127. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BORTZIRIETAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, jubilotekako arduradun lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak, ekainaren 4ko 6/2024 ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zuen jubilotekako arduradun lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudian xedatuarekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura arituko den jubilotekako arduradun lanpostu bat, C mailakoa, lan-kontratatu finko erregimenean eta lanaldi osoan, plantilla organikoan 14 kodearekin identifikatua.

Orobat, azkeneko puntuazio-ordenan lehenak ez izan arren hautaprobak gainditu dituzten izangaiekin, izangaien zerrenda bat eginen da, aldi baterako kontratazioak egiteko, jubilotekako arduradun lanpostua betetzeko. Erabiltzen ahalko da bitarteko kontratuen bidez lanpostu hutsak betetzeko, bai eta behin-behineko ordezkapenak egiteko ere, laneko bajengatik, oporrengatik, edo zerbitzuak indartu beharra dakarten unean uneko zeinahi premia dagoenean. Lan poltsaren indarraldiak iraunen du deialdi berri bat egin arte, hala bada.

1.2. Euskarazko hizkuntz-eskakizuna, C1 ahoz eta idatziz izanen da.

1.3. Kontratatutako pertsonak bere ibilgailua eduki beharko du zerbitzua ematearen ondoriozko joan-etorrietarako.

1.4. Kontuan izanik Jubiloteka zerbitzua Bortzirietako adinekoen artean zahartze aktiboa sustatzeko gunea dela eta prebentzio-baliabide bat dela, gainera, familia zaintzaileen lana, familia eta norberaren bizitza uztartzea ahalbidetzen duena, bete beharreko eginkizunen artean honako hauek sartuko dira:

a) Helburu orokorrak.

a.1. Zahartze aktiboa sustatzea.

a.2. Bizi-ohitura prebentiboak eta osasungarriak bultzatzea. Ohiko jardueretan autonomia sustatzea.

a.3. Komunitateko kide izatearen sentimendua gordetzea edo indartzea.

a.4. Ingurune naturalean, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean integratzen jarraitzea edo gehitzea.

b) Helburu espezifikoak.

b.1. Osasunaren oinarrizko alderdiak hobeto ezagutzea: nutrizioa, higienea, mugimendua, ahaleginak, etab.

b.2. Eguneroko oinarrizko zereginak egiteko gaitasun fisikoa mantentzea edo handitzea. Adimen-gaitasuna mantentzea edo handitzea, batez ere memoria.

b.3. Ahozko hizkuntza, hizkuntz-plastikoa, hizkuntz-musikala eta gorputz-hizkuntzaren bidez adierazteko gaitasuna areagotzea.

b.4. Komunikazioa hobetzea, premiak, emozioak eta gogo-aldarteak behar bezala adieraztea lortzeko, besteekiko harremanak erraztuz.

b.5. Autoestimua eta konfiantza handitzea norberarengan.

b.6. Harremanak indartzea, familiakoak izan edo ez, berdinekin zein beste belaunaldi batzuekin.

b.7. Bizi diren ingurunea ezagutzea eta baloratzea, bai geografikoa bai naturala (ingurumena), ingurumena errespetatzen duten ohiturak sustatuz, bai gizatiarra eta soziala (hezkuntza, kultura, parte-hartzea, etabar).

b.8. Elkarteekiko harremana sustatzea eta elkarte horiek ematen dituzten esperientziez eta prestakuntzaz hornitzea.

b.9. Zuzendutako tokiko ekintzen proposamenetan parte hartzea.

1.5. Deialdi honen xede den lanpostuaren titularra Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratatu finkoa izango da, C maila edo taldean sartuko da eta plantilla organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan aurreikusitako ordainsariak eta osagarriak jasoko ditu; Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emango zaio, araubide horretan aurreikusitako babes-ekintzaren pean.

Gainera, zerbitzua emateko egin beharreko ibilbideetatik eratorritako kilometrajea ordainduko da, Mankomunitateak bere langileentzat ezarritako prezioaren arabera.

1.6. Lana lanaldi osoan egingo da. Lanaldi- eta ordutegi-erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da uneoro, eta organo eskudunek edozein unetan aldatu ahal izango dute, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean.

1.7. Epaimahaiaren iritziz izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostua betetzeko gutxieneko ezagutzak, gaitasunak eta prestakuntza.

2. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeitabat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea, eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea, betiere eskatzen diren gainerako baldintzak betez gero.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxillergo titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

d) Nafarroako bi hizkuntza ofizialak (gaztelania eta euskara) ezagutzea. Deialdi honetan parte hartzeko, beharrezkoa da izangaiek ahozko eta idatzizko C1 maila edo baliokidea duten euskararen ezagutza egiaztatzea. Horretarako, hizkuntza-eskola ofizial batek edo erakunde eskudun batek emandako gaitasun-ziurtagiria izan beharko dute.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

g) B1 motako gidabaimena eta norberaren ibilgailua izatea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira aipatutako baldintza horiek, eta eutsi egin behar zaie prozedurak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaritzan (Andutzeta kalea, 15, 3. Solairua, Etxalar), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/15 Legean ezarritako edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Egun hori baliogabea edo larunbata bada, hurrengo egun balioduna izango da.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik.

Proposamenak postaz bidaltzen direnean, interesdunak bidalketaren data eta ordua justifikatu beharko ditu, eta kontratazio-organoari jakinarazi beharko dio posta elektronikoz (info@bortziriakgz.eus), aurkezteko ezarritako egun eta orduan.

Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da proposamena onartuko, iragarki honetan adierazitako epearen ondoren jasotzen bada.

Eskabideak aurkeztu beharko dira jarraikiz deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte deialdi honen zortzigarren oinarriaren arabera kalifikazio-epaimahaiak baloratzekoak diren merezimenduak.

Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.4. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) edo atzerritarraren identifikazio zenbakiaren (AIZ) fotokopia.

b) Deialdi honetako bigarren oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopia.

c) Hautagaiek alegatutako merezimenduen egiaztagiriak, aurreko puntuan eta deialdi honen zortzigarren oinarrian adierazitakoaren arabera.

d) B1 motako gidabaimenaren fotokopia.

e) Euskara maila badakiela egiaztatzen duen dokumentazioa (ahozko eta idatzizko C1).

f) Ezgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora eta baliabide egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte; kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, gainera, aparteko orri batean adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da da dokumentazioaren kopia sinpleak egitea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4. oinarria. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Mankomunitateko lehendakariak ebazpena emango du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onartzeko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Mankomunitateko iragarki-oholean eta bere webgunean argitaratzeko aginduko du. Inor baztertzen ez bada, lehendakariak zuzenean onartu ahal izango du onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunen barruan, baztertutako pertsonek, halakorik balego, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte eta, hala badagokio, akatsak zuzendu, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Erregistro Orokorrean aurkeztutako idazki baten bidez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igarotakoan, eta erreklamazioak egin ondoren, halakorik balego, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean bertan zehaztuko dira probak hasteko lekua, eguna eta ordua.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Xabier Etxarte Miquelestorena, Mankomunitateko lehendakaria.

Ordezkoa: Inés Matxiarena Aldalur, Mankomunitateko lehendakariordea.

Epaimahaikidea: Jokin Apezetxea Azkarate, Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Alizia Sagaseta Irigoien, Mankomunitateko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Edurne Anzizar Ibarra, Malerrekako Gizarte Zerbitzuetako gizarte-langilea.

Ordezkoa: Begoña Alberro Etxandi, Malerrekako Gizarte Zerbitzuetako gizarte-langilea.

Idazkaria: Izaskun Gortari Sein, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Jon Etxague Goia, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratu beharko da, eta epaimahaiko kideen gehiengo osoa gutxienez bertaratu beharko da epaimahaia balio osoz eratzeko eta jarduteko.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzearen inguruan sor daitezkeen gai guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da. Lehenengo lehiaketa fasea, eta, ondoren, oposizio fasea, oinarri hauetan adierazitako moduan.

6.2. Oposizio-lehiaketa hasiko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen lehendakariaren ebazpenarekin, bertan iragartzen den egunean, tokian eta orduan.

Ariketa bakoitza amaitu ondoren, epaimahaiak Mankomunitateko web orrian eta iragarki-taulan argitaratuko ditu lortutako behin-behineko kalifikazioak, eta bi egun balioduneko epea emanen du alegazioak aurkezteko; horiek ebatzi ondoren, egonez gero, web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua adierazita.

Epaimahaiak aukeran erabaki dezake ariketa bat baino gehiago edo guztiak egun berean egitea.

