134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2024 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita toki erakundeentzako dirulaguntza deialdia merkataritza biziberritzeko jarduketetarako. DDBN identifikazioa: 768444.

Hurbileko Txikizkako Merkataritza Sustatzeko Planak (2022-2025), 3.2 ildo estrategikoan, "Tokiko merkataritza eta sektorearen irudia indartzea", hurbileko merkataritza sustatzeko helburua ezartzen du, merkataritza ekipamenduak, azpiegiturak eta txikizkako merkataritzaren jarduera egiten den espazio publikoak hobetzeko jarduketen bidez, era horretan laguntzeko tokian tokiko merkataritzaren garapena Nafarroako udalerrietan.

Zehazki, 3.2.1. neurriak, "Merkataritzako ekipamendu eta espazio publikoak hobetzeko laguntza", merkataritzako ekipamendu eta espazio publikoen hobekuntza eta modernizazioa bultzatzea du helburu, eta, horretarako, hobekuntza fisikoko eta merkataritza politikako jarduketak sustatzen ditu udal azoka-lekuetan, kaleko salmentako merkatu txikietan, eta beste merkataritza gune publiko batzuetan, eta tokiko merkataritza errotzeko jarduketak eta merkataritzako lokal hutsak okupatzeko jarduerak bultzatzen ditu, hurbileko tokiko merkataritza sustatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea toki erakundeentzako dirulaguntza deialdia merkataritza biziberritzeko jarduketak egin ditzaten.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Baimentzea 100.000 euroko gastua, bete daitezen dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak; finantzatuko da 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura: G-830001-83100-7609-432104: Merkataritzako dirulaguntzak. TOKI ERAKUNDEAK. Hirigintza komertzialerako deialdia.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 14an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezkurra Fernández.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, MERKATARITZA BIZIBERRITZEKO JARDUKETAK EGITEKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZA DEIALDIARENAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da toki erakundeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, honako arlo hauetako jarduketen inguruan: txikizkako merkataritza biltzen duten hiri espazioak ongi prestatzea eta egokitzea; eta udal azoka-lekuen merkataritzako ekipamendu publikoak eta merkataritza ibiltariarentzat toki erakundeek erabiltzen dituzten guneak berritu eta hobetzea.

Deialdiaren helburua eta interes publikoa da hiriko txikizkako merkataritza hurbila garatzen duen hiri ingurunea hobetzea, aldi berean erraztuz toki erakundeei hiriguneetako merkataritza biziberritzea.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 100.000 eurokoa da, honela banatuta, diruz lagundu beharreko proiektu motaren arabera:

PROIEKTU MOTA

ZENBATEKOA

A)

Udal azoka-lekuak berritzea eta egokitzea

70.000

B)

Jarduerarik ez duten merkataritza lokalak egokitzea

15.000

C)

Azoka ibiltarietarako guneak egokitzea

15.000

Zenbatekoa, guztira

100.000

Proiektu mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, beste proiektu mota batzuen eskaerei erantzuteko erabiliko da, irizpide honi jarraikiz:

A motako proiektuen gerakinak C eta B motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horretan.

B motako proiektuen gerakinak A eta C motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horretan.

C motako proiektuen gerakinak A eta B motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horretan.

3. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

Diruz lagungarriak dira 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 9ra arte (biak barne) gauzatu, fakturatu eta ordaindutako inbertsio guztiak. Horretarako, inbertsioak egintzat joko dira aldi horretan fakturatu eta ordaindu badira, eta jardunean eta abian jarririk badaude.

4. oinarria.–Entitate onuradunak eta jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak.

1. Entitate onuradunak.

Dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen diren udalek eta tokiko gainerako erakundeek (aurrerantzean, toki erakundeak).

Toki erakundeetako biztanle kopuruei dagokienez, kontuan hartuko da Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren otsailaren 1eko 9/2024 Foru Agindua, Nafarroako Kontzejuetako biztanleriaren zifrak, 2023ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen dituena.

2. Baldintza orokorrak.

Baldintza orokor hauek betetzen dituzten toki erakundeak izan daitezke onuradun:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoak, eta foru lege horren 13.2 artikuluan erakunde onuradun izateko ezarritako debekuetan sartuta ez egotea.

