125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

167E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Rocaforteko (Zangoza) industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa xehatua, bi exekuzio unitate mugatzeari eta balio anitzeko erabilera murrizteari buruzkoa, batez ere. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

2023ko maiatzaren 5ean, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitza SAk Rocaforteko (Zangoza) industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren (UGPS) aldaketa xehatua aurkeztu zuen. Izan ere, aldaketa xehatuak honako helburuak ditu:

–UGPSaren esparrua bi exekuzio-unitatetan banatzea (UE1 eta UE2), plan sektorialean zehazten diren urbanizatzeko faseen arabera.

–UGPSa garatzeko epeak aldatzea, eta zehaztutako unitate bakoitzarentzako epe ez-lotesle eta desberdinak ezartzea. Hain zuzen, UE1 unitatea UE2 unitatearen aurretik planifikatu da.

–P.1 eta P.2 lurzatien kalifikazioa aldatzea, balio anitzeko erabilera pribatua izatetik erabilera industriala izatera pasatuko baitira, baita haien lerrokadurak ere.

–Banaketa arearen ereduzko aprobetxamendua aldatzea, kontuan hartuta erabileraren aldaketa horrek zein ondorio duen aprobetxamenduaren guztizko zenbaketan.

–UGPSan esparrurako ezartzen den azalera egokitzea, katastroko lurzatien neurketan aldaketak direla-medio, nahiz eta mugaketa zegoen bezala mantenduko den. 187.568 m²-ko industria sektore bat aurreikusten du, eta 8.294 m²-ko sistema orokor bat, aurretik 187.347 eta 8.292 m²-koak zirenean, hurrenez hurren.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 2an emandako 214E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen aldaketa hau. Ebazpen hori 2023ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 26koan. Espedientea jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, eragindako udalari entzunaldia eman zitzaion.

Ezarritako epean ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

2024ko urtarrilaren 17an, sustatzaileak dokumentu berri bat aurkeztu zuen espedientearen inguruko kontsiderazioei erantzuteko, zeinak egin baitziren Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren txostenean eta aurretik aipatu 214E/2023 Ebazpenean.

Espedienteak biltzen ditu Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuaren txostenak, zeinak eman baitziren, hurrenez hurren, 2023ko ekainaren 19an eta 2024ko martxoaren 14an. Lehenak baldintza bat aipatzen du, eta bigarrena aldekoa da, dokumentu berrian baldintzari emandako erantzunari dagokionez.

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak, 2023ko azaroaren 6an, honako hau adierazi zuen: "ez dago aldaketarik aurreikusten den uraren azpiegiturari dagokionez, ez eta UGPSaren aurretiko izapidetzeari eta ondorengo aldaketei dagokienez ere. Dena den, gogorarazi behar da handitzeak egungo egoeraren arazo berak izanen dituela. Izan ere, ur-biltegiak duen giltzen ganbera egoera txarrean dago, eta ontzi bakarra izateak eragiten du sistema erabiltzea zaila izatea".

Bestetik, Ingurumen Eraginaren Atalak, 2023ko uztailaren 28an, adierazi zuen ez dagoela abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-eremuaren barnean (ingurumen-ebaluazioari buruzko legea).

Sustatzaileak aintzat hartu ditu 214E/2023 Ebazpenean jasotako kontsiderazioak (ebazpen horren bidez hasiera batez onetsi zen aldaketa hau). Hala ere, honako aldaketa hauek egin dira, ofizioz, dokumentuan:

–Araudia deritzon dokumentuan jasota daude indarrean dagoen araudia eta proposamena, zehazki, aldatu nahi diren artikuluen egungo idazketa eta horietarako proposatutako idazketa berria. Ulertzen da indarrean dagoen araudia aurkezten dela informazioa emateko eta justifikatzeko. Beraz, memoriara eraman behar da eranskin gisa.

