Iragarkia
128. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 5ean hartua, zeinaren bidez onesten baita "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura egokitzea Endarlatsa-Doneztebe tartean, bide berde gisa erabiltzeko" udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa, Cederna Garalur elkarteak sustatua, haren hirigintza araudia egokitzeko eta Doneztebe-Elizondo tartea gehitzeko.
I.–Xedea.
Aldaketa honen xedea da "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura egokitzea Endarlatsa-Doneztebe tartean, bide berde gisa erabiltzeko" udalez gaindiko proiektu sektorialaren erregulazioa zabaltzea trenbide horrek Nafarroan duen trazaduraren gainerako zatira. Doneztebeko, Bertizaranako eta Baztango udal mugarteetan du eragina.
Tarte berria gehienbat trenbide zaharrean oinarritzen da, baina pista edo tokiko errepide zati batzuk ere baliatzen ditu; 15,3 km inguruko luzera du, eta herri hauetan barna doa: Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz eta Elizondo.
Halaber, aldaketa hau erabiliko da udalez gaindiko proiektuaren hirigintza araudia haren izaerara, aurreikuspenetara eta irismenera egokitzeko.
II.–Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramiteak.
Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, aldaketaren espedientea onetsi zen hasiera batez (2022ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 17koa), eta jendaurreko tramitea eta aldaketak ukitzen dituen udalei entzunaldia ematekoa bete ziren.
Tramite horietan 4 alegazio-idazki jaso dira. Horien laburpena eta erantzuna erabaki honen I. eranskinean bildu dira.
III.–Txosten sektorialak.
Espedientean daude honako hauek aldaketaren alde emandako txostenak: Herri-lurren Atala, Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua, Ondare Historikoaren Zerbitzua, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa. Azken biek egiten dituzten zenbait ohar aintzat hartu beharko dira aldaketa garatuko duten eraikuntza proiektuen idazketan, tramitazioan eta exekuzioan.
IV.–Ingurumen ebaluazioa.
Ingurumeneko zuzendari nagusiak abenduaren 18an emandako 1086E/2023 Ebazpenaren bidez, hizpide dugun lurralde planeamendurako tresnaren aldaketari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen. Ebazpen horretan ingurumen arloko baldintza batzuk jasota daude, sustatzaileak aurkeztu duen azken agirian kontuan hartu direnak. Geroago, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txosten bat egin zuen, 2024ko apirilaren 19koa, non adierazten baitu udalez gaindiko proiektu sektorialaren dokumentazioa eta trazadura bat datozela ingurumen-inpaktuaren txostena egin zuen abenduaren 18ko 1086E/2023 Ebazpenean ezarritakoarekin, eta aurkeztutako kartografian atzemandako akats baten berri ematen baitu. Sustatzaileak zuzendu du akats hori.
V.–Kontuan hartu beharrekoak.
Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 25ean hartutako Erabakian, aldaketa hasiera batez onetsi zuen hartan, ohar batzuk jasotzen ziren, eta horiek agiri batean jorratu ditu sustatzaileak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ondorengo errekerimenduetan adierazitako beste oharrekin batera.
Zehazki, aldaketa hauek gehitu dira agiri horretan: agiriaren izena aldatu da, aldaketa izan dadin, eta ez tresna edo udalez gaindiko proiektu sektorial independentea; osatu da Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legean exijitzen diren edukiekin (legea betetzea justifikatzen duen atala), bai eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) exijitzen direnekin ere, hots: zabaltzearen xede den esparruaren mugaketa grafikoa, lanetarako kalkulatzen den iraupena, bankuko abala, eta bideragarritasun ekonomikoaren azterketa osatu da. Horrekin batera, plan sektorialaren aipamenak zuzendu dira, proiektu sektoriala jartzeko; hirigintza determinaziorik ez zuten planoak informazio planoak dira orain (P.5 zena, lurzatiena, I.5 da orain); indarreko planeamenduarekiko koherentzia justifikatu da (Donezteben "Hiri zerbitzuak" aurreikusita); Oronoz-Mugairin oinezkoentzat eta txirrindularientzat bereizitako trazadura kendu da; Arraiozen argitzen da N-121B errepiderako aurreikusitako gurutzaguneak ez daudela sestran (egun dauden azpiko pasabideak dira); Oronoz-Mugairin, ingurumen-inpaktuaren txostenari jarraikiz, trazadura Bidasoa ibaiaren KBEtik aldendu da; azkenik, agiriko planoen artean atzemandako inkoherentziak zuzendu dira.
