125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLIKO KONTZEJUA

Ordenantzak. Behin betiko onespena

Alliko Kontzejuko (Larraun) Batzarrak, 2023ko abenduaren 14an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zituen honako ordenantza hauek:

–Ordenantza, Alliko Kontzejuko mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duena.

–Ordenantza, Alliko Kontzejuko herri-ondasunen erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituena.

–Ordenantza fiskala, ur-horniduraren tasak eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituena.

–Ordenantza, Alliko Kontzejuaren hilerriaren erabilera eta hartan zerbitzuak egiteko eta kontzesioak emateko eskubide eta tasak arautzen dituena.

–Ordenantza, auzolana edo prestazio pertsonala eta garraio-prestazioa arautzen dituena.

Iragarkia 2024ko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 25ean.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza horiek behin betiko onetsi ditu Alliko Kontzejuko Batzarrak, eta agindu du osorik argitara daitezela, behar diren ondorioak izan ditzaten; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Allin (Larraun), 2024ko maiatzaren 21ean.–Kontzejuko burua, Eukeni Celaya Zubieta.

ORDENANTZA FISKALA, ALLIKO KONTZEJUKO (LARRAUN) UR-HORNIDURAREN TASAK ETA URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUEREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Larraungo Udalak eskuordetza eman dio arlo honetan Alliko Kontzejuari, eta kontzejuak onartu egin du; hala bada, azken honi dagokio edateko uraren zerbitzua ematea, bai etxeetan kontsumitzeko, bai industrian, hirugarren sektorean, abeltzaintzan eta nekazaritzan erabiltzeko.

Zerbitzua egiteko tasen kobrantza, gainera, ordenantza baten bidez arautu behar da, bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

I. TITULUA.–ALLIKO KONTZEJUAREN TASAK, URAREN ZIKLO INTEGRALARI DAGOKIONEZ

I. KAPITULUA.–OINARRIAK

1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak bat datoz aplikatu beharreko araudi fiskalak Nafarroako toki-erakundeei ematen dizkien ahalmenekin, eta horien babespean daude.

II. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENAREN IZAERA

2. artikulua. Titulu honen xedeko tasen oinarria da edateko uraren hornidura zerbitzua ematea eta aurrekoarekin zerikusia duten gainerako jarduera eta zerbitzuak egitea.

Beraz, ezartzen diren ordainarazpenak, izaera fiskalaren ikuspegitik, tasak dira, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk egiteari dagozkionak, hain zuzen ere, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan jasotako zerbitzu eta jarduerak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

III. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA

3. artikulua. Ordenantza hau Alliko udal-mugarte guztian aplikatuko da.

IV. KAPITULUA.–ZERGA-EGITATEA

4. artikulua. Zerga-egitatea da eskura izatea –benetan edo aukeran– edo erabiltzea –benetan edo aukeran– ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak edo jarduerak, zeinek tasak sortzen baitituzte; hona hemen zerbitzu eta jarduera horien zerrenda:

a) Edateko urez hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta horren mantentze-lanak.

b) Behar diren zerbitzu teknikoak eta administratiboak egitea, edateko uraren hornidura behin betiko kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketetarako (lotune kuota).

c) Behin-behineko horniduretarako altak.

Lurzoru urbanizaezineko jarduera ekonomikoek eta familia bakarreko etxebizitzek ez dute eskubiderik sare orokorra beren lurzatiraino izateko; zerbitzu hori jabeek konpondu beharko dute autonomoki eta banaka, hala ezartzen baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 116.4 artikuluak. Aldez aurretik, Kontzejuak baimena eman beharko du, eta jabeek haren jarraibideei segitu beharko diete, kontagailuak ezartzeari dagokionez.

Gaur egun zerbitzu hori duten horrelako etxebizitzen kasuan, honako zehaztapen hauek aplikatuko dira:

a) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria pribatua bada, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, zerbitzuaren onuradun den etxebizitzaren jabearen kargura izanen da mantentzea ordenantzan "sare orokor" gisa definitutakotik kanpo gelditzen den hornidura sarearen zatia, eta udal betebeharra izanen da, bakar-bakarrik, egoera onean mantentzea sare orokorra, Kontzejuak etxebizitza horretarako ezarritako lotuneraino.

b) Etxebizitza horien kontsumoak ongi kontrolatzeko, Kontzejuak, behin ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, kontagailuak lekuz alda ditzake, sare orokorrarekin lotzeko tokira, eta zerbitzuaren onuradunak ezin izanen dio aurka egin.

c) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria publikoa bada, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, sare hori pasatuko da sare orokorrekoa izatera, sare orokorraren ezaugarri berberekin.

5. artikulua. Kontzejuak behar diren tasak ezarriko ditu harguneak egiteko lanak finantzatzeko, bai edateko uraren banaketa sareetako, bai kontagailuak zigilatzeko, egiaztatzeko, ezartzeko eta berritzeko, lan horiek Kontzejuak berak egiten dituenean. Baldin Kontzejuak aurretiaz baimendutako kontagailuen kokapena aldatu behar bada, Kontzejuaren kontura izanen da.

V. KAPITULUA.–SUBJEKTU PASIBOAK

6. artikulua. Subjektu pasiboak.

6.1. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboen izaera izanen dute, zergadun gisa, pertsona fisikoek edo juridikoek, bai eta bestelako entitateek ere, izaera juridikorik ez izan arren, baldin zergapegarria izan daitekeen entitate ekonomiko bat edo ondare bereizia eratzen badute, eta jasotzen badituzte ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jardueren onura erreal edo potentzialak edo haiek ukituak gertatzen badira.

Zehazki, honako hauek dira ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboak:

a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako tasetarako, hornidura-kontratuaren titularra.

b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan zehaztutako tasarako, subjektu pasiboa izanen da behin-behineko zerbitzuaren eskatzailea.

6.2. Zerbitzua zer finka edo eraikinetan egiten den, haiexen jabeak izanen dira zergadunaren ordezko. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiei jasanarazten ahalko dizkiete kuotak.

6.3. Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo. Ordaintzeko borondatezko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.

Ustiapenaren edota ekonomia jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Kontzejuari eskatzeko jarduerak edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.

VI. KAPITULUA.–ZERGA-OINARRIA

7. artikulua. Aurreko 4. artikuluaren zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:

a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako zerga-egitateetarako: ur kantitate kontsumitua, metro kubikotan, kontagailuaren arabera edo teknikoki onargarriak diren beste bide batzuen bidez zenbatetsirik.

b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: ezarri beharreko kontagailu kopurua.

