Iragarkia
132. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
60E/2024 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2024ko deialdia onesten baita SINAIko eragileei laguntzak emateko, I+G proiektu kolaboratiboak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 765328.
Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen atarikoan jasota dagoenez, "arlo desberdinetan ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) sortzea, zabaltzea eta aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako".
Foru lege horren bigarren kapituluan zehazten da zer den (hainbat eragile publiko zein pribaturen multzoa) eta zer entitate motak osatzen duten Nafarroako I+G+b Sistema.
Foru legearen hirugarren kapituluan ikerketa zientifikoa eta teknikoa bultzatzeko zenbait neurri ezartzen dira. Neurri horien artean jasotzen dira, berariaz, elkarlaneko I+G+b proiektuak sustatzekoak (21.1.c artikulua).
Deialdi honen bidez finkatu eginen dira Nafarroako I+G+b Sisteman egiaztatutako eragileei zuzendutako laguntzak, I+G proiektu kolaboratiboak egin ditzaten. Nafarroako Gobernuak, beraz, konpromiso irmoa du Nafarroako I+G+b Sistema osatzen duten eragileen ikerketa, garapen eta berrikuntza sortzeko helburuak betetzeko, horrek eraginen baitu Nafarroako gizartearen oparotasuna eta bizi-kalitatea handitzea.
2021eko abenduaren 14an, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia aurkeztu zuen (2021-2027 eguneratzea). Estrategia horrek zortzi lehentasun tematiko ezarri zituen, hala nola ikuspegi partekatu baterantz eraldatzeko programak edo jarduerak, erronka sozioekonomikoei eta ingurumen arloko erronkei erantzuteko, eta gai horietan garatu behar dira diruz lagundutako proiektuak. Lehentasun horiek honako hauek dira: mugikortasun elektrikoa eta konektatua, elikadura osasungarria eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismo jasangarria, ikus-entzunezko industria, trantsizio ekologikoa eta trantsizio digitala.
Aipatzekoa da, bestalde, Nafarroak Nekazaritzako Elikagaien Plan Osagarria finantzatzen laguntzen du, eta laguntza horietako bat da, hain zuzen ere, "Elikadura osasungarria eta jasangarria" lehentasunezko gaiaren barruan sartzen diren proiektuak finantzatzea. Instituzioak eraldatzea eta zientzia, teknologia eta berrikuntza sistema nazionalaren gaitasunak indartzea helburu duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 17. osagaiaren parte dira "Plan osagarriak autonomia erkidegoekin" deritzonak.
Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 30ean hartutako erabakiaren bidez baimendu zuen deialdi honetarako behar diren urte anitzeko gastu konpromisoak hartzea.
Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. SINAIko eragileei laguntzak emateko dirulaguntza-deialdia onestea, 2024. urtekoa, l+G proiektu kolaboratiboak egin ditzaten.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 16.500.000 euroko kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago, eta honako banaketa honekin:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
G20001 G2100 7819 467300 "SINAIko eragileen I+G proiektuetarako laguntzak" | 2025 | 5.500.000 |
G20001 G2100 7819 467300 "SINAIko eragileen I+G proiektuetarako laguntzak" | 2026 | 5.500.000 |
G20001 G2100 7819 467300 "SINAIko eragileen I+G proiektuetarako laguntzak" | 2027 | 5.500.000 |
GUZTIRA | 16.500.000 | |
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2024ko ekainaren 3an.–Zientzia, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
1. Hona dirulaguntza hauen helburua:
a) SINAIko eragileak sendotzen laguntzea.
b) Elkarlana sustatzea ikerketaren eta berrikuntzaren arloetan jarduten duten eragileen artean.
c) Eragileen bikaintasun eta espezializazio maila altuagoa lortzea, batetik, ezagutza handitzeko, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S4) ezarritako lehentasunezko gaiei dagozkien arloetan, eta, bestetik, Nafarroak aurrera egin dezan laguntzeko, Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeari eta trantsizio ekologikoari begira, betiere aintzat hartuz genero berdintasuna, zeharkako izaera duen gaia den aldetik.
d) Eragileek enpresei ematen dieten zerbitzua hobetzea.
2. Laguntza hauen bidez, eragileek egiten duten jarduera ez-ekonomikoa finantzatzen da. Honako hau hartzen da jarduera ez-ekonomikotzat: Europako Batzordeak hala definitzen duena Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren esparruan (2014/C 198/01). 2014ko ekainaren 27ko Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen.
Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) Erregistroan honako kategoria hauetan egiaztatutako eragileak:
a) Unibertsitateak.
b) Ikerkuntza zentroak.
c) Zentro teknologikoak.
d) Enpresaren arloko I+G+b unitateak.
e) Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen koordinatzailea.
2. Ezin izanen da deialdi honetan parte hartu eragileen koordinatzaile gisa eta aldi berean beste edozein kategoriako eragile gisa.
3. Ezin dira onuradun izan:
a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.
4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
5. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.
3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.
1. Laguntzaren xede izanen dira gutxienez bi eragilek partzuergoan eta benetako elkarlanean egiten dituzten proiektu kolaboratiboak, izan horiek oinarrizko ikerketakoak, industria arloko ikerketakoak edo garapen esperimentalekoak. Eragileen koordinatzaileak ere parte hartu beharko du.
Eragileetako bakar batek proiektuaren aurrekontuaren %70etik gora edo %15etik behera exekutatzen badu, elkarlana benetakoa ez dela joko da. Baldin entitate batzuk proiektu berean loturik badaude, ehuneko hori zenbatestean, batu eginen dira lotutako entitateen aurrekontuak, eta eragile bakartzat hartuko dira.
2. Proiektuek bat etorri beharko dute Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S4) zehaztu diren lehentasunezko gai batekin edo bat baino gehiagorekin:
a) Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.
b) Elikadura osasungarria eta jasangarria.
c) Energia berdearen industria.
d) Medikuntza pertsonalizatua.
e) Turismo jasangarria.
f) Ikus-entzunezkoen industria.
g) Trantsizio ekologikoa.
h) Trantsizio digitala.
3. Proiektuek lankidetza-akordio bat izan beharko dute oinarri, parte-hartzaileek eta eragileen koordinatzaileak sinatutakoa, emandako proiektuak behar bezala gauzatuko direla ziurtatzeko moduan.
