1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1261/2024 EBAZPENA, 2024ko ekainaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloko "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien II. ediziorako deialdia onesten da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien II. edizioan -Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatua- 3 mikrokontakizun hoberenei saria ematea onetsi zuen 2024ko maiatzaren 8an egindako bileran.
Ikusirik Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren akta.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloko "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien II. edizioaren deialdia, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.
Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, gehienez 800,00 eurokoa.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2024ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.9783.0380.480.25. Katedren sariak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren web orriaren bidez zabaltzen ahalko da ebazpen hau.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta bere oinarrien aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2024ko ekainaren 14an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
Konputazioaren zientzien eta adimen artifizialaren arloko "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien II. edizioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak deitua
Eranskina, 2024ko ekainaren 14ko 1261/2024 Ebazpenarena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoak 2024an egiteko jardueren programazioan diru kopuru bat esleitu zuen Adimen Artifizialaren Asteko jardueren proposamenean konputazioaren zientziekin eta adimen artifizialarekin lotura duten 3 mikrokontakizun hoberenen sarietarako.
Horrenbestez, "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien II. ediziorako deia egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak.
Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da prozedura arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak antolatutako "Mikrokontakizunak eta Adimen Artifiziala" Sarien II. edizioan 3 mikrokontakizun hoberenei saria emateko, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.
Bigarrena.–Finantzaketa.
Deialdi honek 800 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2024ko gastuen aurrekontuko 30.30.00.9783.0380.480.25 Katedren sariak izeneko partidaren kargura ordainduko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak jarriko du diru kopuru hori.
Hirugarrena.–Sarien modalitatea eta kategoriak.
Sarien deialdian modalitate bakarra izanen da, hiru kategoriatan banatua:
1.–Lehenbiziko saria: 400 euro.
2.–Bigarren saria: 250 euro.
3.–Publikoaren saria: 150 euro.
Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.
Laugarrena.–Parte hartzen dutenek bete beharrekoak.
Parte-hartzaile guztiak adinez nagusiak izan behar dira parte hartzeko eskabideak entregatzeko azkeneko eguna baino lehen. Parte-hartzea indibiduala izanen da. Mikrokontakizun bat bakarra aurkezten ahalko du parte-hartzaile bakoitzak.
Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.
Lehiaketaren antolatzaileek gai bat bakarra proposatuko dute lan guztientzat. Aurtengo ediziorako, hau da gaia: "Donejakue bidea Nafarroan".
Kontakizunak gaztelaniaz idatzia egon behar du, eta izenburu bat eduki behar du. Idazleak izengoiti bat erabili behar du. Gehienez ere 150 hitz izanen ditu mikrokontakizunak, izenburua kontatu gabe.
Aurkezten diren lanak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira. Kasu honetan, zilegi da idazlana adimen artifizial sortzaileko baliabideren batean inspiratua egotea osorik edo partez. Mikrokontakizunaren egiletza edo originaltasuna dela kausa hirugarrenen batek erreklamazioren bat aurkezten badu, parte-hartzailea izanen da erantzule.
Sarietan parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute. Eskabide inprimaki horretan, parte-hartzaileek bere datuak idatzi behar dituzte (izen-deiturak, helbidea, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa), bai eta kontakizunean erabili duten izengoitia eta haren izenburua ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu behar dute inprimakia; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra.
Gainera, parte hartzeko eskaerarekin batera, kontakizunaren testua jasotzen duen dokumentua erantsi beharko da. Dokumentu hori PDF formatuan bidali beharko da, izen gisa kontakizunaren izenburua eta parte-hartzailearen izengoitia jarrita baina inola ere ez egilearen izena.
Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak lan guztien anonimotasuna zainduko dela bermatuko du, epaimahaikideek hautaketa egin eta saridunak zein izanen diren erabaki ahal izateko, lanak nork egin dituen jakin gabe.
Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 9an bukatu.
Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.
Seigarrena.–Epaimahaia.
Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:
–Carlos Fernández de Vigo edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Milagros Ganuza Hernández edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–María Aránzazu Jurío Munárriz edo hark eskuordetzen duen pertsona.
