125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

99C/2024 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Aperitivos y Extrusionados SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Aperitivos y Extrusionados SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31000392011998), enpresaren eta sindikatuen ordezkaritzek 2023ko ekainaren 14an sinatu zutena eta erregistro honetan 2024ko martxoaren 27an sartu zena.

Zuzentzeko errekerimendua egin zen apirilaren 12an, eta enpresak zuzenketak aurkeztu zituen 2024ko maiatzaren 2an. Atzemandako akats guztiak zuzendu zituen.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Aperitivos y Extrusionados SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31000392011998).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

APERITIVOS Y EXTRUSIONADOS SA SOZIETATEAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

ATARIKOA

Honako hauek sinatu dute hitzarmena: langileak ordezkatuz, negoziazio mahaiko kideetatik Enpresa Batzordearen ordezkariak direnak, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuetakoak; eta, enpresa ordezkatuz, haren legezko ordezkariak.

Alderdiek hitzarmen kolektibo hau negoziatu eta sinatzeko legitimizazioa aitortzen diote elkarri.

I. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen honek arautuko ditu fruitu lehorrak eta zizka-mizkak fabrikatu eta merkaturatzen dituen Aperitivos y Extrusionados SA enpresaren berariazko lan-harremanak.

2. artikulua. Lurralde-eremua.

Hitzarmen honek Ribaforadako (Nafarroa) lantokian izanen du indarra.

3. artikulua. Eremu pertsonala.

Hitzarmen honetan ezarritako gai guztien eraginpean egonen dira enpresako produkzio eta biltegi ataletan jarduten duten eta lan kategoria hauek dituzten langileak: produkzio unitateko arduraduna, estrusio lanetako ofiziala, lineako burua, peoi espezializatua (makinista), peoia (laguntzailea) eta prestakuntzan den peoia.

4. artikulua. Denbora-eremua.

Hitzarmen honek sinatzen den egunean hartuko du indarra ondorio guztietarako. Bi urte iraunen du eta 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte izanen ditu ondorioak, kontzeptu ordainduei dagokienez. Hitzarmen honen testu artikuludunak ez du epemugarik. Hortaz, urtero automatikoki luzatuko da eta ez zaio aldaketarik eginen alde sinatzaileak ados jarri ezean.

5. artikulua. Hitzarmena salatzea eta indarraldia luzatzea.

Hitzarmen hau salatuta geldituko da, zuzenean, iraungitzearekin batera.

6. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.

Hitzarmen honen baldintzak, oro har, legeak ezarritako gutxienekoak baino hobeak dira. Beraz, irentsi eta konpentsatuko dituzte hitzarmenaren indarraldian aginduzko xedapenen bidez ezar daitezkeen bestelako baldintzak, zeinek eraginkortasun praktikoa izan baitezakete baldin eta orokorrean, urteko konputuan, hitzarmenaren maila osoa baino hobeak badira.

7. artikulua. Berme pertsonalak.

Itundutako baldintzak osorik aplikatuko dira lehendik ezarritakoen gainetik, baina enpresak lehendik onartutako hobekuntza ekonomiko guztiak errespetatuko dira.

Baldin langileren batek gainditzen baditu, orokorrean eta urteko konputuan, kualifikazio bereko langileentzat hitzarmenean ezartzen diren baldintzak, errespetatu eginen zaizkio pertsonalki. Neurri hori egoera horretan dauden langileei baino ez zaie aplikatuko.

8. artikulua. Osotasunari lotzea.

Itundutako baldintzek osotasun organikoa osatzen dute. Praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira.

II. KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA

9. artikulua. Lanbide kategorien definizioa.

Hitzarmen honen eraginpean dauden eta APEX SAn zerbitzuak ematen dituzten langileak lanbide kategoria hauetan sailkatuko dira:

A.–Produkzio unitateko burua.

Lanbide kategoria: produkzio unitateko arduraduna.

Hierarkian goragokoa: produkzio zuzendaria.

Eginkizun nagusia: salmenta departamentuak behar duen produktua garaiz eta eskatutako kalitate eta kopuru estandarrak betez ekoiztearen arduraduna da, lantegiko bere atalari dagokionez. Produkzio zuzendariari laguntzen dio ataletik ahalik etekin handiena ateratzen. Atalaren aurrekontuak eta helburuak betetzearen arduraduna da.

Mendekoak: atalaren arabera, bertan aritzen diren langile guztiak, hala nola estrusio, txigortze edo ontziratze (horizontala zein bertikala) makinetako langileak, artoaren eta frijitzearen arloko langileak, eta produkzioan ari diren gainerako langile guztiak.

Eginbehar zehatzak.

Egunerokoak:

–Biltegiko arduradunari jakinarazten dio zein lehengai behar diren, bere ataleko makinetaraino eraman ditzan.

–Mantentze-lanetako buruari arazo teknikoen berri ematen dio. Bere atalean, hainbat konponketa egin behar badira, lehentasunak ezartzen ditu.

–Txandako produkzioa programatzen du bere atalean.

–Bere txandako eta bere ataleko produkzio prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du.

–Bere atalaren kalitate kontrolak egin edo egiaztatzen ditu, eta estandarrak betetzen ez badira, kalitate departamentuari oharra egin eta, horrekin batera, desbiderapenak zuzentzen ditu eta fabrikazio lotea berrikus dadila proposatzen du.

–Kopuruari dagokionez estandarrekin dauden aldeak aztertzen ditu eta horiek zuzentzeko behar diren doikuntzak proposatzen ditu.

–Bere ataleko eguneroko produkzio parteetan azaltzen diren gorabeherak konpontzen ditu produkzioko administrazioarekin bat.

–Bere ardurapeko langileak zuzentzen ditu.

–Bereziki bere ataleko langile berriei ematen die laguntza.

–Kalitatea eta produktibitatea hobetzeko aldaketak, zuzenketak eta hobekuntzak proposatzen ditu bere atalean.

–Bere atalean higiene arauak betetzearen, ordenaren eta garbitasunaren arduraduna da.

–Langileak tokiz aldatzen edo lanak berriro esleitzen ditu, bere ataleko lanaren plangintzan aldaketaren bat dakarten matxurak, bajak edo bestelako arrazoiak direla eta.

–Langileei buruzko edozein gertakari jakinarazten dio langileen administrazio departamentuari (bajak, atzerapenak, gertakariak...).

Hilerokoak:

–Hobekuntzak eta aldaketak gomendatzen ditu bere atalean kalitatea ziurtatzeko eta elikagaien segurtasuna eta produktibitatea hobetzeko.

–Aurrekontuan dauden diferentziak aztertzen ditu, helburuenak eta estandarrenak, zergatiei buruzko txosten arrazoitua ematen du eta zuzenketarako behar diren doikuntzak proposatzen ditu.

–Garbiketa plana betetzen den gainbegiratzen du eta hobekuntzak eta aldaketak proposatzen ditu.

