Iragarkia
129. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
404E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau onesten baita: "Entitate pribatu eta pertsona fisikoentzako dirulaguntzak, uholde-arriskuaren aurrean egokitzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan, Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. 2024-2025 urteak". DDBN identifikazioa: 765032.
Irailaren 6ko 731/2022 Errege Dekretuak Aragoi eta Errioxako autonomia erkidegoei eta Nafarroako Foru Komunitateari zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen du, Ebro ibaiaren erdiko tartean eta harekin lotutako ibaiadar nagusietan dauden eraikuntza, ekipamendu eta instalazio edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak garatzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Nafarroako Foru Komunitateari 4.000.000 euro esleitu zitzaizkion.
Errege dekretu horren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, esleitutako aurrekontuaren %25 gutxienez sektore publikora bideratu behar da, horretarako baliatuta norgehiagokako prozedura bidezko deialdiak. Haien bidez, errege dekretu horretan zehaztutako lurralde-eremuko ondasun pribatuak uholde-arriskuaren aurrean egokitzeko neurriak finantzatuko dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorroean xedatutakoarekin eta Europar Batasuneko zuzenbidea betez.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 3ko 322E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen azpiproiektu honen kudeaketa-plana: "Ebro ibaiaren erdiko tartea eta bere ibaiadar nagusiak uholde-arriskura egokitzea, Ebro Resilience Estrategiaren barruan, Nafarroan". Azpiproiektua Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 5. osagaiaren barruan dago ("Itsasbazterra eta ur-baliabideak babestea"). Plan horretan sartu zen deialdi hau: "Dirulaguntzak Ebroko arroko eraikinak, ekipamenduak, instalazioak edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketetarako, Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". Dirulaguntza Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 607E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen, sektore pribatuari zuzendua zegoen, eta 1.000.000 euroko kreditu baimendua zeukan. Beharrezko instrukzio prozedura gauzatuta, guztira, 574.845,71 euro eman ziren.
Deialdi berri honen konpromisoei erantzuteko, berriz, 475.154,29 euroko kreditua baimendu da, 2044ko gastuen aurrekontuko 740004/7701/456203 [PEP: E-22/000568-01] partidaren ("SEM Ebro Resilience Egokitzapena. Toki entitateentzako dirulaguntzak") baliokide den 2025eko gastuen aurrekontuko partidaren kargura. Laguntzok, hain zuzen, deialdi hau arautzen duten oinarrietan (5. oinarria: Jarduketa diruz lagungarriak) ezarritakoaren arabera banatuko dira; eranskinean jasota daude oinarriok.
Espedientea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuak eta Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak aztertu dute.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi hau onestea: "Entitate pribatu eta pertsona fisikoentzako dirulaguntzak, uholde-arriskuaren aurrean egokitzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan, Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. 2024-2025 urteak".
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, jarraian ageri den aurrekontu-kreditua baimentzea, baldin aurrekontuko kreditu nahikoa bada. Dena den, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaeren arabera:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
740004/7701/456203 [PEP: E-22/000568-01]: SEM Ebro Resilience Egokitzapena. Entitate pribatuentzako dirulaguntzak (1) | 2025 | 475.154,29 euro |
(1) edo 2025eko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partida baliokidea, baldin eta aurrekontuko kreditu nahikoa bada. | ||
4. 100.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria ezartzea. Zenbateko hori dirulaguntzak emateko aplikatzerakoan ez da beste deialdi bat egin beharko, eta aurrekontu-kreditu erabilgarriaren zenbatekoa handituz gauzatuko da. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditua dagoela adierazi beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legea aplikatzeko erregelamenduaren 58.2 artikuluan adierazten diren egoeraren bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.
6. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzura, departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Suspertze Planaren Koordinazioaren eta Kontabilitate Nazionalaren Zerbitzura eta GAN-NIKeko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Funtsak Koordinatzeko Unitatera.
7. Ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ez duela amaitzen administrazio bidea eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
DEIALDI HONEN OINARRI ARAUTZAILEAK: ENTITATE PRIBATU ETA PERTSONA FISIKOENTZAKO DIRULAGUNTZAK, UHOLDE-ARRISKUAREN AURREAN EGOKITZEKO, EBRO RESILIENCE ESTRATEGIAREN BARRUAN, EUROPAR BATASUNAK-NEXTGENERATIONEUK FINANTZATURIKO SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN. 2024-2025 URTEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
Oinarri hauen helburua da arautzea sektore pribaturako laguntza batzuk norgehiagokako araubidean ematea, aplikatuta irailaren 6ko 731/2022 Errege Dekretua, Aragoi eta Errioxako autonomia erkidegoei eta Nafarroako Foru Komunitateari zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen duena, Ebro ibaiaren erdiko tartean eta haren ibaiadar nagusietan dauden eraikuntza, ekipamendu eta instalazio edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak garatzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Deialdi honen babesean finantzatzen diren dirulaguntzak, SEEParen barruan, hemen kokatzen dira: 05. osagaiaren ("Ur-bazterrak eta baliabide hidrikoak") 2. inbertsioa (C05.I02): "Ibaia-ekosistemen jarraipena eta leheneratzea, akuiferoak berreskuratzea eta uholde-arriskua murriztea". Dirulaguntzen bidez deialdiari atxikiriko helburuak betetzen lagundu nahi da, SEMaren arau erregulatzaileekin eta Berreskuratze Planarekin bat etorriz, Europan eta Estatuan.
