135. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

154E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Aratzuri-Orkoien industrialdeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, 53. artikuluari dagokionez (fatxadak).

2023ko urriaren 11n, Orkoiengo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, honako hau eskatzeko: "Zuzen dezatela 53. artikulua, onetsitako eta 2022ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ekoan, argitaratutako aldaketa barne."

Udalak bere idazkian adierazten duen bezala, Aratzuri-Orkoien industrialdeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren azken aldaketa onetsian, balio anitzeko etxe-sailei buruzko horretan (2023ko uztailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), kendu egin dira 53. artikuluari (fatxadak) aurretik egindako beste aldaketa batean sartutako fatxada-materialak (2022ko urtarrilaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala); zehazki, material hauek: sandwich panela edo poliesterrezko oihalezko olanak.

Zuzentzeko eskatzen den aldaketaren helburua zen erabilera anitzeko lurzatiei tratamendu bereizia ematea industria-erabilerakoekin alderatuta, lehenbiziko horiei malgutasun handiagoa emateko; beraz, fatxadetan erabil litezkeen material batzuk kentzea ez dator bat helburu horrekin. Gainera, aldaketa aztertuta, ez da inolako erreferentziarik ikusten fatxadetan erabiltzeko balizko materialak kentzeari buruz, eta ikusi da ezen, 53. artikuluari dagokionez, indarreko araudi gisa hartzen duela Udalez gaindiko Plan Sektorialaren jatorrizko idazketa, ondorengo aldaketak kontuan hartu gabe. Horrela, fatxadako materialak kentzea ez da espediente horren sustatzailearen interesaren ondorio, eta ez zegoen justifikatuta.

Ondorioz, bidezkotzat jotzen da 53. artikulua zuzentzea, Orkoiengo Udalak eskatu bezala, eta, horregatik, Aratzuri-Orkoien industrialdeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa hau planteatzen da, 53. artikulua aldatzeko, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 103/2021 Ebazpenaren bidez (2022ko urtarrilaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) behin betiko onetsitako aldaketan sartutako fatxada-materialak barne har ditzan.

Azken aldaketa horren aldeko txostena eman zuten Ingurumen Eraginaren Atalak eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak. Beraz, behar zenean eskatu ez zirenez, beren eskumeneko gaiei buruzko txostena egiteko eskatu zaie Iruñerriko Mankomunitateari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari. Erakunde horiek aldeko txosten bana eman dute, 2023ko azaroaren 22an eta 2023ko azaroaren 30ean, hurrenez hurren.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostena, 2023ko azaroaren 13koa, eta erabiliz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Aratzuri-Orkoien industrialdeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, 53. artikuluari dagokionez (fatxadak).

2. Espedientea hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea ukitutako udalari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, espedientea web-orri kontsultatzen ahalko da: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak. Epe horretan, nahi beste alegazio aurkezten ahalko dira, idatziz.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea Orkoiengo Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 22an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F2408584