Akordio orokorrez gain, lankidetza-akordioak, klausula espezifiko batzuk izan beharko ditu, honako hauek zehazteko:
a) Alderdien betebeharrak eta konpromisoak partzuergoko gainerako kideekiko eta proiektuarekiko.
b) Ordezkariak eta proiektuaren koordinatzaile teknikoa izendatzea. Bakoitzaren eginbeharrak zehaztuko dira.
c) Emaitzak ustiatzea: Zehaztu behar da norena izanen den proiektuan lortu nahi diren emaitzen jabetza eta titulartasuna.
d) Proiektua bertan behera uztea, kontratua amaitzea eta eztabaidak ebaztea: Zehaztu behar da zer ekintza gauzatuko diren partzuergoko kideek akordioa betetzen ez badute edo gatazkak sortzen badira.
4. Lotutako eragileez osatutako partzuergoak ez dira onartuko. Ondorio horietarako, lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak elkarren artean (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hala dagokionean, partzuergo horren kide diren eta lotuta ez dauden eragileek proiektuaren %30 gauzatzeko ehunekoa izan beharko dute gutxienez ere.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
a) Proiektuan zuzenean jarduten diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), proiektuan jarduten diren bitartean eta neurrian; eragileen koordinatzailearen kasuan, hemen hartuko dira aintzat hedapenerako jardueretan aritzen diren langileak. Langileek Nafarroan kokatutako zentroetan emanen dute zerbitzua, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitate onuradunaren Nafarroako lantoki batean sartuak egonen dira. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.
Miguel Servet Fundazioak aurkezten dituen proiektuetan Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU) langileen parte-hartzea onartuko da, baldintza hauekin betiere:
1. NOUko langileen dedikazioa aldi bakoitzerako aurreikusi diren orduen %50ekoa izaten ahalko da gehienez ere, eta I+G arloko zereginetan arituko dira beti.
2. Langile horiek ezin dira jardun proiektuaren ikertzaile edo ikertzaile nagusi gisa.
3. Langile horiek eragindako kostua ez da diruz lagungarria izanen. Haien jarduna handitzeagatik sortzen diren gastuak bakar-bakarrik dira diruz lagungarriak, eta hori Osasun Departamentuak arautzen du, urteko deialdien bidez. Eskabidean, "Beste gastu batzuk" atalean jasoko da gastu hori, eta eskaera-memorian ere zehaztu beharko da, hori egin ezean ez baita gastua hautagarritzat hartuko.
Kontratazio berriei dagokienez:
1. Eragile bakoitzeko kontratazio berri bat baino gehiago onartuz gero, errespetatu beharko da emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa, zeinaren arabera kontratatu berri guztien %60 baino gehiago ez baitira izanen sexu batekoak, ez eta %40 baino gutxiago ere, eta sexu bakoitzeko %50 izatera joko baita, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean jasota dagoen moduan. Kontsiderazio hori ahal den guztietan aplikatuko da, eta entitate onuradun bakoitzari eman zaizkion proiektu guztiak kontuan hartuta.
2. Inguruabar hori emandako kontratazio guztiak egindakoan egiaztatuko da, eta beti proiektuaren azken justifikazioan.
b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.
c) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+Gko lanak eta ezagutza teknikoaren gaineko ekarpenak egiten dituzten beste entitate batzuenak.
Barne hartzen dira Azpiegitura Zientifiko eta Tekniko Bereziak eta instalazio zientifiko handiak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak, erabiltzeak dakartzan gastuak, bai eta SIESSen (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System of Navarra) aurreikusita dauden azpiegituren erabilerak eragindakoak ere.
d) Balio teknikoa duten, proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, benetan hura gauzatzeko erabili direnak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta, banan-banan hartuta, proiektuari esleitzen ahal bazaizkio.
1. Proiektuan parte hartzen duten NOUko langileen jarduna handitzeak eragindako gastuak 4.1.a) oinarrian ezarritakoarekin bat.
2. Entitatearen berezko arloen zerbitzuak, baldin eta gastuak xehetasun osoz azaldu badira memorian eta frogatzen bada eragile eskatzailearen berezko zerbitzua dela; hori egin ezean gastua ez da hautagarritzat hartuko.
3. Proiektuan sortutako patenteak eskatzea.
4. Proiektuaren ondorioz idatzitako artikulu zientifikoen argitalpen irekia, baldin eta egileetan ageri badira partzuergoa osatzen duten eragile guztietako ikertzaile lantaldeetako pertsonak, eragileen koordinatzailea izan ezik.
5. Biltzar edo bilera zientifikoetako izen-emateak, baldin eta proiektuan egindako aurrerabide, garapen edo lortutako emaitzak aurkezten badira, ahoz edo poster baten bidez. Parte hartzen duten langileek parte-hartze tekniko esanguratsua izan behar dute proiektuan, eta parte-hartze horrek behar bezala justifikatuta egon behar du.
6. Lizentzia informatikoak berritzea.
7. Eragileen koordinatzaileak egindako hedapen gastuak, 16.1.b oinarrian jasotako betebeharraren ondorioz egindakoak.
e) Proiektuari atxikitako zeharkako gastu orokorrak, beren izaera dela-eta ezin zaizkionak zuzenean egotzi. Kasuan kasuko jarduna gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko jardunei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan. Zeharkako gastu diruz lagungarriek ezin izanen dute inola ere gainditu zuzeneko kostuen %25. Proiektuan parte hartzen duten langileek parte-hartze tekniko esanguratsua izan behar dute, eta parte-hartze hori behar bezala justifikatuta egon behar du.
2. Gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Unibertsitate publikoen kasuan eta aurrekontuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrean sartuta dituzten eragileen kasuan, gastu diruz lagungarriek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:
1. Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.
2. Langileen kostuei dagokienez, proiektua gauzatzeko kontratatu beharreko langileen kostua baino ez da hautagarria izanen. Langile berekiei dagozkien gainerako kostuak ez dira finantzagarriak izanen, baina nahitaez sartu beharko dira proiektuaren aurrekontuan, benetako elkarlana zehazte aldera, 3.1 oinarrian aurreikusitakoari jarraikiz.
b) Zerbitzu emateen eta ekipo ondasunen horniduren kasuan, gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak, 13.2.c oinarrian adierazi bezala, "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakia aurkeztu beharko du (laguntzen fitxan dago eskura). Hartan, frogatu beharko du ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta gutxienez hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.