2.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

2.3. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

3. Diruz lagundu beharreko jarduketek eskaera aurkezten denean bete behar dituzten baldintza espezifikoak.

A motako proiektuak (udal azoka-lekuak) eta C motako proiektuak (salmenta ibiltarirako guneak): Jarduketak dirulaguntza eskatzen duen toki erakundearen titulartasuneko instalazioetan, higiezinetan edo hiri espazioetan egin behar dira.

B motako proiektuak (merkataritzako lokal hutsak): Jarduketen xedeko lokalen jabeen baimena izan behar du toki erakundeak.

5. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

1. Inbertsio proiektu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak izanen dira txikizkako merkataritza egiten den espazio publikoak eta azpiegiturak hobetzeko inbertsioak, baita haien irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko egiten direnak ere, txikizkako merkataritza egiten den ingurunearen kalitatea handitzeko eta erakargarriagoa eta lehiakorragoa izan dadin laguntzeko.

Honako hauek dira proiektu diruz lagungarriak:

A) Udal azoka-lekuak modernizatzea.

Gisa honetako inbertsioak dira diruz lagungarriak:

–Instalazioak eta haien irisgarritasuna hobetzeko obrak eta berritze lanak; eraikina eta instalazioak egokitzea, egiturazko elementuak, estalkiak eta barreneko eta/edo kanpoko fatxadak hobetzea, osoko irudi homogeneoa lortzeko asmoz, sarbideak egokitzea, zoru irristagaitza instalatzea, argitze sistema berriak instalatzea (erakusten diren produktuekin bateragarriak eta efizientzia energetikoarekin bat datozenak) eta antzeko beste jarduketa batzuk.

–Eraikinetan instalazio orokorrak jartzea, hala nola: aire girotua, suteen kontrako ekipoak, kontsignak, argiteria, komunak, telekomunikazioak, ekipamendu teknologikoa, kudeatzeko tresna informatikoak, programa informatikoak eta softwarea ezartzea eta abar.

–Azokako instalazioetan eta salmenta postuetan efizientzia energetikoa hobetzeko eta energia aurrezteko jarduketak.

–Merkataritza guneetan kanpoko eta barneko seinaleztapena jartzea, bai eta horretarako behar diren euskarriak, publizitate-euskarriak, MUPIak ere.

–Eraldaketa digitaleko inbertsioak, kanal digitalen bidezko salmentaren funtzionalitateak hobetuz, negozio ereduen kanal aniztasuna sustatzeko eta bezeroen ingurune digitaleko erosketa-esperientzia hobetzeko, teknologia berrietan inbertsioak eginez, entrega-puntu adimendunak instalatuz edo ekipamendu digitala erabiliz.

B) Jarduerarik ez duten merkataritza lokalak egokitzea.

Diruz lagungarria izanen da paramentuak eta biniloak jartzea, eta jarduera ekonomikorik gabeko merkataritza lokaletako erakusleihoetan egiten diren bestelako esku-hartzeak ere bai, hiri ingurunearen eta merkataritza gunearen estetika hobetzeko egiten direnak.

Asmoa da merkataritzako ardatzen hiri paisaia eta estetika hobetzea, kale nagusietan zein bigarren mailakoetan, udalerrietako hiriguneetan dauden merkataritza eremuen erakargarritasuna indartzeko.

Inbertsio mota horiek onartuko dira, soilik, jarduketak erakusleihoen barruan egiten direnean.

C) Hiriguneetan merkataritza ibiltarirako dauden guneak egokitzea.

Honako jarduketa hauek izanen dira diruz lagungarriak:

–Merkataritza ibiltariko jarduera egiten den eremua egokitzeko lanak.

–Merkataritza jarduera horri zerbitzua emateko ekipamendua eta azpiegiturak eskuratzea: saltokietarako eguzki-oihalak, karpak, metalezko instalazioak edo egitura eramangarriak.

2. Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuek eskabidea aurkezten den egunean bete beharreko baldintza zehatzak.

2.1. A motako proiektuak.

Udalerriak 50.000 biztanletik beherako populazioa izan behar du.

2.2. B motako proiektuak.

Jarduketa horiek diruz lagungarriak izateko, udalerriko merkataritza dentsitate handieneko eremuetan gauzatu beharko dira, herrigunearen barrenean betiere, eta udalerriak 20 saltoki eduki beharko ditu gutxienez.

