125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal taldeentzako ordainsarien araudia. Onespena

Udal honek, 2024ko maiatzaren 30eko ohiko osoko bilkuran, erabaki du indarrik gabe uztea 2023ko uztailaren 4ko osoko bilkuran hasiera batez hartutako erabakia, eta jarraian ageri den araudia onestea udal taldeen ordainsarietarako; hori guztia, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 73. artikuluan xedatutakoarekin, 2024. urteko aurrekontua betearazteko 55. oinarriarekin eta Burlatako Udalaren aurrekontuan dagoen partidarekin.

Onuradunak.

Ekarpen honen onuradun izanen dira tokiko hauteskundeen ondoren legez eratutako udal talde politikoak.

Ordainsarien zenbatekoa.

Honako zenbateko hauek esleituko zaizkie udal taldeei, behar bezala funtziona dezaten, 91200 4890000 aurrekontu-aplikazioaren kontura ("Talde politikoentzako transferentziak"):

• 100 euroko diru-kopuru finkoa urteko, eratutako talde bakoitzarentzat.

• 800 euroko diru-kopuru aldakorra urteko, taldea osatzen duen udalkide bakoitzeko.

Udal taldeek ordainsari gisa urte edo ekitaldi ekonomiko bakoitzean jaso beharrekoa proportzionalki murriztuko da, agintaldia ez badator bat urte naturalarekin edo talde bakoitzaren zinegotzi kopurua aldatzen bada.

Ordainketa.

Tokiko hauteskundeen ondoren, taldeek hiru hilabete izanen dituzte, lehendabiziko osoko bilkuran udal taldea eratzen denetik zenbatzen hasita, udal taldearen IFK eta kontu-korrontearen zenbakia aurkezteko. Epe hori igarota, urte horri dagokion (ekaina-abendua) urteko ekarpena ordainduko da. Agiri horiek ez badira epe horren barnean aurkeztu, proportzioan ordainduko da, agiri guztiak zer egunetan aurkezten diren, une horretatik aurrera.

Ordainsaria zertarako den.

Dotazio hauek udal taldearen jarduerari lotutako gastuak ordaintzeko erabili behar dira. Udal taldeko kideek zer alderdi politiko, federazio edo koalizioaren ordezkari gisa aurkeztu ziren hauteskundeetara, horiek ekarpenen bat jaso badute, bi alderdien arteko hitzarmen bidez arautu beharko da ekarpena, bat etorriz ezarrita dagoenarekin alderdi politikoen finantzaketari buruzko araudian.

Dotazio hauek ezin izanen dira erabili une bakoitzean indarrean dagoen legediaren arabera berariaz debekatuta dauden gastuak ordaintzeko. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 73.3. artikuluaren arabera, debekatuta dago dotazio hori erabiltzea korporazioaren zerbitzura diharduten ezelango langileen lansariak ordaintzeko (talde politikoaren zinegotziak barne), ez eta ondare moduan aktibo finkoak eratzeko balio dezaketen ondasunak eskuratzeko ere.

Justifikazioa.

Talde politikoek aurreko paragrafoan aipatutako dotazioari buruzko kontabilitate espezifikoa eduki beharko dute. Udalbatzaren osoko bilkurak eskatzen dionean, erakutsi beharko dio.

Aurrekoa gorabehera, urte bakoitzaren urtarrilaren 31a baino lehen, justifikazioa eta justifikazio-kontua, udal taldeko bozeramaileak sinatuta, aurkeztu beharko dira, erregistro elektronikoaren bidez, eta honako agiri hauekin batera:

–Aurreko aurrekontu-ekitaldian egindako gastuen justifikazio-kontua, zehaztuta zein finantzatu diren ekitaldi horretako udal ekarpenaren bidez.

–Justifikatutako gastuen frogagiriak.

–Ordainketak bankuko zein kontu-korrontetan egiten diren, kontu horretako mugimenduen zerrenda.

–Alderdi politikoari egindako ekarpenak arautzeko hitzarmenaren urteko memoria, baldin eta hitzarmenik sinatu bada.

Agintaldiaren azken urtean, udal talde politikoek uneko aurrekontu-ekitaldiko (urtarrila-maiatza) ekarpenaren bidez ordaindu diren gastuen justifikazio kontua aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuan ezarritako moduan, udalbatza berria eratu aurretik, Kontu-hartzailetzak fiskalizatzeko eta ondoren onesteko.

Zenbatekoa ordaintzea.

Talde bakoitzari dagokion ordainsariaren guztizkoa urtean behin ordainduko da, urteko lehenbiziko hiruhilekoan, aurreko urteko laguntzaren justifikazioa behar bezala egin dela egiaztatzearekin batera. Aurreko urteko ordainsaria itzuli behar bada, dagokion zenbatekoa uneko urteko ordainsariarekin konpentsatzen ahalko da.

Udal taldeek aurkeztutako justifikazioa fiskalizatuta, alkateak ebazpen bidez onetsiko du. Ebazpen horretan ezarriko du 30 egun balioduneko epea izanen dutela taldeek, jakinarazpena jasotzen dutenetik zenbatzen hasita, dagokienaren gainetik jasotako dotazioak itzultzeko edo uneko urteari dagokion laguntzarekin konpentsatzeko. Epe hori igarota, berandutze-interesak eskatzen ahalko dira.

Transferentziak udal taldeen izenean dauden banku-kontuetan eginen dira (haiek izan behar dute titularrak eta haien IFK agertu behar da). Kideak partidu batekoak baino gehiagotakoak badira edo koalizio politiko baten parte badira, modu independentean eta bereizian eginen da transferentzia.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Burlatan, 2024ko ekainaren 1ean.–Alkatea, Berta Arizkun González.

Iragarkiaren kodea: L2408864