Iragarkia
125. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1846/2024 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena sistema informatikoetako goi mailako teknikarien hogeita sei lanpostu betetzeko, oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.
Abenduaren 14ko 114/2022 Foru Dekretuaren bidez (2022ko 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2022ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2022ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan sartu ziren, besteak beste, sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostu huts batzuk, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak.
Abenduaren 27ko 307/2023 Foru Dekretuaren bidez (2023ko 269. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 29koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2023ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan sartu ziren, besteak beste, sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostu huts batzuk, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak.
Halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 1824/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi hau onetsi zen: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sistema informatikoetako goi mailako teknikarien hogeita sei lanpostu sarrera prozeduran eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.
Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sistema informatikoetako goi mailako teknikarien hogeita sei lanpostu sarrera prozeduran eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.
2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.
DEIALDIA, SISTEMA INFORMATIKOETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARIEN HOGEITA SEI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Honako hauek dira deialdiaren,
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da sistema informatikoetako goi mailako teknikarien hogeita sei lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, A mailakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzekoak; zehazki, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 1824/2024 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketaren ondorioz bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko dira. Haien plantilla-zenbakiak, eskakizunak eta destinoak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira.
1.2. Hogeita sei lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–Hamar lanpostu txanda irekian.
–Hamaika lanpostu, igoera txandan.
–Hiru lanpostu erreserba txandan, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.
–Bi lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan.
1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero izangaiak hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostu hutsak bete gabe geldituz gero izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostu hutsak txanda irekikoei edo igoera txandakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandetan, txanda horretan eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horren izangaiekin lehian eta eskuratutako amaierako puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzu egiten ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horietan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:
Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gainera, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.
2.1.4. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 2.1.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.
Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Funtzio publikoan sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.
Telematika bidez ordainduko da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta duten pertsonak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartzen duten emakume izangaiek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartu nahi duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien kausengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Iciar Berrospe García andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: María Teresa Mutilva Contreras andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Datuen Ingeniaritzaren eta Adimen Artifizialaren Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Elisa Achaerandio Alvira andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Osasuneko Informazioaren Teknologien Berrikuntzaren Ataleko burua.
Epaimahaikide ordezkoa: Eduardo Zariquiegui Aldave jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazioen, Azpiegituren eta Zibersegurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Luis Miguel Jaso Marquina jauna, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuko irakaskuntzako aholkularia.
Epaimahaikide ordezkoa: Luis Calatayud Yuste jauna, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.
Epaimahaikide ordezkoa: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.
–Epaimahaikide idazkaria: Juan Antonio Rozas Aranguren jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuko zuzendaria.
Epaimahaikide idazkari ordezkoa: José Manuel Vázquez López jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Ataleko burua.
5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2024ko azarotik aitzina hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaiendako posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba:
Proba teoriko-praktikoa izanen da. Ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko 30 galderari erantzun beharko zaie, labur.
Proba hau egiteko lau ordu izanen dira gehienez.
Epaimahaiak jarriko duen ordenagailuarekin eginen da proba hau. Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabiltzen ere. Mahai gainean boligrafoa eta orri zuriak besterik ez da egonen.
Proba honi dagokion puntuazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3.2. Bigarren proba:
Proba praktikoa izanen da. 5 kasu praktiko ebatzi beharko dira, ebazpen honetako I. eranskinean jasotako gai-zerrendako 2. zatian jasotako gaiei buruzkoak, baita lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzei buruzkoak ere.
Proba hau egiteko bost ordu izanen dira gehienez.
Epaimahaiak jarriko duen ordenagailuarekin eginen da proba hau. Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabiltzen ere. Mahai gainean boligrafoa eta orri zuriak besterik ez da egonen.
Proba honi dagokion puntuazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4. Plika sistemaren bidez eginen dira proba guztiak.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus web-orrian (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.
7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera banatuta eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin daitezen.
7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehenbiziko proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautapen ekitaldirako deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.
8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, desgaitasuna dutenen txandako izangaientzako salbuespenarekin, betiere.