Agertzen ez diren izangaiak baztertuta geldituko dira.

Hautaprobak egiten diren bitartean, desgaitasun aitortua duten eta eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, horiek egiteko behar diren denbora eta baliabideen egokitzapen posible eta beharrezkoak ezarriko dira.

Probak egitean, ezinen da testurik kontsultatu, ezta kalkulagailurik, telefono mugikorrik eta bestelako material teknologikorik erabili ere, tinta urdineko edo beltzeko boligrafoa izan ezik.

7. oinarria. Lehiaketaldia.

7.1. Izangaiek merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dituzte eskabidea aurkezten duten unean, deialdian parte hartzeko eskatuz, 3.3 oinarrian ezarritako baldintzetan, eta, bertzela, ez aurkeztutzat joko dira.

Lehiaketa faseak gehienez ere 30 puntu izanen ditu. Puntuazio hori ez da baztertzekoa izanen, eta honela banatuko da:

A.–Prestakuntza (15 puntu gehienez).

A.1. Deialdian eskatutakoa baino goi-mailako titulazioak egiaztatzea (10 puntu gehienez).

5 puntu emanen dira honako titulazio egiaztatu bakoitzeko: psikologia, gizarte-hezkuntza, gizarte-lana, pedagogia, animazio soziokulturaleko goi-mailako teknikaria, gizarteratzeko goi-mailako teknikaria, arreta soziosanitarioko teknikaria, antropologia, erizaintzako laguntzailea, erizaintzako zaintza osagarrietako teknikaria.

A.2. Prestakuntza-ikastaroak (5 puntu gehienez).

Baloratuko dira lanpostuarekin lotura zuzena duten eta zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatutako ikastaroak eta mintegiak, jaso edo eman badira. 0,025 puntu emanen dira egiaztatutako ikastaro-ordu bakoitzeko.

B.–Laneko eskarmentua (15 puntu gehienez).

B.1. Toki-erakundeetan jubiloteka-zerbitzuak emateagatik: 5 puntu zerbitzuak eman diren urte bakoitzeko.

B.2. Etxez etxeko laguntza-zerbitzuko, animazio soziokulturaleko, adinekoen etxeetako eta deialdi honen xedearekin zuzenean lotutako gainerako enpleguetako familia-langile gisa toki-erakundeetan zerbitzuak emateagatik: 3 puntu zerbitzuak eman diren urte bakoitzeko.

B.3. Beste administrazio publiko edo enpresa publiko edo pribatu batzuetan adinekoekin eta/edo desgaituekin zuzeneko arretan zerbitzuak emateagatik: 2 puntu zerbitzuak eman diren urte bakoitzeko.

B.4. Gizarte-zerbitzuekin zerikusia duten erakunde publikoetan zerbitzuak emateagatik: puntu 1, zerbitzuak eman diren urte bakoitzeko.

B.5. Gizarte-zerbitzuekin zerikusia duten erakunde pribatuetan zerbitzuak emateagatik: 0,5 puntu, zerbitzuak eman diren urte bakoitzeko.

Eskabideak aurkezteko epea bururatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Alegatutako merezimenduak zerbitzuak eman diren administrazio publikoaren edo erakunde pribatuaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira. Ziurtagiri horretan, berariaz adierazi beharko da betetzen den lanpostuaren izena, maila, lanbide-kategoria, kontratuen hasiera- eta amaiera-datak eta lanaldiaren iraupena. Benetan emandako zerbitzuak onartuko dira, edozein dela ere kontratazio-araubidea, behin-behinekoa edo finkoa.

Erakunde pribatuetan emandako zerbitzuen kasuan, arestian aipatutako dokumentazioaz gain, erakunde horietan egindako eginkizunen ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Ez da zerbitzuen egiaztagiririk kontuan hartuko haien hasiera eta amaiera data zehatzik agertzen ez bada.

Merezimendu gisa baloratzeko aurkeztu diren eta goian aipatutako baldintzak berariaz jasota ez dituzten dokumentu guztiak ez dira kontuan hartuko balorazio hori egiteko.

Egiaztatutako esperientzia-denborak urte osoak betetzen ez dituenean edo lanaldi osoko lana egiten ez duenean, dagokion proportzionaltasuna lortuko da. Egun berberetan kontratu partzial bat baino gehiago aldi berean eginez gero, horien guztien lanaldia zenbatuko da, lanaldi osora iritsi arte.

