euro

150.000 euro

3.001-5.000 biztanle

27.000 euro

27.000 euro

63.000 euro

45.000 euro

18.000 euro

180.000 euro

5.001-10.000 biztanle

31.500 euro

31.500 euro

73.500 euro

52.500 euro

21.000 euro

210.000 euro

+ 10.001 biztanle

40.500 euro

40.500 euro

94.500 euro

67.500 euro

27.000 euro

270.000 euro

4.2. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera, udal plan orokorra behin betiko onetsi ondoren testu bategina egiteko eskatu bada, ez da eskatzen ahalko azken fase horretarako aurreikusitako zenbatekoak ordaintzeko, harik eta testu bategina entregatu eta organo eskudunak egokia dela egiaztatu arte.

4.3. Taulan ezarritako zenbatekoei %10 gehitzen ahalko zaie kontzeptu hauetako bakoitzagatik:

–Udalerri konposatuak, edo jendea bizi den 3 hirigune bereiz edo gehiago dituztenak.

–70 km²-tik gorako azalera.

4.4. Plan bereziak prestatzeko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak, azterlanaren xedeko eremuaren azaleraren arabera ezarriak, ezin dira handiagoak izan taula honetan ezarritako mugak baino:

PLAN BEREZIAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN GEHIENEKO ZENBATEKOAK

PLAN BEREZIAREN ESPARRUA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK FASEKA (BEZa BARNE)

GEHIENEKO ZENBATEKOA (BEZa BARNE)

%60

%40

Hasierako onespena

Behin betiko onespena

5-10 ha

30.000 euro

20.000 euro

50.000 euro

10-20 ha

45.000 euro

30.000 euro

75.000 euro

20 hektareatik gora

60.000 euro

40.000 euro

100.000 euro

4.5. Aurreko atalen arabera ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin dira izan zerbitzu kontratuaren esleipen prezioaren %80 baino handiagoak. Ehuneko hori, era berean, lanak egiteko fase bakoitzeko gehieneko zenbatekoak kalkulatzeko erreferentzia izanen da.

4.6. Faseren batean udal eskatzaileek justifikatutako zenbatekoak taulan gehieneko gisa adierazitakoak baino txikiagoak badira, jaso beharreko laguntzen zenbatekoak murriztuko dira, justifikatu diren kopuru horiek gainditzen dituzten neurrian. Hala ere, fase bakoitzerako ezarritako gehienekoak ez lortzeagatik ordaindu ez diren zenbatekoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, baldin eta justifikatzen badira eta zenbateko osoak ez baditu gainditzen dagozkien gehieneko zenbatekoak.

Era berean, faseren batean justifikatutako zenbatekoak taulan gehieneko gisa adierazitakoak baino handiagoak badira, zenbateko horiek gainditzen dituzten zenbatekoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, betiere aipatutako gehieneko mugak gainditzen ez badira.

4.7. Udalek bi fasetarako edo gehiagotarako eskatzen ahalko dituzte laguntzak. Kasu horretan, fase bakoitzari dagozkion zenbatekoen batura izanen da laguntza horien zenbatekoa.

4.8. Aurreko deialdietan laguntzen xede izan diren faseak ez dira hurrengo deialdietan berriz diruz laguntzen ahalko.

4.9. Nolanahi ere, dirulaguntzak aurrekontuetan baliagarri dagoen diruaren mende egonen dira.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2024ko azaroaren 29an bukatuko da (egun hori barne). Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

5.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Deialdi honetarako finkatutako eskabide ereduarekin bat ez datozen eskaerak ez dira aurkeztutzat joko. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

6. Dokumentuak.

Udalek aurkeztutako dirulaguntza eskabideak oso-osorik bete beharko dira, eta dagokion udal alkatetzak sinatu beharko ditu. Halaber, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera idazkia, argi azalduz udal plan orokorra edo plan berezia idazteko zein fasetarako eskatzen den dirulaguntza, eta zenbat eskatzen den, II. eranskineko eskabide ereduarekin bat.