VII. KAPITULUA.–TARIFAK

8. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, Alliko Kontzejuak ekitaldi bakoitzean ezarriko du zer tarifa aplikatu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari.

VIII. KAPITULUA.–TRIBUTU-KUOTAK

9. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota izanen da zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza.

10. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek une bakoitzean ezartzen dituzten zeharkako zergak, lege horiek xedatutako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA.–SALBUESPENAK

11. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki jasorik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Gobernuak edo beste edozein entitate edo erakunde publikok hartutako bestelako erabaki edo egindako jarduketetatik sortzen diren guztiak.

X. KAPITULUA.–SORTZAPENA

12. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak sortuko dira uraren kontsumoa egiten den unean, edo zerbitzua behin betiko kontratatzen den unean, Alliko Kontzejuak onesten duen aldien arabera. Hilabetean, hiru hilean edo urtean behingo tasak izan daitezke 4. artikuluko a) eta c) letretako zerga-egitateetarako.

Artikuluko b) letrako zerga-egitatean, kontagailua jartzearekin batera sortuko da tasa.

XI. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENA

13. artikulua. Sortzen diren unean ordainaraziko dira ordenantza honetan araututako tasak.

XII. KAPITULUA.–DIRU-BILKETA

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabekotzat" hartuko dira, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 82. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin.

Aurreko 4. artikuluaren a) eta c) apartatuetako tasek sortutako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratuz, eta argitalpen horretatik aurrera hogeita hamar egun balioduneko epea hasiko da zenbatzen borondatez ordaintzeko, errekargurik gabe.

Ordenantzaren 4. artikuluko b) apartatuan ezarritako tasak ordaindu beharko dira sortzen diren unean berean.

15. artikulua. Borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak –aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, hain zuzen– luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 90. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, salbu eta Kontzejuak haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko baimena eman badu.

16. artikulua. Tributu-zorrak honela ordaindu daitezke:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboen kasuan, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboen kasuan, horretarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XIII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

17. artikulua. Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen guztian, aplikatzekoa izanen da 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaur egun, Alliko herria aztertzen ari da kontagailuak paratzeko aukera, hobeki jakiteko erabiltzaile bakoitzak zer ur kontsumo erreal egiten dituen.

Bitartean, igorriko den tasa zehaztuko da gaur egun arteko erabilera eta ohituraren arabera, hau da, tasa bakarra izaten ahalko da etxe edo nekazaritza-ustiategi bakoitzarentzat, eta Alliko Kontzejuak ezarriko du hura ekitaldi bakoitzean.

Aldi baterako, eta tarifa berriak baliozkoa eta eraginkorra den modu batean onetsi arte, honako hau ezartzen da:

• 155 euroko urteko tarifa, etxe bakoitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik indargabetu egiten dira, eta inolako baliorik eta ondoriorik gabe uzten, maila bereko edo apalagoko xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, ordenantzaren aurkakoak badira.

ORDENANTZA, ALLIKO KONTZEJUKO (LARRAUN) AUZOLANA EDO PRESTAZIO PERTSONALA ETA GARRAIO-PRESTAZIOA ARAUTZEN DITUENA

Alliko Kontzejuak ordenantza baten bidez arautu behar ditu auzolanak (prestazio pertsonala eta garraio-prestazioa), bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53. artikuluarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

1. artikulua. Ordenantza honek auzolana arautzea du xede, hau da, prestazio pertsonala eta/edo garraio-prestazioa, Alliko Kontzejuaren eskumeneko zenbait obra eta zerbitzu egiteko komunitatearen mesedetan.

2. artikulua. Ordenantza honek, lehenik eta behin, udalerri honetan auzolanaren inguruan dagoen ohitura historikoa du arau eta oinarri, bai eta, era berean, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluetan xedaturikoa ere (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea). Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren eta harekin bat datozenen babesean onetsi da (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

3. artikulua. Auzolanaren prestazioa eman behar dute herrian bizilekua duten familia-unitateek, bertan aldi baterako zein etengabe bizi badira ere, eta Allin erroldaturik egon zein ez.

Horren ondorioetarako, aldi baterako bizilekutzat hartzen da familia-unitatea bizileku horretan aldian behin bizi izaten bada, egun batzuetan, asteburuetan edo oporraldietan, bizileku horren jabe izanik.

Halaber, auzolanean parte hartu beharko dute etxebizitza-errentariek, herrian etengabe bizi badira, bertan erroldaturik egon zein ez.

Azken kasu horretan, alegia, etxebizitzan etengabe bizi den errentari bat badago, jabeak salbuetsirik egonen dira auzolanean parte hartzetik.

Etxebizitzak aldi baterako lagatzen badira apartamentu turistiko gisa, landetxe gisa edo antzeko turismo-baliabide gisa, jabeek egin beharko dute auzolana.

Bizilagunen batek baja ematen badu udal erroldan, auzolana ez egiteko, eta frogatzen bada herrian bizi dela, auzolanaren ordenantza bete behar duten bizilagunen zerrendan sartuko da.

4. artikulua. Biztanleen Udal Erroldako orri berean ageri diren pertsonek eratzen dute familia-unitatea, auzolana egiteari dagokionez, jabea izan zein ez; alabaina, auzolanerako deia egiten den bakoitzean, haietako bakar batek du egin beharra.

Printzipio horrek balio du, orobat, herrian erroldaturik ez dauden familia-unitateentzat, prestazio pertsonala edo garraio-prestazioa egiteko deia egiten bazaie, bertan ohiko edo aldi baterako bizilekua izateagatik, ordenantza honen 3. artikuluarekin bat.

5. artikulua. Prestazio pertsonalak eta/edo garraio-prestazioak urtean hamar egunetan eginen dira, gehienez, eta ez dira elkarren segidan hiru egunetik gora eginen.

Prestazioak egiteko egunak izaten ahalko dira asteko guztiak, parte hartzeko aukerak zabaltzearren.

Alliko Kontzejuak, bandoen bidez eta/edo horretarako erabakitzen diren beste bitarteko teknologiko batzuk erabiliz, auzolanerako deia eginen du, egin beharreko lanak ezarrita, eta, lanak nolakoak diren, familia-unitateen kopurua zehaztuko du.

6. artikulua. Beste familia bateko pertsona egoki batek ordezko gisa egiten ahalko du auzolana, edo, bestela, ez egiteko ordaindu ahalko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 54. artikuluari jarraikiz (libratzea).