Onuradunak ez du baldintza hori bete beharko (hiru eskaintza aurkeztea) gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean, eta hori lehen aipatutako inprimakian justifikatu beharko du.
3.4 oinarrian definitzen diren lotutako entitate batekin gastuak eginez gero, oinarri horretan adierazitakoaren arabera justifikatuko dira, ez honen arabera.
3. Diruz lagungarria izanen da, halaber, auditoretza-txostenaren kostua: gehienez ere 4.500 euroko laguntza emanen da, gehienez ere, onuradun bakoitzeko, hots, 1.500 euro, gehienez ere, aurkeztu behar diren urteko hiru txostenetako bakoitzarengatik. Faktura eta auditoretzaren ordainketa urte bakoitzaren gauzatze-alditik kanpo izan daitezke. Dagokion justifikazio-aldia amaitu baino lehen egin beharko da.
4. Baldin akatsik hautematen bada edo auditorearen txostena osorik aurkezten ez bada, entitateari eskatuko zaio txosten hori zuzen dezala 15 egun balioduneko epean. Ez bada ezarritako epean hura zuzentzen, txostena ez da finantzatuko, eta akatsa duten gaiak ere ez dira finantzatuko, non ez diren, aurretik ezarritako epean, haiek justifikatzen aurreikusitako beste bitarteko baten bidez eta ez dituen organo kudeatzaileak baliozkotzen.
5. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:
a) Lizentzia informatikoak edo ekipamendua erostea.
b) Langileen prestakuntzarako gastuak.
c) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.
d) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketa administratiboari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.
e) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.
f) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, ostatuarenak eta joan-etorrienak, non ez den frogatzen lotura zuzena dutela I+G proiektuarekin.
5. oinarria.–Exekuzio epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Proiektuek gehienez ere 36 hilabete iraun dezakete, aldi hauetan banatuta:
ALDIA | HASIERA | BUKAERA | IRAUPENA (hilabeteak) |
1 | 2025-01-01 | 2025-12-31 | 12 |
2 | 2026-01-01 | 2026-12-31 | 12 |
3 | 2027-01-01 | 2027-12-31 | 12 |
2. Laguntza izanen da gastu diruz lagungarrien %100, jarduerak ez direlako ekonomikoak, 1.2 oinarrian azaltzen den moduan.
3. Proiektu bat onesteak ekarriko du eragileen koordinatzailearen jarduera onestea, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.
Honako zenbateko hau emanen zaio, gehienez ere, eragileen koordinatzaileari, parte hartzen duen proiektu bakoitzeko: proiektuetan parte hartzen duten eragileei emanen zaizkien zenbatekoen %5,5.
4. Laguntza emandakoan proiektuan parte hartzen duten eragileetako batek uko egiten badio diruz lagundutako proiektu horretan parte hartzeari, proiektua bertan behera geldituko da, eta gainerako aldiak kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Horrez gain, kasuan kasuko eragileen koordinatzaileari proportzionalki murriztuko zaio aldi horretarako dagokion laguntza, eta, kasua bada, gainerako eragileek kobratzeko eskubidea galduko dute.
6. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.
2. Eskabideak telematika bidez aurkeztu beharko dira, nahitaez, www.nafarroa.eus Interneteko atariko tramitearen fitxan ezarritako prozeduraren bitartez.
Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) eduki beharko da nahitaez.
3. Informazioa aurkeztean, bete beharko dira laguntzen fitxan dauden ereduak edo SINAIren atarian dauden datu-orria. Zehazki, honako dokumentazio eta informazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eragile bakoitzak eskabide bakar batean aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1. 2.5 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena.
2. Eragilea partaide den proiektu bakoitzaren datu ekonomikoak dakartzan inprimakia, eragile eskatzailearen datuak bakarrik dituela.
3. Aurkeztutako proiektu guztien zerrenda eta aurrekontua, gauzatze-aldiaren arabera xehatutakoa.
4. Ikerketaren Etika Batzordeari egindako txosten eskaeraren kopia, bidezkoa bada. Ikerketaren Etika Batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Etika Batzordeak eginen du ebaluazioa. Edonola ere, baimen bakarra izanen du proiektu bakoitzak, eta eskuratu bezain laster aurkeztu beharko da.
b) Eragileen koordinatzaileak eskabide bakar batean aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1. 2.5 oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.
2. Aurkeztutako proiektu bakoitzaren memoria teknikoa.
3. Proiektu guztien zerrenda, partaideak eta guztizko aurrekontua adierazita, gauzatze-aldiaren arabera.
4. 3.3 oinarrian eskatutako lankidetza-hitzarmena, edo, bestela, asmo-gutun bat, hitzarmena prestatzen ari bada. Asmo-gutuna aurkeztuz gero, lankidetza-akordio hori laguntza eman eta gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko da.
5. Proiektu bakoitzerako xehakaturik, egin beharreko koordinazio lanak zehaztu eta baloratuko dituen memoria.
6. Hedapen- eta komunikazio-plana.
Dokumentuak fitxategi digitalak izanen dira, eta fitxategi bereizietan aurkeztu beharko dira, bakoitza behar bezala izendaturik.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Organo kudeatzaileak eragileari buruzko txostena eskatzen ahalko dio Ikerkuntza Batzorde Etikoari, edo, beharrezkotzat jotzen baldin bada, Nafarroako Foru Komunitateko Medikamentuen Gaineko Ikerkuntza Batzorde Etikoari.
7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat, 3.2 oinarrian aipatzen diren S4ko lehentasunezko gai bakoitzeko.
Laguntza esleituko zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, lehentasunezko gaietarako aurrekontu kreditu erabilgarria ahitu arte, honela banatuta (eurotan):
S4ko LEHENTASUNEZKO GAIAK | 2025EKO | 2026KO | 2027KO | GUZTIRA |
Mugikortasun elektrikoa eta konektatua | 1.020.000 | 1.020.000 | 1.020.000 | 3.060.000 |
Elikadura osasungarria eta jasangarria | 1.020.000 | 1.020.000 | 1.020.000 | 3.060.000 |
Energia berdearen industria | 1.020.000 | 1.020.000 | 1.020.000 | 3.060.000 |
Medikuntza pertsonalizatua | 1.020.000 | 1.020.000 | 1.020.000 | 3.060.000 |
Ikus-entzunezkoen industria / Turismo jasangarria | 400.000 | 400.000 | 400.000 | 1.200.000 |
Trantsizio ekologikoa / Trantsizio digitala | 1.020.000 | 1.020.000 | 1.020.000 | 3.060.000 |
GUZTIRA | 5.500.000 | 5.500.000 | 5.500.000 | 16.500.000 |
2. Baldin lehentasunezko gai bati dagozkion eskaera guztiei erantzun ondoren soberakinik baldin badago gai horretarako baimendutako kredituan, soberakin hori bideratuko da lehen banaketan dirulaguntzarik jaso ez duten proiektuak finantzatzera. Lehentasunezko gaien kreditu-gerakina metatuko da.
