125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera-lizentzia ematea. Taberna

Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen, 2024ko maiatzaren 22an:

REV 22-MAY-24 (19/EV).

"Ikusirik LIO/2023/3098 espedientea, Alfredo Abaurrea Ostizek sustatua, Alferja Ocio SL ordezkatuz, zeinaren bidez eskatzen baitira jarduera sailkaturako lizentzia eta obra-lizentzia, lokal bat egokitzeko taberna bat jartzeko (Moja zurien kalea, 1 zenbakia), eta ikusirik udal txosten teknikoak,

EBATZI DUT:

Eskatutako lizentziak ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:

Lanak deklaratutakoaren araberakoak izanen dira, eta obra osagarriren bat egiten bada, beste adierazpen edo lizentzia bat beharko da. 1., 2., 3. eta 4. eranskinak aurreko dokumentazioaren gainetik egonen dira, kontraesana sortzen duten puntuetan.

Instalazioek eta makinek beteko dituzte berariaz eragiten dieten indarreko erregelamenduetan ezarritako baldintzak.

Instalatu eta une oro mantenduko dira beharrezko instalazioak eta ekipamenduak suteen aurka babesteko, bai eta larrialdietarako argiak eta seinaleak ere. Horiek guztiek bete beharko dute xedatua dagoena Eraikingintzaren Kode Teknikoko (EKT) DB-SI eta DB-SUA oinarrizko dokumentuetan, Suteen aurkako Babeserako Instalazioen Erregelamenduan eta behar den gainerako araudi espezifikoan.

Lokalaren barnean erabiltzen diren eraikuntza-elementuek beteko dute EKTko DB SI dokumentuaren 1. apartatuan xedatutakoa (4.1 taula: Eraikuntza-elementuen suarekiko erreakzio motak).

Klimatizaziorako eta aireztapenerako instalazioak bete beharko dute Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (EITE) xedatutakoa. Kondentsatuak, halakorik bada, saneamendu sarera kanalizatuko dira. Aireztapen airea kanporatzeak ezin du afekziorik sortu kanpoko ingurunean.

Lokalaren fatxadako aireko zaratarekiko isolatze akustikoa, etxebizitzei dagokienez, izanen da, gutxienez, 60 dB(A), bat etorriz xedatuta dagoenarekin Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen ordenantzaren 9. artikuluan:

Jarduerak benetako funtzionamenduan sortutako zarata-mailak zorrotz bete beharko du 135/1989 Foru Dekretua, zehazki haren 12., 15. eta 16. artikuluetan xedatutako mailak. Halaber, bete beharko ditu aplikatu beharreko honako arau hauetan xedatutako mailak: Zaratari buruzko 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, eta hura garatzen duten dekretuak, hots, 1513/2005 Errege Dekretua eta 1367/2007 Errege Dekretua.

Fatxadako jarduketak beteko du Eraikingintza-ordenantza orokorraren 128. artikuluan xedatutakoa. Hala, tratamendu edo elementu osagarri apaingarriek ez dute fatxadaren lerrokadura gaindituko, justifikatutako moldurak edo estaldurak izan ezik (errotuluak barne). Dena den, horiek ezinen dira irten 10 cm-tik gora eraikuntzari eusten dion egituratik.

Eguzki-oihalaren azpiko altuera librea ez da 2,20 m-tik beherakoa izanen.

Lizentzia honek ez du barne hartzen zangarik edo bestelako obrarik egitea bide publikoan. Beharrezkoak izanez gero, banan-banan izapidetuko dira, gauzatu aurretik.

Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak egiteko, kontratatu beharko da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzailea den eraikitzaile bat, behar bezala inskribatuta egonen dena Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren dagokion erregistroan.

Ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera, gehienez 6 hilabeteko epea egonen da obrak hasteko, eta 3 hilabetekoa obrak bukatzeko. Lizentzia hau baliogabetzat joko da, baldin, horretarako espedientea egin ondoren, epe horretan obrak bukatu ez badira.

Obrak egin bitartean jabari publikoko lurrak okupatu behar badira, aldez aurretik dagokion lizentzia eskatu beharko da.

Aurkeztutako dokumentazioan, aplikagarri den araudian eta arlo honetan Udalak dituen irizpideetan oinarrituta, ezarri da lokalaren gehieneko edukiera 63 pertsonakoa dela. Hortik kanpo gelditzen dira bertako langileak.

Jakinarazten zaio, jarduera hasi aurretik, establezimendua erregistratu beharko duela Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Autonomikoan, tabernaren jarduerarako. Erregistro hori behar bezala izapidetzeko informazioa web-orri honetan dago:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Registro-Sanitario-Autonomico-de-empresas-alimentarias-y-alimentos

Obrak bukatu ondoren, aurkeztu beharko da irekierako erantzukizunpeko adierazpena, eta horretarako eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia aurkeztu behar da (inprimakia eskura duzu Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan, edo www.pamplona.es webgunean), inprimakian adierazitako dokumentazioarekin batera, obra-amaierako ziurtagiri teknikoa barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera".

Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi ondotik.

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2024ko ekainaren 4an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2409004