Diruz laguntzen diren jarduketek, bereziki, balio behar dute erdiesteko 77. mugarria, zeina baitago Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 5. osagaiaren 2. inbertsioan. Inbertsio horrek trantsizio ekologikoari egin beharreko ekarpena planaren 035 esku-hartze arloaren bidez esleitu da: "Klima aldaketara egokitzeko neurriak eta klimarekin lotutako arriskuen prebentzioa eta kudeaketa: uholdeak (horien barnean direla sentsibilizazio ekintzak, babes zibila, hondamendiak kudeatzeko sistemak eta azpiegiturak eta ikuspegi ekosistemikoak)". Zehazki, %100eko koefizientea du bai klima ekarpenean bai ingurumen ekarpenean.
2. oinarria.–Lurralde-eremua.
Deialdi honen lurralde-eremuan sartzen dira Ebro ibaiaren eta haren ibaiadar nagusien (Ega, Arga, Aragoi, Alhama, Queiles eta Huecha) ertzeko Nafarroako udalerriak.
3. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
1. Dirulaguntza hauek honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 731/2022 Errege Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzeko erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta, modu osagarrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea. Orobat aplikatuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa.
2. Dirulaguntza hauek SEEPekoak direnez, planaren exekuzioa arautzen duten Europako eta Estatuko xedapenak ere kontuan hartuko dira:
a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, SEMa eta hura garatzeko araudia ezartzen dituena.
b) "Kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioa aplikatzeko gida teknikoa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (2021/C 58/01).
c) HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, SEEP kudeatzeko sistema egituratzen duena.
d) HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek jakinarazi beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen duena, jarraipena egiteko SEEParen osagaien mugarri eta helburuei eta hango neurrien aurrekontu eta kontabilitateari.
e) HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, SEEP gauzatzen duten prozeduretako interes gatazkaren arriskuaren azterketa sistematikoari buruzkoa.
4. oinarria.–Pertsona edo entitate onuradunak.
1. Pertsona fisiko edo juridikoak, pribatuak, estatukoak edo atzerritarrak, 2. oinarrian zehaztutako lurralde-eremuan dauden higiezinen, eraikinen, ekipamenduen edo instalazioen jabe direnak, eta deialdi honetan aurreikusitako jarduketa-kategorietako batean definitutako jarduerak gauzatzen dituztenak.
Jabeen erkidegoak ere laguntz hauen onuradun izaten ahalko dira. Kasu horretan, jabeen erkidegoko ordezkari edo ahalordedun bakarra izendatu beharko da, aski ahalorde duena onuradun diren aldetik bete behar dituen obligazioak betetzeko.
2. Aurreko puntuan zehaztu diren titularrak onuradun izanen dira baldin eta, gainera, ondoko betebehar hauek ere betetzen badituzte:
a) Onuradun izatea eragozten duten kasuetako bakar batean ere ez egotea, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoarekin. Bereziki, Gizarte Segurantzarekiko eta Foru Ogasunarekiko zerga-betebeharrak egunean izatea.
b) Finantzatuko diren jarduerak egiteko behar beste bitarteko eta gaitasun izatea.
c) Aurreikusitako jarduketak egiteko behar diren baimenak lortzeko moduan egotea.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).
Ordainketa epeak bete direla honela frogatuko da:
a) Kontabilitate arauekin bat, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez.
b) Kontabilitate arauekin bat, kontu hori aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
Debeku hori automatikoki hartuko da aintzat, eta indarrean jarraituko du hura eragin duten inguruabarrek segitzen duten bitartean.
4. Onuradun izateko exijitzen diren inguruabarrak betetzen direla egiaztatzeko, 9. oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuko dira eskaera egiten den unean. Ondoren, eta dirulaguntza ordaindu baino lehen, kudeaketa organoak datu hauek baieztatuko ditu, edo egiaztagiriak aurkezteko eskatuko du, erantzukizunpeko adierazpenaren kasuan.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Kategoria hauetako bati dagozkion proiektu eta jarduketek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:
a) Urari sartzen uzten ez dioten edo ura ateratzea errazten duten instalazioak eta ekipamenduak erostea eta instalatzea; esaterako, honako hauek:
–Uhateak edota hesiak, aldi baterakoak edo iraunkorrak.
–Ura ateratzeko ponpak.
–Atzera ezineko balbulak eta bestelako elementuak.
b) Elementu kalteberak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak, hala nola:
–Fatxadak iragazgaiztea edo birdiseinatzea, uholdeen aurreko erresilientzia hobetzeko.
–Perimetro-hormak eraikitzea edo hobetzea.
–Baoak babestea edo zigilatzea (leihoak, aireztapeneko saretak, instalazioak aireberritzeko patioak...).
–Instalazio kalteberak babestea edo lekualdatzea (kaxa elektrikoak, transformadoreak, galdarak, erregai biltegiak eta abar).
–Lehendik dauden ekipamenduen eta eraikinen uholde-arriskua gutxitzeko eta erresilientzia handitzeko aukera ematen duten beste obra batzuk.
c) Nekazaritzako ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak, hala nola:
–Uholdeen aurkako uhateak eta/edo hesiak instalatzea, aldi baterakoak edo iraunkorrak.
–Kanpoko hormak eta zolatak zigilatzea eta iragazgaiztea.
–Sarrera-atalaseak igotzea edo zigilatzea.