7. artikulua. Edozein inguruabar dela eta, familia-unitate batek uste badu ezin duela auzolana egin, eskabidea aurkeztuko dio Kontzejuari, eta hark, inguruabarrak azterturik, eginbehar horretatik hein batean edo erabat salbuesten ahalko du familia-unitatea.

8. artikulua. Makinak ekartzeak lanaldi edo egun baten balioa izanen du gehienez, urte osoko kopuruari begira.

Alliko Kontzejuak, kasu bakoitzean kalkulatuko du makinak ekartzearen balioa, kontuan hartuz aurreko paragrafoan ezarritako gehieneko muga.

Bizilagun batek kamioia, traktorea, sasi-garbitzeko makina, soropil-ebakitzekoa, motozerra edo antzekoa badakar, halakoen egoeraren eta erabileraren erantzukizuna izanen du bere gain, eta une oro bermatu beharko du egoki erabiltzen direla tresna eta/edo makina horiek, eta ongi mantenduta daudela; horren guztiaren barnean sartzen da indarrean egotea haiek erabiltzeko legez behar diren baimenak. Bestela, horiek erabiltzearen ondorioak jabearen erantzukizunekoak izanen dira, soil-soilik.

9. artikulua. Familia-unitate batek ez badu parte hartzen auzolanean, ez badu ordezkorik aurkezten edo libratzeko behar den tarifa ez badu ordaintzen, ezin izanen dio Kontzejuari eskatu inolako zerbitzu gehigarririk, indarreko legediaren arabera nahitaez eman behar diren zerbitzuez gain.

Nahitaez eman behar ez diren beste zerbitzu batzuei dagokienez, bada, Kontzejuko organo eskudunak erabakitzen ahalko du halako zerbitzurik ez ematea auzolanaren betebeharra bete ez duten, ordezkaririk izendatu ez duten edo libratzeko tarifa ordaindu ez duten familia-unitateei, hamabi hilabeteko epean, ez-betetzea gertatzen denetik zenbatzen hasita.

10. artikulua. Alliko Kontzejuak aseguru-poliza bat eginen du, istripu-arriskuak estaltzeko auzolana egiten duten bizilagunentzat.

11. artikulua. Alliko Kontzejuko organo eskudunak urtero ezarriko du zenbat ordaindu beharko den prestazio pertsonala edo garraio-prestazioa egiteagatik. Hainbat tarifa ezartzen ahalko ditu, aintzat hartuta lana zein den, zein eremutan eginen den edo zer garraio behar den.

Libratzea aukeratzen dutenentzako tarifa, bestalde, indarreko legedian ezarritakoa izanen da.

12. artikulua. Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraikiko zaio xedaturik dagoenari uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa) eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa).

ORDENANTZA, ALLIKO KONTZEJUAREN (LARRAUN) HILERRIAREN ERABILERA ETA HARTAN ZERBITZUAK EGITEKO ETA KONTZESIOAK EMATEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

Alliko Kontzejuari dagokio hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, honako hauen arabera eta ezertan galarazi gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea), uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. artikulua (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

1. artikulua. Alliko hilerria jabari publikoko ondasuna da, zerbitzu publiko bati atxikia eta akonfesionala; haren titularra Kontzejua da, eta berari dagokio hura administratzea, zuzentzea eta zaintzea, beste agintaritza eta erakunde batzuen esku dagoen hartan izan ezik.

Hilerria hobeki erabil dadin, txatal eta sailetan banatuko da, eta horiek lurrak banatzeko oinarritzat hartuko dira.

2. artikulua. Hilerria administratu, zuzendu eta zaintzeko betebeharraren ondorioz, Kontzejuak honako eskudantzia hauek ditu:

a) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzeko betebeharra.

b) Lur, hilobi eta gainerako zerbitzuen antolaketa, funtzionamendua, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

c) Hilobiak ehorzketarako erabiltzeko eskubideen lagapena.

d) Ordenantza honetan ezarritako eskubideak eta tasak jasotzea, bai eta etorkizunean legez ezartzen direnak ere.

e) Ezarritako osasun neurriak betetzea, edo etorkizunean ezartzen direnak.

f) Lizentziak ematea gorpuak eta gorpu-hondakinak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzeko, hileta-osasuneko arauei jarraikiz.

g) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere, hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnak.

h) Hilobien eta kolunbarioen tokia antolatzea.

i) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

j) Hilerriarekin zerikusia duten beste administrazio eskumen guztiak.

3. artikulua. Kontzejuko buruaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

4. artikulua. Kontzejuko buruak hilerria irekitzeko ordutegia ezarriko du urteko sasoi bakoitzeko errealitatearekin bat.

Debeku da hilerrian sartzea horretarako ezarritako ordutegitik kanpo, salbu eta behar bezala justifikatzen diren kasuetan.

5. artikulua. Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

6. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten gorpu guztiak hilobiratuko dira, betiere legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasei buruzko eranskinean jasotzen diren ehorzketa eskubideak.

7. artikulua. Heriotza bat gertatzen denean, familiakoek edo ehorzketa egiteko interesdunek harremanetan jarriko dira Kontzejuko buruarekin, ehorzketa egin baino lehen.

Familiakoek edo interesdunek, ehortzi baino lehen, heriotza-ziurtagiria aurkeztu beharko dute Larraungo Bake Epaitegiko Idazkaritzan.

8. artikulua. Hilerriko lur guztiak erabiliko dira ehorzketa-erabilerarako administrazio-kontzesioaren bidez, doan edo kostu bidez, eta hura Kontzejuak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Kontzejuak hilerriaren planoan edo haren aldaketetan zehazten diren lurrak erabiliko ditu kontzesio mota bakoitzerako.

Betiere, hilerriko lurra erabiliko da lurperatzeko eta hilobietako elementuak paratzeko, ez besterako.

9. artikulua. Titularren eta horien familiakoen betebeharra da hilobiak segur, garbi eta apain edukitzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Kontzejuko buruak interesdunei eskatuko die hilobia egokitu dezatela 30 egun naturaleko epean.

Epe hori iraganik, ez bada bete eginiko errekerimendua, Kontzejuko buruak gauzatzen ahalko ditu beharrezko obrak eta/edo jarduketak, behar diren baldintzak egon daitezen segurtasunaren, higienearen eta apaintasunaren aldetik. Horiek interesdunen kargura gauzatuko dira.