Aurrekoa gorabehera, sustatzaileak ez du berrikusi hirigintza araudia, horretarako gomendioa egin bazen ere; araudi horretan jasotzen dira udalez gaindiko proiektu sektorialean aplikatu beharreko hirigintza antolamenduko determinazioak edo hirigintza erregulazioa. Berrikuspen hori, hortaz, ofizioz egin da, eta kendu dira deskribapenak edo justifikazioak jasotzen dituzten testu guztiak, bai eta udalez gaindiko proiektu sektorialaren aurreikuspenekin eta irismenarekin zerikusirik ez duten determinazioak edo gaiak ere; zehazki, baztertu egin dira zenbait determinazio: batetik, bidearen erabilera publikoari buruzkoak, babes arau baten irismenetik kanpo daudelako eta, beharrezkoa izanez gero, erabilera arautzeko ordenantzen bidez ezarri behar direlako, bestetik, udalez gaindiko proiektu sektorialaren esparru geografikora mugatzen ez diren udal planeamendurako determinazioak edo gomendioak, proiektuan sarturik ez dauden lurzoruei dagozkienak, eta, azkenik, udal planeamenduari edo planeamendu sektorialari babes-zerrenda murrizteko bide ematen dioten determinazioak. Halaber, ofizioz eta urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren eskakizunekin bat, haren bidez arautzen baitira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua, proiektuko planoen izena aldatu da, antolamenduko planoak izan daitezen, eta araudia, informazio eta justifikazio memoriaren eranskin gisa aurkeztu baitzen, bereizi egin da, hirigintza araudiari buruzko agiri espezifiko batean jasotzeko.
Beste alde batetik, sustatzaileak onura publikoaren edo interes sozialaren deklarazioa eta presako izaera eskatu ditu, desjabetzearen ondorioetarako, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 45.4 artikuluan jasotako gaikuntzarekin. Eskaera hori justifikatzeko, sustatzaileak adierazi du Bidasoko trenbide zaharraren trazadura Doneztebe-Elizondo tartean bide berde bihurtzeko egokitzapen proiektua, udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa hau eragin duena, Helmugan Turismo Jasangarritasuna Sustatzeko Planean jasotako jarduketa bat dela, eta plan hori Turismo Ministerioak finantzatzen duela Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 14. osagaiaren 1. inbertsioaren barruan, COVID-19aren krisiak sortutako kalteei aurre egiteko, Europak bideratutako Next Generation funtsak baliatuta. Finantzaketa hori jasotzeko, zenbait jomuga eta helburu bete behar dira, besteak beste jarduketa 3 urteko epean gauzatu eta bukatu beharra, ematen den egunetik hasita: 2022ko abenduaren 27a.
Justifikazio hori agiri independente batean aurkeztu da, baina memorian sartu behar da, zehazki 6. atalean ("Instalazioaren interes publikoaren eta onura sozialaren justifikazioa"). Aldaketa hori ofizioz egin da.
Gai honetaz argitu behar da ezen, aldaketa hau onetsi ondoren, haren xedea den jarduketa gauzatu aurretik desjabetze espedientea tramitatu beharko dela, bai eta obra proiektuak ere dagozkien udaletan.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2024ko maiatzaren 20ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioko kontseilariak proposaturik, honako hau,
ERABAKITZEN DU:
1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen I. eranskinean azaldutako moduan ebaztea.
2. Onestea "Bidasoko trenbide zaharraren trazadura egokitzea Endarlatsa-Doneztebe tartean, bide berde gisa erabiltzeko" udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa, Cederna Garalur elkarteak sustatua, haren hirigintza araudia egokitzeko eta Doneztebe-Elizondo tartea gehitzeko.
