134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 19an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Ibargoitiko ur-hornidura Itzagako (Nafarroa) Mankomunitateko Mendinueta soluzioari konektatzea" izeneko proiektuaren obra egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

2023ko abenduaren 18an, Ibargoitiko Udalak lankidetza eskatu zion, nahitaezko desjabetzerako, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, "Ibargoitiko ur-hornidura Itzagako (Nafarroa) Mankomunitateko Mendinueta soluzioari konektatzea" izeneko proiektuaren obrak egiteko.

Udalaren zerbitzu publikoa izanik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berarekin dakar hartzen dituzten ondasunen onura publikoaren deklarazioa eta ondasun horiek okupatu behar izatea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 17ko 20/2024 Ebazpenaren bidez, Ibargoitiko Udalak eskatutako lankidetza araubidea onartu zen, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren 15 egunez eta Ibargoitiko Udala deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun.

Jendaurreko aldia bukatuta inork alegaziorik aurkeztu gabe, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak maiatzaren 19an emandako 270/2024 Ebazpenaren bidez behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra.

"Ibargoitiko ur-hornidura Itzagako (Nafarroa) Mankomunitateko Mendinueta soluzioari konektatzea" izeneko proiektua egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa da Abintzao eta Izko udalerrietako ur-horniduren egoera prekarioa delako. Izan ere, duela bi urtetik beharrezkoa izan da, agorraldi garaian, tangetara ura eramatea zisterna-kamioien bidez, eta, Lekaunen kasuan, ez du ur-hornidurarik zerbitzuan.

Ibargoitiko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, Nafarroako Gobernuak justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Ibargoitiko ur-hornidura Itzagako (Nafarroa) Mankomunitateko Mendinueta soluzioari konektatzea" izeneko proiektuaren obra egiteak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzearren.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Ibargoitiko Udalari jakinaraztea.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2409893