Hautaproba genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat erreserbatutako txandaren arabera gainditzen duten izangaiek gainerako izangaiekin batera aukeratuko dituzte lanpostu hutsak, puntuazio-ordenaren arabera eta aurreko paragrafoetan aipatutako pertsonen lehentasuna errespetatuz.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deitutako lanpostu kopuruan sartzen direnak.
Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:
A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B.–Deialdi hau egin duen Nafarroako administrazio publikoaz beste bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko besteren baten beharra izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
9.6. Izangairen batek ezarrita dagoen prozedurak agintzen duen moduan eta epean hautatzen ez badu lanpostua, hautapen prozesuari uko egiten badio, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu ezarritako prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio organo eskudunak haren baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.
Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak esleituko zaizkie zuzenean.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.
10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.
Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.
Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
10.4. Funtzionario bihurtzen diren izangaiei, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautapena. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.
12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketak ebazteko, deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.
13.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).
13.2. Oposizio deialdiaren amaierako emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioaren hautapen prozesuan lortutako puntuazioa adierazita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak presta eta onar ditzan eremu horretan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
13.3. Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran izangaiek adierazi beharko dute zer eremu eta zer kontratazio mota aukeratzen duten, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.
Orobat, deialdiaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hamar egun balioduneko epea irekiko du, nahi duenak hasierako hautaketa alda dezan.
Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
13.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.
13.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.
Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.
13.5.1. Titulazioa.
Zerrendan onartua izateko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da. Zure titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaizu, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.
13.5.2. Egindako zerbitzuak.
Oposizio fasea gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusten baduzu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.
–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, O-NOZeko Profesionalen Zuzendaritzak ofizioz erantsiko baitu.
–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.
13.5.3. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.
Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.
Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.
13.6. Euskara.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendetarako, euskararen ezagutzaren betebeharra noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.
13.7. Desgaitasuna duten pertsonak.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.
Desgaitasun egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.
Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.
13.8. Indarra hartzea.
Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.
14.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako barne igoeran aritzeko izangaien zerrendak.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuetan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da (horren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea), baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.
Oposizio deialdiaren amaierako emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioaren hautapen prozesuan lortutako puntuazioa adierazita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak presta eta onar ditzan eremu horretan aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak.
Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran, izangaiek adieraziko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako barne igoeran aritzeko zerrendetan egon nahi duten, erakunde autonomoak aintzat har ditzan zerrendak prestatzeari begira.
Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean sailkatua egotea, borondatezko eszedentzia egoeran edo nahitaezko eszedentzian ez egotea eta 2.1.1 oinarrian lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzea.
Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak prestatuko eta onetsiko ditu mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
15.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
15.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).
15.2. Oposizioaren deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretako aldi baterako izangaien kontratazio zerrendak presta eta onets ditzan.
15.3. Aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda mota eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.
Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran izangaiek aukeratu beharko dute zer kontratazio mota nahiago duten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.
Orobat, deialdiaren azken emaitzak argitaratu ondoren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hamar egun balioduneko epea irekiko du, nahi duenak hasierako hautaketa alda dezan.
15.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.
15.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.
Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, deialdiaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, esteka honetan behar den kategorian sartuta: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.
15.5.1. Titulazioa.
Zerrendan onartua izateko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da. Zure titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaizu, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.
15.5.2. Egindako zerbitzuak.
Oposizio fasea gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusten baduzu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.
–Zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta/edo haren erakunde autonomoetan egin badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar egiaztatzeko, ofizioz aurkeztuko baitu NOPLOIko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak.
–Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak egindako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagiri horietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.
15.5.3. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.
Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.
Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.
15.6. Euskara.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendetarako, euskararen ezagutzaren betebeharra noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.
15.7. Desgaitasuna duten pertsonak.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.
Desgaitasun egoera noiznahi egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.
Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.
15.8. Indarra hartzea.
Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratzen dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.
16.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko izangaien zerrenda.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko lanpostuetan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari jarraikiz jokatuko da (horren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea), baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretu hori garatzen duen indarreko araudiari jarraikiz ere.
Oposizioaren deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak adierazita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko izangaien zerrendak presta ditzan.
Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskaeran, izangaiek adierazi beharko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne igoera bidez aritzeko zerrendetan egon nahi dutela, erakunde autonomoak aintzat har ditzan zerrenda horiek prestatzeari begira.
Aldi baterako barne igoerako zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoak izatea, lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean sailkatuta egotea eta 2.1.1 oinarrian lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzea.
Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak prestatu eta onetsiko ditu aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak, mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.
17.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. zatia.–Oinarrizko araudia.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.
3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.
4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa Izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
6. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.
9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
10. gaia.–Administrazio egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.
12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.
15. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.
16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
17. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. Berdintasunaren aldeko politika publikoak. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
2. zatia.–Espezifikoa.
1. gaia.–Software arkitektura: Software arkitekturaren printzipioak. Oinarrizko arkitekturak: monolitikoa, bezeroa-zerbitzaria, n mailako arkitektura, peer to peer sarea. Garapen arkitektura n geruzatan. Enpresa-aplikazioetarako arkitekturako patroiak (Patterns of enterprise Application Architecture, M. Fowler).
2. gaia.–Integrazio patroiak (Enterprise Integration Patterns-Hohpe & Woolf). Informazio sistemak analizatzea eta diseinatzea: Oinarrizko printzipioak: kohesioa eta akoplamendua. UML notazioa.
3. gaia.–Objektuei zuzendutako programazioa: objektuei zuzendutako programazioaren oinarrizko kontzeptuak eta ezaugarriak. Klaseak: atributuak eta metodoak. Klase abstraktuak eta interfazeak. Klaseen arteko erlazioak. Objektuei zuzendutako diseinua: Diseinu patroiak (Gamma, Helm, Johnson & Vlissides). SOLID printzipioak. Mendekotasun-injekzioa. Bestelako jardunbide egokiak objektuetara bideratutako diseinuan.
4. gaia.–Garapena Microsoft plataforman. Net Framework: Oinarrizko printzipioak. ASP. NET: web pages, web forms, MVC. Windows Presentation Foundation. Web services. NET Framework-en. Datuetarako sarbidea: LINQ, ADO. NET, Entity Framework. NET Core-ren oinarriak. Garapena Java plataforman: Lan esparruak: Maven, Spring, Spring Boot, JSF, JAX-WS, EJB, Hibernate.
5. gaia.–Datu-base erlazionalak. Datu-base erlazionalak kudeatzeko sistemen printzipioak. ACID propietateak. Eredu erlazionala. Datu-baseak irudikatzea entitate-erlazio diagramen bidez. SQL lengoaia. Datu-baseak kudeatzeko SQL Server eta Oracle sistemak. Programazio-lengoaiak datu-baseetan: T-SQL eta PL-SQL.
6. gaia.–Garapen-ingurune integratuak (IDEak). Iturburu-kodea kudeatzeko sistemak: oinarrizko printzipioak eta tresnak. Etengabeko integrazioko sistemak: etengabeko integrazioaren oinarriak eta tresnak.
7. gaia.–Software probak. Software proben oinarriak. Proben mailak: proba unitarioak, integrazio probak, sistema probak (funtzionalak eta ez-funtzionalak: karga, estres, segurtasun eta erabilgarritasun probak, etab.), ezarpen probak, onarpen probak, erregresio probak. Proba estatiko eta dinamikoen teknikak (kutxa zuria, kutxa beltza, esperientzian oinarrituriko teknikak). Probetarako tresnak.
8. gaia.–Web aplikazioak: Web garapenaren arkitekturaren printzipioak. Frontend garapena webetarako: HTML, CSS, Javascript, frameworks Javascript. Backend garapenaren teknologiak webetarako. Web zerbitzuak: estandarrak, loturiko protokoloak, elkarreragingarritasuna eta segurtasuna. SOA arkitektura. Mikrozerbitzuak. APIak kudeatzeko plataformak.
9. gaia.–Gailu mugikorretarako aplikazioen garapena. Aplikazio motak: web aplikazioak, natiboak, hibridoak. Mugikorretarako web aplikazioak: erantzun-ahalmena, web aplikazio progresiboak. Web aplikazio natiboak: Android eta iOSerako garapen framework-ak. Aplikazio hibridoak: garapen framework-ak.