Ondorio horietarako, saltokitzat hartuko dira txikizkako merkataritza jardueretan aritzen diren establezimenduak, eskaera aurkezteko egunean alta emanda daudenak 641.etik 659.era bitarteko taldeetan (biak barne) eta 661. eta 662. taldeetan zehaztutako txikizkako merkataritzako jarduera ekonomikoetako batean, Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Ondorio horietarako, bazterturik geratzen dira 654. eta 655. taldeak, 6542., 6545. eta 6546. epigrafeak izan ezik.

Establezimendu jakin batean jarduera bat baino gehiago egiten badira aldi berean, eta horietako bat aurreko paragrafoan ezarritako txikizkako merkataritzakoa bada, establezimendu hori saltokitzat hartuko da, baldin eta jarduera nagusia, negozioaren bolumenari dagokionez (salmenten zifra), txikizkako merkataritza jarduera bada.

Kanpo geratzen dira industrialdeetan eta merkataritza edo zerbitzu poligonoetan egiten diren jarduketak, haietan txikizkako merkataritzako jarduerak egite badira ere, eta mugaz gaindiko eremuetan egiten diren jarduketak ere bai.

2.3. C motako proiektuak.

Toki erakundeak 8.000 biztanletik behera izan behar ditu.

Hirigunean gauzatu behar dira, erdialdean edo toki erakundean ezarrita dagoen hurbileko merkataritzatik gertuko eremuetan, eta toki erakundeko eta/edo merkataritza eremuko jarduera dinamizatzen lagundu behar dute.

Ez dira diruz lagungarriak industrialdeetan eta merkataritza edo zerbitzu poligonoetan egindako jarduketak, haietan txikizkako merkataritzako jarduerak egiten badira ere.

2.4. Jarduketa diruz lagungarri horiekin zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesional ezinbestekoen ordainsariak, proiektuaren idazketari eta obra zuzendaritzari atxikitakoak.

Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %20 gehienez, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoetara iristeko.

Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako gauzatze materialaren zenbatekoaren %20ra arte, gehienez; ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ez da emaniko dirulaguntzaren inolako ordainketarik egiten ahalko.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko inbertsioa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagungarria den inbertsioaren zenbatekoari honako ehuneko hauek aplikatuko zaizkio (BEZ barne).

Balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarria da, honako kasu honetan izan ezik: toki erakundeak gastu hori berreskuratu edo konpentsatzen ahal duenean.

Jarduketa diruz lagungarria zer motatakoa den, halakoak izanen dira gutxieneko inbertsio diruz lagungarria, dirulaguntzaren ehunekoa eta gehieneko dirulaguntza; hori guztia taula honetan ageri da xehatuta:

PROIEKTU MOTA

GUTXIENEKO
INBERTSIOA
(BEZ barne)

DIRULAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA PROIEKTUKO

A)

Udal azoka-lekuak modernizatzea

10.000

70

35.000

B)

Jarduerarik ez duten merkataritza lokalak egokitzea

-

80

5.000

C)

Salmenta ibiltarirako guneak egokitzea

5.000

60

5.000

Dirulaguntza jaso dezakeen gehieneko inbertsioa, B) proiektuen kasuan, jarduerarik ez duten merkataritza lokalaren erakusleihoaren azaleraren arabera, 80 euro/m²-koa da.

7. oinarria.–Epea, eskaerak aurkezteko modua eta eskatzen den dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Tramiteen Katalogoko fitxaren bitartez, https://www.navarra.es/eu/merkataritza-eta-artisautza/laguntzak-eta-diru-laguntzak, (hemendik aitzina laguntzen fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

b) Dirulaguntza hau izapidetzeari dagokionez, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) izatea.

c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoa egin denekoa izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskaera-orria erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.

e) Toki erakundeek eskabide bat baino gehiago aurkeztu ahal izanen dute deialdian, eta eskaera bat aurkeztuko da proiektu mota bakoitzeko.

3. Laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioak berariazko eskabidearen araberakoa izan behar du, eta agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztuko da. Honako hauek dira dokumentuak:

3.1. Erakunde eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orrian honako adierazpen hauek jasotzen dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, 4.2 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzkoa.

b) Jarduketa bererako jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

c) Toki erakundeko Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzaren xede diren jarduketei aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratzen edo konpentsatzen ahal den kontzeptua den frogatzeko. Zati bat berreskuratzen ahal bada, adieraziko da hainbanaketaren zein ehuneko ez den izanen, inola ere, diruz lagungarria.

