132. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

244/2024 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira, etengabeko lanbide prestakuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2024-2025 ikasturtean.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Ebazpen honek helburu du jarraibide batzuk onestea, etengabeko lanbide prestakuntzako berariazko programen gaineko alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko dutenak, behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen etengabeko lanbide prestakuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan 2024-2025 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horietan arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatean etengabeko lanbide prestakuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua 2024-2025 ikasturterako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta hezkuntza entitate eta ikastetxeetara.

Iruñean, 2024ko ekainaren 12an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, ETENGABEKO LANBIDE PRESTAKUNTZAKO IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKOETAKO ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO. 2024-2025 IKASTURTEA

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arauz ezarri gabeko beste batzuk arautzen, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibide hauek ikastetxe publikoetako etengabeko lanbide prestakuntzako irakaskuntzei buruzkoak dira.

1.–Etengabeko prestakuntza egiaztagarria.

Lanbide Heziketaren jarduketa ildo nagusietako bat etengabeko prestakuntza egiaztagarriaren programa izanen da. Eskubide Sozialetako Departamentuarekin akordioa egin ostean, programa horren gaineko eskumena Hezkuntza Departamentuak dauka; izan ere, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako eta Laneko eta Gizarte Ekonomiako ministerioei esleitutako eginkizun berrien ondorio da akordio hori. Eginkizun horiek 498/2020 eta 499/2020 errege dekretuetan jaso dira, eta horien ondorioz, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak bere gain hartu behar du etengabeko lanbide prestakuntzaren eskumen berriaren kudeaketa, gaitasun profesionalen estandarren Katalogo Nazionalari eta Lanbide Heziketako Eskaintzaren Katalogo Nazionalari loturik dagoena, hezkuntza sistemako LH eta enplegurako lehengo LH (gaur egun, etengabeko lanbide prestakuntza) bat eginik daudenez gero. Prestakuntza horren helburua da lanean daudenen edo langabeen kualifikazio premiak asetzea, lan merkatuan identifikatu dituzten gaitasun profesionalak lortzeko, zabaltzeko edo eguneratzeko, dela lan merkatuan lehenbizikoz sartzeko, dela berriro ere laneratzeko, dela norberaren ibilbide profesionala beste norabait orientatzeko.

Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren arabera, etengabeko prestakuntzatzat hartzen da 2. artikuluan aipatutakoa: hasierako prestakuntzaren ondoren eta bizitza aktiboan sartu ondoren egindako edozein prestakuntza mota, hezkuntza sistemaren barruan edo kanpoan. Helburutzat dauka pertsonari aukera ematea bere ezagutzak eta gaitasunak eskuratu, handitu edo eguneratzeko, bere garapen pertsonal edo profesionaleko ibilbidea egokitu, bideratu edo profesionalki sustatze aldera. Izendapen hori ez dago prestakuntza eskaintzaren motari lotuta, baizik eta pertsona bakoitzak prestakuntza ibilbidean duen ikaskuntza prozesuari, hasierako prozesua egin eta lan bizitza aktibora sartu ondoren.

Prestakuntza egiaztagarrian, etengabeko prestakuntzari dagokionez, Gaitasun profesionalen estandarren katalogo nazionalean bildutako gaitasun estandarrak hartzen dira erreferentziatzat, eta horrek egiaztagiri ofizialak ekarriko ditu berekin: Gaitasun egiaztapen partziala (A graduko eskaintzetan), Gaitasun Ziurtagiria (B graduko eskaintzetan) eta Lanbide Ziurtagiria (C graduko eskaintzetan). Prestakuntza hau langabeentzat eta lanean daudenentzat da. Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu du ziurtapen horiek erregistratzeko eskumena. Horrelako prestakuntza Hezkuntza Departamentuaren eskumena da, eta prestakuntza egiaztagarrirako ez diren gainerako prestakuntza ekintzak, berriz, Eskubide Sozialetako Departamentuarenak.

Ikastetxeek 2024-2025 ikasturtean etengabeko prestakuntza egiaztagarri honetan parte har dezaten funtsezko elementu gisa, jarraibide hauek ezarri dira:

1.1. Etengabeko prestakuntza egiaztagarriko arduradunak.

Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak zehaztu duenez, etengabeko lanbide prestakuntzako eskaintzak egiten dituzten ikastetxeen, ikastetxe publiko integratuen, bigarren hezkuntzako institutuen, arte eskolen eta goi mailako diseinu eskolen txantiloian, ‘etengabeko lanbide prestakuntza’ kontzeptuan, etengabeko prestakuntza egiaztagarriaren eremuan eginkizunak betetzeko eskola-orduak agertu behar dira. Ordu horiek, ahal dela, pertsona bakar bati esleituko zaizkio. Haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-E1" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxe bateratu, BHI eta arte eskolako zuzendaritza bakoitzak, bere autonomiaren esparruan, ikastetxean jarduketa ildo horretaz arduratuko den pertsona bat(zuk) izendatuko d(it)u, eta horiek prestatuko dute etengabeko prestakuntza egiaztagarrirako urteko plana. Ikastetxeak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio, 2024ko ekainaren 28a baino lehen, nor(tzuk) izendatzen d(ir)en zeregin horretarako.