3. Aldaketa hau garatzen duten eta kasuan kasuko udaletan tramitatzen diren eraikuntza proiektuen idazketan, tramitazioan eta exekuzioan, bete beharko da ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duen Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 18ko 1086E/2023 Ebazpenean eta espedientearen tramitazioan egindako txosten sektorialetan xedatutakoa. Bereziki, ingurumen baldintzak bete beharko dira, bai eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren 2022ko abuztuaren 25eko txostenean eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko martxoaren 24ko txostenean jasotako baldintzak ere.
Horretarako, sustatzaileari igorri beharko zaizkio ebazpena eta txosten sektorialak.
Nolanahi ere, aldaketak eragindako obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoetan.
4. Aldaketa honen onura publikoaren edo interes sozialaren deklarazioa egitea, bai eta presako izaerarena ere, desjabetzearen ondorioetarako.
5. Erabaki hau eta tresnan dauden hirigintza arauak, II. eranskinean jasota daudenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakiteko.
Onetsitako agiria Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuratzen ahalko da.
6. Erabaki hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, honako hauetara: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Herri-lurren Atala, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzua, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Doneztebeko, Sunbillako, Igantziko, Lesakako, Bertizaranako eta Baztango udalak, alegatzaileak eta elkarte sustatzailea.
7. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa).
Iruñean, 2024ko ekainaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
I. ERANSKINA.–ALEGAZIOAK
Espedientearen jendaurreko tramitean eta entzunaldia ematekoan lau alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondotik ematen da haien laburpena eta erantzuna.
C.1. Alegazio-idazkia, Lourdes Karrikaburu Gortari andreak aurkeztua.
Laburpena:
Interesduna 12. poligonoko 371., 334., 365. eta 319. lurzatien jabea da eta, proposatutako bide berdea haietan barna pasatzen denez, eskatzen du trazadura joan dadila bere lurzatien ertzetan mugakide den bidean barna, lurzatietan sartu gabe, eta, bidea horretarako behar bezain zabala ez bada, eta horregatik bere lurzatiak ukitu behar badira, lurzatien itxiturak bide berdearen proiektua egiteko kostuetan sar daitezela.
Horrez gain, alegatzaileak eskatzen du bide berdea erabiltzeko aukera izan dezatela nekazaritzako ibilgailuek, une puntualetan, nekazaritza lanak egiteko, eta aurrerantzean ere erabili ahal izan dadila lurzatietara eta abeltzaintzako eraikinetara nahiz bestelakoetara (aurrerago eraikitzen direnetara barne) sartzeko bide gisa.
Bukatzeko, eskatzen du behin betiko trazadurak ez dezala murriztu 12. poligonoko 319. lurzatiaren azalera, hektarea bat baino gehiagokoa izan dadin betiere, bertan familia bakarreko etxe bat eraikitzeko aukerari eusteko.
Erantzuna:
Interesdunak eskatzen duen aldaera aztertu eta baztertu egin zen alternatiba gisa, eta horretarako arrazoiak ematen dira Memoria izeneko 1. zenbakiko agiriaren 7.2 puntuan. Egun dagoen biribilguneko lubetak okupatzen du alternatiba hori edo trenbidearen trazadura zaharra.
Bestalde, jarduketak ukitzen dituen instalazio guztiengatik kalte-ordaina jasoko da desjabetzeen arloko legeen arabera.
Bidearen erabilera publikoaz alegatzen denaz, berriz, egoki da esatea erregulazio horrek lurralde antolamendurako eta udal hirigintza plangintzarako tresnen irismena gainditzen duela eta erabilera arautzeko ordenantza bati dagokiola.
Azkenik, gogorarazi behar da plangintza egiteak berekin dakarrela administrazio-ahala diskrezionaltasun tarte handiarekin erabiltzea, zeinak administrazioari ahalmena ematen baitio interes orokorrerako egokiagotzat jotzen den alternatiba aukeratzeko, hainbat alternatiba onargarriren artean. Egoki da gogoraraztea, orobat, familia bakarreko etxebizitza bat lurzoru urbanizaezinean jartzeko, zenbait baldintza bete behar direla, besteak beste 200 metroko distantzia egotea hirigune batetik, eta alegatutako lurzatiak ez du hori betetzen.
Beraz, alegazioa ezetsi egiten da.
C.2. Baztango Udalak aurkeztutako alegazio-idazkiak.
