Iragarkia
129. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 13an hartua, Baluarte Fundazioaren estatutuen aldaketa onesten duena.
Nafarroako Gobernuaren 2002ko abenduaren 23ko erabaki bidez, baimena eman zen Baluarte Fundazioa eratzeko, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa izan zuen fundatzaile.
2002ko abenduaren 30ean emandako eskritura publiko bidez eratu zen Baluarte Fundazioa.
Baluarte Fundazioa Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatu zen Barneko zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 406 2003 Ebazpen bidez, eta 162 zenbakia jaso zuen.
Geroago, Nafarroako Gobernuak, 2006ko martxoaren 20ko erabaki bidez, fundazio publikoaren izaera aitortu zion Baluarte Fundazioari, eta bere estatutuen aldaketa onetsi zuen.
Baluarte Fundazioaren patronatuak, 2024ko martxoaren 4an izandako bilkuran, estatutuak aldatzea erabaki du Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legera egokitzeari dagokionez, espedientean sartu den egiaztagiriaren bidez frogatzen denez.
Baluarte Fundazioaren estatutuen 33. artikuluak adierazten du aldatzeko erabakia Nafarroako Gobernuak hartu behar duela.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Baluarte Fundazioaren estatutuen aldaketa onestea, eta testua erabaki honen eranskinean jasotzea.
2. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren idazkari tekniko nagusi José Miguel Gamboa Baztán jaunari ahalmena ematea erabaki hau eskritura publiko egiteko behar diren dokumentu guztiak sinatzeko.
3. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, behin eskritura publikoa egin ondotik, orok jakin dezan.
4. Erabaki hau eta eranskina argitara ematea Gobernu Irekiaren Atarian.
5. Erabaki hau Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, eta Baluarte Fundazioari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko martxoaren 13an.–Hirugarren lehendakariordea, Begoña Alfaro García, Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkariaren ordez.
ERANSKINA.–BALUARTE FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Eratzea, izaera eta araubide juridikoa.
1.1. Baluarte Fundazioa izenarekin, eta Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 42. legean xedatutakoarekin bat, nortasun juridiko propioa duen eta Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari atxikita dagoen fundazio bat sortu zen.
1.2. Fundazioak ez du irabazte-asmorik, eta fundazio publikoaren izaera du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean nahiz hura ordezten duen arauan xedatutakoaren arabera.
1.3. Nolanahi ere, Fundazioa arautuko dute estatutu hauek, estatutuak interpretatuta eta garatuta Fundazioan agintzen duen patronatuak ezartzen dituen xedapenek eta antolamendu juridiko pribatuak ere bai. Betiere, galarazi gabe kontratazioaren, aurrekontuen, kontabilitatearen eta finantza kontrolaren arloan aplikatzen ahal den administrazioko araudian ezartzen diren berezitasunak.
1.4. Fundazioak erabaki du maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan edo hori ordezten duen arauan araututako zerga araubide berezia aplikatzea, eta hari lotua geldituko da aplikatzeko baldintzak betetzen dituen bitartean eta araubideari uko egiten diola jakinarazten ez duen bitartean.
2. artikulua. Fundazioaren helburua eta asmoa.
Fundazioaren helburua eta asmoa da kultura jarduerak sustatzea.
Hori lortzeko jarduera hauek egiten ahalko ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioarekin, erakunde publiko eta pribatuekin eta askotariko eragile kulturalekin lanean aritzea eta koordinatzea Nafarroaren eskaintza kulturala hobetzeko.
b) Kultura ekitaldiak programatzea, gaur egun Nafarroak duen eskaintzaren maila hobetzen eta aberasten dutenak.
c) Nazioan eta nazioartean proiektatzea Nafarroaren eta Iruñearen irudia, kulturaren eta artearen adierazpenei eta garapenari irekitako eremuak diren aldetik.
d) Eta, oro har, behar diren jarduera osagarriak egitea, helburu dutenak adierazpen kulturalak egin eta sustatzea, hala nola erakusketak, hitzaldiak, liburuak, katalogoak eta bestelako argitalpenak editatzea, bekak eta laguntzak ematea eta antzeko beste jarduera batzuk, Fundazioaren xedeak betetzeko balio dutenak.