10. artikulua. Gorpu-hondakin erraustuak eta kutxatilak beste senide batzuen hilobien barnean uzten ahalko dira, edo hilerrian horretarako paratutako kolunbarioetan.

Horiek ehorzteko edo hobitik ateratzeko, bete beharko dira ordenantza honetan beste gorpu-hondakin mota batzuetarako ezarritako arauak.

11. artikulua. Kontzesioak honako arrazoi hauengatik iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

12. artikulua. Hobitik ateratzeko helburua izan daiteke hilerrian berean lekuz aldatzea edo beste hilerri batera eramatea.

Kasu horietan guztietan, jokatuko da indarreko osasun-xedapenetan ezarritakoarekin bat, eta familiakoei edo interesdunei aldez aurretik jakinarazirik.

13. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez bazekarren, baltsamatu gabeko gorpuak baldintza hauetan ateratzen ahalko dira hobitik:

a) Lurpean ehortzitako gorpuak lurperatu zirenetik gutxienez hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi ateratzen eta lekualdatzen ahalko dira, baldin eta hilkutxa kontserbazio egoera onean badago.

Aipatutakoak baino epe laburragoetan ez da hobitik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean. Salbuespenezko kasuak izan daitezke, baina, Kontzejuko buruak hala baimenduta.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hobitik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean.

14. artikulua. Noiznahi baimendu daiteke gorpu baltsamatuak hobitik ateratzea eta lekualdatzea, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

15. artikulua. Bai gorpu bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

16. artikulua. Kontzejuak ahalmena izanen du interesdunei eskatzeko ken ditzatela dauden ingurunearekin bat ez datozen elementuak (hilartitzak, oroigarriak, sinboloak, hilarriak), edo paisaian eta espazioan integratzen ez direnak.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Kontzejuko buruak interesdunei eskatuko die hilobia egokitu dezatela 30 egun naturaleko epean.

Epe hori iraganik, ez bada bete eginiko errekerimendua, Kontzejuko buruak gauzatzen ahalko ditu beharrezko obrak eta/edo jarduketak, tokia behar den kontserbazio egoeran egon dadin. Horiek interesdunen kargura gauzatuko dira.

17. artikulua. Alliko hilerrian ehortziak izateko eskubidea izanen dute baldintza hauetako bat betetzen dutenek:

a) Allin erroldaturik daudenak heriotza gertatzen den unean.

b) Nahiz eta Allin erroldaturik ez egon heriotza gertatzen den unean, frogatzen dutenak Allin erroldaturik egon direla 60 urtez gutxienez. Pertsona horiek Alliko "seme-alaba"tzat hartuko dira, eta erroldaturik daudenentzako tratu bera emanen zaie.

c) Allin jaioak direnak.

d) Allirekin lotura izan dutenak, familia edo kidetasun arrazoiengatik edo etxebizitza edo etxe bat edukitzeagatik, Kontzejuko organo eskudunaren irizpidearen arabera.

Hildakoaren familiakoek eskaera zuzenduko diote Kontzejuari, eta toki erabilgarriaren edo bestelakoen arabera ebatziko du Kontzejuak eskaera bakoitza.

Nolanahi ere, Allin erroldaturik ez daudenek ehortziak izateko eskubidea izanen dute soil-soilik ehorzketa errauts-kutxatiletan egiten bada.

18. artikulua. Interesdunek aurretik eskatuta, Kontzejuak eskaeren ordenari jarraikiz emanen du ehorzketa-erabilerarako kontzesioa. Lurreko hilobien eta, kasua bada, kolunbarioko nitxoen ehorzketa-erabilera 10 urtera iraungiko da, ehorzketaren egunetik zenbatzen hasita.

Kontzejuak izanen du ahalmena hilobiak non kokatuko diren erabakitzeko.

19. artikulua. Hilobiak sasiz garbitu, ireki eta ixteko gastuak Kontzejuaren kargura izanen dira; dena dela, zerbitzuaren kostua jasanarazten ahalko du tasa gisa, familiak edo eskatzaileak ordain dezan.

20. artikulua. Ehorzketa egiteko tasaren zerga-egitatea izanen da hilerriko zerbitzua egitea, gorpuak ehorzteari nahiz hobitik ateratzeari dagokionez, bai eta gainerako zerbitzu osagarriak egitea ere, alegia, Kontzejuak ematen dituenak hilerriak bere xedea bete dezan ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

21. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duten pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, edo, nortasun juridikorik izan gabe, batasun ekonomiko bat edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

22. artikulua. Zerga-oinarria ezarriko da emaniko zerbitzu moten arabera, ordenantza honen tarifen eranskinean ezarritako tasak aplikatuta.

23. artikulua. Tasak sortuko dira ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuetako bat egiteko eskatzen den unean.

24. artikulua. Zerbitzuak egindakoan ordainduko dira tasak.

25. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubidea izanen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoa.

I. ERANSKINA.–TARIFAK

1.–Lurrean ehorztea: zerbitzuaren kostua.

–Kolunbarioetan ehorztea, errauts-kutxatiletan: zerbitzuaren kostua.

–Hobitik ateratzea: zerbitzuaren kostua.

ORDENANTZA, ALLIKO KONTZEJUKO (LARRAUN) HERRI-ONDASUNEN ERABILERA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

Herri-ondasunen aprobetxamendua da izaera hori duten ondasunak erabiltzea, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen laugarren tituluko II. kapituluan ezartzen den moduan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erabilerak arautu behar dira behar den ordenantzaren bidez, horrek ezertan galarazi gabe herri-ondasunen aprobetxamenduak ekarritako diru-sarreren ordainarazpenek bat etorri behar izatea lehen aipatu diren xedapenetako arauekin.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Alliko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa, eta hura garatzen duten erregelamenduak; Nafarroako Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak; herri-ondasunen ordenantza hau, eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatua; galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Alliko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Alliko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

6. artikulua. Herri-lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori egin baino lehen, Alliko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Alliko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Alliko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Alliko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Alliko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela-eta. Alliko Kontzejuaren Batzarrak hartuko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Alliko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.

11. artikulua. Alliko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Alliko Kontzejuak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Alliko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran.

Ekimen horrek aurrera eginez gero, Alliko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Iralekuen aprobetxamendua.

d) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Alliko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

16. artikulua. Orokorrean, Alliko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

a) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urte lehenagotik.

b) Allin bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

c) Zerga-betebeharrak egunean izatea Alliko Kontzejuarekin.

d) Azienda Alliko Kontzejuko katastroan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunentzat.

17. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua.

