124. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Alkateari, zinegotzi ordezkariei eta zuzendariei eskumenak eskuordetzea

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak honako erabaki hau hartu zuen 2024ko urtarrilaren 22an:

JOB 22-ENE-24 (22/AL)

«Bat Etorrita Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 127. artikuluarekin, honako hau,

ERABAKITZEN DA:

Lehenbizikoa.–Alkateari eta zinegotzi ordezkariei eskudantzia hauek eskuordetzea onestea, ondoren zehazten diren eskumenei dagokienez, eskumen horiek indarrean dagoen Udal Antolamenduaren Dekretuak esleitzen dizkien gaietarako erabiliko direlarik:

A) Lizentziak ematea, baldin eta sektoreko legeek beste udal organoren bati ez badiote esleitu eskumen hori.

B) Zehatzeko ahala, salbu eta ahal hori legez beste organoren bati esleitu bazaio, bakoitzaren eskuordetze-esparruko gai eta funtzioetako arau-hausteetan.

Eskuordetzan emandako eskumen horren barnean sartuko da eskumen hori egikarituz emandako ebazpenen aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena, bai eta eskuordetzan emandako eskumen hori egikarituz emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestekoa ere.

Espedienteak hainbat alorrek batera bideratu behar dituzten kasuetan, Zinegotzi Ordezkariek ahala izanen dute, hala zehatzeko nola ebazpenak emateko, eskuordetzaz esleituta dituzten gaietan, hori eskumen nagusia ez bada ere.

C) Edozein eratako kontratazioak eta emakidak, hainbat urtetarako direnak barne, baldin eta 30.000,00 euro baino gutxiago jotzen badute (BEZa kanpo)/urteko, bai eta kontratazioei dagozkien aldaketak ere, hasiera batean Alkatetzaren edo Zinegotzi Ordezkarien ebazpenen bidez esleitutako kontratuan egitekoak izan eta horien zenbatekoak, esleitze-prezioari gehituta, 30.000,00 euro (BEZa kanpo) baino gehiago jotzen duenean, baldin eta, aldaketen zenbatekoak esleitze-prezioaren %20 gainditzen ez badu.

D) Kontratuak egin eta sinatzea.

E) Kudeaketa ekonomikoa egitea, eskuordetzan hartutako aferetan.

F) Aurreko apartatuen arabera eskuordetzan hartutako gastu-baimenak eta gastu-xedapenak, betiere 30.000,00 euro edo gutxiago (BEZa kanpo) jotzen badute.

G) Bakoitzaren eskumeneko alorrak bere eskumenen eremuan kudeatutako obretako segurtasun- eta osasun-planak onestea.

H) Eskuordetutako gaietan emandako administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta eskuordetzen diren gaietan emandako ebazpenen aurka jartzen diren berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

2.2. Ogasuneko, Kontratazio Publiko Arduratsuko eta Giza Baliabideetako Zinegotzi Ordezkariari eskuordetzea honako eskumen hauek:

–Beste organo batzuei eskuordetu gabeko ondare-kudeaketako eskumenak.

–Kutxa finkoko aurrerakinak eratu, baliogabetu eta justifikatzea.

2.3. Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Zinegotzi Ordezkariari eskuordetzea honako eskumen hauek:

–Errentamendu-kontratuei buruzko ebazpenak ematea horiek "Alde Zaharra eta hiriko fatxadak osoki zaharberritzeko laguntzen Udal Ordenantza" betetzekoak badira, kontratu horiek sinatzeko eskumena barne.

–Urbanizazio-kuotak kudeatzea, bai eta horiei lotutako gastua baimendu eta xedatzea, betiere horrek 30.000,00 euro (BEZa kanpo) baino gehiago jotzen ez badu.

2.4. Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariari eskuordetzea eskumen hau:

–Udal-titulartasuneko ibilgailuendako aparkalekuen erabileran titularren aldaketak onestea.

Bigarrena.–Zerrendatzen diren zuzendariei eskudantzia hauek eskuordetzea onestea, ondoren zehazten diren eskumenei dagokienez, eskumen horiek indarrean dagoen Udal Antolamenduaren Dekretuak esleitzen dizkien gaietarako erabili beharko direlarik:

2.1. Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendariari, Giza Baliabideetako zuzendariari, Aholkularitza Juridikoko zuzendariari, Alkatetza Kabineteko zuzendariari eta Komunikazio Instituzionaleko eta Gardentasuneko zuzendariari, oro har, eskumen hau eskuordetzea:

–Eskuordetutako gaiei dagokienez, administrazio-egintzen aurka Nafarroako Administrazio Auzitegian jartzen ahal diren gora jotzeko errekurtsoak direla-eta administrazio-espedienteei eransten zaizkien txosten juridikoak onestea, eta berraztertzeko errekurtsoak ebaztea.

2.2. Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendariari eskumen hauek eskuordetzea:

2.2.1. Ondarearen aferetan, dagozkion ebazpenak emateko eskumena, honako gai hauetan guztietan:

–Udala parte den alokairu-kontratuak, kontratu horiek sinatzeko ahalmena barne, betiere 30.000 euro edo gutxiago (BEZa kanpo) jotzen badute, "Hiriko Alde Zaharra eta fatxadak osoki zaharberritzeko laguntzen Udal Ordenantza" betetzeko errentamendu-kontratuetan izan ezik.

–Udala jabekide den komunitateetako gastuetan parte hartzea, betiere zenbatekoak 30.000,00 euro (BEZa kanpo) baino gehiago jotzen ez badu.

