134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 19an hartua, zeinaren bidez Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Politika garatzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (Nafarroako Gobernuaren 2023ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez UGPS deklaratua) jendaurrean jartzen baita eta ukitutako udalei entzunaldia ematen baitzaie, eta Belosogoitiko (Iruña) bizitegi-jarduketaren inguruan egindako jarduketak artxibatzen baitira.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, udalez gaindiko plan sektorial (UGPS) deklaratu zen Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Politika garatzeko Plana, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatua, eta aldibereko bi izapide egin ziren: jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean (LAHFLTB) eta ingurumen arloko legerian aurreikusten diren ondorioetarako. Ebazpen hori 2023ko ekainaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Aipatutako UGPSaren helburua zen hirigintza eraldaketako bi jarduketa desberdin arautzea:

–Zuzkidura publikoko eremu bat Sankin izeneko parajean, Arangurengo udalerrian, "Foruzaingoaren 2020-2023 Plan Estrategikoan" aurreikusitako jarduketa bat ezartzeko; zehazki, Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa.

–Bizitegi-jarduketa bat egitea Belosogoitin (Iruña), foruzain etxe nagusia lehenagoko kokapenera lekualdatzean hutsik geratuko diren Nafarroako Gobernuaren hiru lurzatietan, zeinak Lurzoruaren Foru Bankuari atxikiko baitzaizkio.

Jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideetan, Iruñeko Udalak alegazio idazki bakarra aurkeztu du bere udalerrian planteatutako bizitegi-jarduketari buruz.

II.–Jarduketen birplanteaketa eta dokumentu berria.

UGPSaren xede diren hirigintza eraldaketako jarduketa bakoitza plantea zitekeen plangintza tresna edo UGPS espezifiko banatan. Gaineratu behar da LAHFLTBk ez duela behartzen UGPSak izapidetzera, ezarri nahi diren jarduketen eragina eta ondorioak kokatuko diren udalaz edo udalez haragokoak direnean. Erakunde sustatzaileak erabakitzen ahal du lurralde antolamenduko tresna horretara jotzea edo dagokion hirigintza plangintzako tresnara jotzea.

2024ko martxoaren 4an, Barne Zuzendaritza Nagusiak UGPSaren dokumentu berri bat aurkeztu zuen, zeinak, Sankingo zuzkidura-jarduketari edo zuzkidura publikoko eremuari dagokionez, eremua zabaltzea planteatzen baitu, Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren banaketa egokia bermatuko duen azalera izan dezan. Proposatutako handitzearen ondorioz, azalera 10.000 m² baino zertxobait gutxiago handituko da: 120.206,788 m² izatetik 131.708,28 m² izatera igaroko da. Halaber, beste udalerri bati gehiagori eragiten dio: Eguesibar.

Bestalde, espedientea izapidetzen zuzenean esku hartzen duten zuzendaritza nagusiek –Barne Zuzendaritza, Etxebizitza eta Lurralde Antolamendua– analisi zehatza egin dute UGPSaren barruan hasiera batean aurreikusitako bi jarduketak garatzeko bideragarritasun, segurtasun eta arintasun handiena eskaintzen duten baldintzei buruz. Ikusi da zaila dela plangintza tresna beraren bidez izapidetzea hirigintza eraldaketako bi jarduketa independente, etenak eta izaeraren eta udalez gaindiko eraginaren aldetik hain desberdinak izanik. Halaber, ikusi da bi jarduketak garatzeko eta Iruñeko Udalari entzunaldia emateko garaian handiagoa dela atzerapen eta interferentzia gehiago izateko arriskua. Gauzak horrela, komenigarritzat jo da UGPSa Sankin eremuko zuzkidura publikoko jarduketaren eremuan bakarrik jarraitzea izapidetzen, eta sustatzaileek uko egin diote Belosoko bizitegi-jarduketaren eremuan izapidetzen jarraitzeari. Esparru horretan, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren etxebizitza politikarako interesgarria den hiri jarduketa bat planteatzen ahalko da udaleko hirigintza plangintzako tresna baten bidez, eta, beraz, arintasun, malgutasun eta adostasun handiagoarekin egiten ahalko da hori.

Bizitegi-jarduketan atzera egin dela kontuan hartuta, UPGS hau izapidetzen jarraituko da zuzkidura publikoko hirigintza eraldaketarako jarduketari dagokionez bakarrik, Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko.