Laburpena:
Baztango Udalak bi alegazio-idazki igorri ditu.
Lehenbizikoan, Lourdes Karrikaburu Gortari andreak aurkeztutako alegazioak berresten ditu.
Bigarrenean, José María Hualde Ruiz Gamiz jaunak eta beste batzuek aurkeztutako alegazio-idazkian jasotako kezkak errepikatzen ditu, baina bukaeran dio alegatutako tarterako (13.000-13.800 puntuan) aztertutako proposamenen artean ez dagoela aukera onena. Udalaren iritziz, tarte horretarako alternatiba egokiena Irurita eta Lekarozko ikastetxea lotzen zituen eta dituen errepide zaharra da, oinezkoek eta txirrindulariek ezagutu eta erabiltzen duten bidea delako eta, haren esanetan, hura bide berde gisa egokitzeko egin beharreko inbertsioa planteatutakoa bezalakoa (edo txikiagoa) litzatekeelako (galtzada zabalduta edo galtzadaren zati bat egin gogo den jarduerarako gordeta); horrez gain, trazadura zuzenagoa du Elizondo eta Oronoz-Mugairin planteatuta dagoen ikastegia lotzeko.
Lehenbiziko idazkiaren erantzuna:
Alegazio horren erantzuna Lourdes Karrikaburu Gortari andreak aurkeztutako alegazio-idazkiari emandako berbera da.
Bigarren idazkiaren erantzuna:
Alegatutako aldaera ezin da kontuan hartu, Herri-lanetako Zuzendaritza Nagusiak 2013ko apirilaren 2an emandako txostenean oinarrituta, honako determinazio hau jasotzen baitu, besteak beste: "Baztan ibaia gurutzatzeko, NA-4404 errepidean zaldain bat proiektatuko da, egungo zubitik erabat bereizita egonen dena". Determinazio horren arabera, Baztan ibaiaren gaineko zubia, NA-4404 errepidean dagoena, ezin da batera erabili errepide eta bide berde gisa, 4 metroko plataforma duelako eta sarbiderik ez duelako.
Gainera, errepide horrekiko trazadurak proposatutakoak baino luzera handiagoa izanen luke.
Beraz, alegazioa ezetsi egiten da.
C.3. José María Hualde Ruiz Gamiz jaunak eta beste batzuek aurkeztutako alegazio-idazkia.
Laburpena:
Alegatzaileak 14. poligonoko 367., 382., 370. eta 499-217 lurzatien jabeak dira eta, lurzati horiek proposatutako bide berdearen mugakide direnez edo bide berdea horietan barna pasatzen denez, eskatzen dute udalez gaindiko proiektu sektorialaren behin betiko trazadura 13.000-13.800 puntuan aldatu eta aztertutako aldaeretako batekin ordeztu dadila, zehazki Baztan ibaiaren bazterretik doanarekin; horrela, zubi berri bat egitea eta egun dauden azpiegituren zortasunak saihestuko dira (Elizondora iristen den gastu naturalaren hodia eta aireko linea elektrikoa). Haien ustez, aukera horretan 250-300 metroko eremu zelai bat egokitu besterik ez da egin behar, uholde-arriskua duen zona saihesteko; horrez gain, lagungarria da bide berdearen erabiltzaileak naturan murgiltzeko, familia bakarreko etxe batzuk alde batera uzten dituelako, eta ibaiertzeko landarediaz gozatzeko.
Erantzuna:
Alegatutako aldaera edo aukera ezin da kontuan hartu Baztango Udalak aurkeztutako bigarren alegazio-idazkiari erantzutean azaldutako arrazoiengatik.
Beraz, alegazioa ezetsi egiten da.
C.4. José María Tellechea Iriarte jaunak aurkeztutako alegazio-idazkia.
Laburpena:
Interesdunak eskatzen du bide berdearen trazadura aldatzeko Arraiozko 8. poligonoko 216-A katastro-lurzatian barna pasatzean, eta, zehazki, P.02 planoan, 6 orritatik 5. orrian aztertzen den alternatiba hautatzeko. Haren iritziz, alternatiba hobea da, hobeki prestatua, erabiltzen da gaur egun eta herrian kaltetu gutxien eragiten duena da. Horri buruz dioenez, "bide berdeak erdi-erditik gurutzatzen duenez lurzatia, bi ertz baizik ez da gelditzen eta ezinezkoa izanen da etorkizunean erabiltzea nekazaritzarako edo larreetarako, gaur egun bezala. Horren ondorioz, erabiltzeari utziko zaio erabat eta bide berdearen alboko zerrendak ere utzita geldituko dira".