–Ondasunen jabe gisa Udalari dagozkion kontribuzio, tributu eta beste gastu batzuk, hirigintza kuoten kudeaketa izan ezik, eta betiere horrek 30.000,00 euro (BEZa kanpo) baino gehiago jotzen ez badu.

–Gorago esleitutako eskumen horietatik eratorritako gastu-baimenak eta gastu-xedapenak, betiere horrek 30.000,00 euro (BEZa kanpo) baino gehiago jotzen ez badu.

2.2.2. Ekonomiaren kudeaketa gauzatzearen arloan, dagozkien ebazpenak kudeatu eta emateko eskumena, honako gai hauetan guztietan:

–Udal-zergak kudeatu eta likidatzea.

–Honako tasa hauen kudeaketa eta likidazioa:

  • Hiriko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezien aldizkako tasak.
  • Ibilgailuak espaloietan barna sartzeagatik eta bide publikoa aparkaleku esklusibo gisara erabiltzeko erreserbatzeagatik, ibilgailuak gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanak egite aldera bertan tokia erreserbatzeagatik aldizka ordaindu beharreko tasak.
  • Lizentziak eman eta hirigintzaren arloan kontrolerako jarduera administratiboak egiteagatik eta ingurumen-babesaren zein jarduera kaltegabeen arloetan kontrolerako jarduera administratiboak egiteagatik ordaindu beharreko tasak.
  • Erabilera publikoko lurretan zangak, laginketak eta zuloak egin eta bide publikoan zoladura edo espaloiak mugitzeagatik ordaindu beharreko tasa.
  • Bide publikoa edukiontzi, hesi eta aldamioekin noizbehinka okupatzeagatik ordaindu beharreko tasak.
  • Hornikuntza-zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek hiriko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta zorupearen aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak.

–Udal Hilerriko zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa eta prezio publikoen kudeaketa eta likidazioa.

–Udalaren diru sarreren kudeaketa (diru-bilketako premiamendu-prozedurak hastea, diru-bilketa etetea eta kautelazko neurriak hartzea, zorrak kobraezin edo preskribatutzat jotzea) ordaintzeko errekerimenduak, geroratzeak eta ardura desbideratzea.

–Zergen arloko zehapen- eta ikuskapen-prozeduraren garapena kudeatzea.

–Iruñeko Udalak egindako balio erantsiaren zergaren, ondare eskualdaketen gaineko zergaren, egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren aitorpenak eta likidazioak eta, sozietateen gaineko zergaren, pertsona fisikoen eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren gaineko atxikipenen aitorpenak.

2.3. Giza Baliabideetako zuzendariari eskumen hauek eskuordetzea:

–Langileen kudeaketa, honakook izan ezik: diziplina araubidea, Administrazioan sartzeko hautaprobak egiteko deialdien oinarriak onesteko eskumena, eta funtzionarioen eta langile finkoen izendapena.

Eskuordetutako eskumenen barnean sartuko dira langileen kudeaketaren inguruan eskuordetzen ahal diren arlo guztiak, baita langileen nomina onestea eta Giza Baliabideetako Alorrari esleitutako langileen arloko ebazpenak ematea ere.

–Eskuordetuta dituen arloetako gastu-baimenak eta gastu-xedapenak, baldin eta horiek 30.000,00 euro baino gehiago jotzen ez badute, langileen nominen onespena izan ezik, ez baitu zenbateko-mugarik izanen.

2.4. Aholkularitza Juridikoko zuzendariari, Alkatetza Kabineteko zuzendariari eta Komunikazio Instituzionaleko eta Gardentasuneko zuzendariari eskumen hauek eskuordetzea:

–Dagozkien eskudantziei lotutako kontratazioak eta eskurapenak, hainbat urtetarako direnak barne, baldin eta 30.000,00 euro edo gutxiago jotzen badute, bai eta kontratazio arloko aldaketak ere, hasiera batean Aholkularitza Juridikoko zuzendariaren ebazpen bidez esleitutako kontratuan egitekoak izan eta horien zenbatekoak, adjudikazio-prezioari gehituta, 30.000,00 euro baino gehiago jotzen duenean, betiere, aldaketek guztira esleitze-prezioaren %20 gainditzen ez badute.

–Aurreko apartatuaren arabera eskuorduta dituen gastu-baimenak eta gastu-xedapenak, betiere 30.000,00 euro edo gutxiago (BEZa kanpo) jotzen badute.

2.5. Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko zuzendariari eskumen hau eskuordetzea:

–Hilobi-eskubidearen eskualdaketari dagokionez (lursail eta panteoien titulartasunaren aldaketak) beharrezkoak diren ebazpenak ematea.

2.6. Zuzendaria ez badago, haren kargua hutsik badago edo gaixorik badago, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako abstentzio-arrazoiren bat gertatzen bada edo eskuordetutako gaietan aritzeko errekusazioa onetsi bada, honako hauek elkar ordeztuko dute:

–Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko zuzendaria eta Giza Baliabideetako zuzendaria.

–Alkatetza Kabineteko zuzendaria eta Komunikazio Instituzionaleko eta Gardentasuneko zuzendaria.

Hirugarrena.–Erabaki honek indarrik gabe utziko ditu Tokiko Gobernu Batzarrak 2023ko uztailaren 3an (4/AL) eta 2023ko abenduaren 29an (4/AL) hartutako erabakien bidez xedatutako eskuordetzeak, eta 2024ko urtarrilaren 22an hartuko du indarra.

Laugarrena.–Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, bai eta Osoko Bilkuran horren berri ematea ere».

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 25ean.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2409211