–Azpiegiturak/ekipamenduak/instalazioak goratzea edo babestea.
–Drainatze-sistemak sortzea, handitzea edo hobetzea, eta sareak eta ureztatze-sistemak birdiseinatzea, lurzoru naturalaren azpitik igarotzeko.
–Babes naturaleko bandak sortzea.
–Laboreak berrantolatzea/txandakatzea eta uholde-arriskuari aurre egiten dioten espezieak hautatzea.
–Aldi baterako uholde kontrolatuko eremuak sortzea.
–Eta abar.
d) Abeltzaintzako ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak; esaterako, honako hauek:
–Animalientzako aldi baterako ostatua.
–Artegi iraunkorrak edo aldi baterakoak.
–Sartzeko arrapalak eraikitzea.
–Uholdeen aurkako hesiak.
–Nabeen lurzorua goratzea.
–Ekipamenduak edo instalazioak goratzea edo babestea.
–Kanpoko hormak zigilatzea eta iragazgaiztea.
–Eta abar.
e) Autobabeserako planak idaztea, uholde-eremuko enpresa, kanpin, kirol- eta aisialdi-instalazio, adinekoen egoitza eta antzekoen kasuan, eta plan horiei loturiko abisu- eta alerta-sistemak ezartzea.
2. Aurreko puntuan deskribatutako kategoriak gorabehera, jarduketak bi motatakoak izan daitezke, deialdi hau argitaratzen den egunean zenbatean gauzatu diren kontuan hartuta:
–Jada gauzatu diren jarduketak. Benetan ordaindu direnak eta, beharrezkoa bada, obra amaierako akta edo instalazio ziurtagiria dutenak.
–Gauzatzeke dauden jarduketak. Beste guztiak.
3. Jarduketa guztiek errespetatu beharko dituzte Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak eta horren ondoriozko araudiak ezartzen dituzten baldintzak, baita aplikatzekoa den hirigintzako eta ingurumeneko araudia ere.
4. Hala eskatzen duten jarduketek administrazio eskudunen baimenak izan beharko dituzte.
6. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe dagozkionak, baldin eta horretarako guztiz beharrezkoak badira, deialdi honetan eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako epe eta baldintzetan egiten badira, eta emandako dirulaguntza justifikatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu badira.
2. Diruz lagungarriak izanen dira obren zerbitzu osagarrietako gastuak, hala nola memoriak eta txosten teknikoak idaztea, eraikuntza-proiektuak, obra zuzendaritza eta segurtasun eta osasunaren koordinazioa, azterketa topografikoak, geoteknikoak, uholde-arriskuari buruzkoak, eta abar; diruz lagungarriak dira, halaber, instalazio elektriko berrietarako espedientea irekitzeko tramiteek, legeztatzeak eta ziurtagiriek eragindako gastuak.
Eraikuntza-proiektua idazteko eta obra zuzendaritzarako, haietako bakoitza exekuzio materialaren aurrekontuaren %5ekoa izanen da gehienez.
3. Hautagarriak izanen dira lurrak erosteko gastuak eta uholde-arriskuaren aurrean babesteko jarduketek ukitzen ahal duten beste edozein eskubideren kalte-ordainenak, bai eta jarduera uzteak eta uholde-arrisku handiko tokietan dauden abeltzaintzako ustiategiek erregistroan baja emateak eragindako kalte-ordainenak ere. Hautagarriak izanen dira, halaber, dauden eraikinak eraisteko gastuak, baldin eta helburua bada lurrak uholde-arriskuaren aurrean egokitzea.
4. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak finantzatutako inbertsioa dela zabaltzeko eta publizitatzeko betebeharrek, 16. oinarrian jasotakoek, eragindako gastuak ere sartzen ahalko dira.
5. Jarduketa bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen aurrekontuaren %70 izanen da, BEZik gabe. Jarduketa bakoitzari, gehienez, 50.000 euroko laguntza ematen ahalko zaio.
6. Diruz lagungarriak izateko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzun ondoren, kreditu erabilgarririk badago, erabiliko da laguntzaren gehieneko zenbatekoa dela-eta erantzun gabe gelditu diren eta puntuazio handiena duten eskaeren bukaerako esleipena handitzeko, betiere dirulaguntzaren gehieneko portzentajeak errespetatuta.
Horren ondoren oraindik ere kreditu erabilgarria badago, eskaera guztien laguntza portzentajea handituko da, neurri berean, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
7. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueren ehuneko ehun azpikontratatzen ahalko da.
8. Ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Uholde-arriskurako egokitzapenarekin zuzeneko loturarik ez duten konponketak edo hobekuntzak egiteko obrak edo jarduketak.
b) Jabari publiko hidraulikoko ibilguei lotutako uholdeekin zerikusirik ez duten obra edo jarduketak, hala nola euri-urak ebakuatzeko sistema hobetzeko lanak.
c) Eraikuntzetan nahitaez bete beharreko indarreko araudiak, bai eta ingurumen-legeria nazionala eta Europakoa ere, betetzen ez dituzten edo betetzen uzten ez duten jarduketak. Inola ere ezinen dute dirulaguntzarik jaso Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan jasotako klimaren eta ingurumenaren arloko helburuei zuzenean edo zeharka kalte nabarmena eragiten dieten jarduketek.
d) Europar Batasuneko edo estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.
e) Zuzeneko eta zeharkako zergak, horien artean BEZa.
f) Onuradunaren zeharkako kostuak: kudeaketa- eta administrazio-gastu espezifikoak (gastu arruntak barnean direla, hala nola argia, ura, gasa, telefono finkoa, Interneterako konexioa edo telefonia mugikorra).
g) Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario- edo erregistro-gastuak, peritu-gastuak, administrazio-gastu espezifikoak eta banku-bermearen gastuak.
h) Oro har, argi zehaztuta ez dauden edo dirulaguntzaren helburuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastu guztiak.
7. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epea.
Jarduketak hasirik egoten ahal dira dirulaguntza eskaera baino lehenagotik, baina betiere 2021eko martxoaren 6aren ondotik (obra bat denean, zuinketa akta egiteko data), irailaren 6ko 731/2022 Errege Dekretuaren 11. artikulua aplikatuta. Errege dekretu horrek Aragoi eta Errioxako autonomia erkidegoei eta Nafarroako Foru Komunitateari zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen du, Ebro ibaiaren erdiko tartean eta haren ibaiadar nagusietan dauden eraikuntza, ekipamendu eta instalazio edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak garatzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Obrak bukatzeko gehieneko epea ezartzeko, kontuan hartuko da noraino dauden gauzatuta:
–Jada gauzatu diren jarduketak: ez da beharrezkoa bukatzeko eperik ezartzea.
–Definituta dauden edo hasierako fasean dauden jarduketak: 2025eko irailaren 1a.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek emanen dira norgehiagokako prozeduraren bidez, aurkeztutako eskaerak alderatuz, haien arteko ordena ezartze aldera; nolanahi ere, baimendutako gastua aski bada aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen hurrenkera hori ezartzea eta aurkeztutako ordenaren arabera erantzunen zaie.
2. Eskaeren lehentasun-hurrenkera prestatzeko, honako balorazio-irizpide hauek aplikatuta lortzen diren puntuen batuketa eginen da (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):
BALORAZIO IRIZPIDEAK | PUNTUAK |
Gauzatu gabe dauden jarduketak | 25 |
2021eko abenduan izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrietako jarduketak (1) | 20 |
Uholderako arrisku potentzial handiko eremuan dagoen elementua (2) | 15 |
10 urteko errepikatze-denbora duen uholde-eremuan egiten diren jarduketak (3) | 15 |
100 urteko errepikatze-denbora duen uholde-eremuan egiten diren jarduketak (3) | 5 |
Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan edo beste enpresa batzuetan egindako jarduketak (4) | 15 |
Eskaerarekin batera aurkezten den dokumentazio teknikoaren koherentzia, kalitatea eta argitasuna | 10 gehienez |
(1) Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 30eko 81/2021 Foru Aginduan jasota dago 2021eko abenduko ezohiko euriteen eta uholdeen ondorioz Ebro ibaiaren Nafarroako arroan kalteak eduki zituzten udalerrien zerrenda. (2) Kudeaketa-organoak ebaluatutako irizpidea. Elementua eremu horretako batean dagoen kontsultatzen ahal da Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren SITEbro bisore kartografikoan: http://iber.chebro.es/SitEbro/sitebro.aspx capa SNCZI -> EPRI-> ARPSIS. (3) Kudeaketa-organoak ebaluatutako irizpidea. Uholde-arriskuko eremuak mugatuta ez badaude, Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Ataleko langileak arduratuko dira uholde-arriskurik dagoen aztertzeaz. Era berean, higiezinaren edo instalazioaren uholde-arriskua egiaztatzen duten dokumentu grafikoak aurkezten ahalko dira, balora daitezen. (4) Eskatzailea jabeen erkidegoa bada, eraikin horietan kokatutako enpresei ez zaie aplikatuko irizpide hau. | |
9. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskaera hilabeteko epean aurkeztu beharko da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
2. Eskaerak, ahal dela, telematika bidez aurkeztu behar dira, dirulaguntza honen fitxan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-privadas-y-personas-fisicas-para-adaptacion-al-riesgo-de-inundacion-dentro-de-la-estrategia-ebro-resilience-2024-2025). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve sistema eduki beharko dira. Dena dela, eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroaren bidez ere aurkezten ahalko dira (González Tablas 9, beheko solairua, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean. Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, dirulaguntza deialdi honen izena aipatuta.
3. Pertsona juridikoek nahitaez aurkeztu behar dituzte telematika bidez eskabidea eta gainerako agiriak.
4. Jarraian zehazten diren agiri guztiak erantsiko zaizkio eskabideari, bereizirik eta behar bezala identifikatuta (adibidez, "Memoria", "Izendapenaren akta" eta abar).
a) Laguntza-eskabidea (I. eranskina: https://www.navarra.es/documents/48192/34424885/Anexo+1.docx/8a05915e-0391-7967-a47e-9c36d02ad011?t=1716890753334), adierazita dirulaguntzarako aurkezten diren jarduketen izena, zer kategoriatakoak diren (5. oinarrian xedatutakoaren arabera), gauzatze maila eta zenbatekoa (BEZik gabe).
b) Ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, eskatzailea ez den beste norbaitek aurkezten badu eskaera.
c) Eskaera jabeen erkidego baten izenean egiten bada, erkidegoko gaur egungo lehendakaria izendatzeko aktaren kopia.
d) Jarduera ekonomikoak egiten badira, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko agiria. Hartan jaso beharko da zer jarduera ekonomiko egiten den egiaz laguntza eskatzen den unean.