–Badaki zein diren bere atalari atxikitako aktiboek behar dituzten prebentziozko mantentze-lanak eta garaia denean behar bezala egiten direla egiaztatzen du.

–Bere ardurapeko langileak ebaluatzen ditu.

Urterokoak:

–Fabrikazio-estandarrak zehazten parte hartzen du eta bete daitezen arduratzen da.

–Atalaren funtzionamendua hobetzeko behar diren inbertsioak proposatzen ditu.

B.–Lineako burua.

Lanbide kategoria: makinista.

Hierarkian goragokoa: produkzio unitateko arduraduna.

Mendekoak: bere eremuko langileak.

Eginkizun nagusia: makinen ekipamendu osoaren eta funtzionamendu onaren arduraduna da produkzio aldian; bere arloko langileek kontrolak egiten dituztela egiaztatzen du, azken produktuaren kalitatea ziurtatzeko (hitzartutako estandarrak). Produkzio unitateko arduradunari arlotik ahalik etekin handiena ateratzen laguntzen dio. Arloaren aurrekontuak eta helburuak betetzearen arduraduna da.

Eginbehar zehatzak.

Egunerokoak:

–Produkzio unitateko arduradunak emandako fabrikazio aginduak betearazten ditu.

–Bere arloko makina eta prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du. Arazo teknikorik bada, produkzio unitateko arduradunari jakinarazten dio.

–Eskatutako fabrikazioa egiteko behar diren materialak badituztela egiaztatzen du; zerbait falta bada, produkzio unitateko arduradunari eskatzen dio.

–Makinak prest jartzen ditu, honako hauei dagokienez: papera, poltsak markatzeko eta ixteko zintak eta abar.

–Poltsak eta kaxak behar bezala bete, markatu, zenbatu eta ixtearen arduradun subsidiarioa da.

–Makinak eta inguruak garbitu eta zaintzeko aginduak ematen ditu eta lan horiek gainbegiratzen ditu.

–Jasotzen dituen lehengaien sarrera ikus-onesten du.

–Produktu burutuen biltegira bidaltzen dituen salgaiak ikus-onesten ditu.

–Bere arloko makinen produkzio parteak egiten ditu.

–Bere arloko eguneroko produkzio parteetan atzematen diren gorabeherak konpontzen laguntzen du.

Hilerokoak:

–Egiaztatzen du ezen, bere arloko makinetan, ezarritako planari jarraituta egin direla prebentziozko mantentze-lanak.

C.–Estrusio lanetako ofiziala.

Lanbide kategoria: ofiziala.

Hierarkian goragokoa: produkzio unitateko arduraduna.

Mendekoak: bonboetako langileak.

Eginkizun nagusia: makinen ekipamendu osoaren eta funtzionamendu egokiaren arduraduna da produkzioaldian; azken produktuaren kalitatea ziurtatzeko behar diren kontrolak egiten ditu (hitzartutako estandarrak). Produkzio unitateko arduradunari laguntzen dio arlotik ahalik etekin handiena ateratzen eta arloaren aurrekontuak eta helburuak betetzen.

Eginbehar zehatzak.

Egunerokoak:

–Produkzio unitateko arduradunak emandako fabrikazio aginduak betearazten ditu.

–Bere arloko makina eta prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du. Arazo teknikorik bada, produkzio unitateko arduradunari jakinarazten dio.

–Eskatutako fabrikazioa egiteko behar diren materialak badituztela egiaztatzen du; zerbait falta bada, produkzio unitateko arduradunari eskatzen dio.

–Makinak prest jartzen ditu, produktu bakoitza prestatzeko behar diren zehaztapen teknikoei dagokienez.

–Bere arloan fabrikatzen diren produktuen pisu espezifikoa, zaporea ematea eta ontziratzea egokiak izan daitezen arduratzen da.

–Makinak eta inguruak garbitu eta zaintzeko aginduak ematen ditu eta lan horiek gainbegiratzen ditu.

–Jasotzen dituen lehengaien sarrera ikus-onesten du.

–Produktu burutuen biltegira bidaltzen dituen salgaiak ikus-onesten ditu.

–Bere arloko makinen produkzio parteak egiten ditu.

–Bere arloko eguneroko produkzio parteetan atzematen diren gorabeherak konpontzen laguntzen du.

Hilerokoak:

–Egiaztatzen du ezen, bere arloko makinetan, ezarritako planari jarraituta egin direla prebentziozko mantentze-lanak.

–Makinen garbiketaz eta tratamenduaz mantentze-lanetako buruak ematen dituen arauak betearazten ditu.

D.–Lineako burua (orga jasotzaileko gidaria).

Lanbide kategoria: peoi espezializatua.

Goragokoa: logistikako burua.

Mendekoak: zamalanetako langileak.

Oinarrizko eginkizunak:

–Makina eta zinta jasotzaileen ekipamendu osoaren eta funtzionamendu onaren arduraduna da produkzio aldian.

–Produktu burutuen biltegiko salgaien txandaketa egokia egiten du.

–Produktu burutuen sarrera-irteerak parteetan ageri diren berak direla egiaztatzen du.

–Bere lan arloa eta hari atxikitako makinak, erremintak eta tresnak garbitzearen eta zaintzearen arduraduna da.

–Stocken jarraipen eta kontrol sistema eraginkorra administratzen laguntzen du.

–Logistikako buruari arlo horretatik ahalik etekin handiena ateratzen eta arloaren aurrekontu eta helburuak betearazten laguntzen dio.

Eginbehar zehatzak.

Egunerokoak:

–Logistikako buruak emandako karga-programazioa betearazten du.

–Bere arloko makina eta prozesuak ongi dabiltzala egiaztatzen du. Arazo teknikorik bada, logistikako buruari jakinarazten dio.

–Eskatutako karga-programazioa egiteko behar diren produktuak badituztela egiaztatzen du; zerbait falta bada, logistikako buruari eskatzen dio.

–Makinak prest jartzen ditu.

–Produktu burutuak jasotzen ditu, eta biltegiratzeko ardura duen pertsonari adierazten dio zer biltegitara eraman behar dituen.

–Produktu burutuak kargatu eta jaso izanaren parteak egiten ditu eta horietan errealitatea ageri dela ziurtatzen du.

–Bere arloko eguneroko produkzio parteetan atzematen diren gorabeherak konpontzen laguntzen du.

E.–Peoi espezialista.

Txigortzailea, frijitzailea eta zuritzailea.

Eginkizun nagusia.

–Prozesua zuzena izatearen arduraduna da, bere zereginen deskripzioan definitutako gune kritikoetako bakoitzean.

F.–Peoia.

Lanbide kategoria: laguntzailea.

Hierarkian goragokoa: produkzio unitateko arduraduna edo lineako burua.

Eginkizun nagusia:

–Langile horrek batik bat ahalegin fisikoa eskatzen duten lanak egiten ditu, lan praktiko erraza, kasu bakoitzean beharrezkoa den arreta jarriz.