3. artikulua. Jarduteko gaitasuna.
3.1. Fundazioak erabateko gaitasuna du bere asmoak betetzeko jarduteko, eta ez du muga gehiagorik aplikatzekoak izaten ahal diren legezko xedapenek berariaz inposatutakoak, estatutu honetan ezarritakoak eta arian-arian Nafarroako Gobernuak erabaki bidez xedatzen ahal dituenak baino.
3.2. Honako hau egiten ahalko du Fundazioak:
a) Era guztietako jarduera ekonomikoak garatzea, bere helburuak gauzatzeko nahiz helburu horretarako baliabideez hornitzeko.
b) Era guztietako ondasunak eta eskubideak eskuratu eta besterentzea, zein dela ere titulua, baita era guztietako egintza, negozio eta kontratuak egitea ere.
c) Askotariko ekintzak gauzatzea, bere Estatutuekin eta indarreko legeekin bat.
3.3. Fundazioak merkataritzako eta industriako jarduerak bere kabuz egiten ahalko ditu berorren xedeekin lotuta daudenean edota xede horietarako egiten direnean.
4. artikulua. Fundazioaren onuradunak
Patronatuak Fundazioaren xedeetarako erabiliko ditu baliabideak, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 5. artikuluan edo hura ordezten duen arauan ezarritakoari jarraikiz.
Fundazioak, interes orokorrerako dituen asmoen arabera, objektibotasunaren eta inpartzialtasunaren irizpideekin bat jardun beharko du onuradunak aukeratzean, eta ezin da inolako diskriminaziorik izan.
5. artikulua. Helbidea eta jarduteko lurralde eremua.
5.1. Fundazioak helbidea izanen du "Baluarte" izeneko Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditoriumean (Baluarte plaza, Armadaren etorbidea z/g, Iruñea).
Helbidea Nafarroako Foru Komunitatearen barruan soilik lekualdatzen ahalko da, eta kasu horretan behar den estatutuen aldaketa eskatu beharko da.
5.2. Fundazioak Nafarroako Foru Komunitatean eginen ditu jarduerak gehienbat.
6. artikulua. Iraupena.
Fundazioak iraupen mugagabea du, baina badu 36. artikuluan jasotako indargabetzeko ahala.
II. TITULUA.–ONDAREA ETA ARAUBIDE EKONOMIKOA
I. KAPITULUA.–ONDAREA
7. artikulua. Fundazioaren ondarea osatzen duten aktiboak.
Honako hauek osatzen dute Fundazioaren ondarea:
a) Fundazioaren eskrituran jasotako hasierako zuzkidura.
b) Fundazioak egiten dituen jardueren eta duen ondarearen errentak, produktuak eta irabaziak, baita indarrean den legediarekin bat ematen ahal dituen zerbitzuetako ordainketak ere.
c) Kasua bada, fundatzaileak egindako ekarpenak eta kuotak, arruntak eta apartekoak, eta Patronatuko gainerako kideek borondatez onartzen dituztenak.
d) Beste erakunde publiko nahiz probatu batzuetatik kostu bidez nahiz doan eskuratzen duen beste edozein ondasun eta eskubide, baita banakoengandik eskuratzen dituenak ere, bereziki dohaintzak, jaraunspenak, legatuak, dirulaguntzak, laguntzak eta kuotak, dirutan, jenerotan, baliotan eta edozein motako ondasunetan.
8. artikulua. Ondare zuzkidura.
Fundazioaren ondare zuzkidura 30.050 eurokoa izan zen, eratzeko eskritura publikoa eman zen unean fundatzaileak ordainduak.
9. artikulua. Ondare zuzkidura areagotzea.
Fundazioak diru-sarreren soberakinak erabiltzen ahalko ditu Fundazioaren zuzkidura areagotzeko.