e) Enpresen kasuan eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan: erantzukizunpeko adierazpena edo Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda dagoen auditore batek emandako ziurtagiria (kontabilitateko araudiaren arabera dagokiona), egiaztatzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen direla.
f) Kasu guztietarako: deskripzio-memoria, edo teknikari eskudunak sinatutako eraikuntza-proiektua, 40.000 eurotik gorako obren kasuan. Honako hauek jaso beharko ditu: helburua, irismena, kokapena (katastroko informazioa ere bai, beharrezkoa bada), hasierako eguna (eta bukaerakoa, obra jada gauzatuta badago), egiteko epea eta aurrekontu zehaztua.
g) Datuak lagatzeko eta tratatzeko adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez (II. eranskina: https://www.navarra.es/documents/48192/34424885/Anexo+2.docx/50b583f9-b669-2968-e762-e4b32161b83c?t=1716890749817).
h) Zeharkako printzipioekiko konpromisoaren adierazpena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez (III. eranskina: https://www.navarra.es/documents/48192/34424885/Anexo+3.docx/07d0ec12-308a-810f-f946-cdd22668c7d5?t=1716890752253); zehazki, honako alderdi hauen gaineko adierazpena eginen da:
–Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko eta detektatzeko behar diren neurriak hartzea, eta, kasua bada, atzemandako ez-betetzeak dagokien agintariei jakinaraztea.
–Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea, DNSH printzipioa (Do Not Significant Harm).
5. Administrazioaren esku ez dagoen banku-helbide batean kobratu nahi bada laguntza, kontu-korrontea erregistratu beharko da dirulaguntza eskatzeko fasean, fitxa honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
6. Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den, eta datu babesturik baldin bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, eta baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari sarbidea izateko.
10. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalaren bidez, berak aztertuko baititu jasotako eskaera guztiak eta dokumentazioa. Gainera, neurriak hartuko ditu iruzurra eta ustelkeria prebenitu, detektatu, jakinarazi eta zuzentzeko, eta interes-gatazkari eta finantzaketa bikoitzari aurrea hartzeko.
2. Espedientea prestatzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonen interes-gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA) jasoko da espedientean. Adierazpen hori bat etorriko da urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduaren IV. eranskinean jasotako ereduarekin. Agindu hori SEEPa gauzatzen duten prozeduretan interes-gatazka izateko arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa da.
3. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, errekerimendua jaso eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
4. Eskaerak aztertuta eta zuzenketak eginda, baldintza guztiak eta behar den dokumentazioa betetzen dituzten administrazio espedienteak baloratuko ditu oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.
Puntuazioetan berdinketarik bada, lehentasuna emanen zaie balorazio-irizpideetan puntu gehien lortu dituzten eskatzaileei, eta horretarako jarraikiko zaio 8. oinarriko 2. puntuan ageri den taulako ordenari. Irizpide guztietan lortutako puntuazioetan ere berdinketarik bada, lehentasuna izanen du lehenago aurkeztutako eskaerak.
5. Kudeaketa unitateak txosten justifikatua emanen du proiektu edo jarduketa bakoitzari emandako puntuazioei buruz. Txosten horretan adierazi beharko du onuradunek bete egiten dituztela dirulaguntza hauek jaso ahal izateko baldintza guztiak. Orobat, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintzak betetzen badituzte ere aurrekontuko muga dela-eta deialditik kanpo geratu diren hautagaiak biltzeko.
Laguntzak puntuazio-hurrenkeraren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte. Azken proiektu diruz lagungarrirako diru aski ez badago aurrekontuan, dagoen zenbateko erabilgarria emanen zaio aurrekontuko saldoa ahitu arte.
6. Balorazioa bukatuta, unitate kudeatzaileak behin-behineko ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoituta, eta modu telematikoan jakinaraziko zaie onuradunei, entzunaldia emanda 10 egun baliodunez, egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko. Entzunaldiaren izapidea alde batera utz daiteke, prozeduran interesdunek azaldutako egitateak, alegazioak eta frogak bakarrik agertzen direnean eta besterik agertzen eta kontuan hartzen ez denean. Halakoetan, aurkeztutako ebazpen proposamena behin betikoa izanen da.
Behin betiko ebazpen proposamena eman ondoren, laguntzak ematen dituen organoari igorriko zaio zuzenean, erakunde eskatzaileen onarpenaren beharrik gabe.
11. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Hauek adieraziko ditu:
a) Dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, kasua bada, berariaz adierazita gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz. Orobat, adieraziko da horietako bakoitzari emandako puntuazioa "Dirulaguntza emateko irizpideak" izeneko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera.
b) Ondorio horietarako diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoa eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
c) Proiektua edo jarduketa bukatzeko eta jarduketak egin direlako justifikazioa aurkezteko gehieneko epeak.
3. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.
4. Dirulaguntza eman eta jakinarazi ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio edo justifikatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada eta, horren ondorioz, kreditua askatzen bada, kreditu hori honela erabiliko da: lehendabizi, nahikoa kreditu egon izan balitz zegokien laguntza osorik jaso behar zuten eskaerei erantzunen zaie, eta, bigarrenik, eta lehentasun-hurrenkeraren arabera, onetsi bai baina dirulaguntzarik jaso ez dutenei, nahikoa aurrekontuan nahikoa kontsignazio ez izateagatik. Dena den, horretarako baldintza izanen da jarduerak amaitzeko eta haien gastua justifikatzeko epeak betetzea (7. eta 12. oinarrietan ezarritakoak, hurrenez hurren).
5. Laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, hasierako aurrekontuan jasotako kostuen aldaketak barne, aldatzen ahalko dira ofizioz edo onuradunak eskatuta, baldin eta aldaketek ez badituzte aldatzen dirulaguntzaren izaera edo helburuak eta ez badute eragiten funtsean aldatzea diruz lagundutako jarduketen multzoa, soil-soilik irailaren 6ko 731/2022 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan. Errege dekretu horrek Aragoi eta Errioxako autonomia erkidegoei eta Nafarroako Foru Komunitateari zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen du, Ebro ibaiaren erdiko tartean eta haren ibaiadar nagusietan dauden eraikuntza, ekipamendu eta instalazio edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak garatzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
12. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.
1. Ordainketa eskatzeko, diruz lagundutako jarduketak egin direla egiaztatzen duen dokumentazio guztiak aurkeztuta egon beharko du, beranduenez, data honetan:
–2025eko martxoaren 31, jada gauzatu diren jarduketetarako.
–2025eko irailaren 1a, gainerako jarduketetarako.
2. Ordainketa eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Egindako jardueraren memoria, xehetasunez azaldua, egindako jarduketaren argazkiak edukiko dituena: jarduketa egin baino lehenagokoak, egiten ari zen bitartekoak eta amaitu eta gerokoak (gutxienez 3 argazki), baita erabili diren produktu eta/edo materialen fitxa teknikoak ere. Halakorik ez bada, beharrezkoa izanen da dokumentu bat aurkeztea, teknikari batek izenpetua, jarduketa egin dela egiaztatzen duena.
b) Obrak badira, teknikari eskudunak izenpetutako obra-harreraren akta.
c) Jarduketak baimenak behar izanez gero, lortu direnen kopia.
d) 16. oinarrian ezarritako publizitate eta zabalkunde betebeharra bete dela erakusten duten argazkiak.
e) Gastua egin eta ordaindu dela egiaztatzen duten fakturak edo beste egiaztagiri batzuk. Xehetasunez adierazi beharko dute zer ondasun erosi edo zer obra egin den, eta kontzeptuan ageri beharko da SEEP funtsaren kargura erosi edo egin dela.
f) Fakturen ordainagiriak, gutxienez eduki hau dutenak:
–Transferentzia-jaulkitzailearen izena.
–Onuradunaren izena.
–Zenbatekoa.
–Zordunketaren data.
–Kontzeptua, non faktura zenbakia agertuko baita.
Gauzatan egindako ordainketak ez dira onartuko. Fakturen ordainagirien bidez inbertsio osoa ordaindu dela frogatu beharko da.
Onuradunak jatorrizko dokumentazioa eta kontabilitatea aurkeztu beharko ditu, beharrezko egiaztapenak egiteko eskatuz gero.
g) Jarduketak azpikontratatzen badira edo hornitzaile batek gauzatzen baditu:
–Hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpidez hautatu izanaren justifikazioa (horretarako eredu bat emanen da), 3 proformako faktura edo aurrekontu aurkeztuz, baldin gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 40.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeagatiko kostuaren kasuan, edo 15.000 eurotik gorakoa bada, ekipo-ondasunen horniduraren edo aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan. Hau ez da aplikatuko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
–Datuak lagatzeko eta tratatzeko adierazpena, hornitzaileak sinatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzeari dagokionez (II. eranskina).
–Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduketak gauzatzeari buruzko konpromisoa (III. eranskina), hornitzaileak sinatua.
h) Dirulaguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.
3. Eskaerak aipatutako dokumentazioa ez badu, kudeaketa unitateak eskatzaileari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.
4. Laguntzen ordainketen gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren ordainketa.
1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako dokumentazio teknikoarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.
Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietarako joko du, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
Kontrol horien barnean, bisitak eginen dira, bertatik bertara egiaztatzeko inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.
3. Emandako laguntza baino gastu handiagoa justifikatzen bada, ematean adierazitako kopurua baino ez da ordainduko.
4. Eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, dirulaguntza ordainduko da, onartu den kopuruan, eta, lanak onetsi direnenean aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, eta benetan frogatzen den inbertsioarekin egokituko da.
5. Aurreko murrizketa eta bazterketa horiek ez dira aplikatuko baldin eta onuradunek frogatzen badute ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:
a) Hondamendi natural larria, diruz lagunduriko instalazioa edo makineria nabarmen kaltetu duena.
b) Inbertsioa ustekabean suntsitzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik eta Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuari garaiz eta behar bezala jakinarazi dizkion arrazoiengatik.
c) Inbertsioa ezin egitea, hornidura-arazo orokortuak direla-eta, baldin eta frogatzen bada materialak behar besteko aurrerapenaz enkargatu direla eta atzerapena gertatu dela onuradunari ez dagozkion arrazoiengatik.
14. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
Laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta harekin bat datozenetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Dirulaguntzen onuradunek, zehazki, betebehar hauek dituzte:
a) Inbertsioak egin eta justifikatu beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean.
b) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.
c) Beharrezkoak direnean, nahitaezko lizentziak eta baimenak izatea, diruz lagundutako jarduerak hasten diren unean.
d) Dirulaguntza jaso duten inbertsioak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatzea, gertatzen den unean, proiektua edo jarduketa gauzatzean izandako edozein gorabehera, berekin dakarrena aldaketaren bat edukian edo kostuan. Laguntzak kudeatzen dituen organoak onetsi beharko du edozein aldaketa proiektua gauzatzean, aldaketa funtsezkoa nahiz formakoa izan.
f) Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan entitate edo pertsona onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez da urratu behar, eta, zehazki, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izan behar dira. Baldintza hauek bete behar dira dirulaguntza ordaintzen den unera arte.
g) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.
h) Irailaren 6ko 731/2022 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea. Errege dekretu horrek Aragoi eta Errioxako autonomia erkidegoei eta Nafarroako Foru Komunitateari zuzeneko dirulaguntzak ematea arautzen du, Ebro ibaiaren erdiko tartean eta haren ibaiadar nagusietan dauden eraikuntza, ekipamendu eta instalazio edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketak garatzeko, Ebro Resilience Estrategiaren barruan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
15. oinarria.–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzak lortzeagatik bete beharrekoak.
1. SEMek finantzatutako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek, gainera, honako betebehar hauek dituzte:
a) Funtsen azken jasotzaileari buruzko datuak ematea, onuraduna ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken jasotzailea adjudikazio boterea bada, kontratazio publikoaren arloko zuzenbidearen arabera.
b) Onartzea datuen lagapena egitea inplikatuta dauden administrazio publiko guztien artean, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
c) SEEPan ezarritako zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoa hartzea, besteak beste, ekonomia zirkularraren printzipioa eta «ingurumenari kalte nabarmenik ez egitea» printzipioa, eta orobat SEEPan ezarritako etiketatu berde eta digitala betetzea.
d) Egiaztatzea, jarduera ekonomikorik aurrera eramanez gero, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan inskribatuta dagoela, eta hor azaltzea laguntza eskatzen den unean egiaz aurrera eramaten duen jarduera ekonomikoa.
e) Hurrengo oinarrian jasotako publizitate eta hedapen betebeharra betetzea.
f) Laguntza ongi eman dela eta inbertsioa ongi gauzatu dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea. Horretarako, jaso diren funtsak nola aplikatu diren justifikatzen duten dokumentuak gorde behar dira, dokumentu elektronikoak ere barne.
Zehazki, pertsona juridikoen kasuan, kontabilitate-sistema bereizi bat edo kontabilitate-kode egoki bat mantendu beharko da proiektuarekin edo jarduketarekin lotutako transakzio guztietarako, eta dokumentuak formatu elektronikoan gorde beharko dira bost urtez, eragiketa egiten denetik aurrera, edo hiru urtez, finantzaketa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada.
g) Aitortzea Foru Komunitateko Administrazioak eta aipatutako Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organismo europar guztiek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko duten aukera.
h) Onartzea Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren, Europako Kontuen Auzitegiaren eta Europako Fiskaltzaren kontrolak, eta aitortzea Europako erakunde horiei eta agintari nazionalei beren eskumenak gauzatzeko behar duten informazioa eskuratzeko duten eskubidea.
i) Baimena ematea Batzordeari, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoari (OLAF), Kontuen Auzitegiari eta, bidezkoa denean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluko 1. apartatuan aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzeko. Dirulaguntza jaso ahal izateko, baimen hori aurkeztu beharko da, idatziz.
2. a), b) eta c) letretan ezarritakoaren ondorioetarako, laguntzen eskatzaileek oinarri arautzaile hauetako II. eta III. eranskinak aurkeztu beharko dituzte.
16. oinarria.–Zabalkunde- eta komunikazio-neurriak betetzea.
Europar Batasuneko funtsen hartzaile guztiek, oro har, finantzaketaren jatorria aitortu eta haren ikusgarritasuna bermatu behar dute. Horretarako, laguntza hauen onuradunek jarraian ageri diren betebeharrak bete beharko dituzte publizitateari eta zabalkundeari dagokienez, jarraikiz ezarrita dagoenari Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan:
a) Diruz lagundutako obra, ondasun eta dokumentu guztietan (informazio-kartelak, plakak, pegatinak eta abar) honako logo hauek paratu beharko dira, ezkerretik eskuinera, eta jarraian adierazten den bezala:
1. Europar Batasunak "NextGenerationEUk" finantzatua.
2. Espainiako Gobernua + Osagaiaren ardura duen Ministerioa, deialdiak hala eskatzen badu.
3. Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (SEEP).
4. Nafarroako Gobernua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aipamenarekin.
"SEEParen markaren eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, SEEParen ikusizko identitatearen webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: http://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual, material grafikoak deskargatzeko orri ofiziala baita, eta hainbat euskarriren maketazioaren beste adibide batzuk lortzeko tokia.
b) Informazio-kartelak eta plakak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.
17. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta finantzaketa bikoitzaren prebentzioa.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren –nazionalak edo nazioartekoak– beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta dirulaguntza horiek kostu bera estaltzen ez badute, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 7. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera.
Aitzitik, deialdi honen bidez emandako dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste honen bidez emandakoekin: "Dirulaguntzak Ebroko arroko eraikinak, ekipamenduak, instalazioak edo ustiategiak uholde-arriskura egokitzeko jarduketetarako, Europar Batasunak-NextGenerationEUk finantzaturiko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan". Dirulaguntza Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 607E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen.
