1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
49/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei, 2024-2025 ikasturtean, funts publikoen bidez finantzatzen diren Nafarroako Foru Komunitateko haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.
Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu, eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren. Bertan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuaren eta toki erakunde interesdunen arteko hitzarmenen bidez sortuko dira haur eskolak, eta hitzarmen horietan ezarriko da, hala denean, finantzaketa araubidea.
Hezkuntza Departamentuak parte hartzen du udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako ikastetxeen kudeaketaren finantzaketan, eta horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatzen ditu.
Abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 4.4 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntza, oro har, honenbestekoa izanen da: aplikatzekoa den urteko modulua ken toki erakundeak egin beharreko ekarpena eta ken familiek, eskolatze-tarifengatik, egin behar duten ekarpena (familien tarifa arautzen duen aginduak ezartzen duenaren arabera).
Aurreko ikasturteetan aplikatu den jarduketa-ildoan aurrera eginez, doakotasuna erabatekoa izan dadin, 2024-2025 ikasturtean amaituko da doako hezkuntza ezartzen funts publikoen bidez finantzatzen diren haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan. Familiek ez dute ordainduko haurrak funts publikoen bidez finantzatzen diren haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan eskolatzeko kostua. Beraz, foru agindu honetan familientzat ezartzen zaizkien tarifak jantoki zerbitzuari aplikatu beharrekoak dira soilik.
Hezkuntza Departamentuak urtero ezartzen du familiek zer tarifa ordaindu behar duten funts publikoen bidez finantzatzen diren haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan, partaidetza-kuota bateratzeko asmoz.
Horrenbestez, bidezkoa da foru agindu bat onestea ezartzeko zer tarifa aplikatuko zaien familiei, 2024-2025 ikasturtean, funts publikoen bidez finantzatzen diren Nafarroako Foru Komunitateko haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.
Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena egin dio ezartzeari zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei, 2024-2025 ikasturtean, funts publikoen bidez finantzatzen diren haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Ezartzea zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei 2024-2025 ikasturtean funts publikoen bidez finantzatzen diren haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan, bat etorriz foru agindu honen eranskinean ezarritako oinarriekin.
2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen aurka toki erakunde interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
4. Gainerako interesdunek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute foru agindu honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Foru agindu hau eta bere eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2024ko apirilaren 30ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
ERANSKINA.– FUNTS PUBLIKOEN BIDEZ FINANTZATZEN DIREN HAUR HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOKO FAMILIEI 2024-2025EAN APLIKATU BEHARREKO TARIFAK EZARTZEN DITUZTEN OINARRIAK
Lehenbizikoa.–Tarifak ordaintzea.
1. Familia horiei aplikatu beharreko tarifak familiaren diru-sarreren eta aukeratutako ordutegi-modalitatearen arabera ordainduko dira, betiere Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxe horretarako onartua baldin badu. Familia-unitatearen per capita errentaren arabera aplikatuko dira tarifak, erreferentzia moduan hartuta eranskin honen bosgarren oinarrian agertzen direnen artean dagokion taula.
Betiere, hileko gehieneko tarifak honako hauek izanen dira:
Eskolatzea | 0 euro |
Jantokia | 95 euro |
Bigarrena.–Familia-unitatearen kontzeptua.
1. Honako hau izanen da familia-unitatearen kontzeptua: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan araututakoa:
"71. artikulua. Familia-unitatearen kontzeptua.
1.–Zerga honetarako honako hauek dira familia-unitateak:
a) Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
b) Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, kuradoretzaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko apartatuetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
a), b) eta c) letretan aurreikusitakoaren ondorioetarako, tutoretza edo harrera bitartez subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak seme-alabekin parekatuko dira aplikatzekoa den legeria zibilean ezarritako moduan. Halaber, seme-alabekin parekatuko dira epailearen aginduz subjektu pasiboaren zaintza eta babesaren pean dauden pertsonak, aurrekoez bestelako egoeretan daudenak.
2.–Inor ere ezin da aldi berean bi familia-unitatetako kide izan.
