134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1262/2024 EBAZPENA, 2024ko ekainaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, "Arte Digitala eta Adimen Artifiziala" Sarien II. ediziorako deialdia onesten da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua.

Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak Adimen Artifizialaren Asteko jardueren proposamenean konputazioaren zientziekin eta adimen artifizialarekin lotura duten artelan digital hoberenen sariak ematea onetsi zuen 2024ko maiatzaren 8an egindako bileran.

Ikusirik Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren akta.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea "Arte Digitala eta Adimen Artifiziala" Sarien II. edizioaren deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua, 3 artelan digital hoberenei saria ematekoa.

Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, gehienez 800,00 eurokoa.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2024ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.30.00.9783.0380.480.25. Katedren sariak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren web orriaren bidez zabaltzen ahalko da ebazpen hau.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta bere oinarrien aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2024ko ekainaren 14n.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

"Arte Digitala eta Adimen Artifiziala" Sarien II. edizioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua

Eranskina, 2024ko ekainaren 14ko 1262/2024 Ebazpenarena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak 2024an egiteko jardueren programazioan diru kopuru bat esleitu zuen Adimen Artifizialaren Asteko jardueren proposamenean konputazioaren zientziekin eta adimen artifizialarekin lotura duten artelan digital hoberenen sarietarako.

Horrenbestez, "Arte Digitala eta Adimen Artifiziala" Sarien II. ediziorako deia egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak.

Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da prozedura arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatutako "Arte Digitala eta Adimen Artifiziala" Sarien II. edizioaren barrenean 3 artelan digital hoberenei saria emateko, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.

Bigarrena.–Finantzaketa.

Deialdi honek 800 euroko aurrekontua du osotara, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2024ko gastuen aurrekontuko 30.30.00.9783.0380.480.25 aurrekontu-partidaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Sarien modalitatea eta kategoriak.

Sarien deialdian modalitate bakarra izanen da, hiru kategoriatan banatua:

1.–Lehenbiziko saria: 400 euro.

2.–Bigarren saria: 250 euro.

3.–Publikoaren saria: 150 euro.

Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.

Laugarrena.–Parte hartzen dutenek bete beharrekoak.

Parte-hartzaile guztiak adinez nagusiak izan behar dira parte hartzeko eskabideak entregatzeko azkeneko eguna baino lehen. Parte-hartzea indibiduala izanen da. Artelan digital bat bakarra aurkezten ahalko du parte-hartzaile bakoitzak.

Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Lehiaketaren antolatzaileek gai bat bakarra proposatuko dute lan guztientzat. Aurtengo ediziorako, hau da gaia: "Donejakue bidea Nafarroan".

Artelan digitalak sortzeko, teknologia digitalak, teknika tradizionalak edo artelanak sortzeko beste edozein baliabide erabiltzen ahalko dira. Bestalde, zilegi da adimen artifizial sortzaileko baliabideren bat erabiltzea artelana osorik edo partez sortzeko.

Aurkezten diren lanak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira. Artelanaren egiletza edo originaltasuna dela kausa hirugarrenen batek erreklamazioren bat aurkezten badu, parte-hartzailea izanen da erantzule.

Sarietan parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute. Eskabide inprimaki horretan, parte-hartzaileek bere datuak idatzi behar dituzte (izen-deiturak, helbidea, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa), bai eta parte hartzeko erabilitako izengoitia eta artelanaren izenburua ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu behar dute inprimakia; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.tracasa.ia@unavarra.es helbide elektronikora hautagaitzak aurkezteko epea bukatu baino lehen, eta mezuaren gaian "Arte Digitalaren eta Adimen Artifizialaren Lehiaketa" idatzi. Mezuan, gainera, izengoitia eta artelanaren izenburua ere eman behar dute aditzera parte-hartzaileek, eta eranskin gisa gehitu:

–Artelan digitala, JPG edo PNG formatuan eta 10 MB baino tamaina txikiagoan. Artelanaren egilearen izena ez da inon agertu behar.

Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak lan guztien anonimotasuna zainduko dela bermatuko du, epaimahaikideek hautaketa egin eta saridunak zein izanen diren erabaki ahal izateko, lanak nork egin dituen jakin gabe.

Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 9an bukatu.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:

–Lorena Ares Lago edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Chema Oroz Martija edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Mikel Galar Idoate edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Zazpigarrena.–Lehiaketa.

Epaimahaiak 10 artelan hautatuko ditu gehienez ere, hurrengo puntuan zehaztutako irizpideen arabera, eta jendaurrean jarriko dira 2024ko urriaren 17an, Adimen Artifizialaren Astea dela-eta jendeak ikus ditzan prestatutako areto batean. Finalisten izenak Adimen Artifizialaren Astearen webgunean argitaratuko dira 2024ko urriaren 15a baino lehen.

Urriaren 17an idazlanak jendaurrean jartzen direnean, bertaratutakoei boto-paper bana emanen zaie gustukoen duten artelanaren aldeko botoa eman dezaten. Erakustaldia bukatzean, Adimen Artifizialaren Asteko antolatzaileek zaindutako kutxa batean sartu beharko dute botoa bertaratutakoek.

Botoa emateko denbora-tartearen ondoren, epaimahaikideek bilera pribatu batean erabakiko dute lehenbiziko eta bigarren sariak zer artelani eman, eta irizpide hauek hartuko dituzte kontuan aurkeztutako lanak baloratzeko:

–Kalitate artistikoa: originaltasuna, sormena, konposizio grafikoa eta ikus-elementuen antolaketa, eta koloreen, espazioaren eta antzekoen erabilera.

–Nolako abilezia erakutsi duen edukia lehiaketaren gaira egokitzeko.

Azkenik, bertaratutakoek emandako botoak zenbatuko dituzte epaimahaikideek, eta boto gehien dituen lanarentzat izanen da publikoaren saria. Berdinketa gertatuz gero, zozketa bidez erabakiko da sari horren irabazlea.

Zortzigarrena.–Sari-banaketa.

Urriaren 17an bertan, epaimahaikideen bilera bukatu ondoren, ekitaldia egin den lekuan bertan, jakitera emanen da zer lanek irabazi duten saria. Saridunak berak joan behar dira sariak banatzeko ekitaldira, edo, ezinezkoa bada, haien ordezkariak. Lehiakide saridun bat edo bere ordezkaria sariak banatzeko ekitaldira agertzen ez bada, saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da besterik gabe.

Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio sariak emateko proposamena, eta, hark dagokion ebazpena eman ondoren, Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan, saria zer lani eman zaien bakarrik jasoko da, eta gainerako lanei saririk eman ez zaiela ulertuko da. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera.

Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bederatzigarrena.–Saridunen betebeharrak.

Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa ekitaldi publiko batean eginen da, lehiaketa bukatutakoan.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

Hamargarrena.–Eskubideen lagapena.

Deialdi honen babesean saritzen diren lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak izanen dira. Horrek esan nahi du saridunek laga egiten dutela lan sarituak edozein formatutan argitaratzeko, hedatzeko edo ustiatzeko eskubidea, edo beste edozein eskubide, eta ez dutela eskubiderik arrazoi horregatik lansaririk, ordainsaririk edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.

Saria irabazteak egile-eskubideak lagatzea dakar, egileen eskubide moralak galarazi gabe.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta lanak, baita lehiaketan argazkiak atera, argitara eman eta publikoki zabaldu ere.

Hamaikagarrena.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira.

Datuak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO).

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua honakoa da: "Arte Digitala eta Adimen Artifiziala" Sarien deialdia antolatzea eta lehiaketako sariak ematea, adimen artifizialean oinarritutako teknologia aplika dadin sustatzeko.

Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. eta zilegi izanen du sarbiderako, informaziorako, zuzenketarako, ezabaketarako eta bestelako eskubideak erabiltzea, Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

Bideoekin edo ikus-entzunezko bestelako materialekin parte hartzen dutenei dagokienez, ohartarazten zaie balitekeela Interneten horien publizitatea egitea. Alde horretatik, modu horretan tratatutako datuak ezabatzeko eskaera oro premisa hauek kontuan hartuta aztertuko da: oinarri honetan egindako ohartarazpena, deialdi honen xedearen izaera publikoa eta Internetera igotako irudiak ahazteko eskubidearen mugak; eskubide hori esfortzu teknologiko arrazoizkoak egitera mugatzen da.

Iragarkiaren kodea: F2409770