Horretarako, 8. oinarriari jarraikiz lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraituko zaio, eta lehentasunezko gai desberdinetako proiektuak txandakatuko, kreditu erabilgarria akitu arte.
8. oinarria.–Balorazio irizpideak.
1. Aurkeztutako proiektuak irizpide hauen arabera ebaluatuko dira (II. eranskinean zehaztuta ageri dira):
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO | GUTXIENEKO |
A) Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa | 60 | 35 |
B) Aurrekontuaren egokitasuna | 10 | 5 |
C) Proiektuaren ekarpena gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak lortzeko | 30 | - |
GUZTIRA | 100 | 40 |
2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, I+G+b Zerbitzuak, aditu independenteen laguntza eskatzen ahalko du, aurkeztutako eskaeren ebaluazioan aholku jasotzeko.
Era berean, proiektuen kalitate zientifikoa eta teknikoa baloratzeko txostenak ematea eskatzen ahalko die entitate edo aditu independenteei, interes gatazkarik eza eta konfidentzialtasuna egiaztatu ondoren betiere. Txosten horiek aukerakoak eta ez-lotesleak izanen dira.
Halaber, entitate interesdunei eskatzen ahal dizkie proiektuak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta informazio guztiak.
3. Aurreko apartatuan biltzen diren balorazio irizpideen arabera proiektuak ebaluatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak zerrenda bat prestatuko du lehentasunezko gai bakoitzerako, proiektu guztiak jasotzen dituena lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
4. Berdinketa gertatzen bada, A atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta hala ere irauten badu, lehenik C eta gero B ataletan lortutakoari begiratuko zaio. Berdinketa berriz ere hautsi behar izanez gero, hurrengo ataletan eta hurrenkera honetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan: a.2, a.1, a.4, a.3, c.1, c.2, c.3.
5. Lehentasun ordenari jarraikiz finantzatuko dira proiektuak, 7.2 oinarrian ezarritakoarekin bat, baldin eta balorazio irizpide bakoitzean eskatzen den puntuazio minimoa eskuratu badute.
9. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Diruz lagunduko diren proiektuen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa adierazita; zenbatekoa xehakatuta agertu beharko du, hura ordainduko den hiru aurrekontu-ekitaldien arabera.
Eragile eta proiektu bakoitzari emandako laguntzari dagokion guztizko saldoa zati berdinetan banatuko da proiektua gauzatzen den hiru aurrekontu-ekitaldien artean.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
3. Onuradunen batek eman zaizkion laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuko kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei, betiere aurrekontuan behar adinako kontsignazioa dagoenean. Kasu horretan, proiektuen puntuazio-ordenari jarraituko zaio, 7.2. oinarrian ezartzen den bezala.
Kontzesio berri horiek noiz eta zer baldintzatan egiten diren kontuan hartuta, proiektua gauzatu eta justifikatzeko epe berriak finkatzen ahalko dira, baina ezin izanen dira inola ere gainditu deialdian adierazitako gehieneko epeak. Entitate onuradunek proiektua gauzatzeko beste plangintza bat egin ahal izanen dute, proiektuari egotzitako gastua berrantolatuta, behar izanez gero.
Hala badagokio, organo kudeatzaileak dirulaguntza emateko proposamena eginen dio entitate onuradunari, eta hark onartu egin beharko du. Ondoren, eta proiektua gauzatzeko aldaketak baldin badaude, teknikoak zein ekonomikoak, organo kudeatzaileak baimendu beharko ditu emakida berriaren aurretik.
10. oinarria.–Azpikontratazioa eta entitate lotuekiko harremana.
1. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %50era arteko azpikontratazioa egin daiteke hirugarrenekin. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean I+G proiektuaren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabide berekiak dituelako.
Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratu idatzia egin beharko da, eta 13. oinarrian aipatzen diren frogagiriekin batera aurkeztu.
Elkarlaneko proiektu bateko aldeek ezin izanen dituzte inoiz beren artean kontratatu edo azpikontratatu proiektuaren jarduerak.
2. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatu dezake hari lotutako entitateekin, baldin eta ondokoa betetzen bada:
a) Laguntzen eskaeran jasotzen bada eta organo kudeatzaileak gastu horri diruz lagungarria dela irizten badio laguntzak emateko ebazpenean.
b) Hitzartutako jarduera 4. oinarrian aipatutako gastu diruz lagungarrietako batekin bat etortzen bada.
c) Entitate onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiri bidez justifikatzea gastuak. Orobat, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztea, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, langileria kostuak justifikatzeko, hirugarren baten faktura, materialetarako, etab.).
Ez da onartuko kostuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.
Ondorio horietarako, 3.4 oinarrian dago jasota lotutako entitateen definizioa.
11. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.
1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, laguntza emateko ebazpenean jasotako hasierako baldintzak aldatzen ahalko dira.
2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak baimena eman beharko du ondorio hauek dituzten aldaketak egin aurretik:
a) Proiektuaren helburu teknikoak nabarmen aldatzea.
b) Ikertzaile nagusia aldatzea.
c) Proiektuaren iraupena luzatzea. Kasu horretan, proiektua 2027ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko da.
3. Eragileen koordinatzaileak aurkeztu beharko du aldaketa-eskaera aldaketa egin aurretik, salbu eta ikertzaile nagusia aldatzen denean, entitate onuradunean baja hartzeagatik; horrelakoetan, ikertzaile nagusiak baja hartu eta hilabeteko epean aurkeztu ahal izanen da aldaketa-eskaera.
4. Gainerako egoeretan, ez da beharrezkoa izanen laguntzak kudeatzen dituen organoak aldez aurreko baimenik ematea, baina behar bezala arrazoitu beharko dira gastuen aitorpenetan eta frogagirietan, 13. oinarrian jasotzen direnetan.