3.–Familia-unitateko kideen kopurua urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoerari begiratuz zehaztuko da, familia-unitateko kideren bat urtean zehar hil bada salbu; izan ere, kasu horretan gainerako kideek baterako aitorpena aukera dezakete, hildakoaren errentak ere sartuta.
Aukera hori ez da bidezkoa ezkontideetako bat hil eta, urtea bukatu baino lehen, alarguna berriro ezkontzen bada".
2. Per capita errenta eta, ondorioz, aplikatu beharreko tarifa kalkulatzeko, familia-unitateko kidetzat hartuko dira, halaber, 2024ko urtarrilaren 1etik matrikularen haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean ikasturtea hasten den egunera arte jaiotako haurrak.
3. Harreran dauden adingabeen kasuan, harrerako familiari aplikatuko zaio aurreko puntuetan xedatu dena.
4. Inguruabar guztiak behar bezala justifikatu beharko dira erakunde ofizialek emandako indarreko agirien bidez.
5. Matrikula egin bada, ez da aldaketarik onartuko. Salbuespena izanen da, alabaina, guraso bakarreko familia dela egiaztatzea matrikula egin ondotik eta matrikularen haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean ikasturtea hasi bitartean; baina inguruabar berri hori behar bezala justifikatu beharko da.
6. Era berean, familia-unitatearen diru-sarrerak nabarmen jaitsi badira 2024. urtean, ikasturte hasten denera bitartean, errentak jasotzen zituen familia-unitateko kideren bat hil delako, inguruabar hori jasota utzi beharko da eta gertaeraren frogagiriak erantsi beharko dira.
7. Haur bati baja eman ondoan berriro matrikulatzen bada ikasturte berean, familia-unitatearen kide kopurua izanen da lehendabiziko matrikula egitean akreditatu zena.
Hirugarrena.–Familia-unitatearen eta per capita errentaren urteko errenta kalkulatzea.
1. Familia-unitatearen per capita errenta hau izanen da: familia-unitateko kide konputagarri izanik PFEZaren aitorpena egitera beharturik dauden familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenean ageri diren likidazio oinarrien batura (550 laukia).
2. Per capita errenta lortuko da familia-unitatearen errenta eta familia-unitateko kideen kopurua zatituz, zeina zehaztuko baita eranskin honen bigarren oinarrian xedatutakoaren arabera.
3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko 2023ko zergaren aitorpena aurkeztuta justifikatuko dira familia-unitatearen diru-sarrerak. Aitorpena egitera behartuta ez badaude, hori frogatzen duen dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da eta/edo bestelako errentak edo diru-sarrerak jasotzen direla frogatzen duena, edo, azken buruan, horien gaineko zinpeko aitorpena eta ikastetxearen titularra den toki erakundeak familiaren 2023ko diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak.
4. Interesdunek beraiek aurkez dezakete dokumentazioa, edo dagokion erakunde titularrari baimena eman proposatutako datuak kontsultatu eta agiriak eskuratzeko.
5. Ezarritako epearen barnean 2023ko errenta-aitorpena edo diru-sarreren frogagiria aurkezten ez dutenei, matrikulatutako eskola-egun motari dagokion kuota handiena aplikatuko zaie ikasturte osoan.
Laugarrena.–Kuotaren salbuespena.
1. Kuota ordaintzetik salbuestea baloratuko da haurra arrisku sozialeko edo psikosozialeko faktoreen menpe dagoenean eta garapenean atzerapena duenean, egoera ekonomikoaren eta familiarraren arabera. Nolanahi ere, salbuespen hori onartzeko, dagokion udalaren gizarte zerbitzuetako taldearen aldeko txostena beharko da, eta, orobat, Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuarena edo NHBBZko Arreta Goiztiarreko Taldearena.
2. Kuotaren salbuespen-eskaera dagokion udalaren gizarte zerbitzuek edo Arreta Goiztiarreko Zerbitzuak proposatu eta Hezkuntza Departamentuari igorriko diote, eta hark onartu edo ukatu eginen du, aurkeztutako txostenen arabera. Bidezkotzat joz gero, justifikazio zehatzagoa eska dezake igorritako proposamenari buruz.