Trazadura aldatzen bada, lurzatia osorik desjabetzeko eskatzen du, lurzatiaren metro koadro guztiak alegia, truke bat egiteko aukerarekin.
Erantzuna:
Proposatutako aldaera alternatiba gisa aztertu zen eta baztertuta gelditu zen, Memoria izeneko 1. agiriaren 7.2 puntuan arrazoitzen denez, luzera asko handituko litzatekeelako, bai eta erabiltzeko exijentzia maila ere (aldapa handiak). Aurrekoa gorabehera, egoki da esatea aurreikusitako trazadurak ez duela alegazioaren xede den lurzatia (8. poligonoko 216. lurzatia) erdi-erditik gurutzatzen, 212. eta 215. lurzatiekiko mugan baizik, eta beraz ez dirudi beharrezkoa denik 1.158,31m²-ko azalera duen lurzatia osorik desjabetzea. Nolanahi ere, gai horri helduko zaio azpiegitura ezartzeko lurrak eskuratzeko fasean, hots, kasu honetan, desjabetze proiektuan. Argitu behar da desjabetuko direla bide berdea egokitzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduek eraginen dieten lur guztiak.
Beste alde batetik, sustatzaileak aldatu du proposatutako trazadura 8. poligonoko 216. lurzatiaren mendebaldeko ertzean, bideak egiten duen bihurgunera eta bertan dauden zuhaitzetara egokituta.
Beraz, alegazioa ezetsi egiten da.
II. ERANSKINA.–HIRIGINTZA ARAUDIA
A. Proiektu sektorial honen esparruan sartutako lurretatik, udal plangintza orokorraren arabera lurzoru urbanizaezinaren sailkapena duten lurretan daudenak babestu beharreko lurzoru urbanizaezina izanen dira, eta "azpiegituretarako lurzorua" azpikategorian sartuta egonen dira. Hiri lurzoru edo lurzoru urbanizagarrietan daudenak, berriz, bide publikoa izanen dira.
B. Bide berdearen galtzadak edo trazadurak ukitzen dituen lurretan, turismoko, kiroleko eta/edo aisirako ibilbide gisa erabili ahal izateko egin beharreko lanez gain, lur azpiko azpiegiturak ere baimentzen ahalko dira, luzeran nahiz zabaleran, betiere ibilbidearen jarraitutasuna oztopatzen ez dela bermatuta. Hiri lurzoruaren edo lurzoru urbanizagarriaren kasuan, azpiegiturak egitea baimenduko da udal plangintza orokorrean edo plangintza hori garatzekoan ezarritakoaren arabera.
C. Bideak lurzoru urbanizaezinean barna egiten duen tartean bidearen bi aldeetan gorde beharreko babes zerrendak 8 metroko zabalera izanen du Bidasoko galtzadaren kanpoaldeko ertzetik neurtuta, horrela zainduko baitira ibilbidea erakargarri egiten duten ingurumen ezaugarriak. Zerrenda hori zaintzeko araubidea hauxe izanen da:
1. Debekatuta dago meategiak ustiatzea, legarra eta harea ateratzea, bai eta zabortegiak eta hondakindegiak ere.
2. Baimentzen ahalko dira Bidasoko galtzadaren erabilera eta xedearekin lotutako eraikuntza jarduerak (atsedenguneak, etab.), orain dauden legezko eraikinak zaindu eta mantentzeko lanak, azpiegiturak eta finken itxiturak. Itxiturak galtzadaren kanpoko ertzetik hiru metrora egonen dira, gutxienez.
3. Debekatuta daude bide berderako aurreikusi den drainatze sistema alda dezaketen lur mugimenduak. Udal planeamenduak edo planeamendu sektorialak babes zerrenda zabalagoa ezar dezakete.
Iragarkiaren kodea: F2409128
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