7.2. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izanen ditu lehiakideek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.3. Lehiaketa-fasea amaitzean, Mankomunitateko iragarki-taulan argitaratuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

Lehiaketa-fasean lortutako puntuazioa oposizio-fasean lortutako guztizkoari gehituko zaio, eta, horrela, oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa lortuko da.

7.4. Merezimenduen balorazioaren kalifikazioen aurka alegazioak aurkeztu ahal izanen dituzte izangaiek, bi egun balioduneko epean.

8. oinarria. Oposizio-aldia.

8.1. Oposizioak hiru proba izanen ditu: teorikoa, praktikoa eta gaitasun psikoteknikoko proba. Lehenengo bi probetarako (teorikoa eta praktikoa) plika-sistema erabiliko da.

Oposizio-faseari 70 puntu emanen zaizkio gehienez, honela banatuta:

Lehenengo ariketa: proba teorikoa. II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko test motako hainbat galderari erantzun beharko zaie idatziz. Proba horrek ordubeteko iraupena izanen du gehienez.

Oker erantzundako galderei 0,10 puntu kenduko zaizkie probaren puntuazio osotik.

Gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da. Gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten pertsonak kanpoan geratuko dira.

Bigarren ariketa: proba praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk garatu beharko dira. Proba horrek gehienez bi orduko iraupena izanen du.

Gehienezko puntuazioa 40 puntukoa izanen da, eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten pertsonak kanpoan geratuko dira.

Hirugarren ariketa: gaitasun psikoteknikoko probak. Proba psikoteknikoan, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren eta lanpostuaren berezko zereginetara nola egokitzen diren neurtuko da. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo erakunde horrek izendatzen dituen pertsonek eginen dituzte, eta haien balorazioek epaimahaia lotuko dute. Deialdiko epaimahaiak onartu beharko du hizkuntza-eskakizuna.

Proba honek 10 puntu izanen ditu gehienez. 5 puntu lortzen ez dituzten pertsonak kanpoan geratuko dira.

8.2. Ariketa bakoitzerako deialdia deialdi bakar baten bidez eginen da, eta izangaiek nortasun-agiri nazionala (NAN) edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio-agiriren bat eraman beharko dute. Agertzen ez diren pertsonak kanpoan geratuko dira.

9. oinarria. Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agiriak aurkeztea.

9.1. Izangaien kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du iragarki-taulan, lortutako puntuazio osoaren arabera, eta gainditu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena eginen du.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizio-faseko bigarren ariketan puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko da. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, deialdi honetako 8. oinarriko lehenengo eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, hurrenkera honetan, eta, azkenik, berdinketa-egoerak jarraitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

9.2. Kalifikazio-epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-oholean argitaratuko ditu parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak, eta hautagai-zerrenda lehendakariari bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta eta espediente osoarekin batera, ebatzi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Gainditu duten gainerako pertsonak zerrenda batean sartuko dira, lortutako puntuazioaren arabera, Mankomunitateak egin ditzakeen kontratazioetarako, Mankomunitateak ematen dituen zerbitzuen esparruan sortzen diren premien arabera, deialdi honen 11. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

9.3. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturalen barruan, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio Mankomunitateari:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiri baliokidea.

b) Deialdi honen bidez bete beharreko lanpostua betetzeko behar diren titulazioen fotokopia konpultsatua.

c) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

Desgaitasuna alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiaren xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, balioespen- eta orientazio-talde eskudunek luzatua.

d) Zinpeko edo hotsandiko aitorpena, funtzio publikoak betetzeko ezgaituta edo etenda ez dagoela eta herri-administrazio baten zerbitzutik bananduta ez dagoela adierazten duena.

e) Nafarroako Foru Erregimena errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo betetzeko zina edo promesa.

Izangaia deialdia egin duena ez den Nafarroako Administrazio Publikoko langile finkoa bada, bere aurreko Administrazioaren espediente pertsonalean jasotako inguruabar eta aurrekari guztiak egiaztatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du, besteak beste, sartzeari, antzinatasunari, mailari, administrazio-egoerei eta abarri buruzkoak.

9.4. Ezarritako epearen barruan, eta behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, interesdunak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da lan-kontratua formalizatu, eta jarduera guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskabidean egon zitekeen erantzukizunari kalterik egin gabe.

