127. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdia, 2024an dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, toki garapenerako lankidetza proiektuak egin daitezen Hegoaldeko toki erakundeekin batera. Laburpena

Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (identifikazioa): 766922.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin; haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/766922).

Lehena.–Onuradunak.

Onuradun izaten ahalko dira dirulaguntza emateko egoeran dauden pertsonak edo entitateak, jarraian azaltzen diren inguruabarretan badaude, eta Dirulaguntzen ordenantza orokorraren 10. artikuluan ezarritako debekuetakoren bat ere ez badute, dirulaguntzaren izaeragatik azken baldintza hori salbuespen ez bada behintzat, eta horixe azaltzen bada atal honetan.

Berariazko betebeharrak:

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan, dokumentazioa egunean edukita.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan berariazko helburu hau adierazita edukitzea: garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasuna sustatzearekin zerikusia duten jarduerak egitea.

d) Iruñean izatea egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra. Dena dela, onuradun izaten ahalko dira, baldintza hori betetzen ez badute ere, beren jarduna gehienbat Iruñean eta Iruñeko herritarrekin egiten duten entitateak, hiriaren eremuan dihardutela, lankidetzako edo laguntza humanitarioko programak kudeatzeari dagokionez edo Hegoaldeko herrialdeen egoeraren inguruko elkartasuna eta sentsibilizazioa sustatzeari dagokionez. Horretarako, dokumentatu egin beharko dute azken bi urteetan Iruñean eginiko jarduerak.

e) Proiektua egin nahi den tokian bertako lankide bat izatea (kontrapartea). Lankide hori herri administrazioa edo GGKEa izan daiteke; aski izanen da izatea GGKE eskatzaileak berak delako herrialdean daukan ordezkaritza.

f) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programaren deialdi honetan zein beste batzuetan dirulaguntzarik jaso badituzte lehenago, egunean egon beharko dute dirulaguntzak emateko ezarritako baldintzak betetzeari dagokionez. Bestela, espresuki geldituko dira deialditik kanpo.

h) Gutxienez hiru urteko esperientzia frogaturik edukitzea garapenerako lankidetzako proiektuen kudeaketan.

i) Dirulaguntza publikoen kargura eginiko sei proiektu, gutxienez, modu egokian kudeatu izana; horietatik, gutxienez hiru proiektuk izan beharko dute xedeko herrialdean eginak.

j) Proiektuaren xedeko herrialdean aurretiaz bi urteko esperientzia, gutxienez, frogaturik edukitzea.

Bigarrena.–Xedea.

Hegoaldeko toki erakundeen giza garapen jasangarrian laguntzea, proiektuak gauzatuz, biztanleen autogestioa eta autosufizientzia sustatzeko, bai eta udalen parte-hartze aktiboa ere.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Deialdia, 2024an dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, toki garapenerako lankidetza proiektuak egin daitezen Hegoaldeko toki erakundeekin batera. www.pamplona.es.

Laugarrena.–Zenbatekoa.

180.000 euro.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Eskabideak aurkezteko modua.

Entitate bakoitzak eskabide bat aurkezten ahalko du, bide telematikoz aurkeztu beharrekoa, "Pertsona juridikoentzako dirulaguntzen eskabide elektronikoa" deritzon izapidearen bidez, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (www.pamplona.es).

Zazpigarrena.–Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea.

Proiektua gauzatzen hasten den egunetik –E) ataleko a letrarekin bat–, justifikazio epea bukatzen den arte (epe hori ezarrita dago deialdi honen P) ataleko 2. zenbakian). Epearen hasiera eta bukaerarako salbuespen gisa, proiektua ebaluatzeko gastuak hartzen dira L.1-2 atalari jarraikiz.

Zortzigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epea.

Honako epe hauetan aurkeztu beharko dira justifikazio-txostenak:

a) 2025eko irailaren 1a baino lehen: Txosten partzial bat, non eginiko jardueren berri emanen baita, eta justifikatuko baita, gutxienez, 2024. urteari dagokion finantzaketaren %50.

b) 2026ko ekainaren 28a baino lehen: 2024. urteko finantzaketaren azken txostena (eginiko jarduerak eta jasotako dirulaguntzaren %100).

Kontuan hartuta finantzatuko diren proiektuak garatzeko ingurune sozial eta geografikoak, klausula honetan adierazitako justifikazio epeak egoki betetzerik ez badago, frogatutako arrazoiak direla-eta, epea luzatzen ahalko da, betiere hirugarren batzuei kalterik eragiten ez bazaie. Horretarako, txostena aurkezteko epea bukatu baino 10 egun lehenago, idatziz adieraziko zaizkio horretarako dauden arrazoiak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programari, eta horren baiezkoa beharko da.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua.

Ordainketa aurreratu bakarra eginen da, eman den dirulaguntzaren zenbatekoaren %100ekoa.

Iruñean, 2024ko ekainaren 4an.–Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkaria, Mikel Armendáriz Barnechea.

Iragarkiaren kodea: L2409304