10. gaia.–Kode irekiko softwarea. Software librea. Kontzeptuak. Lizentzia motak.
11. gaia.–Softwarearen kalitatea: Nomenklatura eta kodeketa estandarrak: kode garbia. Softwarearen kalitatearen eta mantengarritasunaren metrikak. Kodea analizatzeko eta ikuskatzeko tresnak. Legatu-kodea.
12. gaia.–Segurtasuna softwarearen garapenaren bizi-zikloan (SSDLC). Etapak. SSDLCren abantailak. SDLC inplementatzea DevSecOps eta automatizazioarekin. Segurtasuna aplikazioen bizi-zikloan. BSIMM eredua eta OWASP eredua.
13. gaia.–Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalaren arau teknikoak.
14. gaia.–Nafarroako Lurralde Informazio Sistemaren gako nagusiak (255/2015 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Informazio Geografikoaren Tratamendua arautzen duena). Datu geografikoak mahaigainean eta webean kudeatu, tratatu eta argitaratzearen oinarrizko alderdiak. Datu espazialen azpiegiturak eta Open Geospatial Consortium-en araberako elkarreragingarritasuna. Nafarroako Gobernuaren egoera teknologikoa.
15. gaia.–Datuak prozesatzeko zentroak (DPZ): Tipologiak. Diseinua. Kudeaketa. Erabilgarritasun handia eta TIER mailak. Segurtasun fisikoa eta logikoa. Azpiegitura osagarriak: hornidura elektrikoa, klimatizazioa eta suteen aurkako sistemak. Energia-efizientzia DPZetan.
16. gaia.–Komunikazioak. LAN, MAN, WAN eta SAN komunikazio-sareak. Sareen arteko konexioa. SD-WAN sareak. Hari gabeko sareak. DPZetarako Spine and Leaf arkitekturak. Software bidez definitutako sareak (SDN).
17. gaia.–Lanpostua: sistema eragileak. Lizentzien kudeaketa. Euskarria. Inbentarioa. Mugikortasunerako gailuak. Lanpostuaren birtualizazioa. Lanpostuko terminalen sistemak. Lanpostu digitala. Mezularitza-sistemak. Kontzeptuak. Protokoloak. Zerbitzuak. Bezero-tresnak. Komunikazio bateratuak.
18. gaia.–Zerbitzari eta biltegiratze azpiegitura. Azpiegituraren eragiketa- eta kudeaketa-ereduak. AIOPak. Windows eta Linux sistema eragileak. Administrazio zentralizaturako tresnak. Zerbitzari motak: rack, dorrea, txasis/blade-ak eta hiperkonbergenteak. Biltegiratzeko azpiegitura. NAS sistemak. SAN sistemak. Fiber Channel sareak. Fitxategiak, blokeak eta objektuak biltegiratzea. Flash biltegiratze-teknologiak. NVMe. Software bidez definitutako biltegiratzea.
19. gaia.–Aplikazioak exekutatzeko plataformak: Microsoft, Java, LAMP. Datu-base erlazionalen kudeatzaileak: administrazioa. Optimizazioa. Eskuragarritasun handia.
20. gaia.–Identitateak kudeatzeko eta autentifikatzeko sistemak. Single Sign On. Autentifikatzeko sistemak: ezagutzen den zerbaitetan oinarrituriko sistemak, edukitzen den zerbaitetan oinarrituriko sistemak, autentifikazio biometrikoko sistemak. Faktore anitzeko autentifikazio sistemak. RADIUS. Direktorioetarako sarbidea: LDAP.
21. gaia.–Softwarearen zabalpena. Politikak. Tresnak. Sistemen monitorizazioa eta kudeaketa. Kudeaketa sistemak. Sarea eta zerbitzariak kudeatzeko sistemak. Gertaerak kudeatzeko sistemak. Logak zentralizatu eta biltzeko sistemak. Analisi forentserako sistemak.
22. gaia.–Softwarea biltzeko plataformak. Oinarrizko printzipioak. Tresnak. Openshift.
23. gaia.–Cloud Computing. Oinarrizko printzipioak. Hodeiko zerbitzuak: IaaS, PaaS, SaaS. Hodei pribatuak, publikoak eta hibridoak.
