134. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2477/2024 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, euskara itzultzaileen bost lanpostu betetzeko oposizio bidez, ari daitezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (argitaratu zen 2021ko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean), onetsi zen 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Eskaintza hori dagokio abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari (Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea). Eskaintza horretan, euskara itzultzaileen lau lanpostu sartu ziren.

Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (argitaratu zen 2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 29an), onetsi zen 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Eskaintza hori dagokio abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari (Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea). Eskaintza horretan, euskara itzultzaileen lanpostu bat sartu zen.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, maiatzaren 8ko 1787/2024 Ebazpenaren bidez, onetsi zuen deialdi bat, euskara itzultzaileen lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze-lehiaketa bidez, ari daitezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da onestea deialdi bat eta haren oinarriak, euskara itzultzaileen bost lanpostu betetzeko, ari daitezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura. Sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira lanpostuak.

Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, euskara itzultzaileen bost lanpostu betetzeko, sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez, ari daitezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari; Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari; eta izendatutako epaimahaikideei; behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 24an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

DEIALDIA, EUSKARA ITZULTZAILEEN BOST LANPOSTU BETETZEKO OPOSIZIO BIDEZ

Hona hemen deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da euskara itzultzaileen 5 lanpostu betetzea oposizio bidez. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, A mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak. Zehazki, eskainiko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 1787/2024 Ebazpenaren bidez antolatutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira haien plaza-zenbakiak, betebeharrak eta destinoak.

1.2. Bost plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–2 plaza txanda irekian.

–3 plaza igoera-txandan.

1.3. Igoera-txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin igoera-txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera-txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Edukitzea euskarazko C1 maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari. Titulu edo ziurtagiri hori agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, tituluen zerrendan. Bestela, eduki beharko da ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

e) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarria, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete txanda horretan, baldin betetzen badituzte igoera-txandan parte hartzeko gainerako betebeharrak.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoko deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak aurkez dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa, eskabidea aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskabidea formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute baimenik ematen langabezia egoera kontsultatzeko, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiek eskabideari gehitu beharko diote agiri bat, frogatzen duena betetzen dituztela deialdi honen 2.1.2 apartatuan jasotzen diren betebeharrak, baldin badira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak, edo baldin badira Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona, hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek erants dezakete, justifikaziorako, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betebeharrak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela betebeharren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Usoa Wyssenbach Ibarra, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Ander Irizar Apaolaza, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Aitziber Etxanobe Arrieta, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Itziar Diez de Ulzurrun Sagalà, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzailea.

–Epaimahaikidea: Fermín Zabalza Alemán, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzaile-interpretea.

Ordezko epaimahaikidea: Mikel Goñi Beriain, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzailea.

–Epaimahaikidea: Mikel Uharte Unzue, Langileen Batzordeak izendatu duen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Ignacio Mariñelarena Goñi, Langileen Batzordeak izendatu duen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Alaitz Zabaleta Sarobe, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzailea.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Alberto Errea Irisarri, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzaile-interpretea.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2024ko abendutik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak, deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan. Bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta adieraziko du oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta galderak izanen dira deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruzkoak.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Lehenbiziko proban hiru ariketa praktiko egin behar dira, eta hiru ordu izanen dira horiek egiteko.

Proba honetan 60 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lehenbiziko ariketa:

Gaztelaniatik euskarara itzuli behar dira epaimahaiak emandako testuak.

Ariketa honetan 24 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 12 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

–Bigarren ariketa:

Euskaratik gaztelaniara itzuli behar dira epaimahaiak emandako testuak.

Ariketa honetan 16 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 8 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

–Hirugarren ariketa:

Posteditatu egin behar dira testu bat edo batzuk; alegia, aurretik, itzulpen automatikoaren bidez, gaztelaniatik euskarara itzuli diren testu bat edo batzuk zuzendu eta hobetu behar dira. Ariketa egiteko, jatorrizko testua ere emanen da.

Ariketa honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 10 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

Hiru ariketetarako arau komunak:

Ariketa guztietako testuak izan daitezke bai juridiko-administratiboak, bai dibulgaziokoak.

Denera, testuek 900 bat hitz izanen dituzte; horietatik, 360 bat izanen dira lehenbiziko ariketakoak, 240 bat bigarrenekoak, eta 300 bat hirugarrenekoak.