3. Haurra udal titulartasuneko haur eskola batera joaten bada, dagokion udalak eta Hezkuntza Departamentuak hartuko dute beren gain tarifa. Udalak jantokiari dagokion tarifa ordainduko du, eta Hezkuntza Departamentuak eskolatzeari dagokiona.
4. Haurra Hezkuntza Departamentuaren menpeko haur eskola batera joaten bada, departamentu horrek bere gain hartuko du tarifa osoa.
5. Ikasturtean zehar herri batetik bestera aldatzen bada haurraren bizilekua, udalerri berriko haur eskolan ere mantenduko da kuotaren salbuespena.
6. Kuota ordaintzeaz salbuetsita dagoen haur baten matrikula bere udalerrikoa ez den haur eskola batean egiten bada han haur eskolarik ez dagoelako edo haur eskolan ikaspostu hutsik ez dagoelako, Hezkuntza Departamentuak ordainduko du osorik dagokion tarifa.
7. Baldin eta, Hezkuntza Departamentuak (NHBBZ) eskatuta, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurren matrikula bere udalerrikoa ez den haur eskola batean egiten bada, Hezkuntza Departamentuak ordainduko du osorik dagokion tarifa, kuota ordaintzetik salbuetsita egonez gero.
Bosgarrena.–Murriztapenak.
1. Oro har, lehenbiziko oinarrian ezarritako tarifak murriztu eginen dira per capita errentaren arabera. Honako taula hauetan jaso dira ordaindu beharreko tarifak:
a) Familia orokorrak.
PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK | JANTOKIKO TARIFA |
Hemendik | Honaino |
> 15.000 | 95 |
12.400,01 | 15.000 | 95 |
10.700,01 | 12.400 | 95 |
9.300,01 | 10.700 | 95 |
7.980,01 | 9.300 | 84 |
6.650,01 | 7.980 | 84 |
5.500,01 | 6.650 | 66 |
4.500,01 | 5.500 | 58 |
3350,01 | 4.500 | 56 |
< 3.350,01 | 52 |
b) Guraso bakarreko familiak.
PER CAPITA ERRENTAREN TARTEAK | JANTOKIKO TARIFA |
gutxienez (eurotan) | gehienez (eurotan) |
> 15.000 | 84 |
12.400,01 | 15.000 | 84 |
10.700,01 | 12.400 | 84 |
9.300,01 | 10.700 | 84 |
7.980,01 | 9.300 | 66 |
6.650,01 | 7.980 | 66 |
5.500,01 | 6.650 | 52 |
4.500,01 | 5.500 | 42 |
3350,01 | 4.500 | 32 |
< 3.350,01 | 25 |
2. Bi anai-arrebak edo gehiagok jantokia erabiltzen dutenean, lehenengoak diru-sarreren arabera dagokion tarifa ordainduko du, eta hurrengoei jantokiko gutxieneko tarifa dagokie.
Seigarrena.–Hasierako kuota.
Erakunde titular bakoitzak hasierako kuota ezarri dezake; kuota hori matrikulatzean ordainduko litzateke eta azken hilabetean konpentsatu.
Zazpigarrena.–Tarifen doikuntza.
1. Haurrek jantoki zerbitzua erabiltzen badute, oso-osorik ordaindu beharko dute ikasturte osoko jantoki zerbitzuari dagokion kuota, salbu kasu hauetan:
–Matrikula ikasturtea hasita dagoenean egiten bada
Matrikula formalizatu den hilabetetik aurrera ordainduko da. Hala ere, 15. egunetik aurrera egiten bada (egun hori barne), lehenengo hilabetea dagokion hileko tarifaren %50 izanen da.
–Erabiltzailearen nahiarekin zerikusirik ez duten arrazoiak.
–Harrera-aldian.
Erakunde titularrak zehaztuko ditu beti jantokiko hileko kuota aldatzeko epeak eta baldintzak, baita justifikatutako absentziak daudenean ere.
2. Jantoki zerbitzua egun zehatzetan erabiltzeagatiko tarifa: 5 euro eguneko, gehieneko tarifaren (95 euro) eta hileko zerbitzu-egunen (19 egun) arabera kalkulatua.