Halaber, areagotzen ahalko da beste batzuen ekarpenen bidez edota beste horiek ekarpen horiek egiteko konpromisoa hartzen badute, betiere konpromiso horrek behar bezalako bermea badu.
10. artikulua. Fundazioaren ondasunak eta eskubideak.
Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek Fundazioaren izenean egon behar dute, berorren inbentarioan jasota egon eta, kasua bada, dagozkien erregistroetan inskribatuta.
II. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA
11. artikulua. Kontabilitatea eta kontuak ematea
Fundazioaren kontabilitateko jarduerak Kontabilitateko Plan Orokorraren arauen araberakoa izan behar du, edo aplikatzekoak diren arau espezifikoen araberakoa, eta bat etorri beharko du aplikatzekoa den legedia fiskalaren betekizunekin.
Patronatuak honako dokumentazio hau onetsi eta aurkeztuko dio Babesletzari ekitaldi bakoitzaren lehenengo seihilekoaren barruan:
–Inbentarioa, egoeraren balantzea eta aurreko ekitaldiko emaitzen kontua; horietan jasoko dira Fundazioaren ondare egoera, egoera ekonomikoa eta egoera finantzarioa.
–Fundazioak aurreko ekitaldian egindako jarduerak azaltzen dituen memoria, Fundazioaren asmoa ezagutu eta justifikatzeko behar adinakoa. Memoriak finantzaketa koadroa izan beharko du, eta edozein aldaketa jaso, nola ondarearena hala gobernu organoena nahiz zuzendaritzarena.
12. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa.
Ekitaldi ekonomikoa urtebetekoa izanen da, eta urte naturalarekin bat eginen du.
Auditore independente batek Fundazioaren urteko kontuak berrikusiko ditu, ezertan galarazi gabe Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 113.2.b) artikuluak ezartzen duena.
III. TITULUA.–FUNDAZIOAREN ORDEZKARITZA, ADMINISTRAZIOA
ETA GOBERNUA
13. artikulua. Patronatua.
13.1. Patronatuaren kargura egonen dira Fundazioaren ordezkaritza, administrazioa eta gobernua, eta legeetan ezarritako mugak baino ez ditu izanen bere zereginak gauzatzeko.
Patronatua izanen da fundazioaren xedea eraginkortasunez gauzatzeko zuzenbidean behar diren eskubide eta ahalmen guztien titular bakarra, eta estatutu hauek interpretatuko ditu, inolako mugarik gabe.
13.2. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak Patronatuan parte hartuko du. Kasu bakoitzean Administrazioak izendatuko du berorren karguetako zein izanen den patrono, eta Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez beste kide batzuk ere izendatzen ahalko dira.
14. artikulua. Osaera.
Patronatua kide anitzeko organoa izanen da eta gehienez ere hamabi kidek osatuko dute; horietako zazpi Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu askatasunez, eta gainerako bostak, kasua bada, fundazioan ekarpenak egiten dituzten pertsona fisikoek nahiz juridikoek proposatuta izendatuko dira Patronatuak ezartzen dituen baldintza ekonomikoetan. Azken horiek bost edo gutxiago badira, horietako bakoitzari egokituko zaio postu bat Patronatuan, eta gehiago izanez gero, horiek hautatuko dute zein izanen den patrono, gehiengoz, horien artean.
Patronatuan dauden pertsona juridikoek pertsona fisiko bat izan beharko dute beraiek ordezkatzen.
Pertsona fisikoek pertsonalki bete beharko dute kargua. Dena den, haren izenean jarduten ahalko du Patronatuko beste kide batek, aldez aurretik izendatutakoak. Ordezkaritza hori ekintza zehatzetan erabiltzen ahalko da, hala dagokionean, ordezkatutako kideak idatziz jasotzen dituen jarraibideak betez.
Kide bat ez dagoenean, gaixorik dagoenean edota aldi baterako faltako denean Patronatuak hura ordezkatzeko beste pertsona bat izendatzen ahalko du ez egoteko arrazoia dirauen aldirako, kideen gehiengo osoak hartutako erabaki bidez.