Ariketak egiteko, zilegi da paperean inprimatutako hiztegiak erabiltzea. Izangaiek eraman behar dituzte hiztegi horiek.

6.3.2. Bigarren proba:

Bigarren proban bi ariketa egin behar dira, bata bestearen ondoren, egun berean.

–Lehenbiziko ariketa:

Test motako 60 galderari, gehienez, erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako II. zatiko gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Ariketa hau egiteko ordu eta laurden izanen da gehienez. Ariketa honetan 12 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezke galderak.

–Bigarren ariketa:

Ariketa teorikoa izanen da. Bertan, gehienez 12 galderari erantzun beharko zaie, labur, ebazpen honen I. eranskineko II. zatiko gai-zerrendari buruz.

Galderei euskaraz erantzun behar zaie, enuntziatuan besterik esaten ez bada.

Ariketa hau egiteko bi ordu eta erdi izanen da gehienez. Ariketa honetan 12 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proba honetan, osotara, gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Hirugarren proba:

Hirugarren proban bi ariketa egin behar dira, bata bestearen ondoren, egun berean.

–Lehenbiziko ariketa:

Ariketa teorikoa izanen da. Bertan, idatziz eta euskaraz garatu beharko da gai bat, ebazpen honen I. eranskineko III. zatiko gai-zerrendakoen artetik. Horretarako, kalifikazio-epaimahaiak bi gai aukeratuko ditu zozketa bidez, eta izangaiek horietako bat bakarrik garatu beharko dute, norberak aukeratzen duena.

Ariketa hau idatziz egiteko 2 ordu emanen dira gehienez.

Ariketa honetan 24 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Ariketa hau egiteko ez daiteke erabili inolako testurik, dokumentaziorik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik nahiz bestelako materialik, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.

–Bigarren ariketa:

Test motako 20 galderari, gehienez, erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako I. zatiko gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Ariketa hau egiteko 40 minutu emanen dira gehienez. Ariketa honetan 12 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proba honetan, osotara, gutxienez 18 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.4. Ariketa guztiak, test motakoak ez besteak, ordenagailuz eginen dira. Epaimahaiak utziko ditu ordenagailuak, zuzentzaile ortografikoa desaktibaturik.

6.3.5. Pliken sistemaren bidez eginen dira ariketa guztiak, test modukoak izan ezik.

6.4. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxaren barnean), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematikoki.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko, eta egin daitezen lanpostu hutsak hautatzeko izapideak.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta, hala ere, berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta hirugarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

7.3. Aurreko irizpideak aplikatuta ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, horretarako abiaturik zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du, izangaiek aurkez ditzaten betebehar hau betetzen dutela frogatzeko agiriak, ezartzen den bidea erabiliz:

–Deialdiko 2.1.1.c) eta d) apartatuetan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, ziurtagiri bat, frogatzen duena eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta, orobat, hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda, zeina ordenatuko baita lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun hurrenkerari jarraikiz. Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute lanpostuak eskuratzeko duten lehentasun-ordena.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, behin azterturik balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostuak hautatzeko, txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna duten izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio izangaiak izendatzeko proposamena (espediente osoarekin batera), non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

B) Deialdian igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, lehengoaz gainera, eskabideari gehitu beharko diote agiri bat, frogatzen duena jarduneko zerbitzuan daudela jatorrizko administrazioan, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean; hori dena, baldin badira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak, edo baldin badira Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe eskabidearen faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den lanpostua beteko da jarraikiz 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendari (proba gainditu duten izangaiak), lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, besteren bat eskatu nahi izanez gero, bere eskudantziak erabiliz, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

9.6. Izangai batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Aurreko apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean adjudikatuko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen adjudikazioa ere eginen da.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak bihurtuko dira nominako eta plantillako funtzionario, eta izanen dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira, eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak. Halakoetan, jarraituko zaio deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari.

10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie, jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua beteko da, era berean, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10.5. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautapena. Beraz, funtzionario berriei zuzenean adjudikatuko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren iragarki-taulan argitaratuko da proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, eta, orobat, deialdiaren fitxan ere argitaratuko da,, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Honako zerrenda hauek eginen dira aldi baterako kontratazioetarako, hautapen prozesuan parte hartu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin (jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari; Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak; eta oinarri honetan ezarritako prozedurari):

a) Probak gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Proba guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira, alde batetik, probak gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, proba guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda. Hori dena, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketak ebazteko, jarraituko zaie deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideei.