Aurkeztutako dokumentu berriari dagokionez, Lurralde Antolamenduko Batzordeak (LAB), txosten bat egin zuen 2024ko apirilaren 26an, eta honako hau ondorioztatu zuen zuzkidura-jarduketari buruz:

4.a Zuzendaritza nagusi sustatzaileari adierazten zaio ezen, jendaurreko informazio izapidea eta planteatutako jarduketak ukitzen dituen udal mugarteei dagozkien udalei entzunaldia emateko izapidea hasi aurretik, dokumentu berri bat aurkeztu behar duela, bakar-bakarrik Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko zuzkidura publikoko eremuari dagokion urbanizazio berriko jarduketari buruzkoa.

5.a Halaber, zuzendaritza nagusi sustatzaileari adierazten zaio ezen, planaren gaineko ebazpena eman aurretik, espedientea osatu egin beharko dela, txosten honetan jasotako oharrak eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa aintzat hartuta.

2024ko ekainaren 7an, Barne Zuzendaritza Nagusiak "UGPSaren dokumentu berri bat entregatu zuen, bakar-bakarrik Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentro bat ezartzeko zuzkidura publikoko eremuari dagokion urbanizazio berriko jarduketari buruzkoa, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak (LAB) 2024ko maiatzaren 20an onetsitako Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren txostenean eskatzen denaren arabera".

Azken dokumentu horri dagokionez, 2024ko ekainaren 13an, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi zuen dokumentu hori, bakar-bakarrik Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentro bat ezartzeko zuzkidura publikoko eremuari dagokion urbanizazio berriko jarduketari buruzkoa izateaz gain, LABen txosteneko oharren atalaren arabera osatu dela. Dokumentuan egindako aldaketak aztertu ondotik, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak ondorioztatu du egokia dela LABen txosteneko "3.4 Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 24an hartutako Erabakia" atalean jasotako oharren ordez "2. Aurkeztutako dokumentuaren azterketa" atalean jasotakoak jartzea.

III.–Zuzkidura publikoaren eremuari buruzko proposamen berriari buruzko gogoetak.

Zuzkidura-jarduketaren eremua zabaltzeko proposamenak funtsezko aldaketa dakar jendaurrean jarritako planean. Hori dela eta, aldi berri bat ireki behar da informazio publikorako eta ukitutako udalei entzuteko, bai Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean zehaztutako ondorioetarako, bai ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako.

Jarduketa horri dagokionez, honako erakunde hauek eman dituzten aldeko txosten sektorialak jaso dira espedientean: Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologiaren Zuzendaritza Nagusia; Ondare Arkitektonikoaren Atala; Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua; Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala; Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia; Iruñerriko Mankomunitatea; eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua. Azken hiru erakunde edo unitateen txostenak, zenbait baldintzarekin.

Bestalde, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak eta Ondare Zerbitzuak (Ekonomia eta Ogasun Departamentua) errekerimendu bana egin dute; Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak oraindik ez dute adierazpenik egin.

Dokumentu berriari buruzko txostena eskatuko zaie Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Ondare Zerbitzuari eta oraindik adierazpenik egin ez dutenei.

Ez dira aintzat hartuko Iruñeko Belosogoitiko bizitegi-eremuari buruz jasotako txosten sektorialak. Oraindik txostenik egin ez duten unitateei ez dela beharrezkoa jakinaraziko zaie.

Ingurumen izapideari dagokionez, 2022ko azaroaren 7an, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak, UGPSaren ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren prozeduraren barruan, txosten bat egin zuen, zeinaren oharrak UGPSaren dokumentuan jaso behar baitira.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren 2023ko maiatzaren 24ko Erabakiak, Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Politika garatzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala UGPS deklaratzen duenak, ezarri zuen dokumentua berrikusi egin behar zela, zenbait ohar kontuan hartuta. Dokumentu berriak islatzen ditu ohar horien ondoriozko aldaketak, bai eta LABen 2024ko apirilaren 26ko txostenekoen ondoriozkoak ere; hala ere, berrikusi egin behar da, honako hauek kontuan hartuta:

–Jasangarritasun ekonomikoaren eta bideragarritasun ekonomikoaren memoria. Osatu egin behar da: lurzorua ekoizpen erabileretarako nahikoa eta egokia dela justifikatu behar da, bai eta udalaz gaindi izanen duen inpaktu ekonomikoa ere.

–Hiriko Drainatze Jasangarriko Sistema (HDJS). 638/2016 Errege Dekretuak, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzen duenak, ezartzen du drainatze jasangarriko sistemak sartu beharko dituztela urbanizazio berriek, industrialdeek, eta, oro har, hirigintza garapenek. Era berean, martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak, klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzkoak, drainatze jasangarriak instalatu beharra sartzen du hiri ingurunean klima aldaketara egokitzeko oinarrizko eskakizun eta printzipioen artean.

Horretarako, honako antolamendu irizpide hau jasotzen du dokumentuaren araudiak: "Hiriko Drainatze Jasangarriko Sistema (HDJS) instalatzea proposatzen da. Urbanizazioaren elementu pribatua izanen da eta, beraz, mantentze pribatukoa".

