125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera-lizentzia ematea. Jatetxea

Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategiko, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen, 2024ko maiatzaren 22an:

REV 22-MAY-24 (22/EV).

"Ikusirik LIO / 2023 / 797 espedientea, Carlos Aznarez Lumbierek sustatua, Iqbal Mudassar ordezkatuz, jarduera sailkaturako lizentzia eta obra-lizentzia eskatzeko, xedea izanik lokal bat egokitzea jatetxea ezartzeko (Txapitela kalea 6, beheko solairua), eta ikusirik udal txosten teknikoak,

EBATZI DUT:

Eskatutako lizentzia ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:

Lanak eskatutakoari egokituko zaizkio. Obra osagarriren bat egiten bada, beste lizentzia bat eskatu beharko da. 2023-06-26an, 2024-02-16an eta 2024-04-04an aurkeztutako eranskinak aurreko dokumentazioaren gainetik egonen dira, kontraesanik gertatuz gero.

Obrak egin bitartean jabari publikoko lurrak okupatu behar badira (hondakinentzako edukiontzia jartzeaz gainera), aldez aurretik dagokion lizentzia eskatu beharko da.

Lokalaren edukierak 26 pertsona du muga.

Lokalak ez du jendearentzako irteerarik izanen patiora (89.2.4.1.b artikulua, Hirigintzako Araudi Orokorra, Alde Zaharreko Babeserako eta Barne Berrikuntzarako Plan Berezia). Xedapen hori betetzeko, bi aukera hauetako bat hautatu ahal izanen da:

–Planoetan aurreikusitako irteera kentzea, baoko arotzeria aldatuz, patiora irtetea ezinezkoa izan dadin.

–Beheko solairuko antolamendua aldatzea, patiorako irteera ez dadin zuzenean jantokitik egin, baizik eta jendeak erabiltzen ez duen beste espazio batetik.

Girotzeko musika ekipoak musika-erregistratzaile mugatzaile bat izanen du, baina ezin izanen da manipulatu, emisioa gehienez ere 75 dBA-ra mugatzeko, bat etorriz honako hauekin: Iruñeko Udalaren Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen ordenantzaren 9.B artikulua (GOKA); 202/2002 Foru Dekretuaren 4.3 artikulua (establezimendu, ikuskizun publiko eta jolas-jardueren katalogoa), eta Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Bereziaren aldaketaren azken xedapena (2017-11-03an onetsia).

Elikagaien Ikuskaritzaren 2024-05-08ko txostenean adierazitako gaiak. Hona hemen:

–Eusteko barrarako sarbidea ez da sukaldeko espaziotik bakarrik eginen.

–Jakinarazten da, jarduera hasi aurretik, establezimendua erregistratu beharko dela, jatetxearen jarduerarako, Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Autonomikoan. Erregistro hori behar bezala izapidetzeko informazioa web-orri honetan dago: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Registro-Sanitario-Autonomico-de-empresas-alimentarias-y-alimentos.

Errotuluak jartzeko, dagokion lizentzia eskatu beharko da; izan ere, instalazioak fatxadari eraginen lioke, Iruñeko Udal Planean 3. babes-mailarekin katalogatutako eraikin baten elementu interesgarria baita.

Iruñerriko Mankomunitatearen txostenaren kopia erantsi da (2023-04-11koa), bete daitezen bertan agertzen diren lizentzia-baldintzak.

Lizentzia hauek ez dute jasotzen zangak egitea bide publikoan. Hornidura zerbitzuetarako harguneak ez dira banaka eginen, eta eraikinak sareekin dituen konexio orokorren parte izan beharko dute.

Proiektuan ezarritako suteen aurkako babeseko instalazioak eta ekipamenduak instalatu eta une oro mantenduko dira, eta horiek Eraikuntzako Kode Teknikoko DB SI - Suteetarako Segurtasuna Oinarrizko Dokumentuan, Suteen aurkako Babeserako Instalazioen Erregelamenduan eta aplikatzekoa den beste edozein araudi espezifikotan ezarritakoa beteko dute.

Larrialdiko argiztapen-blokeak eta ebakuazio-seinaleak ezin izanen dira sabaian sartuta egon, eta sabaiaren azpitik gutxienez 30 cm-ra jarriko dira; bestela, sutea gertatuz gero, keak pilatzeak ez du eragotziko betetzea "DB SUA oinarrizko dokumentuko SUA 4 ataleko 2. apartatuan ezarritako zerbitzu maila funtzionalak (EKT).

Komun irisgarriak beharrezko ekipamendua izanen du, DB SUA dokumentuko A eranskinean (EKT) ezarritako baldintzen arabera.

Instalazioek eta makinek beteko dituzte berariaz eragiten dieten indarreko erregelamenduetan ezarritako baldintzak.

Aire girotuaren eta erauzketaren kondentsatuak saneamendu-sarera isuri behar dira.

Zonakatze akustikoaren, kalitate-helburuen eta emisio akustikoen arloetan, instalazioek eta jarduerak zorrotz beteko dituzte Zaratari buruzko Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak, honako hauei dagokienez: instalazioa, funtzionamendua, soinu-mailak eta bibrazioak.

Indarrean dagoen araudiaren arabera hala behar duten instalazioek (gasa, elektrizitatea edo beste batzuk) erakunde eskudunen nahitaezko baimenak izan beharko dituzte (Nafarroako Gobernuko industria-arloko departamentu eskuduna, edo beste batzuk, hala badagokio).

Aplikatzekoak diren xedapenetan, azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legean ezarritakoa beteko da (Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea).

Obrak egitean, behar diren neurriak hartuko dira langileen, eraikinaren erabiltzaileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, indarrean dagoen araudiarekin bat.

Obrak egitean, bete eginen dira indarreko araudian ezarritako zarata-mailak. Hauts-emisioak erabat kontrolatuta egonen dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.

Lanak hasteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita. Obrak bukatu beharko dira hasi eta gehienez 8 hilabeteko epean. Lizentzia hauek iraungitzat joko dira, baldin epe horietan obrak hasi edo bukatu ez badira.

Behin obrak amaituta, aurkeztu behar da jarduera sailkatuaren hasieraren eta obren amaiera jakinarazteko erantzukizunpeko adierazpena, eta horretarako aurkeztu beharko da "obrak erabiltzeko, irekitzeko eta bukatzeko inprimakia" (inprimakia eskuragarri dago Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan edo www.pamplona.es webgunean). Halaber, inprimakian ezarritako dokumentazioa aurkeztuko da, obraren amaierako ziurtagiria barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera".

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2024ko ekainaren 6an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2409173