125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

314/2024 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita hasiera ematea Zarrakazteluko eta Galipentzuko udal mugarteen arteko muga-lerroa berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen testuaren arabera, udal mugartea udaleko gobernu eta administrazio organoek beren eskumenak erabiltzeko duten lurralde esparrua da. Udal mugartearen mugaketa zehatza, "muga-lerro jurisdikzionalak" izenekoen bidezkoa, funtsezko elementua da toki administrazioaren funtzionamendu egokirako eta beste ahalmen publiko batzuen erabilerarako. Are gehiago, muga-lerro horien kartografia oinarrizko informazioa da herritarrentzat eta eragile ekonomiko eta sozial askorentzat; informazio hori kalitate handikoa eta eskuragarria izatea eskatzen dute, gero eta gehiago, informazio eta komunikazioaren teknologiaren erabileraren arloan orokorrean gertatzen ari den modu berean.

Nafarroako udalerrien mugaketa ofiziala datu dokumental eta kartografiko multzo batean oinarritzen da. Datu horiek Institutu Geografiko Nazionalaren menpeko Kartografiako Erregistro Zentralean gordetzen dira.

Informazio horrekin batera, Nafarroako Foru Komunitatean beste datu iturri bat dago, hori ere udal jatorria duena eta haren eskumenean dagoena: Nafarroako katastroetako datuak. Horiek ere udal mugetako muga-lerroen kartografia eskaintzen dute, baina beste helburu batekin, helburu fiskalarekin, alegia.

Maiz, bi datu-multzoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira, arrazoi askorengatik: batean edo bestean nahiz bietan datu zehaztugabeak izatea, eskala eta lan metodologia desberdina erabili delako, garai desberdinetan jaso direlako edo erakunde desberdinek egin dutelako bilketa.

Egoera hori dela eta, SITNAren koordinazio organoek behin eta berriz adierazi dute beren lan planetan ez dagoela Nafarroako udalerrien lurralde mugaketaren kartografia finkaturik, eta horrek segurtasun juridiko falta nabarmena sortzen duela eta, betiere, kalitate falta dakarrela administrazioek gizarteari eskaintzen dioten oinarrizko informazioan, estrategikotzat jo dezakegun horretan.

Aipatutako inguruabar guztiak aintzat hartuta, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du lan-programa bati heltzea, pixkanaka helburu hau beteko duena: Estatuko Administrazio Orokorrean, Foru Komunitatekoan eta udaletan arau eta lan-tresna den dokumentazio administratibo eta tekniko ofizialaren batasun erabatekoa lortzea.

Gauzak horrela, 2023ko azaroaren 20an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak eskaera egin zion Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari "aztertu eta aldatzeko, egokia bada, Galipentzuren, Zarrakazteluren eta Kasedaren arteko egungo muga-lerro jurisdikzionala", Kaseda ere eskaeran sartuta, zeharka bada ere gaiak eragina duelako herri horretan, "hiru udalerriek bat egiten baitute puntu zehatz batean".

Horrela, lan-programa horren barruan eta eskaera hori ikusita, ebazpen hau ematen da, Zarrakazteluko eta Galipentzuko udal mugarteen arteko muga-lerro jurisdikzionala berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanen hasiera xedatzeko.

Tramite hauek mugakide diren beste udalerri batzuetan ere eragina dute, lerroaren hasierako edo bukaerako mugarriak haienak ere direlako: Kasedan eta Murillo el Fruton.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko geografoak aldez aurreko lan teknikoa eta administratiboa egin du, 2024ko maiatzaren 20ko txosten teknikoan adierazten den bezala.

Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 20. artikuluak aitortzen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak hasiera eman diezaiela Zarrakazteluko eta Galipentzuko udal mugarteen arteko muga-lerroa berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanei.

2. Eskaera egitea Zarrakazteluko, Galipentzuko, Murillo el Frutoko eta Kasedako udalei, bakoitzak izenda dezala mugaketarako bere udal batzordea, lan horietan laguntza eta berrespena emateko. Batzorde horietako bakoitzak kide hauek izanen ditu: alkatea, hiru zinegotzi, udal idazkaria eta udalak peritu lanak egiteko izendatzen duen pertsona.

3. Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak lan tekniko eta administratiboen egoeraren berri eman diezaiela ukitutako udalei, modu egokian, gaur egun indarra duten aktak gaurkotuko dituztenak formalizatu daitezen.

4. Jendaurrean jartzea ebazpen honen 1. zenbakian adierazitako udal muga-lerroa zuzentzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko oinarrizko proposamena, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasita, lanen xedeari buruzko informazioa edo ekarpenak jasotzeko. Horretarako, dokumentazioa aztergai egonen da Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren egoitzan (Arrieta kalea 12, 4. solairua) eta Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian.

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/jendaurreko-informazioaren-tramitea/espediente-061.24.001

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukituriko udaletara igortzea, baita Institutu Geografiko Nazionaleko Eskualdeko Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuaren unitate hauetara ere: Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen Zerbitzua; Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Atala; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atala; Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atala; Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala.

6. Ebazpen honen 4. zenbakian xedatutako ondorioak izan ditzan, ebazpen hau igortzea Zarrakazteluko udalerriko Figarolgo Kontzejuari ere.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 30ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2408853