19.1 artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Alliko Kontzejuak berdintasunaren eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta familia-unitateetako bizilagun titularrei lehentasun hau emanen die:

a) Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak.

b) Jabetzan, edo bestela, ezaugarri bereko lurrik ez dutenak.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez dutenak.

19.2. Aurreko paragrafoko irizpideak datu objektibo hauetan oinarrituko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena (PFEZ), soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta), bai eta horren gisako beste edozein datu ere.

20.1 artikulua. Aprobetxamendu mota honetarako, Alliko Kontzejuak urteko kanon bat ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da aurrekontu arruntean.

20.2. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioari dagokionez, kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

20.3. Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioari dagokionez, Alliko Kontzejuak zehaztuko du kanona, eta izaten ahalko da antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 artekoa.

21. artikulua. Aprobetxamenduaren epea ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, epe hori luzatzen ahalko da laborearen bizitza baliagarriaren arabera.

Oro har, herri-lurretako aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da.

22.1 artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landuko dituzte herri-lurzatiak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

22.2. Alliko Kontzejuak zehaztuko du zenbat lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan harturik eskuragarri dagoen herri-lurra eta adjudikatzen den lurraren ekoizpen ahalmena –eskatzailearen ustiategiari edo beharrei begira–, bai eta familia-unitatearen egoera ekonomikoa ere.

23. artikulua. Alliko Kontzejuak egoki eta komenigarri iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, herri-lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

Ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen honako kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez badira erabiltzen adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Alliko Kontzejuko Batzarraren txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez badira.

c) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak), eta Alliko Kontzejuko Batzarrak agindutako epean aurkezten ez badira: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean ez bada aitortzen nekazaritzako etekinik, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarren batzuei errentan ematen badizkiete.

f) Norberaren ustiategiko azienda elikatzeko bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodunek beren jabetzako azienda ateratzen badute Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistrotik.

24. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzen dituen aziendak behar den ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatzeko betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak, eta bete beharko ditu foru lege horretako eta haren erregelamenduko baldintza guztiak.

25. artikulua. Onuradunak behartuta daude, eta adjudikazioa egin aurretik hala onartzen dute, herri-lurren aprobetxamendu eta laborantza egokia egitera, baldintza hauen arabera:

a) Adjudikatutako lurzatiaren jatorrizko mugak bere horretan atxikitzea.

b) Herri-lurra hondatzen edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken ibilguak.

c) Mugakide diren onuradunek edo jabeek dituzten bide-zorrak errespetatu eta mantentzea.

d) Herri-lurra behar besteko maiztasunez mantentzea eta garbitzea, sastraka eta zuhaixkaz bete ez dadin.

e) Abeltzaintzako azpiegiturak instalatu baino lehen (uraskak, jateko askak, etab.) edo aldi baterako bestelako instalazioak egin baino lehen, adjudikaziodunak eskaera egin beharko dio Alliko Kontzejuari, eta haren onespen espresua eduki beharko du.

Baldintza horiek betetzen ez badituzte, Alliko Kontzejuak herri-lurraren adjudikazioa kenduko die berehala.

26. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikazioaren xedekoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako, Alliko Kontzejuak aldez aurretik baimenik eman gabe.

27. artikulua. Adjudikazioduna beharturik dago adjudikaturiko herri-lurra ixtera hesi txarrantxadunekin edo indarreko legedian lurzoru urbanizaezineko finkak ixteko ezarritako beste edozein sistema erabilita.

28. artikulua. Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatukoak.

29. artikulua. Ezin izanen da herri-lurren aprobetxamendua trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu ez badute eta Alliko Kontzejuak baimenik eman ez badu.

30. artikulua. Alliko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea eta beste hobekuntza batzuk egitea. Aditzera ematen da ezen laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela ekarriko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik onuradunarentzat. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

31. artikulua. Aprobetxamendua egiteko, Alliko Kontzejuak egoki jotzen dituen unitateetan banatzen ahalko ditu larratze-eremuak.

32. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua, horretarako eskaera egiten badute.

33. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko, Alliko Kontzejuak irizpide sozialak baliatuko ditu; hala, lehentasuna emanen die honako hauei: ekonomia maila apaleneko familia-unitateei; jarduneko abeltzainei, abeltzaintza badute jarduera nagusitzat eta sartuta badaude Gizarte Segurantzako nekazaritzako erregimen berezian; eta lehentasunezkotzat jotzen diren ustiategiei, abenduaren 15eko 20/1997 Foru Legearen II. tituluko 9., 10., 11., 12. eta 13. artikuluen arabera (Nafarroako Nekazaritzako Ustiategiei buruzko Foru Legea).

34. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Alliko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 19. artikuluan zehazten den bezala.

35. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku da hirugarren batzuei azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Horren ondorioetarako, Alliko Kontzejuak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin familia-unitateko bizilagun titularrak baja ematen badio bere aziendari Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).

Halaber, ulertzen da ezen herri-larreen aprobetxamendua baliatu behar dela onuradunaren jabetzakoa den azienda zuzenean elikatzeko, eta ez da baimentzen hirugarren batzuei saltzea herri-lurretako aprobetxamenduko bazka (berdea, lehorra nahiz siloratua).

36. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legean ezarritako baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira foru lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.

37. artikulua. Debeku da ahuntz-azienda bazkatzea. Modu estentsiboan hazten den zerri-aziendari dagokionez, aldez aurretik administrazio-baimena beharko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak emana, bat etorriz 11/2000 Foru Legearen 30.2 artikuluan xedaturikoarekin (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea).

38. artikulua. Ordenantza honen 31. artikuluan aipatutako larratze-eremuek jasan dezaketen abere-karga zehazteko, Alliko Kontzejuak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:

a) Behi-aziendako buru heldu bat izanen da zaldi-aziendako 3 buru heldu adinakoa.

b) Behi-aziendako buru heldu bat izanen da ardi-aziendako 10 buru heldu adinakoa.

c) Behi-aziendako buru heldu bat izanen da zerri-aziendako 5 buru heldu adinakoa.

39. artikulua. Alliko Kontzejuak liberalizatu egiten du herri-larreen erabilera, hala larratzeko denborari nola herri-larreetan bazkatuko den azienda-kargari dagokienez, aintzat harturik zer azienda espezie dauden eta zer sistema erabiltzen diren larreak nahiz abeltzaintzako ustiategiak kudeatzeko.