9.5. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Mankomunitateak deialdi honetako 9.2. oinarrian aipatutako zerrendan dauden izangaiekin beteko du baja, hala badagokio.

10. oinarria. Izendatzea eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautaketa-prozesua amaituta, eta gainditu duen izangaiak aurrekoan aipatutako agiriak aurkeztuta, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak Mankomunitate horretako lan-kontratatu finko izendatzea erabakiko du, jubilotekako arduradun lanpostua betetzeko.

10.2. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epea izanen du bere lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Adierazitako epean, eta behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez bada, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratatu finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, deialdi honen 9.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzea.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozedura gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

Lortutako azken puntuazioaren arabera ordenatuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

Esan beharra dago, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, administrarien aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetatik deitzeko, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

11.2. Deitzea.

11.2.1. Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa eginen da, oro har, zerbitzuaren beharren arabera, aurretiaz banakako deiak eginik.

11.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera. Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua adierazita.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

11.3. Uko egiteak.

11.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Gaixotasun baten ondoriozko baja-egoeran egotea.

c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea konstituzio organoetan parte hartzeko edo ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.

d) Ezkontzearen edo bikote egonkor izatearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen ari direnean, arau honekin bat: otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

e) Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzen denean edo gaixotasun larriren bat duenean.

f) Amatasun, aitatasun edo adopzio zein harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbalioa duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak hala erabakitzen duenean, urtebetez genero indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.

k) Erakunde ofizial baten beka bat jasotzen hasi denean.

11.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, uko egitearen lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

11.3.3. Arestian aipatutako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.

Era berean, hautagaiak edozein unetan jakinarazi ahalko dio Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari prestasunik ez izateko edozein kausatan dagoela, eta jakinarazpena egiten den unean egiaztatu beharko du.

11.4. Zerrendatik kanporatzea.

11.4.1. Deia eragin duen zerrendatik kanpo geratuko dira honako egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:

a) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.

b) Lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua izatea, edo edozein administrazio publikotatik diziplinako espediente baten bidez baztertua izatea, egoera horrek irauten duen bitartean.

11.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 eguneko entzutea eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteari.

Presidenteak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

Kanporatzeko prozedura tramitatu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela eskuragarri kontratatzeko.

11.4.3. Honako hauetakoren bat egin duten izangaiek zerrendan zeukaten tokia galdu eta zerrendetako azken tokira igaroko dira:

a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea.

d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

12. oinarria. Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein xedetarako bildu diren, xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondorioz izan daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-taulan eta webgunean argitaratzea barne.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz edo egoitza elektronikoaren bitartez.

–Mankomunitateko bulegoetan edo Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen webgunearen bidez erabil ditzakete sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta eramateko eskubideak. Era berean, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (aepd.es) erreklamazioa aurkezteko eskubidea dute, tratamendua indarrean dagoen araudiarekin bat ez datorrela uste badute.

13. oinarria. Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta bere egintzen aurka, honako errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke zuzenean:

1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko agindu bereko organo eskudunaren aurrean, bi hilabeteko epean, jakinarazpena edo argitalpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2. Aukerakoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazio Auzitegian, jakinarazpena edo argitalpena egin eta hurrengo hilabeteko epean.

3. Aukerakoa da berraztertzeko errekurtsoa jartzea Mankomunitate honetan, hilabeteko epean, jakinarazpena edo argitalpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

13.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan.

Etxalarren, 2024ko ekainaren 4an.–Lehendakaria, Xabier Etxarte Miquelestorena.

I. ERANSKINA-ANEXO I

JUBILOTEKAKO ARDURADUN DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKAERA SOLICITUD PARA PARTICIPAR EN LA CONVOCATORIA DE RESPONSABLE DE JUBILOTECA

Izen-abizenak / Nombre y apellidos

NAN/AIZ-DNI/NIE

P.K. Herria / Población C.P.

Helbidea / Domicilio

Telefono mugikorra / Teléfono móvil

E-maila / E-mail

Desgaitasunaren egiaztapena (hala badagokio, soilik).

Acreditación de discapacidad (únicamente cuando proceda)

□ Desgaitasuna dut, eta eskabidearekin batera egiaztatzen dut

Que padece discapacidad, que acredita junto con la instancia.