Zazpigarrena.–Lehiaketa.
Epaimahaiak 10 kontakizun hautatuko ditu gehienez ere, hurrengo puntuan zehaztutako irizpideen arabera, eta jendaurrean jarriko dira 2024ko urriaren 17an, Adimen Artifizialaren Astea dela-eta jendeak irakur ditzan prestatutako areto batean. Finalisten izenak Adimen Artifizialaren Astearen webgunean argitaratuko dira 2024ko urriaren 15a baino lehen.
Urriaren 17an idazlanak jendaurrean jartzen direnean, bertaratutakoei boto-paper bana emanen zaie gustukoen duten lanaren aldeko botoa eman dezaten. Irakurraldia bukatzean, Adimen Artifizialaren Asteko antolatzaileek zaindutako kutxa batean sartu beharko dute botoa bertaratutakoek.
Botoa emateko denbora-tartearen ondoren, epaimahaikideek bilera pribatu batean erabakiko dute lehenbiziko eta bigarren sariak zer kontakizuni eman, eta irizpide hauek hartuko dituzte kontuan aurkeztutako lanak baloratzeko:
–Istorioaren originaltasuna eta sentsibilitatea, hizkuntza-baliabideen erabilera eta bukaera iradokitzaile bat sortu izana.
–Nolako abilezia erakutsi duen kontakizuna adimen artifizialari eta proposatutako gaiari lotutako alderdi zientifiko-teknologikoekin lotzeko.
Publikoaren sariari dagokionez, urriaren 17an idazlanak jendaurrean jartzen direnean, bertaratutakoei boto-paper bana emanen zaie gustukoen duten lanaren aldeko botoa eman dezaten. Irakurraldia bukatzean, Adimen Artifizialaren Asteko antolatzaileek zaindutako kutxa batean sartu beharko dute botoa bertaratutakoek. Bozketa bukatu ondoren, botoak zenbatuko dituzte epaimahaikideek, eta boto gehien dituen lanarentzat izanen da publikoaren saria. Berdinketa gertatuz gero, zozketa bidez erabakiko da irabazlea.
Zortzigarrena.–Sari-banaketa.
Urriaren 17an bertan, lanak jendaurrean jartzeko ekitaldia bukatu ondoren, epaimahaiak gogoeta eginen du, eta publikoaren botoak zenbatuko dira. Gero, jakitera emanen da zer lanek irabazi duten saria. Saridunak berak joan behar dira sariak banatzeko ekitaldira, edo, ezinezkoa bada, haien ordezkariak. Lehiakide saridun bat edo bere ordezkaria sariak banatzeko ekitaldira agertzen ez bada, saria eman gabe utzi dela aldarrikatuko da besterik gabe.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio sariak emateko proposamena, eta, hark dagokion ebazpena eman ondoren, Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan, saria zer lani eman zaien bakarrik jasoko da, eta gainerako lanei saririk eman ez zaiela ulertuko da. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera.
Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Bederatzigarrena.–Saridunen betebeharrak.
Saridunek nahi bezala erabiliko dute jasotako diru kopurua, eta ordainketa ekitaldi publiko batean eginen da, lehiaketa bukatutakoan.
Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
Hamargarrena.–Eskubideen lagapena.
Deialdi honen babesean saritzen diren lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jabetzakoak izanen dira. Horrek esan nahi du saridunek laga egiten dutela lan sarituak edozein formatutan argitaratzeko, hedatzeko edo ustiatzeko eskubidea, edo beste edozein eskubide, eta ez dutela eskubiderik arrazoi horregatik lansaririk, ordainsaririk edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.
Saria irabazteak egile-eskubideak lagatzea dakar, egileen eskubide moralak galarazi gabe.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta lanak, baita lehiaketan argazkiak atera, argitara eman eta publikoki zabaldu ere.
Hamaikagarrena.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira.
Datuak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO) eta 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO).
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua honakoa da: "Arte Digitala eta Adimen Artifiziala" Sarien deialdia antolatzea eta lehiaketako sariak ematea, adimen artifizialean oinarritutako teknologia aplika dadin sustatzeko.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
Iragarkiaren kodea: F2409768