134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 19an hartua, "Corellako (Nafarroa) hondakin-uren araztegia birmoldatzea" izeneko lanetarako proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaez desjabetzeko.

2023ko urriaren 17an, Navarra de Infraestructuras Locales SAk (NILSA), Moncayoko Ur Mankomunitatearekin ezarritako lankidetza erregimenarekin bat, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari informazioa eskatu zion jendaurrean jar zitzala "Corellako (Nafarroa) hondakin-uren araztegia birmoldatzea" izeneko lanetarako proiektua, zeina Moncayoko Ur Mankomunitateak onetsi baitzuen 2022ko urriaren 6ko bilkuran, bai eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, nahitaezko tramitea baita 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak ezartzen duen desjabetze prozesuari ekiteko; hori dena, Moncayoko Ur Mankomunitatearen mesederako.

Udalaren zerbitzu publikoa izanik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berarekin dakar hartzen dituzten ondasunen onura publikoaren deklarazioa eta ondasun horiek okupatu behar izatea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Hala, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak abenduaren 27an emandako 637/2023 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Moncayoko Ur Mankomunitatea deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun.

Jendaurreko aldia bukatuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak maiatzaren 14an emandako 284/2024 Ebazpenaren bidez, aurkeztutako alegazioak ebatzi ziren eta behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra.

"Corellako (Nafarroa) hondakin-uren araztegia birmoldatzea" izeneko lanetarako proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko premia dago ezen, gaur egun, araztegiak Alhama ibaira isurtzen ditu urak eta ibai horren arroa oso zaurgarria da ingurumen aldetik. Hala, birmoldatzearen xedea da segurtasun neurriak ezartzea, egoten ahal diren ingurumen larrialdietan ibilguan egiten diren isurketen eragina minimizatzeko.

NILSAk alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, Nafarroako Gobernuak justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Corellako (Nafarroa) hondakin-uren araztegia birmoldatzea" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau NILSAri eta Moncayoko Ur Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Kudeaketa Juridikoaren eta Toki Antolamenduaren Atalera eta Laguntza Tekniko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2409896