24. gaia.–Proiektuen kudeaketaren kontzeptu-esparrua: proiektu baten definizioa eta ezaugarriak. Proiektuaren bizi-zikloa. Proiektuak kudeatzeko prozesuak. Prozesu multzoak: hasiera, plangintza, exekuzioa, monitorizazioa eta kontrola, ixtea. Proiektuak kudeatzeko prozesuen arteko ohiko elkarreraginak.
25. gaia.–Proiektuen kudeaketako jakintza arloak: proiektuaren integrazioaren kudeaketa, proiektuaren hedaduraren kudeaketa, proiektuaren kronogramaren kudeaketa, proiektuaren kostuen kudeaketa, proiektuaren kalitatearen kudeaketa, proiektuaren baliabideen kudeaketa, proiektuaren komunikazioen kudeaketa, proiektuaren arriskuen kudeaketa, proiektuaren eskurapenen kudeaketa.
26. gaia.–Informazio sistemen plangintza. Bideragarritasun azterlanak. Eskakizunen ingeniaritza: eskakizun motak. Eskakizunak ateratzea, dokumentatzea, balidatzea, negoziatzea eta kudeatzea. Laguntzarako tresnak.
27. gaia.–Informazio sistemak garatzeko prozesuak: analisia, diseinua, eraikitzea, ezarpena eta onarpena.
28. gaia.–Software garapenaren bizi-zikloa. Metodologia prediktiboak: garapen teilakatua. Metodologia iteratiboak: RUP. Metodologia arinak: Scrum, XP, Kanban, etab. Laguntzarako tresnak.
29. gaia.–Lantaldeak koordinatzeko teknikak. Lan bilerak egoki kudeatzeko teknikak. Informazio sistemak ezartzeko eta horiek ezartzearen ondorioz antolaketan egin beharreko aldaketa kudeatzea. Lidergoa. Gaitasunen eta pertsonen kudeaketa. Gatazken kudeaketa eta adimen emozionala lanpostuan. Merkataritza-kudeaketarako eta negoziaziorako teknikak.
30. gaia.–Zerbitzuen kudeaketa: ISO 20000. Zerbitzuen kudeaketa: ITIL. Negozioaren jarraitutasuna kudeatzeko sistemak: ISO 22301.
31. gaia.–Sistemen ezarpena: produzitzen jartzea. Zerbitzu maila: zerbitzuen definizioa, behar diren profilak eta prozedurak. Aldaketaren kudeaketa.
32. gaia.–DevOps: DevOps printzipioak. DevOps kultura ezartzea. Antolamendu-egitura, taldeak eta rolak. Lanerako beste framework batzuekin integratzea (IT zerbitzuen kudeaketa, metodologia arinak). Prozesuak automatizatzea: entregatze jarraitua. Tresnak.
33. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.
34. gaia.–Ziber-krimena: erasoen motibazioa. Zaurgarritasunak, exploit-ak, malware-ak, botnet-ak eta eraso mota nagusiak. Kriptografia. Klabe pribatuko eta publikoko sistemak. Ziurtagiri elektronikoak. Blockchain.
35. gaia.–Lanpostuko segurtasuna. Malware motak. Malwarearen aurkako sistemak. Segurtasuna mugikortasunean: VPN sistemak, aplikazioen birtualizazioa, gailu mugikorrak kudeatu eta babesteko EMM sistemak.
36. gaia.–Perimetroko segurtasuna. Suebakiak: motak eta teknologiak. Egoerak aztertzen dituzten suebakiak. Aplikazioen suebakiak (NGFW). Web aplikazioen suebakiak (WAF). Datu-baseen suebakiak. IDSak eta IPSak. Segurtasuna komunikazio sareetan. ZTNA kontzeptua.
37. gaia.–Segurtasun proiektu global bat egitea. Auditoretzak eta arriskuen kudeaketa. Informazioaren segurtasuna kudeatzeko sistemak. ISO 27001. 311/2022 Errege Dekretua, maiatzaren 3koa, Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen duena. NIS 2 Zuzentaraua.
