125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera-lizentzia ematea. Aparkalekua eta igerilekua sortzea

Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen, 2024ko maiatzaren 28an:

REV 28-MAY-24 (16/EV).

"Ikusirik LIO/2024/130 espedientea, Jose Arauzo Muñozek sustatua, Hotel Adoratrices Pamplona SL ordezkatuz, zeinaren bidez eskatzen baitira jarduera sailkaturako lizentzia eta obra-lizentzia, Maiatzaren Biaren kaleko 4 zenbakian dagoen hotelean eraberritze lanak egiteko (aparkalekua eta igerilekua sortzea); eta ikusirik Udalaren txosten teknikoak,

EBATZI DUT:

Eskatutako lizentziak ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:

Lanak deklaratutakoaren araberakoak izanen dira, eta obra osagarriren bat egiten bada, beste adierazpen edo lizentzia bat beharko da. Aurkeztutako eranskina (erregistroko data: 2024ko maiatza) aurreko dokumentazioaren gainetik egonen da, kontraesana sortzen den puntuetan.

Kasu eginen zaio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala) 2024/03/14an egindako txostenean jasotakoari.

Zolatuaren Irristagarritasuna C3 motakoa izan beharko da erabiltzaileak oinutsik ibiliko direla aurreikusten den guneetan eta ontziaren hondoan, bai eta igerilekuari erantsitako zolatutako edozein eremutan ere (1.2 taula, ESI 1 atala - Erortzeko arriskutik babesteko segurtasuna, ESI oinarrizko dokumentua - Erabileraren segurtasuna eta irisgarritasuna, Eraikuntzaren Kode Teknikoa.

Igerilekura sartzeko eskailerek material herdoilgaitzezko eskubanda izan behar dute eta irristagaitzak izan beharko dute. Obra eskaileretako mailek kolore berezia izan behar dute ertzetan, gainerakotik bereizteko, edo antzeko beste sistema eraginkorren bat izan beharko dute, erraz ikusteko, 86/2018 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera.

Ontziak izanen du, gutxienez, hondoa urez husteko sistema bat, bidea emanen duena bizkor ateratzeko ontzian dagoen ur guztia eta sedimentuak eta hondakinak.

Ontzia urez husteko sistema birzirkulazio sistemarekin lotuta badago, hondoko bi hargune izan beharko ditu gutxienez uraren birzirkulaziorako zirkuitu bakoitzeko. Horiek, gainera, behar adinako distantzia izan beharko dute batetik bestera, bainulari bakar batek biak aldi berean tapatzea ezinezkoa izan dadin. Segurtasun gailu batez babestuta egonen dira, eta gailu horiek bainulariek ez kentzeko moduak izanen dira, eta, horrela, bertan harrapatuta gelditzea eragotziko da. Hondoko harguneen xurgatze azalera kalkulatzerakoan, honako hau hartu beharko da kontuan: hargune bakoitzean, xurgatze abiadura ez da inoiz izanen 0,6 metro segundoko baino handiagoa.

Igerilekua hustetik datozen urak isurtzeari dagokionez, jakinarazi behar da, apirilaren 12ko 105/1999 eta urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuek adierazten duten bezala, ur horiek euri-urak bereizteko sarean sartu beharko direla, eta iragazkiak garbitzeko eragiketetatik datozen isurketak, berriz, ur beltzen sarean sartu beharko direla.

Higieneari eta Osasungarritasunari buruzko Oinarrizko Ordenantzak hau ezartzen du bainu-zentroetarako, 15. artikulua: Garbiketako tresna eta produktuak biltegiratzea beste erabilerarik ez duen berariazko espazio bat izan beharko du, aireberritzea duena. Espazio horrek itxita mantentzeko ate bat izan beharko du, edonor barruan sartzea eragotziko duena.

Bainu zentroetan tratamendua behar duen urarendako diren produktu kimikoak biltegiratzean, aplikatzekoak diren berariazko arauak bete beharko dira.

Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak egiteko, kontratatu beharko da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzailea den eraikitzaile bat, behar bezala inskribatuta egonen dena Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren dagokion erregistroan.

Ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera, gehienez 6 hilabeteko epea egonen da obrak hasteko, eta 12 hilabetekoa obrak bukatzeko. Lizentzia hau baliogabetzat joko da, baldin, horretarako espedientea egin ondoren, epe horretan obrak bukatu ez badira.

Obrak egin bitartean jabari publikoko lurrak okupatu behar badira, aldez aurretik dagokion lizentzia eskatu beharko da.

Obrak bukatu ondoren, aurkeztu beharko da irekierako erantzukizunpeko adierazpena, eta horretarako eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia aurkeztu behar da (inprimakia eskura duzu Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan, edo www.pamplona.es webgunean), inprimakian adierazitako dokumentazioarekin batera, obra-amaierako ziurtagiri teknikoa barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera".

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi ondotik.

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2024ko ekainaren 4an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2409012