Organo kudeatzaileak ezezkoa ematen ahalko die aldaketei, irizten badie horien justifikazioa ez dela nahikoa.
5. Justifikatutako arrazoirik ezean, ez da onartuko proiektuak eskuratutako puntuazioa gutxitzea ondorio duen ezein aldaketarik.
Dirulaguntza ematean berariaz baztertutako gasturik ere ez da onartuko.
6. Edonola ere, proiektu bakoitzari emandako laguntzaren zenbateko osoa ez da inoiz handituko.
7. Proiektu bakoitzean zeharkako gastu orokorretarako eman den zenbatekoa ezin izanen da aldatu, inola ere, proiektuko gastu zuzenen gorakada konpentsatzeko. Gerta daiteke zuzeneko gastu orokorren zenbateko justifikatua txikiagoa izatea emandako zenbatekoa baino. Horrelakoetan, aldea kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da.
12. oinarria.–Justifikazio epeak.
Justifikazioak aurkezteko, gehieneko epe hauek ezarri dira:
a) 1. aldiari dagozkion frogagiriak 2026ko apirilaren 30ean aurkeztuko dira beranduenez.
b) 2. aldiari dagozkion frogagiriak 2027ko apirilaren 30ean aurkeztuko dira beranduenez.
c) 3. aldiari dagozkion frogagiriak 2028ko apirilaren 30ean aurkeztuko dira beranduenez.
13. oinarria.–Laguntzen justifikazioa.
Onuradunek, laguntzen fitxaren bidez, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute "agiri bidezko justifikazioan":
a) Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditoretza-txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) eta III. eranskinean xedatutakoarekin bat.
Txosten hori bakarra izan beharko da eragile bakoitzeko, eta haren proiektu guztiak jasoko ditu, proiektu bakoitzean egindako gastu diruz lagungarriak kontabilitateko kodeen arabera zehaztuta, bai eta, halakorik bada, proiektuari egozten ahal zaizkion sarrerak ere. III. eranskinean ezartzen den formatuari jarraitu behar zaio.
Justifikatutako gastuen gaineko dokumentazioa erantsi beharko da.
b) Finantzatutako proiektuan ari diren langileen zerrenda (entitate onuradunarenak).
c) Hornitzailea 4.2.b oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.
d) Dokumentu bidezko azken justifikazioan aurkeztu beharko da proiektuak iraun bitartean egin diren kontratazio berrien zerrenda.
e) Eragileen koordinatzaileak, aurretik eskatutako dokumentazioaz gain, honako dokumentu hauek aurkeztuko ditu:
a. Proiektu bakoitzaren gauzatzeari buruzko txostena, egindako jardueren azalpena eta balorazioa barne, proiektuan parte hartu duten guztiek izenpetuta.
b. Egindako koordinazio-lanei buruzko txostena.
c. Zabalkunde- eta komunikazio-plana gauzatzeari buruzko txostena, 16.1.b) oinarriak ezartzen duen bezala.
14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Gauzatze-aldi bakoitzerako emandako laguntza aurrerakin gisa ordaindu ahal izanen da, edo gastu-aitorpen bidez, konturako ordainketa gisa.
2. Gehienez ere bi ordainketa egin ahal izanen dira abian den exekuzio-aldian.
Horretarako, entitate onuradunak aurrerakina ordaintzeko eskaera bat aurkeztu beharko du aldez aurretik, edo gastu-aitorpen bat.
Eskaera hori 13. oinarrian deskribatutako "dokumentu bidezko justifikazioa" izapidean ere aurkeztu ahal izanen da.
3. Aurrerakin-eskaeran behar bezala justifikatuko da beharrezkoa dela funtsak hornitzea dirulaguntzaren xedeak betetzeko. Zehaztuko da, halaber, zer gastu izanen dituen onuradunak dagokion aldian, eta zer baliabide ekonomiko dituen gastu horiek gauzatzeko.
Baldin eskatutako aurrerakinaren beharra osotara edo partez justifikatzen ez bada, onuradunak eman zaion dirulaguntzaren konturako ordainketa eskatu ahal izanen du.
Konturako ordainketek justifikatzeko dauden pertsonal gastuen eta gastu arrunten zerrenda bati erantzun behar diote, eta gastu horiek diruz lagundutako jardueran jada gauzatutako zatiari buruzkoak izanen dira.
4. Entitate onuradunek ez dute bermerik aurkeztu beharko 60.000 eurotik gorako aurrerakinen kasuan, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragile gisa akreditatuta daudelako eta, beraz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.2 c) artikuluan xedatutakoa aplikatu behar zaielako.
5. Gastu-aitorpena (konturako ordainketa) aurkezteko epea, exekuzio-aldi bakoitzerako, urte bereko azaroaren 15ean amaituko da.
Gastu-aitorpen horretan, aurkezte-datara arte egindako gastuak sartu beharko dira, eta, egoki iritziz gero, hurrengo hilabeteetarako egindako gastu-estimazioa edo -konpromisoa, 12. oinarrian adierazitako aldi bakoitzaren justifikazioa aurkezteko epemugara artekoa.
Konprometitutako gastu horiek aurreko paragrafoan aipatutako gastuen aitorpenarekin batera ordainduko dira.
6. Behin aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, organo kudeatzaileak ordaintze-proposamena eginen dio organo eskudunari. Proposamenean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharren balorazio positiboa jasoko da.
Aurreratutako dirulaguntza 12. eta 13. oinarrietan adierazitako epean eta moduan justifikatuko da.
7. Dokumentu bidez justifikatzeko prozesuko agiriak berrikusi ondoren, ebazpen bat emanen da, zeinetan zehaztuko baita zer zenbateko baliozkotu den justifikatutako aldirako. Ebazpen horrek aldia itxiko du. Justifikatu eta onartu arren ordaindu ez diren gastuak hurrengo aldietan ordainduko dira.
Baldin gastua txikiagoa izan bada ordaindutako dirulaguntza baino, dirulaguntza hori hurrengo aldietan justifikatuko da.
8. Hirugarren aldia ixteko ebazpenaz espedientea itxiko da. Ebazpen horretan adieraziko da ezen, hala badagokio, abiatu eginen dela ordaindu arren justifikatu ez diren kopuruak itzultzeko espedientea.
9. Laguntzak sei hilabeteko epean ordainduko dira gehienez, 13. oinarrian eskatutako frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.
