Iragarkia
130. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
353/2024 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2024-2029 aldian erregimen estentsiboko behi-aziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri eta 2024. urterako laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 767086.
Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategi gehienen oinarrietako bat da larre naturalen aprobetxamendua eta erregimen estentsiboko animalien ekoizpena. Abeltzaintza-sektorearen eguneroko jardueran beharrezkoa da larreetan abereen jarraipena eta kontrola egitea, eta horrek ustiategietako titularrak behartzen ditu animaliak aldizka bisitatzera, nola dauden eta haien osasun egoera zein den jakiteko.
Gaur egun, gero eta abeltzain gehiago ari dira eskatzen abere-taldea kontrolatzeko hesi birtualek eskaintzen dituzten aukerak, nahiz eta haien ezarpena kostuagatik baldintzatua dagoen.
Itxitura birtualek larre-eremu bat mugatzea ahalbidetzen dute, hesiak jarri beharrik gabe, ganadua bertan modu kontrolatuan egon dadin, abeltzainak urrutitik gainbegiratuta. Proposamenaren helburua da erregimen estentsiboko abeltegien bideragarritasuna eta errentagarritasuna handitzea, landa-eremuan etorkizunerako aukera hobea izateko.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) garapenari esker, aurrerapen teknologiko garrantzitsuak aplika daitezke nekazaritza-sektorean ere, eta, hala, erregimen estentsiboan dauden animaliak lokalizatzeko eta monitorizatzeko gailuak agertu dira merkatuan.
Gailu horiek nabarmen laguntzen dute ustiategien eguneroko kudeaketan, abeltzainei erraztasunak ematen baitizkiete une oro jakin dezaten zein den beren abereen kokapena eta mugimendua, osasun egoera eta jarduera. Horrela, bajen kopurua murrizten da, eta abeltzaintzako enpresen errentagarritasuna hobetzen. Ematen duten informazioa Administrazioarentzat ere garrantzitsua da, bereziki animaliak larreetan kokatzeari buruzkoa. Horri esker, nekazaritza-politiken garapena eta jarraipena egiten ahalko da, eta kontrol handiagoa izanen da animalien osasunaren arloan sor litezkeen arazoen aurrean.
Abeltzaintza-sektoreak abere taldearen kokapena kontrolatu eta ezagutu ahal izateko, bakoitzaren geolokalizazioa eta kontrola ahalbidetzen duen gailu bat jartzen zaie animaliei, sentimen-estimuluak igortzen dituena animaliak gainditu ez ditzan finkatutako mugak eta aurrez telefono edo informatika gailuen bidez mugatutako eremuetan geldi dadin.
Abeltzaintza-sektoreak horrelako tresnak eskatzen dituenez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du konpentsazio ekonomiko bat ematea Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien titularrei, baldin eta itxitura birtualak erabiltzen badituzte erregimen estentsiboko azienda lokalizatua mantentzeko.
Europar Batasuneko araudiak babestutako laguntza-araubideen ezarpena aurreikusten duten arau juridikoak kontuan hartuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 2029ko abenduaren 31ra arteko laguntza-araubide bat sortzea aurreikusten du. Behi-aziendarentzako hesi birtual hori ezartzeko laguntzak Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; izan ere, erregelamendu horrek deklaratzen du nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita. Beraz, bidezkoa da, 2024-2029 aldian hesi birtualak jartzearren, behi-aziendari gailuak jartzeko laguntzak ematea arautuko duten oinarriak ezartzea, eta 2024rako laguntzen deialdia onestea.
Ikusirik Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta aurrekontu-baliabideak.
Ikusirik ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaiola.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea 2024-2029 aldian erregimen estentsiboko behi-aziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, bai eta 2024. urterako laguntzen deialdia ere, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den bezala.
2. Onuradunak ebazpen honen hamahirugarren oinarrian adierazitako gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du esteka honen bitartez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
3. Onestea erregimen estentsiboko behi-aziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak emateko 2024. urterako deialdia.
4. Laguntza horietarako 200.000 euroko gastua baimentzea, 2024rako Aurrekontu Orokorretako "Hesi birtualerako lepokoak erosteko laguntza" izeneko 710004-71300-4700-412211 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.
5. Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
7. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
8. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iruñean, 2024ko ekainaren 5ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2024-2029 ALDIAN ERREGIMEN ESTENTSIBOKO BEHI-AZIENDARI HESI BIRTUALAK JARTZEKO GAILUAK EROSTEKO LAGUNTZAK EMATEKO
Lehen oinarria.–Helburua, xedea eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen xedea da 2024-2029 aldian erregimen estentsiboko behi-aziendari hesi birtualak jartzeko gailuak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea eta 2024. urteko laguntzen deialdia onestea.