HDJSak saneamendu sistemaren aurretiazko elementu bat dira. Urbanizazioaren sistema edo instalazio komun horren parte dira, eta haien kokapenak, tipologiak eta mantentzeak sistema horren dimentsionatzea, diseinua eta funtzionamendua baldintzatzen dute. Mantentze lan horiek ezin dira pribatuak izan, salbu eta, abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuaren 25. artikuluaren arabera (Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko Hirigintza Kudeaketako Erregelamendua onartzen duena), nahitaezkoa denean urbanizazio obrak mantentzeko erakunde bat eratzea, antolamendu planaren edo hirigintza-jarduketako programaren determinazioen arabera, edo berariaz legezko xedapenetatik ondorioztatzen denean. Hala ere, kasu horretan, jabeek izanen dute urbanizazio obra guztiak mantentzeko betebeharra.

Nolanahi ere, lurzati eraikigarrietan HDJSak instalatzen ahalko dira urbanizazioaren jasangarritasun orokorra hobetzeko. Hala ere, alderdi hori aukerakoa izanen litzateke araudian nahitaezko gisa planteatu ezean.

Beraz, eta alde batera utzita UGPSak urbanizazioko obrak kontserbatzeko erakunde bat eratzeko beharra justifikatzen eta ezartzen duen, hau idatzi behar da aipatutako irizpide horren ordez: "Plan Partzialak eta urbanizazio proiektuak HDJSak jartzea aurreikusi edo ahalbidetu beharko dute, eta HDJSak definitu, hurrenez hurren".

–Proposatutako araudia. Araudi berria berrikusi ondotik, honako hau ikusi da:

2. artikuluak (Eremua) O.2 planora bidaltzen gaitu (Sektore mugaketa), eta bertan ez da eremua bera irudikatzen. Eremuari buruzko plano bat sartzeko beharra azpimarratzen da, edo, bestela, eduki hori antolamenduko lehenengo planoaren izendapenean, grafismoan eta legendan sartzeko beharra.

6. artikuluari dagokionez (Hirigintza araubidea. Determinazio egituratzaileak. Hirigintza fitxa), berdeguneen zenbatekoa izan ezik, hirigintza-antolamendu egituratzaileko azken hiru determinazioak, Iruñerria Nafarroako Ubidetik hornitzeko UGPSaren babes zerrendari, zuhaiztiei, espazio libre eta berdeguneei eta HDJSei buruzkoak, antolamendu irizpideetara eraman behar dira.

Antolamendu irizpideak determinazio egituratzailetzat hartzen ahalko dira, betiere sektore bat antolatzeko oinarrizko irizpide eta baldintzei buruzkoak badira eta zehazten badira. Haiek zehazteko, irudikatzeko modukoak izan behar dute. Irudikatzen ez diren edo antolamendu planoetan agertzerik ez duten irizpide guztiak ezabatu egin beharko dira hirigintza antolamenduko determinazio egituratzaile gisa –sektorearen oinarrizko irizpideak eta baldintzak–. Hala ere, komenigarritzat jotzen bada, irizpide horiek beste artikulu batera eramaten ahal dira, zeinak garapen eta egikaritze tresnak (kudeaketa eta urbanizazio proiektuak) garatzeko edo idazteko irizpideak jasoko baititu.

Horregatik, 85/1995 FDko zuhaiztien eskakizuna eta lehendik dauden bideak lehengoratzeko betebeharra izan ezik (garapen eta egikaritze tresnak garatzeko edo idazteko irizpide gisa jasotzen ahalko dira), gainerako irizpideek, hirigintza antolamenduko determinazio egituratzailetzat hartzeko –sektorearen oinarrizko irizpideak eta baldintzak–, O-7 planora (Antolamendu irizpideak), O-04.2 planora (Proposatutako azpiegiturak, saneamendura eta euri urak) edo ibilbideei buruzko planora eraman beharko gaituzte, hurrenez hurren.

Gainera, sare saretu bat sortzeari buruzko irizpideari eutsi nahi bazaio hirigintza antolamendu egituratzailearen determinazio gisa –hots, sektorearen oinarrizko irizpideak eta baldintzak–, "banaketa bide berria" eta sare saretuaren gainerako elementuak irudikatu beharko dira. Era berean, urbanizazio berri bateko jarduketa baten testuinguruan, "sortutako bide berriak" aipamenaren ordez "bide berriak" jarri behar da.

Bestalde, hirigintza antolamenduko determinazio xehatuen garapenari buruzko determinazio egituratzaileen artikulu honetan jasotako testua UPGSaren garapenari buruzko artikulu independente batean jaso behar da.