3.2. Jarduketei buruzko dokumentazioa.

a) A motako (udal azoka-lekuak) eta C motako (salmenta ibiltarirako guneak) proiektuetan, toki erakundearen Idazkaritzaren ziurtagiria, frogatzen duena erakunde eskatzailea dela jarduketak eginen diren eremu, lursail edo higiezinen titularra, jarduketak ukituko dituen lursailen zedulen zehaztasunak adierazita.

b) Dirulaguntzaren xede den jarduketa azaltzen duen memoria teknikoa eta ekonomikoa, gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza eta xehakatua bilduko duena:

–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak, jarduketak eginez lortu nahi diren helburuak eta haien interes komertzialaren justifikazioa.

–Dirulaguntzak jasotzeko epean aurreikusita dauden edo egin diren jarduketen deskribapena.

–Jarduketak gauzatzeko kronograma, eta jarduketa zer gauzatze egoeratan dagoen dirulaguntza eskatzen den unean.

c) Baloraziorako irizpideak aplikatzeko memoria espezifikoa.

Dokumentazio zehatz bat aurkezteko esplizituki eskatzen ez den balorazio irizpideak puntuatzeko, memoria bat aurkeztu behar da, eta bertan jasoko da behar den informazio aski, argia eta zehatza, puntuazioa aplikatu ahal izateko.

Hiru baremoetako 1. balorazio irizpidea aplikatzeko, ez da inongo dokumentaziorik aurkeztu behar.

d) Aurrekontuak, proforma fakturak, azken fakturak, lizitazio aurrekontuak edo egindako edo aurreikusitako inbertsioen zenbateko zehatzak kuantifikatzeko aukera ematen duen dokumentazioa.

e) Behar denean, obren proiektu ikus-onetsia.

3.3. Eskaerak ez baditu esandako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzentzeko, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta ohartaraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egin diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira; beraz, proiektu mota bakoitzeko aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, baloraziorik handiena jaso duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, proiektu mota bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria geratzen bada proiektu mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoren, gainerako proiektuen eskaerei erantzuteko erabiliko da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen, 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzarekin. Proposatutako dirulaguntzarekin ados daudela adierazten duten onuradunek dirulaguntza osagarri bat jasotzen ahalko dute, legokiekeen laguntza osatu arte, baldin eta aurrekontu-baliabide gehiago sortzen badira, azkenean ordaintzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa txikiagoa izateagatik hasieran onartutakoena baino, edo onuradunen batek uko egin diolako dirulaguntzari.

Hauxe izanen litzateke dirulaguntza osagarri horiek emateko hurrenkera: A, C eta B jarduketa motak, mozte espedientetik abiatuta.

2. Udal azoka-lekuak modernizatzeko proiektuen eskaerak (A) baloratzeko irizpideak.

ZK.

IRIZPIDEA

XEHETASUNA

PUNTUAK

GEHIENEKO
PUNTUAK

1

Lurraldearen despopulazio arriskua

Muturreko arriskua

24

24

Arrisku bizia

20

Arrisku handi samarra

13

Gainbehera bizia

12

Gainbehera moderatua

8

Ahula

4

Arriskurik gabe

0

2

Toki erakunde eskatzaileak tokiko merkataritza sustatzea

a) Merkataritza erakartzeko eta antolatzeko plan bat egotea onetsita, indarrean eta gauzatze bidean, eta dirulaguntzaren xede den jarduketa plan horretan aurreikusita egotea

10

21

b) Merkataritza dinamizatzeko plan bat dago onetsita, indarrean dagoena eta gauzatzen ari dena

7

c) Merkataritza mahai bat edo antzeko egitura bat egotea, formalki onetsia eta lanean ari dena

3

d) Lan harreman antolatu, egonkor, aktibo eta egiaztagarri bat izatea herriko saltokiekin (edo merkatarien elkarte guztiekin, kasua bada)

2

e) Udalerriaren webgunean udal azoken jarduerari buruzko informazio eguneratua izatea