12.3. Izangaiei lanerako deitzerakoan, eta, bidezkoa denean, kontratatzerakoan, honako hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, salbu kalifikazio-epaimahaiaren egintzak badira, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, jarraikiz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. zatia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua, urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoetako organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, hizpide duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

10. gaia.–Administrazio egintzak: administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Exekuzioa.

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.

15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa, urriaren 1eko 40/2015 Legean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Administrazio Elektronikoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

19. gaia.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.

20. gaia.–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

21. gaia.–240/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, zeinaren bidez onesten baitira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak.

II. zatia.

1. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: aditzari buruzkoak.

2. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: idazkera eta morfologiari buruzkoak.

3. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: sintaxiari buruzkoak.

4. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: ortotipografiari buruzkoak.

5. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: lexikoa.

6. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: morfologia.

7. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: ortotipografia.

8. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: sintaxia.

8. gaia.–Kalko okerrak: Euskara Batuaren Eskuliburua eta EIMAren estilo liburua.

10. gaia.–EIMAren estilo liburua: Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak.

11. gaia.–EIMAren estilo liburua: Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak.

12. gaia.–EIMAren estilo liburua: Letra larriak erabiltzeko irizpideak.

13. gaia.–Gaztelaniaren gramatika: morfologia eta sintaxia.

14. gaia.–Gaztelaniaren ortografia: araudi akademikoa.

15. gaia.–Estiloa gaztelaniaz: alderdi gramatikalak, ortografikoak eta ortotipografikoak.

16. gaia.–Nafarroako Toponimia Erabiltzeko Oinarrizko Jarraibide Teknikoak. Nafarroako Gobernuaren argitalpena (2019).

17. gaia.–5/2018 Foru Dekretua, otsailaren 28koa, irizpideak ezartzen dituena Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko.

III. zatia.

1. gaia.–Itzulpengintzaren definizioa: hizkuntzaren barneko itzulpena, hizkuntzen artekoa eta itzulpen intersemiotikoa. Itzulpengintzaren xedea eta ezaugarriak.

2. gaia.–Itzulpengintzaren sailkapena: metodoak, motak eta modalitateak.

3. gaia.–Itzulpengintza aztertzeko ideia nagusiak (I). Baliokidetasunaren auzia. Itzulpen unitatea. Itzulpen metodoak.

4. gaia.–Itzulpengintza aztertzeko ideia nagusiak (II). Itzulpen teknika eta estrategiak.

5. gaia.–Itzulpengintza aztertzeko ideia nagusiak (III). Itzulpen arazoen definizioa eta sailkapena. Itzulpen akatsak.

6. gaia.–Ikuspegi teorikoak. Traduktologia: Zizeronengandik egungo teorietaraino.

7. gaia.–Ikuspegi linguistikoa: estilistika konparatua. P. Newmark.

8. gaia.–Testu ikuspegiak: testu azterketaren osagaiak eta beraien aplikazioa itzulpen ikasketetan. Testu tipologia.

9. gaia.–Ikuspegi kognitiboak: zentzuaren teoria. Itzultzeko gaitasuna.

10. gaia.–Ikuspegi soziokulturalak: E. Nida.

11. gaia.–Ikuspegi komunikatiboak: B. Hatim eta I. Mason.

12. gaia.–Ikuspegi funtzionalistak: skoposaren teoria. C. Nord: funtzionalismoa eta leialtasuna.

13. gaia.–Manipulazioaren Eskola: Hermans.

14. gaia.–Even-Zohar: polisistemaren teoria.

15. gaia.–Toury eta itzulpen ikasketa deskriptiboak.

16. gaia.–Itzulpengintza eta ideologia: Venuti eta itzultzailearen ikusezintasuna. Itzulpenaren neutraltasunik eza.

17. gaia.–Itzulpengintzaren ikuspegi feminista: traduktologia eta genero ikasketak.

18. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (I): Joanes Leizarragaren itzulpen eredua.

19. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (II): Azkue eta bere eragina.

20. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (III): Orixe eta bere garaikideak.

21. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (IV): euskara batuaren sorrera eta izan duen eragina.

22. gaia.–Euskararen koofizialtasunaren eragina itzulpengintzan.

23. gaia.–Euskal itzulpengintza juridiko-administratiboa: joerak eta egungo egoera.