2. Laguntza honen helburua da abeltzaintzako ustiategi estentsiboen errentagarritasuna hobetzea, aurrerapen teknologikoak nekazaritza-sektoreari aplikatuz, hura modernizatzen eta garatzen lagunduz, gailu indibidualak erostearen kostuak konpentsatuz, hedatutako azienda lokalizatuta mantenduz eta habitatak eta paisaiak babestuz.
Helburua da abeltzaintzako ustiategi lehiakorrak eta errentagarriak mantentzea, eta Administrazioak nekazaritza-, osasun- eta ingurumen-politiken jarraipena eta garapena egin ahal izatea.
3. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.
4. Laguntzen araubidea indarrean egonen da argitaratzen den egunetik 2029ko abenduaren 31ra arte.
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko betebeharrak.
1. Laguntzen onuradunak izanen dira lehen mailako nekazaritza ekoizpenean bakarrik aritzen den ETE aktiboaren izaera duten behi-aziendako ustiategien titularrak, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ustiategia Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta izatea, zeina arautua baitago Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan.
b) Behi-aziendako ustiategi baten titularra izatea laguntzen urteko deialdia argitaratzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehen, eta Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.
c) Ebazpen honen xede diren laguntzak jaso ahal izateko, gutxienez 18 hilabetetik gorako 10 behi-abere eduki beharko dira laguntzen deialdia argitaratzen den egunean.
d) Behi-ustiategiaren ekoizpenaren orientazioa mota honetakoa izan beharko da: "Haragia ekoizteko ugalketa".
e) Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.
f) Laguntza indibidualak eta/edo ad hoc laguntzak jasotzen dituzten ustiategiak ez egotea betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.
g) Krisian dagoen enpresa ez izatea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan zehazten den bezala.
2. Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak.
3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten erakunde eskatzaileek.
4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden erakundeak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Hirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren intentsitatea, zenbatekoa eta muga.
1. Laguntzaren intentsitatea hesi birtualeko gailuak erostearekin lotutako kostuen %80koa izanen da gehienez, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 14. artikuluaren 12. puntuaren a) apartatuarekin.
2. Aurrekoa alde batera utzi gabe, gailu bakoitzeko emanen den laguntzaren zenbatekoa laugarren oinarri arautzailearen arabera aurkezten den dokumentazioan jasotzen diren datuen arabera zehaztuko da, eta gehienez 300 euroko muga izanen du hesi birtualeko gailu bakoitzeko (gailu bakoitzeko beharrezkoak diren osagarriak eta softwarea barne).
3. Abeltzaintzako ustiategi bakoitzeko laguntzen zenbateko osoa ezin izanen da urtean 15.000 eurotik gorakoa izan onuradun bakoitzarentzat. Pertsona fisiko edo juridiko bat abeltzaintzako ustiategi bat baino gehiagoren titularra bada, muga hori onuradunari aplikatuko zaio, eta ezin izanen du urtean 15.000 euroko muga gainditu, zenbat ustiategiren titularra den gorabehera.
4. Deialdi bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gailuen gehieneko kopurua bi hauetan txikiena izanen da: edo guztira eskatutako gailuen kopurua, edo, laguntzen urteko deialdia argitaratzen den egunean, Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik dauden 18 hilabetetik gorako behi-aziendako buruen kopurua.
5. Laguntzen araubide hau indarrean dagoen bitartean, eta laguntzaren urteko zenbatekoa zehazte aldera, aurreko aurrekontu-ekitaldietan onuradunari ordaindutako gailuen kopurua deskontatuko da, hala badagokio, harik eta laguntzen urteko deialdia argitaratzen den egunean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean erregistratutako 18 hilabetetik gorako behi-aziendako buruen guztizko kopurura iritsi arte.
Laugarren oinarria.–Laguntza eskaerak aurkeztea.
1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
2. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legearen 14.2.a) artikuluarekin, eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta pertsona juridikoek telematika bidez aurkeztu behar dituzte, Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) dagokion fitxaren bitartez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan.
Hala ere, eskatzailea pertsona fisiko bat bada, eskaera aurrez aurre ere aurkezten ahalko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.