Patronatuko kide baten kargua kargu publiko edo pribatu jakin baten titular gisa esleitzen denean, pertsona horrek beste kargu bat izendatzen ahalko du kargu hori haren izenean bete dezan, eta, betetzen duen kargua dela-eta patronatuko kide gisa jardunen duenaren izenean, kargu hori ordezkatuko duen pertsonak jarduten ahalko du.
Patronatuko kideak beren eginkizunak gauzatzen hasiko dira izendapena -eta kargua, kasua bada– berariaz onartu ondoren. Agiri publiko nahiz pribatu batean gauzatu beharko da onarpena edo ukoa, notarioak legeztatutako sinadurarekin. Patronatuaren aurrean ere egiten ahalko dira onarpena nahiz ukoa, eta idazkariak jaulkitako ziurtagiri baten bidez frogatuko dira, Fundazioen Erregistroan pertsonalki agertuz edo zuzenbidean balio duen edozein bitarteko erabiliz, horren berri modu fidagarrian ematen badu.
Uneren batean patronatukide guztiak falta badira, fundatzaileek izendatuko dituzte patronatukide berriak, eta fundatzailerik ez badago, Babesletzak izendatuko ditu.
15. artikulua. Iraupena.
15.1. Patronoaren kargua iraupen mugagabearekin gauzatuko dute Nafarroako Gobernuaren patrono ordezkariek, eta hiru urtez gainerako kideen kasuan. Aukera izanen dute beste behin nahiz beste batzuetan berriz hautatuak izateko iraupen bereko aldietarako.
15.2. Kargua uzteko kausak legez ezarritakoak izanen dira, eta bereziki hauek:
a) Hiltzen denean edo hilda dagoela deklaratzen denean, baita pertsona juridikoa iraungitzen denean ere, kasua bada.
b) Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, legean ezarritakoaren arabera.
c) Kargua behar den arduraz ez betetzeagatik, hala deklaratzen badu Patronatuak berak, entzunaldia eman ondoren eta estatutuetan aurreikusitako moduan, edo ebazpen judizial bidez.
Baztertzeko espedientearen funtsa den patronoa ez da kasuko erabakia hartzeko egin behar den Patronatuaren bilerara joaten ahalko.
15.3. Ez egotea justifikatzen bada, patronoek idatziz baimena ematen ahalko dute Patronatuko beste kide batek beraiek ordezkatzeko saio jakin baterako.
16. artikulua. Presidentea, presidenteordea eta idazkaria.
Fundazioaren presidentea izanen da kulturako eskumena duen departamentuko kontseilari titularra.
Patronatuak presidenteorde bat aukeratuko du kideen artean. Idazkari bat ere izendatuko du, eta ez du zertan Patronatuko kide izan.
17. artikulua. Presidentea.
Fundazioaren presidentea berorren ordezkari izanen da, Patronatuaren bileretarako deialdia eginen du, buru izanen da haietan, eztabaidak zuzenduko ditu, kalitateko botoa izanen du eta hartzen diren erabakiak betearaziko ditu erabakiotan horretarako beste pertsona bat izendatu ezean.
18. artikulua. Presidenteordea.
Presidenteordearen ardura izanen da presidentea aldi baterako ordezkatzea eta bere zereginak gauzatzea presidenterik ez badago, falta bada edota ezintasun fisikoren bat badu.
Egoera horietan berberetan antzinatasun gehien duen patronoak edo nagusienak ordezkatuko du presidenteordea, biek badute antzinatasun berbera.
19. artikulua. Idazkaria.
Idazkariak bere kargura izanen ditu zerbitzu administratiboak eta dokumentuen artxiboa, eta Patronatuak egiten dituen bileren aktak egin eta sinatu beharko ditu baimentzen dituen ziurtapenak eta aktak egiazkoak direla bermatzeko.
Idazkaririk ez badago, falta bada edota ezintasun fisikoren bat badu, antzinatasun gutxien duen patronoak edo gazteenak ordezkatuko du idazkaria, biek badute antzinatasun berbera.