–Zorrotxoak behar bezala bete, itxi eta kodetzearen edo erdi-bukatzearen arduraduna da.

G.–Peoia prestakuntzan.

Lanbide kategoria: laguntzailea.

Hierarkian goragokoa: produkzio unitateko arduraduna edo lineako burua.

Eginkizun nagusia:

–Peoiak duenaren berdina.

Kategoria honetan egonen dira enpresara lehenbiziko aldiz peoi kategoriarekin sartzen diren langileak, enpresan aritzen diren lehenengo bi hilabetean. Epe hori igarota, eta langileak enpresan jarraitzen badu, automatikoki peoi kategoria lortuko du.

10. artikulua. Mugikortasuna eta talde funtzionalez aldatzea.

Mugikortasun funtzionala enpresaburuaren eskumena da, baina ez ditu galaraziko langilearen eskubide ekonomikoak, hau da, zerbitzua emateagatiko prestazio ekonomiko guzti-guztiak.

Mugikortasun funtzionala gorabehera, langileak bere lanbide taldekoa izaten segituko du beti.

11. artikulua. Sarrera eta probaldia.

Lan kontratuek probaldia izanen dute, gehienez ere hiru hilabetekoa teknikari tituludunentzat eta 15 egunekoa gainerako langileentzat.

Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, salbu lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana probaldian).

Probaldia bukatutakoan, atzera egin ez bada, kontratuak dagozkion ondorioak sortuko ditu (zer modalitatetan egin den, berezko haren ondorioak sortuko ditu), eta, kasua bada, enpresan lanean aritutako denbora kontatuko da antzinatasunerako.

12. artikulua. Kategoriaz igotzea.

Igoeren araubidea langileen gaitasunari lotuko zaio beti (lanbide prestakuntza, merezimenduak, antzinatasuna), bai eta enpresako zuzendaritzaren antolamendu-ahalmenei ere.

Enpresak lanpostuen %2 gordeko du desgaitasuna duten langile gisa erregistraturik dauden langileentzat, abuztuaren 22ko 2531/70 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoarekin bat.

13. artikulua. Lana uztea eta likidazioa.

Enpresa uzten duten langileei dagozkien ordainsari guztien likidazioa emanen zaie, zehatz azalduta, argi ikus dezaten zeri dagokion kontzeptu bakoitza eta zein den haren zenbatekoa. Interesdunak Enpresa Batzordeko kide baten edo delegatu sindikal baten presentzia eskatu ahal izanen du.

Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako gutxieneko 15 eguneko epea betez. Langileak, aurrez abisatzen ez badu, ezin izanen du lana uzteagatik edo dimititzeagatik dagokion likidazioa jaso, harik eta enpresak langile guztiei hurrengo ordainsaria ematen dien arte.

14. artikulua. Lan kontratua.

2/1991 Legean xedatutakoa aplikatuz, goi zuzendaritzako lan kontratu berezietan izan ezik, enpresak 10 eguneko epean emanen die langileen ordezkariei egiten diren lan kontratuen oinarrizko kopia.

Kopia hori hartutakoan, langileen ordezkariek sinatuko dute, enpresaburuak frogatu ahal izateko entregatu egin duela.

Aldi baterako lan-kontratua: merkatuko inguruabarrek, lan metaketek edo eskabide gehiegi izateak zehazten dute halako kontratuen iraupena (Langileen Estatutuaren testu bateginaren 15. artikuluko 1. zenbakiko b) apartatuan eta maiatzaren 16ko 8/1997 Errege Lege-dekretuan arautzen dira kontratu horiek). Gehienez ere 6 hilabetekoak izanen dira 12 hilabeteko tartean, aipatu diren arrazoiak sortzen direnetik hasita.

ABLE bidezko kontratazioa: gehienez ere bi hilabetez ematen ahal dira zerbitzuak aldi baterako laneko enpresen bitartez.

III. KAPITULUA.–LANALDIA, OPORRAK ETA LIZENTZIAK

15. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean benetako lanaldia honakoa izanen da:

Aldia: 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte: 1.740 ordu urteko.

Aldia: 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitarte: 1.740 ordu urteko.

Lanaldi etengabean, benetako lanaldiaren barnean, ogitartekoaren atsedenaldia izanen da, lanaldi bakoitzean 15 minutukoa. Lanaldia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da oro har. Biltegietan lanaldia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da.

16. artikulua. Aparteko orduak.

Enpresako lan egutegian ezarritako lanaldiaz kanpo edo lanaldiaz gain egiten diren orduak aparteko ordutzat hartuko dira.

Ikusirik dagoen langabezia egoera larria, eta enplegua sortzeko asmoz, hitzarmen hau sinatzen duten aldeek erabaki dute komeni dela ahalik eta aparteko ordu gutxien sartzea.

Horrekin bat, irizpide hauek ezartzen dira:

1.–Ohiko aparteko orduak kentzea.

2.–Honako hauek gertatzeagatik edo aurreikusteagatik, aparteko orduak egitea: ezbeharrak, ohiz kanpoko kalteak edo gaiak zein produktuak galtzeko arriskua.

3.–Lanaren egituran eta antolakuntzan ohiz kanpoko egoerak sortzeagatik (absentzia, txanda aldaketak, ohiz kanpoko lanak, lan handiko garaiak, etab.) aparteko orduak egitea, behin-behineko langileak kontratatzerik ez dagoenean. Aparteko orduak txandaka eginen dira, ahal dela, eta apartatu honetakoak borondatezkoak izanen dira.

17. artikulua. Aparteko orduaren balioa.

Aparteko orduak egiten direnean, ondoko balio hau izanen dute:

a) Astelehenetik ostiralera eta larunbat goizetan egiten diren aparteko orduen prezioa:

2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitarte: banakako orduaren %66.

b) Larunbat arratsalde, igande eta jaiegunetan egiten diren aparteko orduen prezioa:

2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitarte: banakako orduaren %91.

Aparteko orduak atseden orduekin konpentsatzen ahalko dira, langileak eskatuz gero. Konpentsazioa honela eginen da:

Astelehenetik ostiralera eta larunbat goizean: aparteko ordu bakoitzeko 1,66 orduko atsedena.

Larunbat arratsalde, igande eta jaiegunetan: aparteko ordu bakoitzeko 1,91 orduko atsedena.

Enpresak eta langileak adostuko dute konpentsazioa zer egunetan hartu.

18. artikulua. Lan egutegia.

Lan egutegian jasoko dira enpresaren zerbitzuan lan egiteko era guztiak. Bertan lanaldiaren hasierako eta bukaerako orduak zehaztuko dira.

Enpresako zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak urtero adostuko dute lan egutegia urriaren 31 baino lehen, eta iragarki-taulan jarriko da.

19. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek 30 egun naturaleko oporrak izanen dituzte.

Oporrak hartu eta banatzerakoan kontuan hartuko da bermaturik egon behar direla enpresaren jarduera etengabeari eusteko gutxieneko langile beharrak.

