Iragarkia
124. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
144E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, elikagaien artisautza-enpresen elkarteei "de minimis" laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2024. urtean Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko asmoz, eta, horrekin batera, deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzen dituena. DDBN identifikazioa: 762365.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearen indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Horren harira, begi bistakoa da garrantzitsua dela sustapen ekimenak bultzatzea, laguntza ekonomikoen bitartez, nekazaritzako kalitatezko produktuen merkaturatzea hobetzeko. Produktu horien artean daude nekazaritzako elikagaien artisautzatik datozenak.
Nekazaritzako elikagaien artisautza arau bidez aintzatetsitako kategoria bat da Nafarroan, zehazki, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza arautzen duen maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuaren bidez, zeina uztailaren 29ko 298/1996 Foru Dekretuak eta azaroaren 5eko 318/2001 Foru Dekretuak aldatu baitzuten.
Nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresek beraiek izandako ekimenaren ildotik, Nafarroako Foru Komunitateak "Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" izeneko marka sortu zuen 2000. urtean, eta horixe da, hain zuzen, dagokion erregistro ofizialean artisautza-enpresa gisa izena emanda dauden enpresen nekazaritzako elikagaiek etiketan daramaten bereizgarria.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iritziz oso garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresak laguntzea, ekoizleek eta egileek kalitatezko ekoizpen mota horretan parte har dezaten sustatzeko eta produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzeko, kontuan hartuta kontrolatutako eta bermatutako ezaugarri bereziak dituztela eta kalitate handikoak direla, ekoizpen eta prestaketarako arau zorrotzagoen menpe baitaude.
Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien eta nekazaritzako elikagaien enpresa txikien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.
Gainera, laguntza publikoak ahalik eta eraginkorrenak izatea ziurtatzeko, komeni da dirulaguntzak bideratzea, bereziki, legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei.
Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Elikagaien artisautza-enpresen elkarteei "de minimis" laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, 2024. urtean Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko asmoz. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jasota daude.
2. 2024. urtean elikagaien artisautza-enpresen elkarteei "de minimis" laguntzak emateko deialdia onestea.
3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta erakundearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hamabigarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.
4. 50.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 2024ko gastu-aurrekontuko 720003-72200-4819-413102 partidaren kargura ("Nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteentzako laguntzak").
5. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 17an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO ELIKAGAIEN ARTISAUTZA-ENPRESEN ELKARTEEI "DE MINIMIS" LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, 2024. URTEAN NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ARTISAUTZA SUSTATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.
1. Oinarri hauen xedea da arautzea Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2024. urteko laguntzak, elikagaien artisautza-enpresen elkarteei zuzenduta.
2. Laguntza hauen helburu nagusia da nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei sostengua ematea, artisautza produktuen prestaketan eta eraldaketan kalitatea sustatzeko, eta ezaugarri bereziak dituzten produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzea.
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta betekizunak.
1. Onuradun izaten ahal dira legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteak, baldin Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen Erregistroan inskribaturik badaude.
2. Ebazpen honetan ezarritakoaren ondorioetarako, merkataritzako jarduerak eginagatik ere, ateratako irabaziak oso-osorik erakundearen merkataritzakoak ez diren xedeetan inbertitzen baldin badira, erakunde horiek irabazi-asmorik gabekotzat hartuko dira.
3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten erakunde eskatzaileek.
Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden erakundeak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
4. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren menpe dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2023ko L 2831 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).
Zenbait laguntzaren zenbatekoa zehazten da nekazaritzaren sektorean merkaturatutako edo erositako produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera. Era horretako dirulaguntzei ez zaizkie aplikatu behar ez oinarri arautzaile hauek ezta deialdia ere.
5. Enpresa bakoitzari ematen ahal zaion "de minimis" laguntza gehienez ere 300.000 eurokoa izanen da hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.