20. artikulua. Aktak.
Patronatuaren bileren aktek eta, oro har, idazkariak sinatzen duen dokumentazio guztiak Presidentearen edo hura ordezten duenaren oniritzia izan beharko dute.
21. artikulua. Patronatuaren bilerak.
Presidenteak egokitzat jotzen duen bezainbeste alditan eginen du Patronatua biltzeko deialdia, ekimen propioz edo kideen heren batek eskatuta. Nolanahi ere, Patronatua gutxienez ere behin bilduko da urte bakoitzeko lehenengo seihilekoaren barruan aurreko ekitaldiko kontuak oneste aldera, eta beste behin bigarren seihilekoan hurrengo ekitaldiko aurrekontua onesteko.
Patronatuaren bileretara gonbidatuak izaten ahalko dira, berorrek gehiengoz erabakita, hitzarekin baina botorik gabe, Fundazioaren xedeak hobeki betetzeko egokiak izaten ahal diren entitate, erakunde eta partikularrak.
Bilerak aurrez aurrekoak edo urrutikoak egiten ahalko ditu Patronatuak, eta kideak toki desberdinetan egoten ahalko dira, betiere, bide elektronikoen bidez egiaztatu daitekeenean haien nortasuna, adierazpenen edukia eta noiz gertatzen diren. Horrez gain, interaktibitatea eta interkomunikazioa bermatu behar dira denbora errealean eta baliabide horiek saio guztian zehar eskuragarri daudela ziurtatu behar da.
22. artikulua. Deialdiak.
Patronatuaren deialdiak idatziz eginen dira, adierazita zer gai tratatuko diren, gutxienez ere bost egun arinago eginen dira eta bigarren deialdi bat egonen da lehenengoa eta ordu erdi beranduago.
23. artikulua. Patronatua eratzea.
Patronatuaren eraketa baliozkoa izanen da, biltzearen eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, patronatuko lehendakaria eta idazkaria bileran direnean, bertaratuta nahiz urrutitik, edo estatutuen arabera haiek ordezten dituztenak, eta gutxienez ere patronatuko kideen erdiak, kopuru horretan sartuta lehen aipatutako kideak.
Patronatua behar bezala eratutzat joko da, halaber, jardunean duden patrono guztiak biltzen direnean eta aho batez erabakitzen dutenean saioa egin dadila.
24. artikulua. Patronatuaren erabakiak.
Patronatuaren erabakiek berehala hartuko dute indarra eta dauden patronoen botoen gehiengo bidez hartuko dira, estatutuen interpretazioari eta garapenari dagozkionak eta helbidea Iruñeko udal-mugartetik kanpo aldatzeari edota Fundazioaren ondasunak desjabetzeari eta kargatzeari buruzkoak izan ezik; horietarako jardunean dauden patronoen erdiaren gehi baten aldeko botoa beharko da.
25. artikulua. Patronoen ordainsaria.
Patronatuko kideek doan jardunen dute beren karguan. Dena dela, eginkizunak betetzean dituzten gastuak ordaintzen ahalko zaizkie, haiek behar bezala egiaztatuta.
26. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.
Patronatuak Fundazioaren izenean eginen ditu ondarea izateko eta administratzeko eginkizunak, eta Fundazioaren ondasunetan egiten ahalko ditu beharrezkotzat eta egokitzat jotzen dituen transformazioak eta aldaketak, betiere errespetatuta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean xedatutakoa, fundazio publiko gisa baitago eratuta.