10. 60.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten proiektuen kasuan, laguntza ixten duen ebazpena eman aurretik, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du laguntzak kudeatzen dituen organoak.
15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Entitate pribatuen kasuan, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.
Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.
b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.
c) Eragileek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektu bakoitzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.
d) Eragileen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.
e) Eragileek beren web-orrietan eman beharko dute aditzera Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela.
f) Eragileen koordinatzaileak bere gain hartzen ditu berariazko betebehar hauek:
I.–Diruz lagundutako proiektuei jarraipen etengabea egitea.
II.–Lankidetza-hitzarmena betetzen dela gainbegiratzea eta sor litezkeen desadostasunak konpontzea.
III.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea proiektuak gauzatu diren, hala eskatzen zaienean.
IV.–Partzuergoen eta Nafarroako Gobernuaren arteko bitartekaritza.
V.–Deialdiko proiektuen gordailua kudeatzea.
VI.–Deialdiaren eta proiektuen berri ematea eta zabaltzea.
g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:
a) Eragile batek gauzatutako aurrekontua, proiektu eta aldi bakoitzerako, onartutako aurrekontuaren %60ra iristen ez bada horretarako arrazoi justifikaturik gabe, %15 murriztuko da proiektu eta aldi horri ordaindu beharreko laguntza.
b) Eragile bati onartutako proiektu guztiak aintzat harturik horietarako kontratatu diren emakumeen ehunekoa %40 baino gutxiago bada, eta ez badago horretarako arrazoi justifikaturik, laguntza partez itzuli beharko da.
Itzuli beharreko kopurua honela kalkulatuko da: lehenbizi kalkulatuko da zer alde dagoen kontratazio berrien %40aren eta benetan kontratatutako emakumeen kopuruaren artean, eta alde hori bider 1.500 euro eginen da.
3. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean bildutako aurreikuspenei.
16. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.
1. Laguntzen onuradunek ondoko jarduketa hauek egin behar dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzen zabalkundea egiteko:
a) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.
b) Eragileen koordinatzaileak hedapen- eta komunikazio-plan bat aurkeztu beharko du, SINAIko eragileek deialdi honen kariaz garatu dituzten teknologiak edo irtenbideak ezagutarazteko; horren azken helburua izanen da erabilitako teknologiak eta garatutako ezagutzak zabaltzea, eta horiek enpresetan eta oro har gizartean izan dezaketen aplikazioaren berri ematea.
Hartara, hedapen-planak barne hartu beharko ditu bai edukia bera tratatzeko lanak bai bitartekoen plan zehatza. Ekintza bakoitza noiz eta nola eginen den deskribatu beharko da, halako moduz non argi adieraziko baita ekintza bakoitzak zer nolako dedikazioa eskatuko duen eta zein den esperotako kostua.
Nolanahi ere, proiektua amaitzearekin batera, dibulgatzeko dokumentu bat idatzi behar da, diruz lagundutako proiektuen irismenari eta emaitzei buruzkoa.
2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunei eska diezaieke emaitzei buruzko galdetegi bat bete dezatela. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.
3. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.
17. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.
1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuek edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.
2. Diruz lagundutako jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, jarduera horien kostuaren %100.
Jasotako dirulaguntzek muga hori gainditzen badute, behar den murrizketa izanen dute deialdi honen babesean emandako laguntzek.
18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.
19. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduna beteko da Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira misio bat betetzeko, interes publikoaren aldekoa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.
20. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK (8. OINARRIA)
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO | GUTXIENEKO |
A) Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa | 60 | 35 |
a.1. Helburuak | 10 | 5 |
a.2. Eragin zientifikoa eta teknikoa | 30 | 20 |
a.2.1. Planteamenduaren sendotasuna | 10 | 7 |
a.2.2. Berrikuntza maila | 10 | 7 |
a.2.3. Planteamenduaren sinesgarritasuna | 10 | 6 |
a.3. Partzuergoa | 10 | 5 |
a.4. Inplementazioa | 10 | 5 |
B) Aurrekontuaren egokitasuna | 10 | 5 |
C) Proiektuaren ekarpena gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak lortzeko | 30 | |
c.1. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) lehentasunezko gaiekin bat etortzea | 10 | |
c.2. Aurreikusitako emaitzen eragina eta ekarpena Nafarroaren aurrerakuntzarako Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeari begira. | 10 | |
c.3. Sexu/genero berdintasuna I+Gn | 10 | |
c.3.1. Genero dimentsioa | 5 | |
c.3.2. Ikertzaile nagusia eta ikertzailekideak | 5 | |
GUZTIRA | 100 | 40 |
A) Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa:
a.1. Helburuak: haien argitasuna eta egokitasuna baloratuko da, ongi zedarrituta eta proiektuaren xedera ongi bideratuak egotea; halaber, haien kuantifikazioa baloratuko da, ahal den heinean.
a.2. Eragin zientifikoa eta teknikoa. Alderdi hauek baloratuko dira:
a.2.1. Planteamenduaren sendotasuna.
a.2.2. Berrikuntza maila: zer neurritaraino den asmo handiko proposamena; berrikuntza-potentziala; zer zentzutan doan arte-egoeratik harago (bide berriak urratu ditzaketen helburuak eta kontzeptu eta planteamendu berriak).
a.2.3. Proposatutako planteamenduaren sinesgarritasuna: aurretiazko zer emaitzak babesten duten proposamena, irismena eta erronka teknologikoa, arriskuak eta arriskuei nola helduko zaien.
a.3. Partzuergoa: baloratuko da eragile bakoitzak proiektuan duen egitekoa, haien arteko oreka eta elkarren osagarri izatea, hori guztia lantaldeen profil profesionala eta I+Gko beste proiektuetan duten eskarmentua kontuan harturik.
Halaber, partzuergoak proiektuari heltzeko dituen baliabide materialak eta instalazioak baloratuko dira, zehaztuz zer neurritan diren egokiak jarduerak gauzatzeko.
a.4. Inplementazioa: Proposatutako lan-plangintzaren koherentzia baloratuko da, metodologiari, lan paketeei, eginkizunei eta entregatu beharrekoei dagokienez.
B) Aurrekontuaren egokitasuna.
Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik. Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena. Proiektuari egotzitako gastu-partida bakoitza xehe-mehe deskribatzea eta kuantifikatzea baloratuko da, eta partidak beharrezkoak diren eta lotura duten proiektuaren jarduerekin.