Gutxieneko langile kopurua bermaturik, oporrak honela banatuko dira:

Langileek 15 egun natural jarraian hartzeko eskubidea dute uztailaren 15etik irailaren 15era bitartean, hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzean. Astebete gehiago hartu ahal izanen dute, enpresako zuzendaritzari eskatu eta hark onartuz gero. Hautaturiko oporraldian langileari bajaren bat suertatzen bazaio, baja egunak ez dira opor eguntzat joko eta gerora hartu ahal izanen dira.

Halaber langileek 5 opor egun hartu ahal izanen dituzte urtean zehar udako opor garaitik kanpo (langileak 3 aukeratuko ditu eta enpresak beste 2) enpresari eskatu eta hark onartuz gero. Enpresak baiezkoa emanen du baldin eta eskaeren edo opor egunen metaketak ez badu larriki eragozten enpresaren ohiko jarduera. Opor egunak hartu ahal izateko, gutxienez 7 egun lehenago jakinarazi beharko da.

Abenduaren 24an eta 31n goizeko lanaldia soilik eginen da, 06:00etatik 14:00etara, eta horrela opor egun bat osatuko da.

20. artikulua. Lizentziak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea izanen dute lizentzia ordainduak hartzeko, aurrez abisatu eta justifikaturik. Lizentzia hartzeko arrazoiak honakoak izanen dira:

1.–Langilea ezkontzeagatik, 15 lanegun (hitzarmen honetan izatezko bikoteak ezkondutako bikoteen parekoak dira).

2.–Ezkontidearen edo seme-alaben heriotzagatik, 6 lanegun.

3.–Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren mailarainoko ahaideek (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badute edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa egiten badiete, indarrean dagoen legeriari jarraikiz: bost egun.

4.–Odol edo ezkontza bidezko bigarren mailarainoko ahaideen heriotzagatik, 2 lanegun.

5.–Lanegun bat ohiko bizilekuz aldatzeko.

6.–Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihetsezin bat betetzeko, boto ematekoa barne. Legez edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatua badago, arau horretan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatuta dagoenari jarraituko zaio.

Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko hogei baino gehiagotan ezin izan bada bete beharreko lana egin, enpresak langilea 46.1 artikuluan araututako eszedentzia egoerara pasa dezake.

Langileak kalte-ordaina kobratzen badu eginbehar hori betetzeagatik edo kargu horretan jarduteagatik, diru kopuru hori bera deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.

7.–Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritakoari jarraikiz.

8.–Urtean 32 ordu ordaindu hartu ahal izanen dira medikuaren edo espezialistaren kontsultara joateko, aurrez justifikaturik.

9.–Lehen mailako ahaideak mediku espezialisten kontsultetara laguntzeko, 20. artikuluko 8. puntuan jasotako 32 orduetatik 16 erabili ahalko dira.

10.–Norberari kirurgia anbulatorioa egitea: urtean 16 ordu gehienez, urtean medikuaren kontsultara joateko dauden 32 orduen barruan.

11.–Artikulu honetako 2. eta 4. puntuetan jasotako kasuetan, langileak bere bizilekutik 75 kilometro baino gehiagoko bidaia egin behar badu, lanegun bat gehiago hartu ahal izanen du.

Erditzea prestatzeko baimenak: haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko behar-beharrezkoa den denbora hartuko da, lanorduetan egin behar badira.

21. artikulua. Lanaldia murriztea.

Legezko zaintza dela eta, hamalau urtetik beherako adingaberen bat edo jarduera ordaindurik ez duen urritu fisiko edo psikikoren bat zaindu beharrean diren langileek eskubidea dute lanaldia murrizteko, soldata edo ordainsaria ere proportzio berean jaitsiz. Murrizketa lanaldiaren zortziren batekoa izanen da gutxienez, eta lanaldiaren erdikoa gehienez.

Halaber langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute bigarren mailarainoko ahaideak zaintzeko.

22. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.

Langileek ordaindu gabeko 8 astera arteko guraso baimena eskatzen ahalko dute adingabeak 8 urte betetzen dituen arte. Baimena modu jarraituan edo ez-jarraituan hartzen ahalko dute, lanaldi osoan edo partzialean.

23. artikulua. Bularra emateko baimena.

Jaiotzaren, adopzioaren, adoptatzeko zaintzaren edo harreraren kasuan, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluarekin bat, langileek eskubidea izanen dute ordu batez lanetik kanpo egoteko, bularreko haurra zaintzearren, horrek bederatzi hilabete bete arte. Ordu hori bi zatitan banatzen ahal da. Ume baten baino gehiagoren jaiotze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harrera kasuetan, baimenaren denbora modu proportzionalean handituko da.

Eskubide hori baliatzen duenak, hala nahi badu, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, helburu berbererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du, negoziazio kolektiboan ezarritako baldintzetan edo enpresarekin adostuta (betiere negoziazio kolektiboan ezarritakoa errespetatuz).

Atal honetan jasotako lanaldi murrizketa langileen eskubide indibiduala da, eta eskubidea baliatzeko aukera ezin zaio besterendu beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileari. Hala ere, enpresa bereko bi langilek subjektu eragile beragatik baliatzen badute eskubide hori, eskubide hori aldi berean baliatzeko aukera mugatzen ahalko da enpresaren funtzionamenduari lotutako arrazoi funtsatu eta objektiboengatik, idatziz behar bezala arrazoituta. Kasu horretan, enpresak ordezko plan bat eskaini beharko du bi langileak eskubide horretaz baliatzen direla bermatzeko eta bateragarritasun-eskubideak baliatzea ahalbidetzeko.

Bi guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileek iraupen eta erregimen berean baliatzen badute eskubide hori, denbora hori bularreko haurrak hamabi hilabete bete arte luzatzen ahal da, eta soldata proportzioan murriztuko da umeak bederatzi hilabete betetzen dituenetik aurrera.

24. artikulua. Ikasteko lizentziak.

Langileek, ikasketak edo lanbide karrera bat egiteko ikastetxe ofizial batean matrikulatuta badaude eta azterketa batera aurkeztu behar badute, baimena eskatuko diote enpresari, eta enpresak behar duten denborarako baimena emanen die, urtean hamar egunez gehienez. Baimen denboraren ordainsaria hitzarmeneko soldataz eta antzinatasunaz osatuko da. Horretarako, behar bezala frogatu beharko da azterketara joan izana.

Baimen horietatik kanpo daude gidatzeko baimena ateratzeko azterketak eta langileak Administrazioan edo lantoki ez duen enpresa batean sartzeko egiten dituen azterketak.

Langileak lanaldi arrunta egokitzeko eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joan behar badu, edo lanbide prestakuntza edo hobekuntzarako baimena lortzeko lanpostua gordeta.

25. artikulua. Prestakuntza.