3. Jantoki zerbitzua behin ikasturtea hasita erabiltzen hasten bada, jarraitzeko konpromisoarekin, arrazoi justifikatuengatik eta Hezkuntza Departamentuak oniritzia emanik: araudiaren arabera dagokion tarifa aplikatuko da.
4. Familiek ekartzen duten janaria besterik hartzen ez duten umeek ez dute jantokiko kuota ordainduko aldi horretan.
Zortzigarrena.–Bajak.
1. Haurraren matrikula ohiko epean egin eta gero hura ez eskolatzea erabakitzen duten familiek baja eskaera aurkeztu beharko dute.
2. Haur eskolen erakunde titularrek erabakiko dute nola eta noiz aurkeztu behar den baja eskaera ikasturtea hasi baino lehen, dagokion kasuetan hasierako kuota kobratu ez dadin.
3. Hezkuntza Departamentuaren menpeko haur eskolen kasuan, ikasturtea hasi baino lehenagoko baja eskaera eskabide orokor bidez aurkeztuko da Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (San Domingo kalea z.g., Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako beste edozein tokitan, Haur Eskolen Zerbitzuari zuzenduta.
4. Ikasturtea hasi ondoren, titularra edozein dela ere, haur eskolan baja emateko eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira inprimaki batean, zeina ikastetxeko zuzendaritzak emanen baitu, edo erakunde titularrak zehazten duen pertsonak. Jantokiko ordainagiria ez igortzea nahi bada, eskola uzteko eskaera aurkezteko azken eguna aurreko hilabeteko azken eguna izanen da. Eskola hilabetea hasi ondoren uzten bada, ordainagiriaren zenbatekoa ez da itzuliko eta haren itzulketa ez da onartuko.
5. Ikasturtean zehar baja justifikaturen bat gertatuz gero (semea edo alaba gaixotzea, bizilekua aldatzea, langabezia, ustekabeko diru-premia larria suertatzea edo ikastetxeko entitate titularrak horien antzekotzat jotzen duen bestelakoren bat), ordaindutako hasierako kuota itzuliko da (ordainduta badago).
6. Udal haur eskola batean baja hartu ondoren jantoki zerbitzua berriro erabili nahi bada berriz matrikulatu delako, pagatuko da aldi horretan ikastetxean lan egin duen laguntzaileari proportzioan dagokion zatia.
7. Eskola hilabetea hasi ondoren nahitaezko baja gertatzen bada, ordainagiriaren zenbatekoa ez da itzuliko eta haren itzulketa ez da onartuko. Hasierako kuota ere ez da itzuliko.
8. Zentro batean matrikula egin arren, justifikatutako arrazoiren batengatik ezin bada joan, haurrak eskubidea izanen du plazari eusteko, eranskin honen zazpigarren oinarrian xedatutakoari jarraituz, behar-beharrezkoa den denboran soilik, betiere agiri bidez justifikatzen bada.
9. Erakunde titularrak eskumena izanen du familiak alegatzen duen arrazoia justifikatutzat edo ez-justifikatutzat hartzeko, baita ikaspostua erreserbatzeko denborari buruz erabakitzeko ere.
10. Eskolara ez joateko arrazoia desagertu ondoren haurra ikastetxera itzultzen ez bada, baja emanen zaio, eta itxaron-zerrendan dagoen lehenbizikoari eskainiko zaio postu hutsa.
Bederatzigarrena.–Ordaindu gabekoak.
Erakunde titularreko arduradunek bidezko lege-prozeduren bidez eskatuko dituzte familiek ordaindu gabe utzitako kuotak.
Hamargarrena.–Haur hezkuntzako lehen zikloa haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetan.
Haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetan, haur hezkuntzako lehen zikloan matrikulatuta dauden haurren familien kudeaketari eta familia horiei aplikatu behar zaizkien jantokiko tarifei lotuta, ikastetxe horietako gainerako ikasleen baldintza berberak ezarriko dira, baina familia horiei ez zaie aplikatuko eranskin honen lehen oinarritik bederatzigarrenera bitartean ezarritakoa.
Iragarkiaren kodea: F2410006