C) Proiektuaren ekarpena gizartearen helburuak eta guztien onerako direnak lortzeko.
c.1. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) lehentasunezko gaiekin bat etortzea.
Proiektuaren lehentasunezko gaia zein den (3.2 oinarrian Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) barruan ezarritakoetatik), proiektua haren jomuga eta lan-ildoekin bat datorren baloratuko da. Alderdi honen justifikazioan xehetasunak ematea baloratuko da.
c.2. Aurreikusitako emaitzen eragina eta ekarpena Nafarroaren aurrerakuntzarako Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeari begira.
Baloratuko da adieraztea Nafarroako Agenda 2030 delakoan jasotako Garapen Jasangarriaren Helburuen zer adierazletan espero den proiektuak eragina izatea. Ekarpen horren gaineko deskribapenean xehetasunak ematea baloratuko da.
c.3. Sexu/genero berdintasuna I+Gn.
c.3.1. Sexu- eta genero-dimentsioa: Baloratuko da proiektuaren planteamendu- zein garapen-fase guztietan txertatzea sexu-generoaren dimentsioa, eta txertatzen ez bada, adierazi eta justifikatzea zergatik ez den proiektuan garrantzizko faktoretzat hartzen.
c.3.2. Ikertzaile nagusia eta ikertzailekideak: Proiektuaren ikertzaile nagusia eta ikertzailekideak emakumeak izatea baloratuko da. Ondorio horietarako, proiektuaren ikertzaile nagusia bakar-bakarrik izanen da partzuergoko eragile liderra, eta ikertzailekideak partzuergoko gainerako eragileetakoak izanen dira.
III. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZAK JUSTIFIKATZEKO KONTU EKONOMIKOAREN AUDITORETZA-TXOSTENA: AUDITORETZAK EGIN BEHARREKO ANALISIA ETA EGIAZTAPENAK
Eranskin honetan auditoretza-txosten bat eman ahal izateko egin behar diren egiaztapenak ezartzen dira. Txosten horren helburua da kudeaketa-organoari laguntzea aurkezten diren justifikazioak egiaztatzeko lanetan, eta, horretarako, entitate onuradunak bertan jaso beharko ditu arau aplikagarriei edo dirulaguntza jasotzeko baldintzei buruzko kasuan kasuko egintzak eta salbuespenak, ez-betetzeak izan direla ondorioztatzera eraman lezaketenak.
Txostenerako, auditoretza egiten duen pertsonak kontuan hartu beharko ditu bai dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako aurrekontu finantzagarria, bai haren gainean izandako aldaketa edo desbideratzeak, aurretiazko baimenik behar ez dutenak. Horrek ez du esan nahi dokumentazioan behar bezala azaldu behar ez direnik. Gastu-partida bakoitzerako honako hauek egiaztatu eta aztertu beharko dira:
1. Pertsonal gastuak.
a) Kontzeptu hau sartuta dagoen laguntza emateko ebazpeneko aurrekontu finantzagarriaren barruan, edo hasierako aurrekontuari egindako aldaketa baten ondorio den.
b) Langileak Gizarte Segurantzako langileen izenen zerrendan eta PFEZaren atxikipenei buruzko ziurtagirian agertzen diren.
c) Ordu egotziak dituzten pertsonei urtean ordaindutako ordainsariak egiaztatu beharko ditu. Horretarako, proiektuaren exekuzioaldiari dagozkion nominak edo atxikipenen ziurtagiria aztertuko da.
d) Onuradun bakoitzari egozten ahal zaion Gizarte Segurantzaren kostua egiaztatzea.
e) Proiektuari esleitutako langileek hilabetean egindako orduak justifikatzeko euskarriak egiaztatuko ditu.
f) Nominetan agertzen diren datek bat etorri beharko dute laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.
g) Orduaren kostua metodo hau erabiliz atera da:
Orduko kostua langilearen urteko ordainsari gordinetik abiatuta zehazten da, gastu hautagarriak ez diren zenbatekoak kenduta, hala nola ezintasunagatik edo bajagatik proiektuan lan egin ez diren orduak, aparteko orduak, bidaiak eta dietak, epealditik kanpoko atzerapenak edo produktibitatea, kaleratzeagatiko kalte-ordainak eta abar. Emaitza urteko ordainsari gordin hautagarria izanen da.
Urteko soldata gordin hautagarri horri gehitzen zaio Gizarte Segurantzaren urteko kostua, entitatearen kargura dagoena.
Zenbateko hori urteko ordu garbi guztien kopuruarekin zatitzen da (entitatearen hitzarmen orduei lan egin gabeko orduak kenduta).
h) 4.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
2. Proiektura soilik bideratutako materialen gastuak, hedapen gastuak eta bestelakoak.
a) Kontzeptu hau sartuta dagoen laguntza emateko ebazpeneko aurrekontu finantzagarriaren barruan, edo hasierako aurrekontuari egindako aldaketa baten ondorio den.
b) Egiaztatu beharko du fakturetan agertzen diren datak eta ordainketen egiaztagiriak bat etortzen direla laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.
3. Kanpoko kolaborazioak.
a) Kontzeptu hau sartuta dagoen laguntza emateko ebazpeneko aurrekontu finantzagarriaren barruan, edo hasierako aurrekontuari egindako aldaketa baten ondorio den.
b) Egiaztatu beharko du fakturetan agertzen diren datak eta ordainketen egiaztagiriak bat etortzen direla laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.
c) Egindako zerbitzu-emateetan gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, egiaztatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, egiaztatu beharko du gutxienez hiru eskaintza aurkeztu direla eta egindako hautaketa justifikatuta dagoela. Edo bestela, betebehar hori ez aplikatzeko aintzat hartutako arrazoiak justifikatu beharko dira.
d) Egiaztatuko du, orobat, diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin azpikontratatzeko aplikatu beharreko baldintzak bete direla, deialdiaren 10. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
4. Zeharkako gastu orokorrak.
a) Proiektuko gastuak izanik ere, bere izaeragatik, proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak dira, banaka-banaka zehazterik ez dagoelako.
b) Zuzenbide publikoko entitateen kasuan, kontabilitate publikoaren aurrekontuetako artikulu, kontzeptu eta azpikontzeptuak erabiliko dira, 62., 64. eta 68. taldeko kontuetakoen baliokide direnak. Halakoetan, baliokidetasun hori adierazi beharko da.