Prestakuntza planak Enpresa Batzordeari jakinaraziko zaizkio eta hark txostena emanen du. Joan-etorrietako gastuak enpresaren kontura izanen dira eta lanorduetan eginen dira.

26. artikulua. Soldatarik gabeko lizentzia.

Enpresan gutxienez urtebete daramaten langileek soldatarik gabeko lizentziak eskatu ahal izanen dituzte, gutxienez 7 egunekoak eta gehienez 150 egunekoak hitzarmen honen indarraldiko lehen urtean, eta gutxienez 7 egunekoak eta gehienez 180 egunekoak bigarren urtetik aurrera. Eskatu eta hurrengo astean emanen zaie lizentzia hori, presaz hartu beharra behar bezala frogatzen duten kasuetan izan ezik, halakoetan eskatu eta berehala emanen baitzaie. Betiere enpresako zuzendaritzak erabakiko du lizentzia ematea, zerbitzuaren beharrek aukera ematen badute eta eskaeraren arrazoiak behar bezala justifikatzen badira.

Lizentziak irauten duen denboran enpresak langilearen baja emanen du Gizarte Segurantzan.

Ezin izanen dute beste lizentzia bat eskatu azken lizentziatik bi urte iragan arte.

27. artikulua. Eszedentziak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek eszedentzia hauek hartzeko eskubidea izanen dute:

Borondatezkoa: Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskatzen ahalko dute borondatezko eszedentzia.

Baldintza hauek ezinbestekoak dira eszedentzia emateko:

1.–Idatziz eskatzea, arrazoiak azalduz.

2.–Langileak konpromiso formala hartzea eszedentziaren denboran ez egiteko enpresan egiten zuen bezalako jarduerarik, ez bere kontura ez inoren kontura. Baldintza hori ez betetzeak lan harremanaren amaiera eta lortutako eskubideen galera ekarriko ditu.

Eszedentzia eskaerak aurkeztu eta 15 eguneko epean ebatziko dira. Zerbitzuaren beharrak kontuan hartuko dira erantzuna ematerakoan.

Eszedentzia gutxienez lau hilabetekoa eta gehienez bostekoa izanen da.

Lanpostua lehenbiziko urtean gordeko zaio eszedentzian den langileari. Eskubide hori erabili nahi badu, aurretiaz eskatu beharko du, eszedentzia amaitu aurreko 30 egun naturalen barnean; bestela, langileak enpresarekiko lan harremanari uko egin diola ulertuko da.

Lehen mailarainoko ahaideak zaintzeko: gehienez 3 urte hartzen ahal dira, lanpostua gordeta.

Nahitaezkoa: lanpostua gordeko da eta eszedentziaren denbora antzinatasunean kontatuko da. Baldintza hauek betetzen dituzten langileei emanen zaie:

1.–Estatu, autonomia erkidego, udalerri edo Europa mailako kargu publiko baterako aukeratu edo izendatua izatea, hauteskunde prozesu egokiaren bidez, izaera orokorreko esparru guztietarako edo haietako bakoitzerako.

Estatu, udalerri edo Europa mailako kargu publiko baterako izendatua izatea, izendapena ministroen kontseiluan edo kasuan kasuko administrazioko organoetan onetsi izanik, eta aldizkari ofizialean edo administrazio ebazpen egokiaren bidez argitaratua.

2.–Beren estatutuei jarraikiz eskualde barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.

Ordezkaritza-kargu publikoan edo eskualde barneko nahiz esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzeagatik eszedentzia ematen denean, langileak kargua edo eginkizuna utzi eta 30 egun natural igaro baino lehen itzuli beharko du enpresara.

Azaldutako eszedentzia kasu guztietan, eszedentzian dagoen langileak ez du eskubiderik izanen ordainsaririk jasotzeko, ez eta eszedentzian emandako denbora ezein ondoriotarako kontatzeko ere, salbu eta antzinatasunerako, nahitaezko eszedentziaren kasuan.

Lana eta familia bateragarri egitea: hitzarmen honetan jasorik ez dauden alderdietan indarra duen legeria aplikatuko da.

VI. KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK

28. artikulua. Ordainsaria.

Ordainsaritzat soldatak hartzen dira, hots, urteko eta eguneko lansari gordinak. Zergak eta karga sozialak, edo langileen ordainsariak nahitaez kargatzen dituen oraingo eta geroko beste edozein kenketa, legearen arabera dagokionak ordainduko ditu, behar den eran eta moduan.

Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzean honako hauek izanen dira eguneko oinarrizko soldatak, kategoria guztietarako:

2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako 2022ko KPI erreala.

2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako 2023ko KPI erreala.

KPIa negatiboa bada ez da aplikatuko, diferentziala baizik ez da igoko. Baldin Nafarroako aurreko urteko KPIa handiagoa bada hitzarmena indarrean den urte bakoitzerako ezarritako igoera finkoa baino, zifra hura (aurreko urteko Nafarroako KPIa) aplikatuko da igoera finko gisa.

Lanpostuko osagarriak eta hitzarmen plusa.

Lanpostuko osagarria edota hitzarmen plusa jasotzeko eskubidea duten langileek hurrengo igoera hauek izanen dituzte aipatu kontzeptuetan:

2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako KPI erreala.

2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31 bitarte: Nafarroako KPI erreala.

KPIa negatiboa bada ez da aplikatuko, diferentziala baizik ez da igoko. Baldin Nafarroako aurreko urteko KPIa handiagoa bada hitzarmena indarrean den urte bakoitzerako ezarritako igoera finkoa baino, zifra hura (aurreko urteko Nafarroako KPIa) aplikatuko da igoera finko gisa.

Soldatak, lanpostuko osagarriak eta hitzarmen plusa VI. eranskineko lansarien taulan zehaztu dira.

Aldi baterako kontratua duten langileek hitzarmeneko urteroko igoerei dagozkien soldata-atzerapenak kobratuko dituzte enpresan alta emanda egon diren denboragatik, baita hitzarmena sinatzen denean kontratua amaitua badute ere.

29. artikulua. Antzinatasuna.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek oinarrizko soldataren %6ko igoera izanen dute betetzen duten hirurteko bakoitzeko, gehienez ere 10 hirurteko bete arte.

30. artikulua. Neke, toxikotasun eta arriskuaren plusa.

Lan arloko agintaritza eskudunak enpresan egiten den lanen bat nekagarri, arriskutsu edo toxikotzat sailkatzen badu, enpresak ahal diren neurri guztiak hartuko ditu plus horren eragile diren baldintzak ezabatu edo arintzeko. Sailkapen horrek dirauen artean langileak plusa jasoko du, bere kategoriako oinarrizko soldataren %10 hain zuzen, agintaritzak lanpostua katalogatzen duenetik egoera zuzentzen den arte.

31. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Hitzarmen honen eraginpeko langileetatik gaueko hamarretan hasi eta goizeko seiak arte lan egiten dutenek gaueko lanaren plusa jasoko dute: oinarrizko soldataren %27.