1

3

Merkataritza antolamendua eta plangintza

Udal azokak kudeatzeko eta antolatzeko ordenantza arautzaile bat dago, edo lan horietarako teknikariak kontratatzen dira

4

4

4

Aurreikusitako inbertsio jarduketen eragin maila eta irismena

Zaharberritze integralak, osoak eta erabatekoak

8

8

Merkatua eraberritzeko plan integral batean jasotako zaharberritze partzialak

5

Plangintza berariazkorik gabeko zaharberritze partzialak

3

5

Udal azokaren merkataritzako potentziala, okupatutako postuen kopuruaren arabera

10 postu arte

1

5

11-30 postu

3

30 postu baino gehiago

5

GUZTIRA

62

2.c) eta 2.d) irizpideetako puntuazioak ez dira metagarriak elkarren artean.

2.1. Eskaeren arteko puntuazio berdinketak ebazteko prozedura.

Lehentasuna izanen du 1. irizpidean puntu gehien lortu dituen toki erakundeak eta, berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duenak.

2.2. Balorazio irizpideak aplikatzeko eskatzen den dokumentazioa eta modua.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Merkataritza erakartzeko eta antolatzeko plan onetsia, indarrean eta gauzatze bidean, eta dirulaguntzaren xede den jarduketa plan horretan aurreikusita dagoela frogatzen duen agiria.

–Merkataritza dinamizatzeko plan onetsia, indarrean dagoena eta gauzatzen ari dena. MEAPa edo dinamizazio plana Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren esku badaude, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, eta egoera hori adierazi behar da.

–Baloratzen ahal den ordenantza.

–Memoria zehatza, 7.3.2.d) oinarrian xedaturikoarekin bat egin behar duena.

3. Jarduerarik ez duten merkataritza lokalak egokitzeko proiektuen eskaerak baloratzeko irizpideak.

ZK.

IRIZPIDEA

XEHETASUNA

PUNTUAK

GEHIENEKO PUNTUAK

1

Lurraldearen despopulazio arriskua

Muturreko arriskua

24

24

Arrisku bizia

20

Arrisku handi samarra

13

Gainbehera bizia

12

Gainbehera moderatua

8

Ahula

4

Arriskurik gabe

0

2

Toki erakunde eskatzaileak tokiko merkataritza sustatzea

a) Merkataritza erakartzeko eta antolatzeko plan bat egotea onetsita, indarrean eta gauzatze bidean, eta dirulaguntzaren xede den jarduketa plan horretan aurreikusita egotea

9

24

b) Merkataritza dinamizatzeko plan bat dago onetsita, indarrean dagoena eta gauzatzen ari dena

7

c) Merkataritza mahai bat edo antzeko egitura bat egotea, formalki onetsia eta lanean ari dena

3

d) Merkataritza inbertsioak egiteko berariazko aurrekontu partidak izatea, eta jarduketak gauzatzeko aurreikuspen bat, toki erakundearen 2021eko aurrekontu orokorretan onartua

4

e) Lan harreman antolatu, egonkor, aktibo eta egiaztagarri bat izatea herriko saltokiekin (edo merkatarien elkarte guztiekin, kasua bada)

2

f) Udalerriaren webgunean haren merkataritza jarduerari buruzko informazio eguneratua izatea

1

3

Merkataritza antolamendua eta plangintza

Udal antolamenduan merkataritzako arlo edo zinegotzitza zehatz bat izatea (bereizita edo beste batzuekin batera), edo merkataritzari atxikitako langile teknikoak izatea

2

6

Saltoki berriak irekitzeko administrazio izapideak sinplifikatzeko ordenantza arautzaile bat izatea

2

Merkataritza guneetan hutsik dauden lokalen erabilera sustatzeko edo horiek apaintzeko eta haien estetika hobetzeko berariazko ordenantza arautzaile bat izatea

2

4

Udalerriaren merkataritza potentziala eta jarduketen eragina

21 eta 40 saltoki artean

4

8

41 eta 75 saltoki artean

5

76 eta 120 saltoki artean

6

121 eta 250 saltoki artean

7

250 saltokitik gora

8

GUZTIRA

62

2.c) eta 2.e) irizpideetako puntuazioak ez dira metagarriak elkarren artean.

3.1. Eskaeren arteko puntuazio berdinketak ebazteko prozedura.

Lehentasuna izanen du 1. irizpidean puntu gehien lortu dituen toki erakundeak eta, berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duenak.