2. Laguntza hauen bidez emandako finantzaketa ez da bateragarria Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuen finantzaketarekin, eta ezin izanen dira diruz lagundu Estatuko Administrazio Orokorraren finantzaketa duten jarduketak, harekin egindako hitzarmen edo protokolo batean sartuta daudelako.
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jarduketaren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.
4. Arestian ezarritakoaren ondorioetarako, erakunde onuradunak Uraren Kalitatearen eta Obra Hidraulikoen Atalari jakinarazi beharko dio helburu bererako beste dirulaguntza batzuk jaso dituela, edo dirulaguntza ez den beste edozein sarrera edo finantzaketa, diruz lagundutako jarduerak ez dezan gainfinantzaketarik jaso. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
18. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Deialdi honetako laguntzak ematean ezarritako baldintzetako bat edo irailaren 6ko 731/2022 Errege Dekretuan ezarritako betebehar eta eskakizunetako bat betetzen ez bada, edo azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada, arrazoi nahikoa izanen da laguntza itzuli behar dela erabakitzeko, bai eta dagokion berandutze-interesa eskatzeko ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa egin behar dela erabakitzen den egunera arte, edo onuradunak itzulketaren sarrera egiten duen egunera arte, hura baino lehenagokoa bada; edo kobratzeko eskubidea galtzeko, lege horretan ezarritako prozeduraren arabera.
2. DNSH printzipioa eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduan definitutako jarraipen-metodologia betetzearekin lotutako baldintzak betetzen ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo dirulaguntza itzuli beharko da.
3. Halaber, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo dirulaguntza itzuli beharko da, baldin eta onuradunak betetzen ez baditu 16. oinarrian aurreikusitako betebeharrak, informazioari, komunikazioari, ikusgarritasunari eta publizitateari dagokienez.
4. Konprometitutako jarduketaren bat epe barruan gauzatzen ez bada, bukatu gabeko jarduketei esleitutako laguntzaren zenbatekoa murriztuko da. Jarduketa bat edo jarduketa multzo bat guztiz bukatuta dagoela ulertuko da, baldin eta ezarritako epeetan zerbitzuan jarri badira, hasiera batean planifikatu zen eginkizuna betetzen ari badira eta laguntzak emateko ebazpenean zehaztutako adierazleak betetzen ari badira.
5. Itzulketa egitea edo kobratzeko eskubidea galtzea proportzionaltasun-printzipioaren arabera ezarriko da, mailaketa honi jarraikiz:
a) Dirulaguntza baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz lortzea: % 100.
b) Eskaeraren helburuak erabat ez betetzea: % 100.
c) Eskaeraren helburuak partzialki ez betetzea: bete ez diren helburuekiko proportzionala, dagokion deialdian ezarritako baldintzetan.
d) Baldintza ekonomikoak betetzen ez badira, ez da onartuko gastuen % 100, baldin eta 10. artikuluan, gastu diruz lagungarriei buruzkoan, jasotako alderdiak betetzen ez badira, ezta deialdi bakoitzerako zehaztutakoak ere.
e) Informazioaren, komunikazioaren, ikusgarritasunaren eta publizitatearen arloan 16. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea, ez eta deialdi bakoitzerako zehaztutakoak ere: % 50.
f) Baldintza teknikoak ez betetzea: proiektua gauzatzeko aurkeztutako gastu zehatzaren % 100eraino, proiektuko jardueretan baimendu gabeko aldaketak eginez gero.
g) Jardueraren emaitza edo produkturen bat ez lortzeari edo espero baino kalitate txikiagoa izateari buruzko ez-betetzea, hori lortzeko egindako ahalegina behar bezala justifikatu gabe: aurreikusitako eta hasieran onetsitako emaitzak edo produktuak lortzeari dagokionez bete ez denaren araberakoa.
6. Murrizketarako arrazoiak, mota berekoak, bat baino gehiago direnean, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz metatuko dira, eta onuradunak azkenean jasoko duen zenbatekoa zehazteko aplikatuko dira. Hainbat motatako ez-betetze batzuk gertatuz gero, arrazoi bakarra aplikatuko da jaso edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko; zenbateko handiena izanen da. Beraz, arrazoiak berdinak ez badira, ez dira metagarritzat hartuko.
Aurrekoa gorabehera, honako kasu hauetan murrizketa aurreko puntuetan zehaztutako gainerako arrazoiei metatuko zaie beti:
a) Proiektuaren jarraipen- edo kontrol-lanak ez erraztea: emandako laguntzaren %10, gehienez.
b) Justifikazio-agiriak behar bezala ez bidaltzea: emandako laguntzaren % 5, gehienez.
7. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen II. tituluan eta hura garatzeko Erregelamenduaren III. tituluan aurreikusitako itzulketa-prozedura aplikatuko da, hargatik eragotzi gabe xedaturik dagoena Estatuko 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 7. artikuluaren zazpigarren arauan eta, hala badagokio, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduan.
8. Deialdi honetan araututako dirulaguntzaren onuradunari dirulaguntza itzul dezan galdegiteko eskumena Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
9. Kasu bakoitzean bidezkoak diren itzulketak ukatu gabe, toki erakunde onuradunek dirulaguntzen arloan egin ditzaketen arau-hausteak mailakatu eta zehatu eginen dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. tituluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako haren Erregelamenduaren IV. tituluan ezarritakoaren arabera.
19. oinarria.–Dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), emandako dirulaguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
20. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan ezartzen denez, entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.
21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F2408972
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