Gauez eta jaiegunez lan egin behar izanez gero, honela kalkulatuko da plusa: ordu arrunta gehi ordu arruntaren eta jaieguneko orduaren arteko aldea.

32. artikulua. Aparteko haborokinak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek aparteko hiru haborokin jasoko dituzte, uztailekoa, Eguberrietakoa eta mozkinen paga. Horietako bakoitzean 30 eguneko oinarrizko soldata, antzinatasuna eta hitzarmen plusa kobratuko dituzte. Sortzapenari dagokionez, enpresak hilabeteka hainbanatu ahal izanen ditu.

33. artikulua. Laneko istripua edo lanbide eritasuna.

Lan istripu edo lanbide eritasunengatik bajan dauden langileen soldatak, %100eraino berdinduko dira lehenbiziko egunetik hasita.

34. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Enpresak langile finko guztientzat indarrean mantenduko du aseguru bat. Aseguru horren bidez %100era arte osatuko da hileko soldata (oinarrizko soldata -hitzarmen plusa- lanpostuko osagarria) aldi baterako ezintasuneko bajetan, bajako 51. egunetik aurrera.

35. artikulua. Malgutasunaren eta lan taldeen ziozko prima berezi gordina.

Hurrengo hauek izanen dira apartatu honetan enpresak ordaindu beharreko zenbatekoak:

2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31 bitarte: 1.000,00 euro.

2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31 bitarte: 1.000,00 euro.

Ekainetik azarora bitarteko primak abenduko nominan ordainduko dira, eta abendutik maiatzera bitartekoak ekaineko nominan.

Prima hori jasoko dute, bakar-bakarrik, ordainketa egiten den hilaren aurreko seihilekoan honako baldintza hauek betetzen dituzten langileek:

–Malgutasuna: konpromisoa hartzen dute urtean 3 larunbatean lan egiteko prest egoteko, enpresak horren beharra badu.

–Kalitatea eta produktibitatea hobetzeko edo kostuak murrizteko lan taldeetan parte hartzen dute.

–Seihilekoaren azken egunean gutxienez 9 hilabete daramatzate lanean APEXen.

Aldi baterako ezintasuna hilabetetik beherakoa bada, %100 kobratuko da.

Aldi baterako ezintasuna hilabete batetik 6 hilabete bitartekoa bada, %100 kobratuko da, baldin eta aldi horretan larunbaten batean lan egin baldin bada, eta larunbat batean ere lan egin ez bada, alta egoeran egon den aldiari dagokion zati proportzionala kobratuko da.

36. artikulua. Soldata ordaintzea.

Soldatak banku transferentziaren bidez ordainduko dira, ordaindu beharreko hilabetea amaitu eta hurrengoaren lehen bost egun baliodunen barnean.

Aparteko orduak aurretiaz itxiko dira nominak prestatu ahal izateko, gehienez ere hamabi egun lehenago; sartu ez diren egunak hurrengo hilabetean gehituko dira.

37. artikulua. Lanaldi irregularraren aplikazioa.

Hitzarmen honek irauten duen bitartean, enpresak uko egiten dio urteko lanaldiaren %9 modu irregularrean banatzeari, nahiz eta Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluak aukera hori jaso, eta, horren ordez, urteko lanaldiaren %1 erabili dezake aipatutako artikuluan ezarritako baldintza berberetan.

%1 hori ez da erabiliko larunbat arratsaldeetan, jaiegunetan, igandeetan edo ezarritako zubietan.

38. artikulua. Hitzarmen honetan hitzartutako lan baldintzak ez aplikatzea.

Enpresak ezin izanen dio inola ere heldu hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuz, eta saiatu beharko da muga-eguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzen, beste hitzarmen bat lortzeko edo hura berrikusteko Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

V. KAPITULUA.–ONURA SOZIALAK

39. artikulua. Erretiro partziala.

Langile batek erretiro partzial aurreratua hartu nahi badu, enpresak nahitaez eman beharko dio.

40. artikulua. Lanpostua gordetzeko eskubidea.

Langile bat atxilotzen badute, epai irmoa eduki arte enpresak lanpostua gordeko dio eta lan kontratua etenik geldituko da bitarte horretan.

XI. KAPITULUA.–SEGURTASUNA ETA HIGIENEA

41. artikulua. Lokaletako higienea.

Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi edukitzeko baliabideak izan; langileen betebeharra izanen da enpresako zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak betetzea.

42. artikulua. Botika kutxa.

Enpresak botika kutxa izanen du plantillako langile guztiak iristen ahal diren tokian. Botika kutxa hori ongi zainduko da, eta larrialdiko lehen sendaketak egiteko behar diren tresna eta baliabideak edukiko ditu.

43. artikulua. Jantokiak.

Enpresak lokal bat atonduko du jantoki gisa erabiltzeko. Indarra duen legerian eskatzen diren gutxieneko baldintzak beteko ditu. Jantokian mahaiak, aulkiak eta mikrouhin labea jarriko dira, langileek erabil ditzaten.

44. artikulua. Gaitasun urritua.

Laneko istripuagatik edo lanbideko gaixotasunagatik gaitasuna gutxitua (ahalmen fisiko edo intelektualak murriztuak) duten langileek lehentasuna izanen dute lanpostu egokienak betetzeko, enpresan dauden baldintzen arabera. Halakoetan, lanbide kategoria berri horri dagokion lansaria jasoko du langileak.

45. artikulua. Osasuna zaintzea.

Enpresak osasun egoera zaintzeko azterketak bermatuko dizkie langileei, aldian behin, lanak dituen arriskuen arabera. Langilearen adostasuna beharko da azterketa horiek egiteko.

Salbuespenez, langileen ordezkariek txostena egin ondoren, azterketa nahitaez onartu beharko da baldin eta hura egitea ezinbestekoa bada ebaluatzeko zein den lan baldintzek langileen osasunaren gain duten eragina, edo baldin eta egiaztatu nahi bada langilearen osasun egoera arriskutsua izan daitekeen langile horrentzat berarentzat, gainerako langileentzat edo enpresarekin zerikusia duten beste pertsona batzuentzat. Azterketa nahitaez onartu beharko da, halaber, hala ezarrita dagoenean berariazko arriskuetarako eta arrisku bereziko jardueretarako babesa arautzen duten xedapenetan.

Nolanahi ere, langileari ahalik eragozpen gutxien sortu eta arriskuaren araberakoak diren azterketa edo probak hautatu beharko dira.

Osasun azterketaren gastuak enpresaren kontura izanen dira. Azterketa lanaldiaren barnean eginen da, edo bestela enpresak ordaindu eginen du hartan ematen den denbora.

46. artikulua. Higiene zerbitzuak.

Lantokian edateko uraren hornidura behar adinakoa izanen da, eta aldagela egonen da, behar adina armairu, komun eta zerbitzurekin.

47. artikulua. Lanpostua aldatzeko eskubidea.