3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Erosteko konpromisoa eta gutxienez enpresa banatzaile batek emandako aurrekontua, non laguntza-eskaeran eskatutako gailu kopurua adieraziko baita.
b) Kasu guztietan, idatziz hitz eman behar dute abeltzaintzako ustiategiko jarduera hiru urtez gutxienez mantenduko dutela, laguntza ematen den egunetik hasita.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioen adierazpena.
d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .............................................................., nire izenean/................................ ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Nafarroan ................................................. laguntzak tramitatzeko prozeduraren barruan, ................... ekitaldian, egiazta dezan nik/ordezten dudan erakundeak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudala/dituela".
e) Baldin d) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo erakundeak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.
f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
g) Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.
2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak honako lehentasun hurrenkera honen arabera banatuko dira:
2.1. Lehenbizi: martxoaren 4ko 28/2024 Foru Aginduaren arabera goi mendiko eremu gisa katalogatuak dauden udalerrietan kokatutako ustiategien eskaerak (foru agindu horren bidez 2024. urteko kanpainan laguntza-eskaera bakarra aurkezteko deialdia egin zen), baldin eta deialdiaren urteko urtarrilaren 1ean 18 hilabetetik gorako behi ugaltzaileen gutxienez %70 arraza autoktonoetan inskribatuak badituzte, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. puntuko a) letraren arabera.
2.2. Bigarrenik: martxoaren 4ko 28/2024 Foru Aginduaren arabera goi mendiko eremu gisa katalogatuak dauden udalerrietan kokatutako ustiategien eskaerak (foru agindu horren bidez 2024. urteko kanpainan laguntza-eskaera bakarra aurkezteko deialdia egin zen), baldin eta otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. puntuaren a) letran adierazitakoez bestelako behi-arrazak badituzte.
2.3. Hirugarrenik: martxoaren 4ko 28/2024 Foru Aginduaren arabera mendiko eremu gisa katalogatuak dauden udalerrietan kokatutako ustiategien eskaerak (foru agindu horren bidez 2024. urteko kanpainan laguntza-eskaera bakarra aurkezteko deialdia egin zen), baldin eta deialdiaren urteko urtarrilaren 1ean 18 hilabetetik gorako behi ugaltzaileen gutxienez %70 arraza autoktonoetan inskribatuak badituzte, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. puntuko a) letraren arabera.
2.4. Laugarrenik: martxoaren 4ko 28/2024 Foru Aginduaren arabera mendiko eremu gisa katalogatuak dauden udalerrietan kokatutako ustiategien eskaerak (foru agindu horren bidez 2024. urteko kanpainan laguntza-eskaera bakarra aurkezteko deialdia egin zen), baldin eta otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. puntuaren a) letran adierazitakoez bestelako behi-arrazak badituzte.
2.5. Bosgarrenik: martxoaren 4ko 28/2024 Foru Aginduaren arabera mendiko edo goi mendiko eremu gisa katalogatuak ez dauden udalerrietan kokatutako ustiategien eskaerak (foru agindu horren bidez 2024. urteko kanpainan laguntza-eskaera bakarra aurkezteko deialdia egin zen), baldin eta deialdiaren urteko urtarrilaren 1ean 18 hilabetetik gorako behi ugaltzaileen gutxienez %70 arraza autoktonoetan inskribatuak badituzte, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. puntuko a) letraren arabera.
2.6. Seigarrenik: martxoaren 4ko 28/2024 Foru Aginduaren arabera mendiko edo goi mendiko eremu gisa katalogatuak ez dauden udalerrietan kokatutako ustiategien eskaerak (foru agindu horren bidez 2024. urteko kanpainan laguntza-eskaera bakarra aurkezteko deialdia egin zen), baldin eta otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 1. puntuaren a) letran adierazitakoez bestelako behi-arrazak badituzte.
3. Aurrekontu-baliabideak nahikoak ez badira lehentasun-talderen bateko eskaerei erantzuteko, laguntzaren deialdia argitaratzen den egunean abelburu hautagarri gehien duten ustiategiak lehenetsiko dira.
Seigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere bete beharko ditu:
a) Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialekin lankidetzan aritzea laguntzaren helburua egiaztatzeko eskatzen zaizkion jarduera guztietan.
b) Dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako agirietan aldaketaren bat egiten bada eskaera egin eta gero, horren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari.
c) Hesi birtualetarako gailuak jartzea eta gutxienez hiru urtez mantentzea, laguntza ordaintzen den egunetik aurrera.
d) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea laguntzaren helburuari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak, organo horrek eskatutako froga egokiak erantsita, eta betiere organo kudeatzaileak edozein egiaztapen jarduketa egin aurretik.
Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da ea bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.
Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.
3. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.
Bederatzigarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak eta betebeharren justifikazioa.
1. Ordaintzeko ebazpena emanen da jarduera egin dela egiaztatu ondotik, eta betiere oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera egin bada. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, onuradunek deialdiaren urteko urriaren 15erako aurkeztu beharko dute ordainketa-eskabidea, eta, horrekin batera, hesi birtualetarako gailuen erosketa-fakturak eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak. Fakturak eta frogagiriak laguntzen deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1etik urriaren 15era bitarte egindako gastuei buruzkoak izanen dira.
2. Laguntzaren ordainketa banku transferentziaren bidezko ordainketa bakarraren bidez eginen da, onuradunak eskaeran adierazitako kontuan.
3. Abeltzaintza Zerbitzuak behar diren ikuskapenak egiten ahalko ditu, jarritako hesi birtuala ebazpen honetan xedatutakoaren araberakoa den egiaztatzeko.
4. Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntzaren onuradunak bete egin dituela bai dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak, bai gardentasun betebeharra.
Hamargarren oinarria.–Interes publikoak bermatzeko neurriak.
1. Dirulaguntzaren onuradunek gutxienez hiru urtez mantendu beharko dute beren abeltzaintza-ustiategiko jarduera, laguntza ordaintzen den egunetik aurrera, bai eta hesi birtualetarako gailuen erabilera ere.
2. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
Hamaikagarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzak metatzen ahalko dira, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin.
2. Zehazki, estatuko beste edozein laguntzarekin metatzen ahalko dira, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinetarako badira.
3. Estatuko beste edozein laguntzarekin ere metatzen ahalko dira, zati batean edo osorik kostu diruz lagungarri berberei badagokie, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo laguntza horri aplikatu beharreko laguntzaren zenbateko handiena, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren arabera.
4. Laguntza hauek ez dira metatuko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145. artikuluaren 2. apartatuan eta 146. artikuluan ezarritako ordainketekin, kostu diruz lagungarri berberei badagozkie eta metaketa horrek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.
5. Laguntza hauek ez zaizkio metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagokien de minimis motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritako laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.
Hamabigarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzea.
1. Bigarren oinarriaren 1. puntuaren a), b), c), d), e), f) eta g) apartatuetan ezartzen diren baldintzak ez betetzeak laguntzaren ordainketa ezestea ekarriko du.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
3. Inguruabar bereziren bat edo ezinbesteko egoeraren bat gertatu dela dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):
Erakundeak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamalaugarren oinarria.–Jarraipena.
1. Ebaluazio organoak eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzen ahalko ditu egiaztatzeko oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla, aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta aplikagarriak diren gainerako arau indardunak betetzen direla.
2. Ebaluazio organoak justifikazio informazioaren eta dokumentazioaren erregistro zehatzak gordeko ditu, erregelamendu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko. Erregistro horiek hamar urtez gordeko dira, laguntzen araubide honen arabera azken laguntza ematen den egunetik aurrera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Batzordeari helaraziko dio erregelamendu honen aplikazioa kontrolatzeko erakunde horrek beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia, eta hori eginen du hogei egun balioduneko epean, edo epe luzeago batean, eskaeran hala finkatuz gero.
Hamabosgarren oinarria.–Argitalpena eta informazioa.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honako informazio hau argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean:
a) Salbuetsitako laguntza-neurri honi buruzko informazio laburtua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntza-neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.
b) Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritza ekoizpen primarioaren sektorean aritzen diren onuradunentzat emandako 10.000 eurotik gorako banakako laguntza bakoitzari buruz.
2. Aurreko 1.b) atalean aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.
3. Laguntzen araubidearen testu osoak, bereziki, erregelamendu honen berariazko aipamen bat jasoko du, izenburua eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zeneko erreferentziak adierazita, bai eta egintza hori ukitzen duten III. kapituluko xedapen espezifikoak ere, edo, hala badagokio, erregelamendu honetako xedapen egokiak betetzen direla bermatzen duen legeria nazionala. Laguntzen araubidearekin batera, aplikatu beharreko xedapenak eta horien aldaketak aurkeztuko dira.
4. Azkenik, goian adierazitakoa gorabehera, laguntzen publizitatearen ondorioetarako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak dirulaguntza emateko ebazpenei buruzko informazioa bidaliko du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F2409208
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