c) Kalkulua: proportzionalki kalkulatuko dira, kontuan izanik entitate onuraduneko langileen guztirako orduetatik zenbat ordu egotzi zaizkion proiektuari. Honela jokatuko da:
I.–62., 64. eta 68. kontuetako kontzeptu hauen batuketa eginen da:
a) 621. Errentamenduak eta kanonak.
b) 622. Konponketak eta kontserbazioa.
c) 624. Garraioak (salbu eta salmentetarako garraioak).
d) 628. Hornidurak.
e) 629. Bestelako zerbitzuak (langileen garraio gastuak, proiektuari lotutako langileen bidaia-gastuak eta bulegoko gastuak baizik ez dira onartuko).
f) 640. Soldatak eta lansariak.
g) 642. Gizarte Segurantza.
h) 649. Beste gastu sozial batzuk.
i) 6811. Eraikuntzen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).
j) 6815. Instalazio orokorren amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).
k) 6816. Altzarien amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).
l) 6817. Ekipo informatikoen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko dirulaguntzak kenduta).
Aurrekontu finantzagarriko partida baten bidez zuzeneko finantzaketa duten gastuei dagozkien saldoak ez dira kontatuko.
Gainera, azpikontuetako balioek bat etorri beharko dute exekuzio urteko justifikazio ekonomikoa aurkezten denean itxitako azken ekitaldiko Irabazi eta Galeren Kontuaren ‘Entitatearen guztizko gastuak’ atalean agertzen diren balioekin.
II.–Hortik ateratzen den batura honako zatiketa hau eginda ateratzen den koefizientearekin biderkatuko da:
Proiekturako onartutako ordu kopurua (pertsonal gastuen egiaztapenaren arabera) zati entitatearen jardueraren guztizko ordu kopurua (batez besteko plantilla bider urteko lanaldia).
5. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko, salbu eta zerga hori azkeneko xedeko entitateak jasaten badu benetan eta behin betiko, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modurik gabe, eta hori behar bezala frogatzerik baldin badago behar den dokumentazio ofiziala aurkeztuz:
a) Zerga-salbuespena erabatekoa bada, zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ondorio horretarako, gogoan izan behar da ez direla baliozkoak izanen laguntzaren onuradun ateratzen diren entitateen arduradunen aitorpenak (jasandako BEZa ez dutela jasanarazten adieraztekoak).
b) Hainbanaketa eginez gero, honako hauek aurkeztuko dira:
I.–Hainbanaketa orokorra baldin bada: zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria eta BEZaren urteko aitorpenen kopiak, proiektuaren exekuzioaldiari dagozkionak, indarrean dauden aitorpen ereduen araberakoak.
II.–Hainbanaketa berezia bada: zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria eta proiektuari lotutako fakturen zerrenda, baita BEZaren liburuaren kopia ere, non fakturak jasoko diren.
6. Egindako jardueraren finantzaketari buruzko aitorpena lortu beharko da, honako hauek zehaztuta: proiektuetan egin beharreko jarduerak finantzatzeko, edonolako administrazio edo entitate publiko edo pribatuetatik (Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak) jasotako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak. Egiaztatuko da berariazko finantzaketa duten proiektuetan kontabilizatutako gasturik ez dela sartu.
7. Egiaztatu beharko da aitortutako zenbatekoak entitatearen kontabilitate-erregistroetan (aparteko kontabilitate batean) jasotakoak bezalakoak direla, proiektu bakoitzarentzat behar den kodea adierazita.
8. Auditoretzaren azkeneko emaitzak honako hauek argi zehaztu behar ditu:
a) Onuradunak egotzitako zenbatekoa (aurrekontu finantzagarria bezalakoa, handiagoa edo txikiagoa izaten ahal da).
b) Onuradunak egozten duenetik baliozkotzen den zenbatekoa.
c) Onuradunak egozten duen zenbatekoaren eta behar bezala justifikatutakoaren arteko aldea.
d) Desbideratzeren bat baldin badago proiektuarentzat hasiera batean onartutako zenbatekoarekin edo, aldaketaren bat eskatuz gero, onartzen den gastu berriarekin alderatuta, desbideratze horien arrazoiak azaldu beharko dira.
e) Iruzkinen/Oharren eremuan, onartu ez diren gastu guztien zergatiak azalduko dira.
f) Egiaztatuta dago proiektu bakoitzari egotzitako gastu eta ordainketa guztiek 5. oinarrian aldi hautagarriei dagokienez ezarritakoa betetzen dutela.
g) Egiaztatuta dago onuradunak duen kontabilitateak aukera ematen duela jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak argi bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere, 15.1 oinarriko c eta d letrek esaten duen bezala.
h) Egiaztatuta dago gastuak diruz laguntzen diren jarduera ez-ekonomikoei eta proiektuari atxikiriko kostu zeharkakoei dagozkiela.
9. Auditoretza-txostenak koadro batean jaso beharko ditu, xehakatuta, aurrekontu finantzagarriaren partida bakoitza eta haiei egindako aldaketak, egiten badira, eta partida bakoitzaren barrenean, kontzeptu bakoitza; hori guztia bateratzen duen azken koadro bat ere eduki beharko du.
Gastu kontzeptu bakoitzerako ezarri behar da:
a) Aurrekontu finantzagarria, hau da, diruz lagungarritzat hartzen ahal den gastua. Horren gainean kalkulatzen da proiektu bati ematen zaion laguntzaren ehunekoa; deialdi honen kasuan %100.
b) Justifikatutako gastuak, hots, entitateak egin dituenak proiektua garatzean. Aurrekontu finantzagarriarekin bat etor daitezke, edo ez.
c) Ontzat hartzen diren zenbateko justifikatuak: horrelako gastuetan, dena zuzen dagoela egiaztatu da (fakturak, ordainketa-agiriak, pertsonal gastuak, etab.). Laguntza osoa ordaintzeko, aurrekontu finantzagarrian agertzen den zenbatekoa adinakoak izanen dira, gutxienez. Ontzat hartutako zenbateko justifikatua txikiagoa bada, laguntza murriztuko da.
d) Kontzepturen batean ontzat hartu ez den kopururen bat badago, iruzkinetan jasoko da, horretarako arrazoia azalduta.
Iragarkiaren kodea: F2408931
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