Haurdun dagoen emakumeak, medikuaren txostena izanik, eskubidea izanen du lanpostua aldatzeko, jakiten den unetik haurdunaldiagatik laneko bere tokia arriskutsua dela, amarentzat edo haurrarentzat. Eta betiere antolamenduak aukera ematen baldin badu.

48. artikulua. Laneko arropa.

Enpresak urtean behin, urtarrilean, langileei laneko arropa egokiak emanen dizkie, langile bakoitzaren lanpostuaren ezaugarriak edo jarduera mota kontuan hartuta Zehazki, jantzi hauek emanen zaizkie:

Fabrikazio lantegia - emakumezko langileak.

  • Galtza zuriak, bi pare.
  • Bi kamiseta zuri.
  • Hotzaren aurkako txaleko bat.
  • Buruko bat.

Enpresak lanpostu bakoitzerako oinetako egokiak banatuko ditu. Eskularruak behar dituzten langileei enpresak behar adina pare emanen dizkie, eta haien erabilera kontrolatuko du.

Fabrikazio lantegia eta biltegia - gizonezko langileak.

  • Galtza zuriak, bi pare.
  • Bi kamiseta zuri.
  • Hotzaren aurkako txaleko bat.
  • Txano bat.

Enpresak lanpostu bakoitzerako oinetako egokiak banatuko ditu. Eskularruak behar dituzten langileei enpresak behar adina pare emanen dizkie, eta haien erabilera kontrolatuko du.

VII. KAPITULUA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK

49. artikulua. Faltak.

Faltatzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, bereziki, itun honek ezarritako betebeharren kontrako ekintzak edo ez-egiteak.

Garrantziaren arabera, faltak honela sailkatu dira: arinak, astunak edo oso astunak.

50. artikulua. Falta arinen sailkapena.

1.–Hilabeteko epean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

2.–Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.

3.–Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.

4.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.

5.–Bizilekuz aldatu izanaren berri ez ematea, aldaketa egin eta 10 eguneko epearen barnean.

6.–Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

7.–Noizean behin mozkortuta agertzea.

8.–Lanarekin zerikusirik ez duten inprimaki edo argitalpenak irakurtzea lanorduetan.

9.–Arropak edo gauzak uztea gordetzeko tokietatik kanpo.

10.–Elikagai enpresa bati dagokion segurtasun eta higieneko araudia behin edo bitan ez betetzea, jabea den enpresaren kalitate arauei jarraikiz.

11.–Enpresak lanerako emandako bitartekoen partez beste batzuk erabiltzea, laneko arropa barne.

51. artikulua. Falta astunen sailkapena.

1.–30 egun naturaleko epearen barnean lau eta zortzi puntualtasun falta bitartean egitea.

2.–Hogeita hamar eguneko epean lanera 2 egunez ez agertzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

3.–Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzaren prestazioetan ondorioak izaten ahal dituztenak, ez jakinaraztea behar den garaian.

4.–Lanorduetan edozein motatako jokoetan ibiltzea.

5.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.

6.–Zuhurtziarik eza lanean. Falta oso astuntzat jotzen ahal da baldin eta langileari berari edo lankideei istripuren bat izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak edo merkantziak matxuratzeko arriskua edo suak hartzekoa.

7.–Lanaldian norberaren lanak egitea, baita enpresaren lanabesak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.

8.–Langileak ikusitako egintzak edo faltak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri nagusiei berehala ez ematea.

9.–Akatsak eta hanka-sartzeak asmo txarrez ezkutatzea eta, horren ondorioz, enpresari kalte egitea.

10.–Elikagai enpresa bati dagokion segurtasun eta higieneko araudia 3-5 aldiz ez betetzea, jabea den enpresaren kalitate arauei jarraikiz.

52. artikulua. Falta oso astunen sailkapena.

1.–Behin eta berriz lanera berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.

a) Lanera 8 aldiz baino gehiagotan berandu iristea arrazoirik gabe, 30 egun naturaleko epean, eta lanera 16 aldiz berandu iristea arrazoirik gabe, 180 egun naturaleko epean.

b) Lanera ez joateagatiko falta: lanera 3 egunez ez agertzea, bidezko arrazoirik eman gabe, 30 eguneko epean.

2.–Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea lantokiaren barnean edo beste edozein lekutan lanean ari dela.

3.–Enpresaren lehengaiak, hala nola lanabesak, makineria, aparatuak, instalazioak, eraikinak, altzariak edo agiriak nahita desagerraraztea, ezdeus bihurtzea edo hondatzea.

4.–Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

5.–Enpresakoa ez den norbaiti ezagutaraztea nahitaez isilpean eduki beharreko datuak.

6.–Nagusiei edo lankideei kolpez edo hitzez erasotzea.

7.–Istripu larriak sorraraztea aitzakiarik gabeko zabarkeriaz edo zuhurtasunik ezaz.

8.–Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.

9.–Enpresak seinalatutako esparruetatik kanpo erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.

10.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.

Kontratuko onustea haustea da, besteak beste, lantokitik irtetean paketeek edo bildutako gauzek barruan zer duten erakutsi nahi ez izatea zeregin horretako langileek eskatzen dutenean, betiere Langileen Estatutuaren 18. artikuluan ezarritako bermeak betez.

11.–Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

53. artikulua. Zehapenak.

Falta nolakoa izan den, zehapen hauek ezarriko dira:

1.–Falta arinengatik:

a) Hitzezko kargu-hartzea.

b) Idatzizko kargu hartzea.

c) Enplegu-soldaten etenaldia: egun bat.

2.–Falta astunengatik:

a) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

b) 2 egunetik 15era bitartean enplegu eta soldatarik gabe uztea.

c) Goragoko kategoria batera igarotzeko desgaitzea 3 urterako gehienez.

3.–Falta oso astunengatik:

a) Enplegu eta soldata gabe uztea 16 egunetik 60 egunera bitarte.

b) Goragoko kategoria batera igarotzeko desgaitzea 5 urterako gehienez.

c) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

d) Kaleratzea.

54. artikulua. Zehapenak betetzea.

Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.

Goian azaldutako falten zerrenda azalpenezkoa da, eta ez da mugatua; beraz, aurreikusi ez den orotan indarra duen laneko legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

55. artikulua. Preskripzioa.

Langileei dagokienez, falta arinek 10 egunen buruan preskribatuko dute, astunek 20 egunen buruan, eta oso astunek 60ren buruan, enpresak faltaren berri izaten duen egunetik hasita, eta, nolanahi ere, falta egin eta 6 hilabeteren buruan.

VIII. KAPITULUA.–LANGILEEN ORDEZKARIAK

56. artikulua. Eskubide sindikalak.

Enpresak errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, eta onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin ditzaketela, aurrez enpresari jakinarazita, eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela.

Enpresak ezin izanen du ez afiliatzeko edo sindikatuko afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik langilea kaleratu nahiz beste modu batez kalte egin langileari.

Sindikatuek informazioa bidali ahal izanen dute lantokira, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eragotzi gabe.