b) Udal plan orokorra edo plan berezia idazteko lanen esleipenari buruz udalak hartu duen erabakiaren ziurtagiria, udal idazkaritzak emana, esleipenaren prezioaren zenbatekoa eta, hala badagokio, onartutako kontratu aldaketak adierazita.

c) Udal idazkaritzak emandako ziurtagiria, bidezkoa bada, udal plan orokorra edo plan berezia egiteko dirulaguntza zer fasetarako eskatu den, fase hori egitea onesten duen udal akordioari buruzkoa.

d) Egindako gastuei dagozkien fakturak eta diruz lagungarriak diren lanak ordaindu izanaren justifikazioa.

e) Udal idazkaritzaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzeari buruzkoa.

f) Helburu bererako jasotako dirulaguntzen ziurtagiria, udal idazkaritzak emana.

g) Udal alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena, udalak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

h) Udal alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena, udalak Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebehar guztiak ordaindu dituela dioena.

i) Emandako dirulaguntzen berri emateko betebeharrak betetzeari buruzko egiaztapen edo froga dokumentala, 14. oinarriarekin bat (udal webgunerako esteka, parte hartzeko saioen deialdiak, etab.).

7. Laguntzak emateko prozedura.

7.1. Dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazio araubidearen bidez izapidetuko da, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

7.2. Dirulaguntza-eskaerak 4. oinarrian jasotako taulan adierazten den udal plan orokorren edo plan berezien izapidetze fase bakoitza bukatu ondoren aurkeztuko dira, deusetan galarazi gabe 4. oinarriaren 2. puntuan xedatutakoa. Berariaz adierazi beharko da zein fasetarako eskatzen den finantzaketa eta zenbat diru eskatzen den, eta, betiere, 6. oinarrian eskatzen den dokumentazioa erantsi beharko da.

8. Antolamendua eta instrukzioa.

8.1. Laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatu eta bideratzeko organo eskuduna Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzua izanen da, eta hark egiaztatuko du betetzen direla dirulaguntzak jaso ahal izateko baldintzak. Gero, eskaerak banaka baloratuko ditu, aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz, eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko du, 4. oinarrian jasotako taulekin bat.

8.2. Eskaerek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako agiriak aurkezten ez badira, udal eskatzaileari eskatuko zaio akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

8.3. Eskaerak aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz ebatziko dira, aurrekontu kreditua agortu arte. Aurrekontuan dirurik ez egoteagatik erantzuten ez diren eskaerak hurrengo deialdietarako hartuko dira kontuan, eta, gainera, laguntza zein deialditan eskatu zen, deialdi horretako data errespetatuko da.

Atal honetan aurreikusitako ondorioetarako, osatu gabeko eskaerak ez aurkeztutzat joko dira eskaera osorik zuzendu arte.

9. Laguntzak emateko ebazpena.

9.1. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari dagokio dirulaguntzak ematea edo ukatzea. Ebazpen horretan dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordainketa zehaztuko dira.

9.2. Ebazpenak hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko dira, modu telematikoan, eskaera izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

9.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

9.4. Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

10. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko erabakia dirulaguntza emateko ebazpenean jasota egonen da, eta ordainketa transferentzia bidez eginen da, gehienez ere bi hilabeteko epean, dagokion ebazpena jakinarazten denetik aurrera, betiere 2024ko abenduaren 31 baino lehen.

11. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako ematen diren beste batzuekin, haien izaera eta ematen dituen administrazioa edo erakundea edozein dela ere, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua.

12. Kontzeptu diruz lagungarriak.

12.1. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira udal plan orokorrak eta plan bereziak (BEZa barne) idazteko lanak egiteko behar diren zerbitzu profesionalak kontratatzearen ondoriozko ordainsariak.

Dirulaguntzen bidez gehienez ere zerbitzu kontratu horien esleipen prezioaren %80 finantzatuko da, betiere 4. oinarrian finkatutako gehieneko zenbatekoak gainditzen ez badira.