Azkenik, ikusi da arauditik kendu direla honako hauei buruzko irizpideak: erreserbak bide publikoetan, bidegorriak, irisgarritasuna eta arkitektura oztopoak, hornidura eta saneamendu azpiegiturak, euri uren azpiegiturak, drainatze jasangarrien (HDJS) instalazioa, sute arriskua, klima aldaketara egokitzea eta trantsizio energetikoa, garraio publikoa, zarataren azterketatik eratorritako baldintzatzaileak eta urbanizazio proiektuak eta faseak. LABen txostenak dio determinazio egituratzaile gisa ezabatu beharko liratekeela, ez baitute izaera hori. Hala ere, gogorarazten du sartzen ahalko direla garatzeko eta egikaritzeko tresnak (kudeaketa eta urbanizazio proiektuak) garatzeko edo idazteko irizpide gisa.

8. artikulua (Ingurumen azterketa estrategikoaren ondoriozko baldintzatzaileak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 25. artikuluaren arabera) honela berrizendatu behar da: "Ingurumen adierazpen estrategikoaren ondoriozko baldintzatzaileak", eta adierazpen horrek jasotzen dituen determinazioak, neurriak edo azken baldintzak bakarrik jaso behar ditu.

Azkenik, berriro esaten da arauditik kendu behar direla proposamenezkoak ez diren testu guztiak. Informazio edo justifikazio testuak, kasuan-kasuan, informazio eta justifikazio memoriara eraman behar dira.

–Dokumentazio grafikoa. O-05 planoan (Oinezkoentzako ibilbideen proposamena), lehendik dauden oinezkoentzako ibilbide gisa irudikatzen dira bide publikoak, eta, haietakoren baten birjartzea oinezkoentzako ibilbide gisa.

Bide publikoak ez dira oinezkoentzako ibilbideak soilik; aitzitik, bizikletentzako eta ibilgailuentzako ibilbideak ere badira. Landa lurzatietarako sarbidea dira eta, ukituz gero, haien jarraitutasuna osotasunean berreskuratzeko betebeharra dago (ez oinezkoen joan-etorrietarako bakarrik).

Bestalde, plano horrek ez du aurreikusten lehendik dauden eta jarduketak ukituko dituen bide guztien jarraitutasuna; esate baterako, Eguesibarko 7. poligonoko 210. lurzatiaren iparraldean eta hegoaldean dauden bi bideak. Haien funtzioa berreskuratu egin beharko da, horretarako jarduketaren ekialdean bide perimetral bat eginez.

O-07 planoan (Antolamendu irizpideak), gainezartzen diren bi zerrenda irudikatzen dira: "Eraikuntza: lehentasunezko kokapena" eta "Berdeguneak: lehentasunezko kokalekua". Argitu egin behar da erabileren gainjartze hori, printzipioz bateraezinak baitira.

Bestalde, espazio ez-eraikigarri edo eraikuntza debekatuko eremu gisa irudikatu behar da Nafarroako Ubidetik Iruñerria hornitzeko UGPSari dagokion "babes eta muga zerrenda".

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2024ko maiatzaren 20ko txostenarekin eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko ekainaren 13ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Politika garatzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzunaldia ematea, berrogeita bost egunez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutako ondorioetarako. Plan hori, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatua, Nafarroako Gobernuaren 2023ko maiatzaren 24ko Erabakiaren bidez deklaratu zen UGPS.

2. Halaber, plana jendaurrean jartzea, epe berean, ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, espedientea kontsultatzeko aukera izanen da, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Alondegi kalea 1, 2. solairua, Iruña), jendea hartzeko orduetan, bai eta web-orri honetan ere: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan, egoki jotzen diren alegazio idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

4. Nafarroako Gobernuaren 2023ko maiatzaren 24ko Erabakian jasotako Belosogoitiko (Iruña) bizitegi-jarduketari buruzko jarduketak artxibatzea.

5. Plana sustatzen duen zuzendaritza nagusiari adieraztea ezen, planaren gaineko ebazpena eman aurretik, dokumentua osatu egin beharko dela, erabaki honetan jasotako oharrak eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa aintzat hartuta.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaren gainean jartzea Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologia Zuzendaritza Nagusia; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Iruñerriko Mankomunitatea; Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua; Ondare Arkitektonikoaren Atala; Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua; Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondarearen Zerbitzua; Errealitate Sozialaren Behatokia; Etxebizitza Zerbitzua; Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia; Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala; Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; Herri-lurren Atala; Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala; Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko Obren Atala; Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegiturak Kudeatzeko Atala; Iruñeko, Arangurengo eta Eguesibarko udalak; eta sustatzailea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2409897