38. gaia.–Segurtasun gorabeheren kudeaketa. CSIRT eta SOC. Sistema informatikoen auditoretza. Red Team eta Blue Team.
39. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Printzipioak. Interesdunen eskubideak. Kontrol agintari independenteak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
40. gaia.–Weberako informazio arkitektura: sormena eta diseinua, irudi korporatiboa, linea editoriala, edukien egitura, nabigazio eredua, etiketatua, bilatzeko sistemak. Web-orrien tipologia: jeneralistak, bertikalak, direktorioa, transakzionalak, sustapenekoak. Herritarrengan zentratutako zerbitzuak diseinatzea (User Experience UX, Total Experience TX).
41. gaia.–Omnikanalitatea eta herritarrentzako arreta hobetzea, ChatBots, CRM (Customer Relationship Management) eta ERP (Enterprise Resource Planning) sistemak, marketin digitala. Prozesuen robotizazioa (RPA), Low-Code.
42. gaia.–Barneko langileentzako eta laguntzaileentzako atari korporatiboak. Funtzionalitate nagusiak: integrazioa, pertsonalizazioa, edukien kudeaketa, lankidetza. Pertsonalizazioa. Digital Workspace eta Sharepoint Sites soluzioen arkitektura, diseinua eta ezarpena. Ikaskuntza-plataformak (e-learning).
43. gaia.–Erabilerraztasuna. WCAG arauak. Diseinu unibertsala eta erabilgarritasuna. Entzuleriaren segmentazioa eta pertsonalizazioa. Gailu askotara egokitutako edukien argitalpena. Nazioartekotzea eta lokalizazioa.
44. gaia.–Edukiak kudeatzeko sistemak eta esperientzia digitala. Edukiak kudeatzeko sistemen oinarrizko printzipioak eta motak. SEO kokapena. Bilaketa eta indexazio tresnak. Web analisirako eta pertsonalizaziorako plataformak. Arkitektura, diseinua eta soluzioen garapena. Portalizazioa eta Liferay 7.x., Drupal x.
45. gaia.–Open Government eta Open Data: Printzipioak. Gobernu irekiaren atari baten elementuak. Datu irekien formatuak. Sektore publikoan informazioa berrerabiltzea, Europan eta Espainian. IKTen eginkizuna datu irekien eta gardentasunaren politikak ezartzean.
46. gaia.–Adimen enpresarialeko sistemak (Business Intelligence). Oinarrizko kontzeptuak. Arkitektura. ETL prozesuak. Informazioaren modelatze dimentsionala (bateratzea eta historifikazioa). Datuen analisia eta datu-meatzaritza. Informazioa ustiatzeko eta administratzeko tresnak. Aginte-taula integralen, adierazleen eta erabakiak hartzera bideratutako sistemen analisia eta diseinua.
47. gaia.–Datu-base ez-erlazionalak. Oinarriak: CAP teorema, BASE printzipioa. Datu-base ez-erlazionalak: motak. Big Data: datu multzo masiboak eskuratzea, analizatzea, eraldatzea, biltegiratzea eta ustiatzea. Hadoop ekosistema.
48. gaia.–Datuen zientzia. Datuak modelatzeko prozesuen bizi-zikloa (ETL, aurreprozesatzea, modelatzea, baliozkotzea, MLopak). Tresnak eta lengoaiak. Bias-Variance Trade-Off. Makinen ikaskuntzarako proiektu baten egitura. Ikaskuntza sakona (deep learning). Sare neuronalak. Erregularizazioa eta optimizazioa.
49. gaia.–Datuak ustiatzeko teknologiak eta sistemak: data lake, data warehouse, lakehouse, data fabric, data mesh, datuak babesteko teknologiak. Datuak partekatzeko inguruneak: datu-espazioak, alderdi teknologikoak eta antolamendukoak. Hiri eta lurralde adimendunak. Gauzen Interneta (IoT).
50. gaia.–Datuaren estrategia. Datuaren gobernua, datuaren kudeaketa eta datuaren kalitatearen kudeaketa. Katalogoak eta datu-multzoak deskribatzeko teknologiak eta estandarrak: semantikak eta ontologiak.
Iragarkiaren kodea: F2407793
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