12.2. Laguntzak zatika eman eta ordainduko dira, 4. oinarrian jasotako taulan ezarritako tresnak prestatu eta izapidetzeko fase bakoitza bukatutakoan, lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak emanen duen ebazpenaren bidez, egiaztatu ondoren oinarri hauetan eta udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duen azaroaren 16ko 98/2022 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen direla.

12.3. Laguntzak eskuratu ahal izateko, fase horietako bakoitzak bukatua egon beharko beharko du, eta lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan indarra duen legeriak eskatzen dituen agiriak eduki beharko dira.

12.4. Diruz laguntzen ahal diren lanak kasuan kasuko deialdia argitaratzen den urteari dagokion aurrekontu ekitaldian egina izan daiteke, edo aurreko ekitaldietan.

13. Onuradunek bete beharrekoak.

a) Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta betebeharrak betetzen dituztela frogatzea.

b) Dirulaguntzaren helburua betetzea eta dirulaguntza emateko edo erabiltzeko arrazoi izan den jarduera egin dela eta xedea bete dela frogatzea.

c) Emandako dirulaguntzak ematen diren xedeetarako erabiltzea.

d) Organo emaileari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

f) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

g) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

h) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere, hala badagokio.

i) 14. oinarrian aipatutako zabalkunde neurriak hartzea.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

14. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

14.1. Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan, dirulaguntzen onuradunek adierazi beharko dute nork eman duen dirulaguntza. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Agertu beharko du dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean, eta berdin ikusteko moduan.

14.2. Finantzaketaren izaera publikoaren publizitatea egiteko, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsiko da, gutxienez udalaren webguneko informazioan eta/edo, hala badagokio, parte hartzeko eta komunikatzeko saioetan.

15. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

15.1. Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa urratzen bada edo datu faltsuak ematen badira, dirulaguntza galduko da eta jasotako dirua itzuli beharko da; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezakete ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

15.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan ere onuradunek jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, artikulu horretan ezarritako prozedurarekin bat.

15.3. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

16. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

17. Arau-hausteak eta zehapenak

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. Errekurtsoak.

18.1. Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

18.2. Lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bidez deialdia aplikatzeko egintzen aurka ere aurkezten ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA.–NAFARROAKO UDALEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, UDAL PLAN OROKORRAK ETA PLAN BEREZIAK EGIN EDO BERRIKUSTEKO PLANAK FINANTZATZEKO. ESKABIDE EREDUA

1. ENTITATEAREN DATUAK:

Entitatearen izena

IFK zenbakia

Posta helbidea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

2. ESKAERAREN DATUAK:

Dirulaguntzaren xedeko plangintza tresna

.....................(e)ko Udal Plan Orokorra

...............................(e)ko Plan Berezia

Idazketa fasea edo faseak

Udalak LAEEa onestea

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak LAEEa onestea

Hasierako onespena

Behin-behineko onespena

Behin betiko onespena

Hasierako onespena

Behin betiko onespena

Eskatutako zenbatekoa

................................. euro

................................. euro

3. ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTUTAKO AGIRIAK:

Idazkaritzaren ziurtagiria, lanak esleitzeko erabakiari buruzkoa

Gastuen fakturak eta ordainagiriak

Idazkaritzaren ziurtagiria, kontratu publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea betetzeari buruzkoa

Idazkaritzaren ziurtagiria, helburu bererako jasotako dirulaguntzei buruzkoa

Alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena (dirulaguntzen onuradun izaera)

Alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena (zerga betebeharrak egunean izatea)

Idazkaritzaren ziurtagiria, plana onesteko udal erabakiari buruzkoa

Zabalkunde betebeharrak bete izanaren froga dokumentala

....................................(e)n, 20..........(e)ko ..............................aren .................(e)(a)n.

Sinadura: Entitateko alkatea

Iragarkiaren kodea: F2408656