1.2. Lanbide Heziketaren integrazioa. Etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarria.

Zuzendariei dagokie gidaritza hartzea beren ikastetxean Lanbide Heziketa integratzeko eta etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarria garatzeko. Horregatik, prestakuntza hori ikastetxean garatzen lagunduko duten egiturak eta dinamikak sortu beharko dituzte.

Horretarako, honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeek beren proiektu funtzionalean eta urteko jarduketa planean (‘Lanbide Heziketako planak, proiektuak eta berariazko programak’ izeneko kapituluan) ezarri beharko dute etengabeko prestakuntza egiaztagarria nola zehaztuko den urte bakoitzean. Urteko plan horretan azalduko da nola inplementatuko den etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarria, eta planak egitura operatiboa izanen du, etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriaren exekuzioa eta jarraipena erraztuko dituena, eta honako hauek definituko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeak lehentasun gisa ezartzen ahalko ditu, bere prestakuntza plan instituzionalaren barruan, lanbide prestakuntzaren eta etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriaren integrazioari lotutako prestakuntza ekintzak, klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzentzen ahal zaizkionak. Gainera, instituzionaltzat joko da irakasleek banaka egindako prestakuntza, baldin eta Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren bidez eskaintzen badu.

c) Zuzendaritza taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi orduetatik bat gutxienez esleitzen ahalko dio irakasle bati edo hainbat irakasleri, lanbide arlo bakoitzeko, laguntzaile gisa aritzeko, dagokion lanbide arloan, etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriaren arduradun(ar)ekin. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-E2" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu irakasle laguntzaileak, eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio izendapen horiek, 2024ko ekainaren 28a baino lehen. Honako helbide elektronikoetara bidali behar da jakinarazpena:

sfpeduca@navarra.es

fpempleo.educacion@navarra.es

Zuzendaritza taldea arduratuko da irakasle laguntzaile horiek berariaz bete beharreko eginkizunak zehazteaz.

d) Etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarria inplementatzeaz arduratzen direnen artean koordinazioa sustatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak honako hau erraztuko du:

–Irakasle laguntzaileek c) apartatuan aipatzen diren eskola-orduetako bat esleituta edukitzea bere ordutegian, ostegunetan, 13:00etatik 14:00etara.

–Ikastetxean etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriaz arduratzen diren irakasleek ostegun goizetan eta, beharrezkoa izanez gero, astearte goizetan izatea esleitutako eskola-orduak beren ordutegian.

e) Zuzendaritza taldea saiatuko da enplegurako lanbide prestakuntzaren arduradunek klaustroetan parte har dezaten, prestakuntza horren ezarpenarekin eta garapenarekin zerikusia duen guztia zabaltzeko.

f) Enplegurako lanbide prestakuntzako arduraduna (edo arduradunak) da, prestatzailea edo tutore prestatzailea izanik, ikaskuntza prozesuaren jarraipenarekin zuzenean lotutako zereginak betetzen dituena. Zehazki, honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

–Ikastetxean etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriaren urteko plana prestatzea, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritako jarraibideekin bat.

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekiko solaskidea izatea, zuzendariarekin edo honek delegatzen duen pertsonarekin batera, etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriari dagokion guztian.

–Irakasle laguntzaileekin eta etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarrirako ekintza bakoitza koordinatzen duten pertsonekin egiten diren bilerak zuzentzea, prestakuntza horren urteko planean zehaztutako egutegiaren arabera.

–Ikastetxearen eragin eremuan, etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, dauden beharrak diagnostikatzea.

–Eskatzaileei informazioa zabaltzea ikastetxeko etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriko ikastaroen matrikulazioari, onarpen prozesuari eta araudiari buruz.

–Ikastetxean etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriarekin lotuta garatzen diren ekintzak kudeatzea eta ezartzea.

–Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak zehaztutako etengabeko prestakuntza kudeatu eta izapidetzeko prozesuari buruzko informazioa eta laguntza ematea prestakuntza ekintzak koordinatzen dituzten pertsonei.

–Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarriaren ondoriozko jarduerak ikuskatu eta egitea, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak ikastetxean lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten ikasleentzat ezarritako prozeduraren arabera.

–EDUCAn hitzarmenak eta dokumentazioa kudeatzea, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak ezarritako prozeduraren arabera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarritik eratorritako betebeharrak betetzeko.

–Prestakuntza ekintza ematen duen pertsona kanpoko irakasle bat bada, bere jardueraren baldintzen berri eman beharko dio, eta "Irakasleen konpromisoa" dokumentua eman beharko dio, eta hark sinatutako dokumentua zaindu.

–Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak edo/eta indarreko arauzko xedapenek zehazten duten beste edozein.

g) Ikastetxe publikoan garatzen den etengabeko prestakuntza egiaztagarriko ekintza bakoitzak koordinatzaile bat edukiko du. Koordinatzaileak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Koordinatzen duen etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarria planifikatzea.