Aurrekoa gorabehera, Alliko Kontzejuak begiratuko du ordenantza honen 25. artikulua betetzen dela.

40. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, Alliko Kontzejuak ahalmena izanen du herri-larreen erabileran esku hartzeko, Batzarrak hala erabakita, herri-lurra defendatzeko eta behar bezala erabil dadin, honako hauekin lotuta: larratze-aldia, azienda-karga edo herri-lurretan eragina duen beste edozein alderdi.

41. artikulua. Alliko Kontzejuak urtero ezarriko du zenbateko kanona ordaindu behar duten herri-lurren adjudikaziodunek azalera-unitate bakoitzeko.

Kanon hori izanen da herri-lurren balio errealaren %80tik %90era bitartekoa, eta haren adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizi-kostuak izandako aldakuntzara egokitzeko, Nafarroako nekazaritzako kontsumo-prezioen indizearen arabera (Nafarroako nekazaritzako KPIa).

42. artikulua. Alliko Kontzejuak larre guztien bostena gorde dezake urtero adjudikatzeko, onuradun berriak agertuko balira ere.

43. artikulua. Alliko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA.–IRALEKUEN APROBETXAMENDUA

44. artikulua. Alliko Kontzejuak, hemendik aurrera, ez du iralekuen aprobetxamendurik emanen herritarrentzat, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

45.1 artikulua. Gaur egun iralekuen emakida duten bizilagunen aprobetxamendua errespetatuko da, zuzenean aprobetxatzen badute eta beren abeltzaintzako ustiategirako bada, eta onuradunek ezin izanen dute hesirik jarri iralekuaren inguruan, ez eta ira aprobetxatzea ez den bestelako erabilerarik egin ere.

45.2. artikulua. Horren ondorioetarako, iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunek horien aprobetxamendua eskatuko diote Alliko Kontzejuari, ordenantza hau indarrean jarri eta hilabeteko epean, adierazita zer parajetan dauden eta zer hedadura duten gaur egun aprobetxatzen dituzten iralekuak.

Iralekuen aprobetxamendua berresteko erabakia hartuko du Alliko Kontzejuak, 16. artikuluko baldintzak beteta, artikulu honen aurreko paragrafoan xedatutakoa ere frogatzen dutenei; Kontzejuak ahalmena izanen du iralekuen kokapena aldatzeko edo azalera urritzeko, behar bezala justifikaturik.

45.3. artikulua. Onuradunak 10 urtean behin eginen du berriz eskaera, eta Alliko Kontzejuak berretsi eginen du gaur egun iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunen aprobetxamendua.

46. artikulua. Herri-lurretako iralekuen aprobetxamenduaren lehen eta ondoz ondoko berrespenetan, Alliko Kontzejuak onuraduna aldatzea baimentzen ahalko du, onuradun berriak betetzen baditu aurreko artikuluan ezarritako baldintzak eta, legez baliozkoa den agiri baten bidez, frogatzen badu berak duela aldaketaren xedeko iralekuaren aprobetxamendua jatorriz zuen abeltzaintzako ustiategiaren titulartasuna.

47. artikulua. Iralekuen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku da hirugarren batzuei azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.

48. artikulua. Alliko Kontzejuak, iralekuen onuradunei hiru hilabete aurretik jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Aditzera ematen da ezen iralekuen herritarrentzako aprobetxamendua bertan behera uzte hutsak ez duela ekarriko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik onuradunarentzat.

Betiere, hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

49. artikulua. Alliko Kontzejuak iraleku guztiak erregistratzeko liburu bat edukiko du, eta jasoko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak eta izandako aldaketak.

50. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak eskubideak galduko ditu, eta iralekuaren aprobetxamendua udalerriari itzuliko zaio, honako kasu hauetan:

a) Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

b) Bi urtez jarraian iralekuaren aprobetxamendua modu frogagarrian ez egiteagatik.

c) Aprobetxamendua saltzeagatik edo lagatzeagatik.

d) Kanona ez ordaintzeagatik.

e) Alliko Kontzejuak ikusten badu, aprobetxamendu desegokiaren ondorioz, iralekuaren ekoizpen ahalmena galdu dela edo nabarmen urritu dela, ira ez diren beste landare espezie batzuen, otadien edo bestelako sastraken inbasioagatik.

51. artikulua. Alliko Kontzejuko Batzarrak urtero ezarriko du zenbateko kanona ordaindu behar den iralekua aprobetxatzeagatik, azaleraren araberakoa.

V. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

52. artikulua. Mendian aski izan eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Basogintzako Administrazioak markatu ondoren, Alliko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

53. artikulua. Alliko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

54. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea. Onuradunen batek epaitza osorik edo partez saldu duela egiaztatzen bada, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartuko ditu.

55. artikulua. Egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, kasua bada, etxerako epaitza markatzerakoan ezarriko du Alliko Kontzejuko Batzarrak, kontuan hartuta epaitzak markatzearen eta bideak konpontzearen kostuak, bai eta lanak sortutako beste kostu batzuk ere, betiere behar bezala justifikatuta eta zuzenean epaitzeei egoztekoak diren aldetik.

56.1 artikulua. Epaitzak adjudikatzen ahalko dira zuzenean edo zozketa publiko baten bidez, eskatzaileen kopuruaren arabera eta Basogintzako Administrazioak ezarritako egur erabilgarriaren arabera. Eskaerek gainditzen badute baimenduriko baso-ondarea, eta Kontzejuak zozketa erabiltzea aukeratzen badu, horren berri emanen da ediktuak paratuta iragarki-taulan.

Aurretik, azken urteko epaitzen aprobetxamendua berrikusiko da, eta behar diren neurriak hartuko dira araudi hau hautsi dela ikusiz gero.

57.1 artikulua. Zozketa egin ondoko hiru hilabeteko epean bildu beharko dira epaitzak. Kontzejuak, klimatologia dela eta, epe hori aldatzen ahalko du, bai eta epaitzak entregatzeko eguna ere, eta egoki iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk ere egiten ahalko ditu. Epealdi hori iraganik, epaitzak egiaztatuko dira.

57.2. Onuradunak behartuta daude ezarritako epeak betetzera, egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Kontzejuak ematen dituen jarraibideei. Jarraibideak betetzen ez badira, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartzen ahalko ditu.

57.3. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu hau ematea, eta %100eko errekargua izanen dute kanonean.

58. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, Basogintzako Administrazioari eta udal basozainei eginen zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da nahitaez, idatzizkoa betiere. Bestela, behar diren zehapen neurriak hartzen ahalko ditu Kontzejuak.