57. artikulua. Iragarki-taula.

Enpresak iragarki-taula jartzeko erraztasunak emanen ditu, enpresan behar bezala ezarritako sindikatuek informazioa eta mezuak jar ditzaten.

58. artikulua. Ordu sindikalak metatzea.

Enpresa Batzordeko kideek legean ezarritako ordu ordainduak izanen dituzte hilean.

Hileko ordu ordainduak metatzeari dagokionez, sindikatuetako kideek zilegi izanen dute beren ordu guztiak sindikatu bereko kide bati edo gehiagori lagatzea.

Orduen metaketa gutxienez 10 egun lehenago jakinaraziko zaio enpresako zuzendaritzari.

59. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.

Aldeetako batek uste badu sindikatuen kontrakoak diren jarduketak egin direla, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.

60. artikulua. Arau erreferentzia.

Aurreko artikuluetan jaso ez den orotarako, Langileen Estatutuan ezarritakoa hartuko da aintzat. Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan eta indarra duten gainerako lege arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA.–LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOARI BURUZKO LEGEA

Hitzarmen kolektibo honetan, gai honen garapenak hiru oinarri nagusi izan behar ditu:

a) APEX enpresako langileen osasunaren eta segurtasunaren babes egokia bermatuko duen prebentzio politika diseinatzea, atal bakoitzaren egoeratik abiatuta, egungo legearen erregelamenduzko garapenaren hutsuneak betetzeko.

b) Langileek beren ordezkarien bidez arriskuen prebentzioan eta ezabaketan eraginkortasunez parte hartuko dutela bermatzea.

c) Enpresan araudia hobeki aplikatuko dela ziurtatzea.

Beraz, hiru alderdi nagusi horiek garatzeko, hitzarmen kolektibo hau sinatu duten aldeek ondoko neurri hauek hartzea erabaki dute:

1.–Segurtasun eta Osasun Batzordea eratzea eta prebentzio plan eta programak diseinatu eta aplikatzea. Langileen ordezkariek lan horretan parte hartuko dute.

2.–Lanpostuetan ezin saihestu diren arriskuen ebaluazioa egitea, prebentzio neurri egokienen lehentasunak zehaztea langileen ordezkariekin batera, eta langileen osasuna zaintzea lanpostu bakoitzean jardutearen ondoriozko berariazko arriskuak kontuan izanik.

3.–Toxikotzat eta nekagarritzat jotzen diren lanpostuetako arriskuak kentzeko prozesuan, plusak behin-behineko neurriak izanen dira. Arriskua kendu arte iraunen dute, eta ez dira arriskua gutxitzeko traba izanen.

II. ERANSKINA.–NAFARROAKO LAN AUZITEGIA

Hitzarmen hau sinatu duten aldeek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, hala kolektiboak nola indibidualak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan. Era berean, konpromisoa hartzen dute ahaleginak egiteko ukituriko alderdiak borondatez jar daitezen lan gatazkak konpontzeko auzitegi horren prozedura arbitralaren mendean.

Klausula hau, beraz, alderdiak lan gatazkak konpontzeko aipatu auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, Langileen Estatutuaren 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasuna du eta, horren ondorioz, itunak behartzen ditu enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak beren desadostasunak jartzera, epaiketara jo aurretik, aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduren mende. Hori horrela, ez da beharrezkoa arbitraje prozedurari berariaz eta banaka lotzea, haren mendean jartzea borondatezkoa baita, eta lan hitzarmen honen sinatzaileek hura bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartzen baitute.

ELAk eta LABek ez dute eranskin hau sinatu, ez direlako Lan Auzitegiko kide.

III. ERANSKINA.–BATZORDE PARITARIOA

Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa sortzen da. Hitzarmen honetako Negoziazio Batzordeko kideek eta horiek izendatzen dituzten aholkulariek osatuko dute.

Unean bakoitzean langileen legezko ordezkari direnek eta horien aholkulariek osatuko dute Batzorde Paritarioa.

1. Hauek dira Batzorde Paritarioaren eginkizunak.

Haren esku jartzen diren gatazka indibidual eta kolektiboetan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze-lana egitea.

Akordio guztien interpretazio lanak egitea.

Akordio guztien jarraipen lanak egitea.

2. Akordioak.

Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere bete beharrekoak izanen dira. Halako akordioak Lan arloko Agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.

3. Funtzionamenduaren erregelamendua.

a) Bilerak.–Batzorde Paritarioa aurreko artikuluko 1 a) eta b) atalean aipatu eginkizunak betetzeko bilduko da, esku hartzeko eskatzen zaionean.

b) Deialdiak.–Batzorde Paritarioa biltzeko deia erakunde sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.

Batzorde Paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean gehienez.

Epe horretan Batzordea biltzen ez bada, Batzorde Paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesdunak bidezko iruditzen zaizkion ekintzetara jotzen ahalko du.

c) Aholkularien quoruma.–Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean.

d) Akordioen balioa.–Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren %60ren aldeko botoa beharko da.

Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkariek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.

Helbidea.–Jakinarazpen eta deialdietarako, Batzorde Paritarioak enpresaren lokaletan izanen du helbidea, Ribaforadan (232 errepide nazionala, 104. kilometroa).

4. Men egitea.

Batzorde Paritarioaren mende jarri beharra. Alderdiek Batzorde Paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea. Nolanahi ere, onustearen printzipioari jarraituz negoziatu beharko da.

IV. ERANSKINA.–ASEGURUEN POLIZA

APEX SA enpresak indarrean edukiko du hitzarmen honen eraginpeko langileentzako aseguru poliza orokorra, gertakizun hauek estaliko dituena: laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko heriotza, eta laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko baliaezintasuna. Zenbatekoa honako hau izanen da:

2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko urteko abenduaren 31 bitarte: 25.000,00 euro.

V. ERANSKINA.–APEX SA-REN SOLDATEN TAULAK

Aldia: 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte.

LANBIDE KATEGORIA

SOLDATA, ­EGUNEKO

HITZARMEN PLUSA

LANPOSTUKO OSAGARRIAREN PLUSA

Produkzio unitateko arduraduna

37,97

140,78

214,69

Estrusio lanetako ofiziala

37,97

140,78

165,15

Lineako burua

37,97

140,78

110,10

Peoi espezialista

37,97

140,78

55,06

Peoia

37,97

143,92

0,00

Prestakuntzan den peoia

34,83

0,00

0,00

VI. ERANSKINA

Edozein lege aldaketak hitzarmen honen edukia hobetzen badu, argitaratzen den unetik aplikatuko da.

VII. ERANSKINA

Hurrengo asteko laneko zerrenda jendaurrean jarriko da, gutxienez ere astebete lehenago.

VIII. ERANSKINA

Hitzarmen hau Kontziliazioari eta Berdintasunari buruzko Legearen mende jarriko da.

Iragarkiaren kodea: F2407985