Batzuk aipatzearren eta hauetara mugatu gabe, honako ahalmen hauek izanen ditu:
a) Fundazioaren ordezkaritza egitea askotariko agintari eta erakundeen aurrean, zeinahi ere diren, estatukoak eta autonomikoak, eta, oro har, Fundazioa ordezkatzea beste batzuen aurrean.
b) Fundazioaren alde eskuratzea edota berorren izenean egitea eskubideen, zorren eta betebeharren aitortza, eta horien betetzeko epeak eta baldintzak finkatzea, kontuak egin eta ematea eta, horrez gain, dirua jasotzea mailegu nahiz kreditu gisa, kontu korrontean, egokitzat jotako bermeekin, hipoteka barne, nola higigarria hala higiezina.
c) Abalak, fidantzak eta bermeak egin eta onartzea Fundazio mandatugilearen kontura edota banakoen nahiz pertsona juridikoen alde, baita erakunde publikoetan ere.
d) Ondasun higigarriak eta higiezinak saltzea, erostea, ematea edota ordainean nahiz konpentsazio osoan jasotzea, lagatzea, trukatzea eta, beste edozein modutan, eskuratzea eta besterentzea, interesgarritzat jotako prezioen, baldintzen, epeen eta ordaintzeko moduen bidez.
e) Finkak multzokatzea, batzea, banantzea eta zatitzea, finka berriak eratzeko; zortasunak eratzea, alde edo kontra, eta beste edozein eskubide erreal; obra berriaren deklarazioak egitea, eta Jabetza Horizontalaren araubideko eraikinak eratzea, Erkidegoko eta barne araubideko arauak ezarriz.
f) Ageriko kontu korronteak edo kreditu kontuak irekitzea, jarraitzea eta ezeztatzea, eta dagoeneko irekita daudenetako saldoak eskura izatea; eskudiruaren eta efektuen gordailuak eratzea, indargabetzea eta endosatzea edozein bankutan, Espainiako Bankuan barne, edo beste merkataritza- edo kreditu-establezimendu batean, interesarekin nahiz interesik gabe, berme pertsonalekin nahiz errealekin edota bermerik gabe; kontu eta gordailu horietako funtsak osorik nahiz zati batean erabiltzea, ordezkagiriak, taloiak eta txekeak izenpetuz; likidazioak egitea, bermeak ezeztatu eta kentzea, eta saldoen adostasuna ematea edo ukatzea.
g) Fundazioari zor zaiona erreklamatzea, jasotzea eta kobratzea, zorraren jatorria eta izaera edozein izanik ere, eta zordun den pertsona edo erakundea edozein izanda ere, baita Ogasuneko Ordezkaritzak, Estatuko beste edozein administrazio edo korporazio publiko, edota erakunde autonomiko, sozietate, enpresa nahiz partikularrak badira ere; horretarako, eskatzen zaizkien frogagiriak, igorpenak, txekeak, ordainketa-gutunak eta kitatze-agiriak sinatuko dituzte.
h) Ordainketa etenduretan, porrotetan eta kita- eta itxarote-prozeduretan esku hartzea, hartzekodunen konkurtsoetan, hitzarmen judizialak eta judizioz kanpokoak egitea zordun eta hartzekodunekin, eta haien betearazpena eskatzea; hartzekodunen batzarretara joatea eta botoa ematea.
i) Kanbio-letrak, txekeak, zor agiriak, polizak, frogagiriak eta merkataritzako gainerako efektuak igortzea, onartzea, endosatzea, abalatzea eta negoziatzea; horien zenbatekoa ordaintzea eta kobratzea; ez onartzeagatik edo ez ordaintzeagatik protestatzea, eta onartzeari uko egitea.
j) Postazko, telegrafiazko, telefonozko eta bestelako korrespondentzia hartzea, irekitzea eta erantzutea, baita postako ziurtagiriak eta aitortutako balio-orriak ere, eta era guztietako igorpenak eta postazko bidalketak; edozein bulegotatik Fundazioaren izenean kontsignatutako objektuak hartzea ere bai, dagozkion erreklamazioak eginda.
k) Edozein motatako aseguru kontratuak sinatzea prima finkoko sozietateekin eta mutualitateekin; egon daitezkeen zenbatekoak judizialki eta estrajudizialki erreklamatzea eta kobratzea, epemuga gaindituz nahiz ezbeharra gertatuz gero; eskubide guztiak baliatzea polizen baldintza orokor eta zehatzak betearazi eta bete daitezela eskatzeko, eta, bereziki, kalteen peritazioan esku hartzea, perituak izendatu eta errebokatzea, eta epaitegi eskudunari beste peritu bat izendatzeko eskatzea.