59. artikulua. Ez da baimenik emanen haizeak botatako zuhaitzen, zuhaitz ihartuen edo zuhaitz eraitsien egurra aprobetxatzeko, Kontzejuak berariazko jakinarazpenik eman ezean (Basogintzako Administrazioaren eta Basoen Udal Batzordearen aldeko txostena beharko da aldez aurretik).

60. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea. Arau hau hautsiz gero, Kontzejuak edo bestelako entitate eskudunek behar diren zehapenak edo ekintza judizialak bideratuko dituzte.

VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

61. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak barne hartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.

62. artikulua. Alliko Kontzejuak kasu bakoitzerako onesten dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro.

Gainera, aprobetxamenduak jendaurreko informazioaren izapidea bete beharko du 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

63.1 artikulua. Alliko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Herri-lurrak hobetzea.

b) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

63.2. Proiektu horiek Udalak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

63.3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Alliko Kontzejuaren erabakia. Horren bidez onetsiko da delako proiektua eta herri-lurretako aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Jendaurrean jartzea hilabetez, eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioen gainekoa.

c) Nafarroako Gobernuaren behin betiko onespena.

d) Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta aurreko adjudikaziodunei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere.

64.1 artikulua. Alliko Kontzejuko Batzarrak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak.

64.2. Herri-larreak mantendu eta hobetu daitezen sustatzeko, Alliko Kontzejuak dirulaguntzak ematen ahalko dizkie herri-larreetako lurzatien adjudikazioa duten abeltzainei, lurzati horietan urtero eginiko lanengatik, alegia, garbitzeagatik, sasiak kentzeagatik, ongarritzeagatik eta mantentze-lanak egiteagatik. Dirulaguntza horiek jaso nahi dituzten abeltzainek idatziz eskatu beharko dizkiote Kontzejuari, hobekuntzak egin diren urteko bigarren seihilekoan, hori dela-eta izan dituzten gastuen frogagiriak erantsirik.

Alliko Kontzejuko Batzarrak, eskaera-espedientea ikusirik, zeinari erantsiko baitzaio udal basozainen txosten bat, hobekuntzak egitea justifikatzekoa, dirulaguntza emateko erabakia hartzen ahalko du. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen du gainditu delako herri-lurzatiaren errentariak ordaindu beharreko urteko kanona. Horrelako hobekuntzak egiteko, ez da beharrezkoa izanen Kontzejuari jakinaraztea, lan txikiak eta onuragarriak izanik.

65. artikulua. Herri-lurrak laborantzarako luberritzeko, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da, aldez aurretik.

VIII. KAPITULUA.–BIZILAGUNEK HERRI-LURRAK LUBERRITZEA

66.1 artikulua. Bizilagunek debeku dute herri-lurrak luberritzea, Alliko Kontzejuak aldez aurretik baimendu ezean.

66.2. Kasu horietan, interesa duten bizilagunek prozedura hau bete beharko dute:

a) Interesdunaren eskaera Alliko Kontzejuari zuzendua, herri-lurrak luberritzeko eta lur horiek nahi dituen helburuetarako erabiltzeko baimen eske, 65. artikuluan zehaztutako agiriekin batera.

b) Kontzejuaren erabakia, eskatutako luberritzea onestekoa edo ukatzekoa.

c) Erabakia Nafarroako Gobernura igortzea eta behin betiko onestea.

67. artikulua. Alliko Kontzejuak onetsiko du osoko bilkuran luberritutako lurren aprobetxamendua arautuko duen baldintza-agiria. Luberritutako herri-lurren aprobetxamendua emanen da 5 eta 20 urte arteko eperako.

68. artikulua. Kasu horietan, Alliko Kontzejuak kanona murrizten ahalko dio onuradunari, adjudikazioaren epe osorako nahiz zati baterako, hobekuntza amortiza dezan. Adjudikazioaren epearen gainerakoan, ordainduko du ordenantza honen 20. artikuluan aprobetxamendu horietarako ezarritako kanona.

69. artikulua. Bizilagunek luberritutako herri-lurren laborantza eginen da ordenantza honen 18. eta 19. artikuluetan eta 22.etik 30.era bitartekoetan (biak barne) xedatutakoaren arabera.

IX. KAPITULUA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

70. artikulua. Alliko Kontzejuak herri-lurretako aprobetxamenduak onesteko erabakia eman ondotik, eta iragarki-taulan ediktua argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek eskabidea aurkez dezaten herri-lurretan egin nahi dituzten aprobetxamenduetarako.

71. artikulua. Aprobetxamendurako eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Alliko udalerriko errolda-ziurtagiria, gutxienez 3 urtez erroldaturik egon izana erakusten duena, ziurtagiria eman denetik hasita.

b) Udalerri honetan gutxienez 9 hilabetez bizi izatearen zinpeko deklarazioa.

c) Familia-unitateko kideen zinpeko deklarazioa eta familia liburuaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, Elkartze Zibilen Erregistroko inskripzioarena.

d) Larraungo Udaleko Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, kontzeju honekiko zerga betebeharrak egunean izateari buruzkoa.

e) Zinpeko deklarazioa eta ziurtagiriak, kontzeju honetan eta beste batzuetan jabetzan edukitzen diren lurren azalera eta labore motak egiaztatzeko.

f) Zinpeko deklarazioa, errentamenduan edo beste era batean baliatzen diren lurrei buruzkoa.

g) Zinpeko deklarazioa eta ziurtagiriak, hiri-lurreko jabetza egiaztatzeko, ohiko bizilekua den norberaren etxebizitza kenduta.

h) Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren ziurtagiria (Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).

i) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, aziendaren osasun kanpainak betetzeari buruzkoa, animalien osasunaren arloko legediari jarraikiz.

j) Familia-unitateko kide bakoitzak jasotako errenta guztien ziurtagiria, eta kide bakoitzaren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopiak.

Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko, Alliko Kontzejuak badu ahalmena kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria eskatzeko.

72. artikulua. Eskabideak ikusita, Alliko Kontzejuak behin-behinean onetsiko ditu adjudikatu beharreko aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda, aprobetxamenduaren tokia eta lotea adierazita.

73. artikulua. Behin-behineko zerrenda kontzeju honen iragarki-taulan paratuko da 15 egun baliodunean, egokitzat jotzen diren alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betikoak bihurtuko dira.

74. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Alliko Kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetarako adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onetsiko du, aprobetxamenduen tokiak edo loteak adierazita.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

75. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua ez egitea zuzenean eta pertsonalki, edo hirugarren batzuei saltzea herri-lurretako aprobetxamendutik datorren bazka, berdea, lehorra zein siloratua izan.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezartzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.

d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

e) Herri-lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak eta gisakoak) udal baimenik gabe landatzea.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruz.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

76. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, emakida azkenduko da, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak, abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinak administrazio prozedura ezartzen baitu nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak jartzeko.

Bestalde, g) arau-haustearengatik, desgaikuntza ezarriko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 6.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

ORDENANTZA, ALLIKO KONTZEJUKO MENDIKO PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Alliko (Larraun) landabide publikoen sarea ibarreko bizilagun guztien ondarearen parte da, eta funtsezko elementua da udal-mugarteko mendi eta landen aberastasuna zaintzeko eta haietarako sarbidea izateko.

Aipatutako sarea, gainera, funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta harat-honatak errazteko bisitariei nahiz bidezkoei.

Hitz batez, ongi zaindurik egoteak bizilagun guztiei egiten die on.

Gero eta gehiago erabiltzen baitira Alliko herri-basoko pista eta bide publikoak, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak lau dira: Alliko natura ondarea zaintzea; erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek orekaz erabiltzea; erabiltzeko egoera onean mantentzea; eta paseatzaileen eta, oro har, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek arautzen du, indarrean dagoen araudiarekin bat, Alliko mugarteko landabide publikoen sarearen erabilera.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusiaren arabera, Alliko landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. 2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzo-bideak: gehienbat bizilagun talde batek erabiltzen ditu, beren etxeetara joateko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserri-bideak: gehienetan aurreko horien adar izaten dira, eta bizilagun batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituzte, baserrietara eta haien inguruko ustiategietara joateko.

c) Pista nagusiak: batez ere herri-basoko mugarrien lerrotik kanpora egoten dira, eta erabiltzen dira mendiko eremu zabaletara iristeko eta inguruko herriekin komunikatzeko. Erabilera asko izaten dituzte, hala nola basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza eta abar.

d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri, eta aukera ematen dute iristeko mendietara, basoberritze-eremuetara, belardietara eta bestetara.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: oro har, baso-erabilera edo norbanakoen lurzatietan sartzea.

2. Bi metro zabal baino meharragoak diren bideak: orgabide zaharrak eta bidexkak, era askotako erabilerak dituztenak, barnean direla lasterbideak eta/edo turismorako bidexkak.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Alliko Kontzejuak zainduko du erabilgarri egon daitezen beti 2.1.a), b), c) eta d) apartatuetako landabide publikoak. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren interes publikoko bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduera batzuekin.

Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik kanpo eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo.

5. artikulua. Baimen orokorra, zirkulatzeko auzo-bideetan eta baserrietarako sarbideetan edo nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetarako sarbideetan.

Aipatutako lehen bi pista motetan –2.1 artikuluko a) eta b) letrak–, baimentzen da libre ibiltzea motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.

Kontzejuaren baimenarekin ibil daitezke 3,5 tonatik gorako ibilgailuak, salbu espresuki debekatuta badago behar den seinalearen bidez, tokiaren ezaugarri bereziengatik (zubiak, estuguneak, etab.).

6. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Alliko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo baimendutako bestelako jarduera batzuekin.

7. artikulua. Baimena, motozikletentzat eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunentzat, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Aurreko 2.1 kapituluko c), d) eta e) letretan aipatutako bideei dagokienez, Kontzejuak zerrenda bat onesten ahalko du, jasoko duena zein pista nagusitan ibil daitezkeen libre motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.

Kontzejuak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz une bakoitzeko inguruabarrak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen ordenantza hau aldatzea.

8. artikulua. Ibilgailu motordunak salbuespenez pistetan ibiltzea baimentzeko eskumena.

Kontzejuko buruak emanen du baimena Alliko pistetan barna aurreikusitako kasuetatik kanpo ibiltzeko.

Baimena eskatzen ahalko dute Alliko bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsona batzuek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira orokorrak eta urtebeterako, edo denbora-tarte baterako eta bide-tarte jakin batzuetarako.

9. artikulua. 3,5 tonatik goragoko ibilgailuentzako baimena.

3,5 tonatik gorako ibilgailu guztiek baimena beharko dute Alliko landabide publiko guztietan barna zirkulatzeko.

Kontzejuko buruak emanen du baimen hori.

Baimen puntualak edo koiunturalak eskatzen direnean (esaterako, basoko jardueretarako, obrak egiteko lurzoru urbanizaezinean, etab.), eta ikusirik aurreikusitako erabileraren intentsitatea eta iraupena, Kontzejuak erabiltzaileari eskatzen ahalko dio abal bat aurkez dezala, bermatuko duena erabili ondoren pista ongi geldituko dela.

10. artikulua. Egur-aprobetxamendu pribatuen garraioa.

Aurreko klausulan xedaturikoa gorabehera, mendi pribatuetako egur-aprobetxamenduen kasuan, Kontzejuak kanon bat ezartzen ahalko du ateratzen den egur tona bakoitzeko, pistak egoera onean mantentzeko.

Kanon hori ordaintzearekin ez dira kitatuko egurra ateratzean eragiten diren neurriz kanpoko kalteak. Kalte horiek aparteko espediente batean exijitu daitezke, indarreko legeen arabera.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Alliko mendiko pista guztietan gehieneko abiadura izanen da 15 kilometro orduko.

13. artikulua. Abiadura egokia, pisten egoeraren eta inguruabarren arabera.

Aurreko artikuluan xedaturikoa gorabehera, istripu arriskuak apaltzeko, eta ez eragozteko oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, behar adina mantsotuz maldetan eta toki arriskutsuetan, bai eta libre dabiltzan azienden inguruan eta oinezkoak daudenean ere, edo idorteetan, pistetan hautsa pilatzen baita.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta gidatzeko muturreko modu guztiak ere, arriskugarri gerta daitezkeenak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat.

Salbuespen gisa, Kontzejuak baimena ematen ahalko du egin daitezen ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak.

15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna, ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Alliko Kontzejuak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu; nolanahi ere, oraindik ere egin gabe badago, arau-hausleak ezin izanen du hori erabili ordenantza honetatik salbuesteko arrazoitzat.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko da ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar edo debeku ez betetzea.

18. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen, 100 eta 300 euro artekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluari jarraikiz.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Iragarkiaren kodea: L2408221