134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 19an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "N-121-A errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 10+500 KPtik 22+500 KPra bitarte (Burutaingo ingurabidea)" izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzeko.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abuztuaren 2ko 46/2023 Foru Aginduaren bidez, behin-behineko onetsi zen "N-121-A errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 10+500 KPtik 22+500 KPra bitarte (Burutaingo ingurabidea)" izeneko proiektua, eta jendaurrean jarri zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren maiatzaren 2ko 49/2024 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen "N-121-A errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 10+500 KPtik 22+500 KPra bitarte (Burutaingo ingurabidea)" izeneko proiektua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere.

Proiektu honek errepidea 2+1 errepide bihurtzea aurreikusten du, eta lotura berri bat sortu nahi du 15+100 KParen eta 16+700 KParen arteko tartean, herri horretan jatorria edo helmuga duten mugimenduen bide-gurutzaketa guztiak sestra diferentetan egin ahal izateko. Horrela, bide-segurtasuna areagotzen da, eta, beraz, obrak ahalik eta lasterren egitea gomendatzen da. Hortaz, beharrezko lurrak eskuratzeko izapideak arintzeko, beharrezkoa da deklaratzea presakoa dela ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea. Hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "N-121-A errepidea 2+1 motako bide bihurtzea, 10+500 KPtik 22+500 KPra bitarte (Burutaingo ingurabidea)" proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, nahitaez desjabetzeko.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko estimatzen den gastua 987.964,05 eurokoa da, modu honetan egotziko dena: 727.917,65 euro 2024ko gastu aurrekontuko "N-121-A errepidea 2+1 motako bide bihurtzeko jarduketak" 220002 22100 6010 453211 partidaren kontura (PEP E-18/000215-01 elementua), eta gainerakoa, 260.046,40 euro, 2025eko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kontura.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau jakinaraztea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Kontu-hartzailetza delegatuari.

Iruñean, 2024ko ekainaren 19an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2409895