□ Nire desgaitasuna dela-eta, eransten dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik.

Que, por razón de su discapacidad, solicita la adaptación que se adjunta por los motivos que se expresan.

ADIERAZPENA / EXPONE:

–Ez dut eritasun edo akats fisikorik edo psikikorik, karguan aritzea galarazten didanik, eta ez dut indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

–Ez naiz diziplina-espediente bidez bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik, eta ez nago desgaituta edo gabetuta eginkizun publikoak betetzeko.

–Deialdian eskatzen diren tituluen jabe naiz eta deialdiko baldintza guztiak betetzen ditut, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

–Ez dut epai irmo baten bidez kondenarik jaso sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketagatik.

–Que no padece enfermedad ni defecto físico o psíquico que le incapacite para el ejercicio del cargo, ni está incurso en ninguna de las incapacidades establecidas en las disposiciones vigentes.

–Que no ha sido separado/a mediante expediente disciplinario del servicio de cualquier Administración Pública, ni está inhabilitado ni suspendido para el ejercicio de las funciones públicas.

–Que está en posesión de las titulaciones exigidas en la convocatoria, y reúne todas y cada una de las condiciones exigidas, referidas a la fecha de expiración del plazo señalado para la presentación de las instancias.

–Que no ha sido condenado por sentencia firme por algún delito contra la libertad e indemnidad sexual, ni por trata de seres humanos.

ESKAERA / SOLICITA:

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuko jubilotekako arduradun lanpostu bat betetzeko deialdian onartua izatea.

Ser admitido/a a la convocatoria para la provisión de una plaza de responsable de jubiloteca al servicio de la Mancomunidad de Servicios Sociales de Bortziriak-Cinco Villas.

Etxalar, (Eguna / fecha). Sinadura / Firma

BORTZIRIETAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO BURUA

PRESIDENTE DE LA MANCOMUNIADAD DE SERVICIOS SOCIALES DE BORTZIRIAK-CINCO VILLAS

II. ERANSKINA.–OPOSIZIOA EGITEKO GAI-ZERRENDA

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. ATARIKO TITULUA XEDAPEN OROKORRAK. II. TITULUA. GIZARTE-ZERBITZUEN SISTEMA. I.tik V.ra bitarteko kapituluak.

2.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa. ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK. I. TITULUA. AUTONOMIARAKO ETA MENDETASUNARI ARRETA EMATEKO SISTEMA. II. Kapitulua: Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa. III. kapitulua. Mendekotasuna eta horren balorazioa. IV. kapitulua. Eskubidea aitortzea.

3.–Autonomia Sustatzeko eta Mendetasun-egoeran dauden Pertsonak Zaintzeko Programa, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen esparruan. Jubiloteka Zerbitzua. Definizioa. Populazio hartzailea.

4.–Zahartze Osasungarriaren Hamarkadarako Plana 2020-2030 (3. puntua: jarduera-eremua).

5.–Nafarroako zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategia (2017-2022). 2018-2019 aldirako Ekintza Plan Orokorra. Sarrera. Xedeak eta helburuak. Ardatzak eta ekintza-ildo nagusiak: I. ardatza, II. ardatza eta III. ardatza.

6.–Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko jubilotekaren funtzionamendu-araudia.

7.–Jubilotekako arduraduna. Bere lanaren funtzioak eta ezaugarriak. Lanbide-etika exekuzio profesionalean, informazio konfidentzialaren erabilera.

8.–Jubilotekako arduradunaren komunikazioa eta trebetasun sozialak bere praktika profesionalean. Gatazka-egoerak maneiatzea. Talde-lana gizarte-zerbitzuen esparruan.

9.–Adinekoak. Ezaugarri eta aldaketa garrantzitsuenak maila fisikoan, psikikoan eta sozialean.

10.–Ohitura osasungarriak, elikadura eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen sorospenak.

11.–Bortzirietako gizarte-baliabideak, adinekoei zuzenduta.

12.–Gizarte-arloko lan komunitarioa. Elkarrizan Laguntza Emaile Taldea.

13.–Toki Administrazioa Nafarroan: toki-entitate motak, eskumenak eta funtzionamendu araubidea.

14.–Administrazio-prozedura: hasiera, izapidetzea eta instrukzioa, amaiera.

Iragarkiaren kodea: L2409168