3.2. Balorazio irizpideak aplikatzeko eskatzen den dokumentazioa eta modua.

5. balorazio irizpidea aplikatzeko, toki erakundean dauden saltokien zerrenda aurkeztuko da, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafearekin eta laguntzaren fitxaren ereduarekin bat.

Gainerako irizpideak aplikatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Merkataritza erakartzeko eta antolatzeko plan onetsia, indarrean eta gauzatze bidean, eta dirulaguntzaren xede den jarduketa plan horretan aurreikusita dagoela frogatzen duen agiria.

–Merkataritza dinamizatzeko plan onetsia, indarrean dagoena eta gauzatzen ari dena. MEAPa edo dinamizazio plana Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren esku badaude, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, eta egoera hori adierazi behar da.

–Baloratzen diren ordenantzak.

–Memoria zehatza, 7.3.2.d) oinarrian xedaturikoarekin bat egin behar duena.

4. Hauek dira salmenta ibiltarirako guneak egokitzeko proiektuen eskaerak baloratzeko irizpideak:

ZK.

IRIZPIDEA

XEHETASUNA

PUNTUAK

GEHIENEKO PUNTUAK

1

Lurraldearen despopulazio arriskua

Muturreko arriskua

24

24

Arrisku bizia

20

Arrisku handi samarra

13

Gainbehera bizia

12

Gainbehera moderatua

8

Ahula

4

Arriskurik gabe

0

2

Toki erakunde eskatzaileak merkataritza ibiltaria sustatzea

a) Merkataritza erakartzeko eta antolatzeko plan bat egotea onetsita, indarrean eta gauzatze bidean, eta dirulaguntzaren xede den jarduketa plan horretan aurreikusita egotea

9

22

b) Merkataritza dinamizatzeko plan bat dago onetsita, indarrean dagoena eta gauzatzen ari dena

7

c) Lan harreman antolatu, egonkor, aktibo eta egiaztagarri bat izatea herriko saltokiekin (edo merkatarien elkarte guztiekin, kasua bada)

3

d) Merkataritza mahai bat edo antzeko egitura bat egotea, formalki onetsia eta lanean ari dena

4

e) Udalerriko webgunean asteroko azokari buruzko informazio eguneratua izatea (postu kopurua eta mota, kokapena, bestelakoak)

2

3

Merkataritza antolamendua eta plangintza

Merkataritza ibiltaria arautzen duen ordenantza bat izatea

8

8

4

Toki erakundeko biztanleria

1.000 biztanle arte

8

8

1.001 eta 3.000 biztanle artean

6

3.001 eta 5.000 biztanle artean

4

5.001 eta 8.000 biztanle artean

2

5

Azoka ibiltariko postuen kopurua

5 postu arte

3

9

6-10 postu

5

11-15 postu

7

15 postu baino gehiago

9

6

Maiztasuna

Astean behin

7

7

Hamabostean behin

4

Hilero

2

GUZTIRA

78

2.c) eta 2.d) irizpideetako puntuazioak ez dira metagarriak elkarren artean.

4.1. Eskaeren arteko puntuazio berdinketak ebazteko prozedura.

Lehentasuna izanen du 1. irizpidean puntu gehien lortu dituen toki erakundeak eta, berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duenak.

4.2. Balorazio irizpideak aplikatzeko eskatzen den dokumentazioa eta modua.

Ez da dokumentaziorik aurkeztu behar 4. balorazio irizpidea aplikatzeko.

Gainerako irizpideak aplikatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira:

–Merkataritza erakartzeko eta antolatzeko plan onetsia, indarrean eta gauzatze bidean, eta dirulaguntzaren xede den jarduketa plan horretan aurreikusita dagoela frogatzen duen agiria. Plan hori Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren esku badago, ez da berriro aurkeztu behar, baina hala adierazi behar da, eta frogatu beharko da jarduketa plan horretan jasoa dagoela.

–Merkataritza dinamizatzeko plan onetsia, indarrean dagoena eta gauzatzen ari dena.

–Balorazioaren xedeko ordenantza.

–Memoria zehatza, 7.3.2.d) oinarrian xedaturikoarekin bat egin behar duena.

9. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.

1. Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzen organo kudeatzailea baita, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, kontuan izanik zer proiektu mota den, eta organo eskudunari ebazpena emateko proposamena helaraziko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda proiektu mota bakoitzeko, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, behar denean, eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Egindako jarduketak frogatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Aurkezteko epea.

Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2024ko abenduaren 9an, egun hori barne.

2. Aurkezteko modua.

Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da laguntzaren fitxa erabiliz. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak justifikatzeko erregistrorako esteka bat egonen da, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira bideratuko da.

3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.

Agiri hauek aurkeztu behar dira, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Azken memoria zehatza, egindako jarduketa guztiak eta proiektuaren exekuzioaren azken kostua xehetasunez deskribatzen dituena, baita hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak. Ez da beharrezkoa izanen eskaerari erantsita lehendik aurkeztu diren fakturak berriz aurkeztea.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

e) Dirulaguntzaren xede diren jarduketen argazkiak, jarduketak egin aurreko egoera eta ondorengoa egiaztatu ahal izateko.

f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela publikoki agertzeko betebeharra bete dela frogatzeko argazkiak edo agiriak edo web estekak.

g) Toki erakundearen idazkaritzaren ziurtagiria edo txostena, honako inguruabar hauei buruz:

–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren aginduak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.

–Dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko jarduketen kontratazioan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.

–Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak).

–Dirulaguntzaren xede diren jarduketak burutu direla; bestela, obren jasotzearen akta edo obra amaierako ziurtapena.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Justifikazio agiriak aztertuta, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena helaraziko dio Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunak betetzen dituela dirulaguntza hartzeko eskubidea ematen duten baldintza guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2024ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

12. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

b) Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 10 egun balioduneko epean, kontzesioaren ebazpena jakinarazten denetik aitzina, emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, diruz lagunduriko ekintzak ez badira egin behar deialdian ezarritako epeetan.

c) Dirulaguntzaren xede izan den inbertsio proiektuan egin nahi diren aldaketa garrantzitsuen berri ematea Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Eta dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez bada ezarritako epean egin behar, horren berri ere ematea. Zerbitzu horrek baimendu beharko ditu proiektuan egin nahi diren aldaketa garrantzitsu guztiak, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude, eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.

d) Dirulaguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak, aurkezpenak edo webguneak) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da.

e) Dirulaguntzaren publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan eta epeetan, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera:

–A motako proiektuak: 7 urteko epean, onuradunaren web orrian, Nafarroako merkataritzaren marka, Nafarroako Gobernuaren logoa (Agenda 2030en logoarekin) eta inskripzio hau erantsita: "Toki erakunde honek 2024an Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza jaso du udal azoka-lekua modernizatzeko". Gainera, kartel bat jarriko da, argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

–B motako proiektuak: Bi urteko epean, erakusleihoan, ageriko leku batean, jarriko dira Nafarroako merkataritza marka, Nafarroako Gobernuaren logotipoa (Agenda 2030en logoarekin) eta inskripzio hau: "Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako jarduketa".

–C motako proiektuak: Bi urtez, onuradunaren web orrian, Nafarroako merkataritza marka, Nafarroako Gobernuaren logoa (Agenda 2030en logoarekin) eta inskripzio hau sartuko dira: "Toki erakunde honek 2024an Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza jaso du, salmenta ibiltarirako gune bat egokitzeko".

Hala ere, Nafarroako merkataritza marka ezin izanen da jarri aldez aurretik Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren baimena izan gabe. Baimen hori eskatzeko, laguntzaren fitxan horretarako egonen den esteka erabiliko da.

f) Udal azoka-lekuetako instalazioak, aktibo finkoak eta higiezinak erabiltzea dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako, gutxienez 7 urteko epean, dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita, eta 2 urteko epean, hutsik dauden merkataritza lokalen proiektuetan edo kaleko salmenta eremuetako proiektuetan inbertituz gero.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Laburbilduz, betebehar hauek:

a) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da izan ezarritako gutxieneko inbertsioa baino gutxiago. Izan ere, gutxiago bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat joko da.

b) Oinarri honen 1. zenbakiko e) eta f) letretan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

13. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten dirulaguntzekin.

Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.

Era berean, laguntzaren fitxan emandako dirulaguntzak argitaratuko dira eta adieraziko dira deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, enpresa onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2409761