–Programazio didaktikoaren prestaketa koordinatzea, ekintza horren prestatzailearekin batera.

–Prestatzailearekin batera, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak zehaztutako dokumentazioa prestatu eta izapidetzea, dagokion bezala, prozeduran finkatutako epeetan.

–Koordinatzen duen etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarria kontrolatzea.

–Prestatzaileak bilatu eta hautatzea, koordinatzen duen etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarriaren prozeduraren arabera, eta prestatzaile horien akreditazioa izapidetzea.

–Koordinatzen duen etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarriko prestatzaileei beharrezkoak zaizkien ekipamenduak eta instalazioak erakustea.

–40/2024 Foru Aginduaren irizpideen arabera prestakuntza ekintzan parte hartzea onartzen zaien ikasleei hala baieztatzea eta onartuak ez direnekin harremanetan jartzea, plazarik lortu ez badute erreserba zerrendara igaroko direla jakinarazteko.

Ikasleak hautatzeko, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalaren laguntza edukiko du. Ikasle partaideak hautatzeko Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onartutako deialdia arautzen duten oinarriak beteko dira, apirilaren 11ko 40/2024 Foru Aginduaren arabera.

–Koordinatzen duen prestakuntza ekintza egiaztagarria ematen duen ikastetxe publikoko enplegu arduradunarekin koordinatzea, jarduera hobetze aldera.

h) Prestakuntza praktikak egiten diren ikastetxe publikoan garatzen den etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarri bakoitzak lanekoak ez diren praktiken koordinatzailearen figura izanen du, eta, edonola ere, ikastetxe barruko irakasle bat izanen da. Pertsona hori, ahal dela, praktika horiek sortu dituen azken prestakuntza ekintza koordinatu duen pertsona izanen da. Eginkizun hauek izanen ditu:

–Koordinatzen duen etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarriko prestakuntza egonaldia planifikatzea.

–Ikasleek titularrentzat egin behar dituzten praktiketarako egokiak diren enpresa edo erakunde parekatuak bilatzea.

–Koordinatzen duen etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarriaren praktika ikuskatzea.

–Enpresa edo erakunde parekatuan praktika horien tutore diren irakasleekin koordinatzea.

–Enpresa edo erakunde parekatuko egonaldi praktikoa kudeatzeko beharrezko dokumentazioa betetzea, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak ezarritako prozeduraren arabera.

–Praktikei ekin aurretik, ikasleengandik beharrezko informazioa biltzea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarritik eratorritako betebeharrak betetzeko, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak ezarritako prozeduraren arabera.

–EDUCAn gaitutako egutegian enpresa edo erakunde parekatuan praktikak egiteko egunak betetzea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarritik eratorritako betebeharrak betetzeko, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren eta Enpresen Atalak ezarritako prozeduraren arabera.

–Prestakuntza praktika egiaztagarria ematen duen ikastetxe publikoko enplegu arduradunarekin koordinatzea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarritik eratorritako betebeharrak betetzeko, ezarritako prozeduraren arabera.

i) Ikastetxe publikoan garatzen den etengabeko prestakuntza ekintza egiaztagarri bakoitzak xede horretarako egiaztatutako irakasleak edukiko ditu.

Apirilaren 5eko 36/2023 Foru Dekretuan garatzen da Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen sarean etengabeko lanbide prestakuntzako ekintza egiaztagarriak garatzeko hezkuntza sistemako irakasleak izendatzeko prozedura, bai eta prestakuntza hori emateagatik jasoko dituzten konpentsazio ekonomikoak ere.

Egiaztatutako irakasleek "Irakaskuntzako konpromisoa" izeneko agirian esleitutako eginkizunak beteko dituzte. Gainera, pertsona hori ikasleak enpresan egiten duen egonaldiaren tutorea bada, ikasleak enpresa edo erakunde parekatuan aurkeztu beharko ditu, bertara lagunduko die, ikasle horien jarraipena eginen du eta ikasleon ebaluazioa egin beharko du enpresan, horretarako eskatzen den dokumentazioa bete beharko du eta ikastetxeko langileekin lankidetzan aritu beharko du enpresak aurkitzeko.

j) Enpresa edo erakunde parekatuetan edozein prestakuntza egonaldi egiten duten ikasleak EDUCAn matrikulatu beharko dira. Ikastetxea arduratuko da ikasle horiek matrikulatzeaz. Gizarte Segurantzaren araudi berriak jarraibide hori aldatzen badu, ikastetxe publiko bakoitzeko etengabeko prestakuntzako arduradun bakoitzari jakinaraziko zaio, eginkizun hori eguneratzeko.

1.3. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen arteko lankidetzaren sustapena, etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriaren arloan.

Lankidetza ekintzak sustatuko dira Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen artean, etengabeko lanbide prestakuntza egiaztagarriko ekintzak eskaini eta garatzeko. Horretarako, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak lantalde bat sortuko du, ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek eta Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiaren ordezkariek osatua.

Iragarkiaren kodea: F2409649