Hirugarren oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak:
"Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" kalitateko bereizgarriaren babeseko produktuak sustatzeari eta merkaturatzeari lotutako jarduerak, kontzeptu hauetarako, besteak beste:
–"Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" markaren plan estrategikoak eta sustapen planak egitea, baita Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzaren kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuen merkatu-azterketak ere.
–Enpresen artean ezagutzak trukatzeko foroetan eta misio komertzialetan parte hartzea, baita lehiaketa, produktuen erakustaldi eta ferietan ere.
–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuak sustatzeko ekitaldiak, salmenta-puntuetako ekintzak eta Nafarroako artisautzako nekazaritza elikagaiak saltzeko azokak antolatzea edo bertan parte hartzea eta, orobat, sustapenerako materialak.
–Argitalpenak, katalogoak eta liburuxkak editatzea, bai eta kalitate-bereizgarriari loturik aurkezten dituzten webguneak ere.
–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuen kontsumoa suspertzen duten publizitate kanpainak, prentsan, irratian, telebistan, Interneten edo beste hedabide batzuetan oinarritutakoak.
–"Nafarroako Artisautzako Elikagaia" kalitateko bereizgarriaren babespeko produktuak ezagutzea eta saltzea sustatzen duten alderantzizko misioak antolatzea.
Laugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira "Nafarroako Artisautzako Elikagaiak" kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuak sustatu eta merkaturatzeko jarduketei dagozkienak, hirugarren oinarrian jasotako helburuetarako direnak, erakunde onuradunek gauzatuak badira eta 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31 arte eginak eta ordainduak.
Bosgarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Laguntza, gehienez, gastu diruz lagungarrien %75 izanen da.
Seigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean adierazten diren betebeharrak betetzea.
2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
4. Helburu bererako beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar ekitaldi fiskaletan, laguntza ematen den egunetik aurrera.
8. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
9. Dirulaguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
10. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Zazpigarren oinarria.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Jarduketa deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:
1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:
a) IFKaren kopia.
b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia jasotzen duen agiria, erakundeko buruak sinatua edo legez gaituriko pertsona batek sinatua.
c) Elkarte eskatzailearen estatutuak eta eratze-eskriturak, eta jarduera, bazkide motak eta kopurua eta helburuak biltzen dituen informazioa.
d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zer kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.
e) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.
2. Erakunde onuradunari buruzko informazioa, honako alderdi hauen gainean:
a) Zer sektoretan diharduen.
b) Negozio bolumena.
c) Langileen plantilla, kontratu motaren arabera sailkatua.
3. Sustapen- eta merkaturatze-jardueren gaineko informazioa:
a) Eginen diren jardueren deskripzioa, egutegia, horiek egiteko arrazoia eta horien balorazio ekonomikoa biltzen dituen memoria. Horretarako, beharrezko aurrekontuak edo proformako fakturak aurkeztuko dira.
b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzeko justifikazioa, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, erakunde eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintzarik merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.
4. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.
b) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta ekitaldi fiskal honetan (eskaeraren egunaren aurre-aurrekoan) jasotako "de minimis" araubideko laguntza guztiei buruzko idatzizko aitorpena.
c) Onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez dagoela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena.
d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .......................................................................................... naizen honek, nire izenean /.......................................................................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan, 2024an Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza bultzatzeko artisau-enpresen elkarteei "de minimis" araubideko laguntzak emateko deialdiak izapidetzeko prozeduraren barruan, nik neuk/ordezkatzen dudan erakundeak egunean ditudala/dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak".
e) Baldin d) apartatuan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo erakundeak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.
Zortzigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin. Erregistro Orokor Elektronikoa interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Interneteko web atarian.
3. Eskaera berariaz prestatutako ereduan aurkeztuko da, zazpigarren oinarrian aipatutako agiriekin batera. Eredu hori eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Zerbitzuen Katalogoan, www.nafarroa.eus helbidean.
Bederatzigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.
1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:
a) Erakunde eskatzaileko kide diren artisautza-enpresen kopuruaren arabera:
–30 kidetik aitzina: 10 puntu.