24. gaia.–Interpretazioa: oinarrizko ezaugarriak. Esan osteko interpretazioa. Aldibereko interpretazioa.

25. gaia.–Itzulpena Nafarroako administrazio publikoetan. Aurrekari historikoak.

26. gaia.–Itzulpen literarioa: ekoizpena eta bilakaera.

27. gaia.–Hedabideetako itzulpengintza.

28. gaia.–Itzulpengintza eta teknologia berriak: ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnak eta itzultzaile automatikoak.

29. gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak: hiztegiak, estilo liburuak, gramatikak, entziklopediak, terminologia bankuak, corpusak, hizkuntza kontsultarako zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak eta bestelako tresna informatikoak, Internet…

30. gaia.–Itzulpenaren kalitatea. Zuzentasun gramatikala eta komunikagarritasuna. Zuzenketa: mailak eta irizpideak testu itzulien zuzenketan. Zuzentzailearen lan tresnak.

31. gaia.–Postedizioa: arina eta osoa. Postedizioaren garrantzia itzulpen automatikoz lagundutako itzulpenetan. Edukiarekiko leialtasuna eta komunikagarritasuna.

32. gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak. Elebitasuna, diglosia, hizkuntza gutxiengoak eta hizkuntza minorizatuak. Itzulpengintza, hizkuntza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.

33. gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.

34. gaia.–Hizkuntza normalizazioa. Hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa. Estandarizazio ereduak. Euskararen estandarizazioa.

35. gaia.–Terminologia: definizioa, eginkizunak eta aplikazioak.

36. gaia.–Terminologia eta normalizazio linguistikoa. Hizkuntza plangintza.

37. gaia.–Itzulpengintzaren rola, euskara Administrazioan normalizatzeari dagokionez. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta Administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.

38. gaia.–Testu administratibo eta juridikoak: ezaugarriak. Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.

39. gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara-gaztelania binomioan. Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.

40. gaia.–Hizkera inklusibo eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz.

41. gaia.–Sekretu profesionala eta deontologia. Zinpeko itzulpena.

42. gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Estatusa eta elkargo profesionalak.

43. gaia.–Euskaltzaindia: historia eta jarduera arauemaile, akademiko eta instituzionala. Hizkuntza baliabideak eta argitalpenak.

44. gaia.–Euskal dialektologia Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura euskalkiak. Nafarroako euskalkiak.

45. gaia.–Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Euskarazko edizioa. Euskaraz argitaratutako beste aldizkari ofizial batzuk.

46. gaia.–Toponimia. Toponimiaren oinarrizko terminoak. Toponimia Nafarroako Foru Komunitatean. Toponimiaren tratamendua eta haren adierazpen grafikoa. Nafarroako toponimia kontsultatzeko baliabideak.

47. gaia.–Testu gramatika (I): testuaren propietateak. Testu motak: deskribapen testua, narrazio testua, azalpen testua, argudio testua eta jarraibidezko testua.

48. gaia.–Testu gramatika (II): testuaren kohesioa. Perpauseko kohesio prozedurak eta testuko kohesio prozedurak. Diskurtso markatzaileak: motak eta egitekoak.

49. gaia.–Perpausa: perpausaren definizioa. Perpaus motak esanahiaren arabera (adierazpen- galde-, aginte- eta harridura-perpausak). Perpaus bakunak eta elkartuak.

50. gaia.–Perpaus barneko hitzen ordena: ikuspegi desberdinak.

51. gaia.–Perpaus bakuna (I): izen sintagma. Izena eta izenordaina. Determinatzailea. Adjektibo sintagma. Aposizioa.

52. gaia.–Perpaus bakuna (II): aditz sintagma. Aditzaren ezaugarriak. Adberbioa eta adberbio sintagma.

53. gaia.–Perpaus elkartuak: juntadura eta menderakuntza. Motak.

54. gaia.–Deklinabidea: egiturazko kasuak eta postposizio sintagmak.

55. gaia.–Euskal lexikoa: lexiko sorkuntzarako bideak. Mailegutza, hitz elkarketa eta eratorpena. Zabalkuntza semantikoa. Lexikoaren berrezarpena. Berrikuntza fonologikoa. Neologismoak.

56. gaia.–Estiloa euskaraz. Estilo arazoei aurre egiteko estrategiak.

Iragarkiaren kodea: F2410119