l) Sozietate zibilak eta merkataritzakoak nahiz kooperatibak eratzea, akzio eta partaidetza sozialak harpidetuz, ordainketak eskudirutan edo gauzatan eginez, estatutuak itunduz eta kudeaketa-, administrazio- eta ordezkaritza-karguak izendatuz edo onartuz.
m) Lehiaketa, enkante eta lizitazio publiko nahiz pribatuetan esku hartzea, transakzioak, arbitraje klausulak eta zuzenbidezko edo ekitatezko arbitrajeak ituntzea, arbitroak izendatzea eta laudoak onartu edo aurkaratzea.
n) Langileak kontratatzea eta kaleratzea, era guztietako soldatak eta ordainsariak ezartzea, kalte-ordainak ituntzea eta ordaintzea.
ñ) Epaitegi eta auzitegietan eta edozein jurisdikziotan agertzea adiskidetze ekitaldietan, adostasunarekin edo gabe, judizio zibiletan, auzi kriminaletan; kereilak sinatu eta prozeduraren eskaintza jasotzen ahalko du; posizioak absolbitzea eta epaiketetan aitortzea; lan arloko epaitegietan eta haien epaitzen aurkako errekurtsoetan agertzea; edozein jurisdikziotan espediente administratiboak sustatzea; erreklamazio ekonomiko-administratiboak eta administrazioarekiko auzien erreklamazioak sustatzea, eta erreserbarik edo mugarik gabe, era guztietako espediente, judizio, prozesu eta auzietan esku hartzea edozein administrazio eta jurisdikziotan.
o) Ahalmen horiek erabiltzea ahalordeak emateko eta errebokatzeko, eta ahalorde horren kopiak eskatzea.
p) Behar diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak ematea eta sinatzea, baita zuzentzekoak, konpontzekoak eta osatzekoak ere.
27. artikulua. Zuzendaria.
Patronatuan Fundazioaren zuzendaria izendatzen ahalko du, eta haren ardura izanen dira Fundazioaren kudeaketa operatiboa eta zuzendaritza exekutiboa.
Patronatuaren gehiengo osoak erabakita izendatuko da zuzendaria, bat etorriz publizitatearen, merezimenduaren, gaitasunaren, bereizkeriarik ezaren eta lehiaren printzipioekin. Bere eginkizunak betetzeko behar den ahala emanen dio Patronatuak.
Patronatuaren jarraibideei segituz beteko ditu zuzendariak bere eginkizunak, eta bere kudeaketaren kontu eman beharko dio organo horri, urtero, eta eskatzen zaion aldiro.
Patronatuaren bileretara joaten ahalko da, hitzarekin baina botorik gabe, presidenteak eskatuta. Zuzendari kargua ez da bateragarria Patronatuko kide izatearekin eta, hala, izendatutako pertsona ezin da Patronatuan sartuta egon.
IV. TITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA BAT EGITEA
28. artikulua. Estatutuen aldaketa.
Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du estatutu hauek aldatu behar diren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 68.3 artikuluarekin bat.
29. artikulua. Bat egitea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabakitzen ahalko du Fundazioa beste fundazio batekin bat egitea, fundazioaren xedeak lortzeko beharrezkotzat jotzen duenean.
V. TITULUA.–BABESLETZA
30. artikulua. Babesletzan sartzea.
Fundazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren babesletzan dago sartuta.
VI. TITULUA.–FUNDAZIOA DEUSEZTATZEA
31. artikulua. Deuseztatzea.
31.1. Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du Fundazioa deuseztatu behar den, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 68.3 artikuluarekin bat.
31.2. Bat egitearen kasuetan izan ezik, Fundazioa likidatzean geratzen diren ondasun eta eskubideak Fundazioak xede dituen interes orokor bereko xedeetara bideratuko ditu Fundazioak berak.
Iragarkiaren kodea: F2409331
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