–20-29 kide: 8 puntu.
–10-19 kide: 5 puntu.
b) Azpisektoreen arabera:
–Elkarteak hiru azpisektore baino gehiagoko operadoreak ordezkatzen baditu: 5 puntu.
Azpisektoreak Nafarroako Nekazaritzako Artisautzaren berezko araudian jasotzen diren berberak izanen dira.
c) Jarduketen xedeko merkatuen arabera:
–Espainiatik kanpo egindako ekintza bakoitzarengatik: 10 puntu.
–Nafarroatik kanpo egindako ekintza bakoitzarengatik: 5 puntu.
–Gainerako ekintza orokorrak: 2 puntu.
3. Bi eskaerak edo gehiagok puntuazio bera lortuz gero, 2.a apartatuan puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2.b atalean puntu gehien duena.
Hamargarren oinarria.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, egiaztatuko da zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.
4. Laguntza eman aurretik, estatu kideak adierazpen bat jasoko du, idatzizkoa edo baliabide elektronikoen bitartez, dagokion enpresarengandik. Adierazpen horretan aipatuko da erregelamendu honen eraginpeko edo "de minimis" motako beste erregelamendu batzuen eraginpeko "de minimis" motako beste laguntzarik jaso den hiru urteko epean.
5. Laguntzak araubide honen arabera eman ahal izanen dira baldin eta egiaztatzen bada onuradun berari emandako "de minimis" laguntzen guztizko zenbatekoak ez duela gainditzen Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
6. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
7. Prozeduraren gainean ebazteko, 3 hilabeteko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen baldin bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.
Hamaikagarren oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.
1. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2024ko ekitaldiko azaroaren 10a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Laguntzak ordaintzeko eskaera, interesdunak egina.
b) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeen arabera multzokaturik eta sailkaturik.
c) Egindako jarduerak deskribatzen dituen memoria, lorturiko emaitzen eta jardueren zabalkundearen balorazioa barne.
d) Diruz laguntzen diren jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala eta abar.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera aurkeztu den egunaren ondoren xede bererako edo beste baterako eskatutako edo jasotako "de minimis" laguntzei buruzkoa.
2. Ordainketa egin aurretik, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak eskatzen den dokumentazio guztia berrikusiko du, eta, horrela, baieztatuko du aurkeztutako gastuak hautagarriak direla, justifikazio dokumentuak baliozkoak direla, onuradunek gardentasun betebeharrak betetzen dituztela eta gainerako dokumentazioa nahikoa dela. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.
Hamabigarren oinarria.–Onuradunen gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako erakundeak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):
Erakundeak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira Estatuko inolako laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen badu laguntzaren intentsitatea edo laguntzaren zenbatekorik handiena (zenbateko hori kasu bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera finkatzen da, Batzordeak hartutako erabaki baten edo kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu baten bidez). Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez Estatuak emandako dirulaguntzekin.
Hamalaugarren oinarria.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galduko dira eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, deusetan galarazi gabe bidezko diren zehapenak jartzea.
Hamabosgarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta informazioa.
1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei 2024an emanen zaizkien laguntzei dagokien fitxan.
Nolanahi ere, laguntzen publikotasunerako, dirulaguntza emateko ebazpenei buruzko informazioa bidaliko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
2. Organo kudeatzaileak erregelamendu hau aplikatzeari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Estatu kideek, laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko dute estatu kideko edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
3. Azkenik, Batzordeak, idatziz, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatuko du zehaztu ahal izateko, batetik, erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren edo ez eta, bereziki, zein den erregelamendu honetan eta beste "de minimis" erregelamendu batzuetan ezarritakoa betez edozein enpresak jaso duen "de minimis" laguntzaren guztizko zenbatekoa. Kasuan kasuko estatu kideak eman egin beharko dio informazio hori Batzordeari, hogei egun balioduneko epean, edo, eskaeran hala ezarrita dagoenean, hori baino handiagoa den epean.
Iragarkiaren kodea: F2408422
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