–Erabilera anitzeko ekipamendurako azalera murrizteari buruzko justifikazio berria ezin da osorik onartu. Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55. artikuluak honako hau ezartzen du: "Antolamendu xehatua ezartzen duen planeamenduak modu justifikatuan finkatuko du azaleratik zenbat erabiliko den balio anitzeko ekipamenduetarako, hala lurzoru urbanizagarrian nola industriarako edo zerbitzuetarako hiri-lurzoru finkatu gabean". Industria-erabilerako lurzatietan ekipamendu-erabilera erabilera bateragarri gisa ezartzea ezin da erreserbatzat hartu, horrek ez baitu bermatzen ekipamendu-erabilerara bideratutako azalera bat, eta horixe eskatzen du hirigintza-araudiak. Baieztapen hori dokumentutik kendu behar da.

–Proposatutako erregulazioak, plan sektoriala garatzeko epeei buruzkoak (12. artikulua), epeak ezartzen ditu urbanizazio-proiektua idazteko, birpartzelatze-proiektua idazteko eta urbanizazioa exekutatzen hasteko. Ez du eperik ezartzen proiektu horiek amaitzeko. Bestalde, artikulu horrek honako hau jasotzen du: "Epeak ez dira lotesleak, eta aldatzen ahalko dira dagoen eskariaren arabera, urbanizazio-proiektuetan ezar daitezkeen irismena eta fase-kopurua barne".

Ohartarazi behar da ezen, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 104. artikuluak ezartzen duenez, eta kasu honetan gertatzen den bezala, plan batek ez baditu gehieneko epeak ezartzen lagapenak egiteko, ekitatez banatzeko eta urbanizatzeko betebeharrak betetzeko, betebehar horiek betetzeko gehieneko epea zortzi urtekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

Horregatik, epe ez-lotesleei buruz proposatutako testuaren ordez, foru araudiaren aipamena sartu behar da: Aurreko epeak alde batera utzi gabe, lagapenak egin, ekitatez banatu eta urbanizatzeko betebeharretarako, legerian ezarritako gehienezko epea aplikatuko da (LAHFLTBren 104. artikulua). Epe horiek legeria horren arabera aldatu ahal izanen dira.

–Indarrean dagoen UGPSak ez du kudeaketari buruzko antolamendu-planorik jasotzen, ezta antolamendua eta katastroa gainjartzen dituen planorik ere; beraz, aldaketan eduki horiei buruz jasotako planoek ez dute indarrean den planorik aldatzen, eduki edo determinazio berriak baitira. Horregatik, plano horiek indarrean dauden O03 eta O04 planoak ordezten dituztela uler ez dadin, aldaketaren plano berriak UGPSaren plano berritzat hartu behar dira, eta zerrendatu behar dira indarrean dagoen UGPSaren planoen arabera. Hortaz, "O14 Kudeaketa" eta "O15 Antolamendu-Katastro Gainjarria" izanen dira.

Aurkeztutako dokumentu teknikoa aldatu egin da jendaurrean jarri denarekin alderatuta, arestian adierazitakoaren arabera. Hala ere, aldaketa horiek ez dira funtsezkotzat jotzen jendaurrean jarri zen dokumentuari dagokionez. Beraz, ez da uste espedientea berriro jendaurrean jarri behar denik.

Ikusita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2024ko maiatzaren 28an egindako txostena, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin, eta dauzkadan ahalmenak baliatuz, zeinak eman baitizkit Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, eta ikusita Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 69/2023 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarra, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea, ebazpen honetan azaldutako baldintzetan, Rocaforteko (Zangoza) industrialdea handitzeko udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa xehatu baten espedientea. Aldaketa bi exekuzio unitate mugatzeari eta balio anitzeko erabilera murrizteari buruzkoa da, batez ere, eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

2. Aldaketa hau garatzeko edota gauzatzeko, jarraituko zaio espedientea izapidetu bitartean egindako txosten sektorialetan xedatuta dagoenari, eta, hala badagokio, behar diren gainerako baimen guztietan ezarritakoari.

3. Ebazpen hau eta onetsitako araudia (eranskinean dago jasota) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Onetsitako dokumentua eskuragarri egonen da Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean.

4. Ebazpen hau helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, honako hauei: Ingurumen Eraginaren Atala, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzua, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea, Zangozako Udala eta enpresa publiko sustatzailea.

5. Adieraztea ebazpen honek amaiera ematen diola administrazio bideari eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin lotuta.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 31n.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2408963