127. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

200E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tafallako udal mugartean dagoen eta fruta zukuak eta alkoholik gabeko edariak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 1553/2010 Ebazpenaren bidez emana, otsailaren 17ko 177/2012 Ebazpenak, urriaren 30eko 1083/2012 Ebazpenak eta ekainaren 19ko 177E/2017 Ebazpenak aldatua, eta martxoaren 23ko 203E/2015 Ebazpenak eguneratua.

2024ko otsailaren 9an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin batzuk sartzeko, ekoizpen prozesuari eta zerbitzu orokorrei dagozkienak.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

15 01 06

Material nahasiak dituzten ontziak.

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea.

16 03 06

Hondakin organikoak, 16 03 05 kodean zehaztutakoez bestelakoak: PRODUKTU IRAUNGIAK (AROMAK).

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea.

16 06 07*

Haien osaeran litioa edozein formatan daukaten metagailu, pila edo bateriak, hala nola litiozko pilak edo ion-litiozko metagailuak.

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 33 EHZ* kodea duen hondakina kenduko da (Pilak), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari.

16 06 04

Pila alkalinoak (16 06 03 kodekoak izan ezik).

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea.

16 02 14

Bazter utzitako ekipoak, 16 02 09tik 16 02 13ra arteko kodeetan zehaztutakoez bestelakoak: LED LANPARA PROFESIONALAK.

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea.

17 04 05

Burdina eta altzairua: txatarra.

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 01 40 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (burdinazko txatarra), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari.

20 01 36

Bazter utzitako ekipamendu elektriko eta elektronikoak, 20 01 21, 20 01 23 eta 20 01 35 kodeetan zehaztuta daudenez bestelakoak: ETXEKO LED LANPARAK.

Ez da onartzen sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, egokiagotzat jotzen delako 16 02 14 EHZ kodea duen hondakina. Proposatutakoa (20. kapituluko kodea) etxeko hondakinei buruzkoa da soilik. Hondakin horiek kasuan kasuko toki erakundearen bidez kudeatu behar dira (kasu honetan, Mairagako Mankomunitatea), eta, beraz, ez dira zerrenda horretan agertu behar.

20 03 01

Hiri-hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak.

Hondakin hau kentzen da, 20. kapituluko hondakin bat delako, hau da, soilik etxeko hondakinak biltzen dituen horretakoa. Hondakin horiek kasuan kasuko toki erakundearen bidez kudeatu behar dira (kasu honetan, Mairagako Mankomunitatea), eta, beraz, ez dira zerrenda horretan agertu behar.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Tafallako udal mugartean dagoen eta fruta zukuak eta alkoholik gabeko edariak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Refresco Iberia SAU da.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Refresco Iberia SAUra eta Tafallako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2408446