Iragarkia
123. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 14a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
GARES
Ordenantza fiskala, arautzen duena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zerga. Behin betiko onespena
Garesko Udalak, 2023ko abenduaren 21ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zerga arautzen duen ordenantza fiskala.
Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, erabakia 2024ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, otsailaren 2an, bai eta udal honen iragarki-taulan ere, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Jendaurrean egoteko epea, legez ezarritakoa, igarota eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko onetsi eta argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako, Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergarako hobariak arautzen dituen ordenantza fiskala.
Garesen, 2024ko maiatzaren 24an.–Alkatea, Itziar Imaz Artázcoz.
ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA GARESKO UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGA
1. artikulua. Izaera.
Ondasun higiezinen gaineko zerga da zuzeneko tributu erreal bat, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, zehazki II. tituluko II. kapituluko 133.etik 158.era bitarteko artikuluei, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
2. artikulua. Zerga-egitatea eta ez ordaintzeko kasuak.
Zerga honen zerga-egitatea da edukitzea jarraian zerrendatzen diren eskubideen titulartasuna, landa- eta hiri-lurreko ondasun higiezinen gainean eta ezaugarri berezidun higiezinen gainean:
a) Kontzesio administratiboa, ondasun higiezinen gainean edo horiei lotutako zerbitzu publikoen gainean.
b) Azalera-eskubide erreal bat.
c) Gozamen eskubide erreal bat.
d) Erabili eta lupertzeko eskubidea, herri-ondasunen kontraprestazioaren bitartez.
e) Jabetza eskubidea.
Aurreko apartatuan ezarritako zerga-egitate bat gertatuz gero, bertan ezarritako ordenan, ondasun higiezina ez zaio lotuko hor jasotako gainerako modalitateetako araubideari.
Zerga honen ondorioetarako, ondasun higiezintzat joko dira Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean horrelakotzat jotzen direnak.
Baldin higiezin bera badago udal-mugarte batean baino gehiagotan, zerga honen ondorioetarako, ulertuko da honako hau dela udal horietako bakoitzari dagokion ordainarazpena: udalerriaz gaindiko balorazio txostena edo udaletako balorazio txostenak aplikatzearen ondorioz ateratzen den balioa.
Jarraikiz azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34. artikuluari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta katastroak), Nafarroako Gobernuak onets dezake udalerriaz gaindiko balorazio txosten partzial bat, ezartzeko behar diren metodo eta parametroak, balio bat esleitu ahal izateko bi udal-mugarte edo gehiago ukitzen dituzten azpiegiturei.
Zerga hau ez ordaintzeko kasuak:
a) Errepideak, bideak, lur gaineko bestelako bideak eta jabari publiko hidraulikoko ondasunak, baldin badute erabilera edo aprobetxamendu publikoa eta doakoa. Zergari lotuta egonen dira itzaleko bidesaria delakoaren menpeko autobiak eta gainerako azpiegiturak.
b) Honako ondasun higiezin hauek, baldin badira kokatuta dauden lurretako toki-erakundeen jabetzakoak:
a’) Jabari publikokoak izanik, erabilera publikoa dutenak.
b’) Jabari publikokoak izanik, loturik daudenak Udalak zuzenean kudeatzen duen zerbitzu publiko bati, salbu baldin badira hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkien ondasun higiezinak.
c’) Ondare ondasunak eta herri-ondasunak, salbu eta hirugarrenei laga zaizkienak kontraprestazio bidez.
3. artikulua. Salbuespenak.
Ondasun hauek zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira:
–Foru-komunitatearen, Estatuaren, autonomia-erkidegoen edo toki-erakundeen jabetzakoak direnak, baldin zuzenean atxikita badaude defentsa nazionalari, herritarren segurtasunari edo hezkuntza, osasun edo espetxe zerbitzuei.
–Unibertsitate ikasketak ematen dituzten zentroetarako eraikinak eta lursailak, bai eta araubide orokorreko irakaskuntza ez-unibertsitarioa ematen duten itunpeko ikastetxeetarako direnak ere.
–Eliza katolikoarenak eta legez onartutako elkarte konfesional ez-katolikoenak, baldin eta elkarte horiekin egin bada Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluak aipagai dituen lankidetza-hitzarmenetako bat, eta, betiere, hitzarmeneko irizpideekin bat.
–Espainiako Gurutze Gorriarenak.
–Atzerriko gobernuenak, erabiltzen dituztenak ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrerako edo erakunde ofizialak paratzeko, elkarrekikotasunik bada edo halaxe ezarrita badago nazioarteko hitzarmenetan.
–Nazioarteko hitzarmenen arabera salbuespena aplikagarri zaien erakunde edo entitateenak.
–Trenbideek okupatutako lursailak eta lursail horietan dauden eraikinak. Eraikin horiek izan behar dute geltokiak, biltegiak edo trenbideak ustiatzeko nahitaezkoak diren bestelako zerbitzuak. Hortaz, ez dira ordaintzetik salbuetsita egonen ostalaritza, ikuskizun, merkataritza eta aisialdirako establezimenduak, enplegatuen etxebizitzak, zuzendaritzaren bulegoak eta industria instalazioak.
–Urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean berariaz eta banan-banan kultura-intereseko ondasun deklaratutakoak, edo kultura-intereseko monumentu edo lorategi historiko deklaratutakoak, errege-dekretu bidez, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 9. artikuluan ezarritako moduan, eta 12. artikuluan aipatutako Erregistro Orokorrean Espainiako ondare historikoaren osagai gisa inskribatutakoak; bai eta lege horren lehenengo, bigarren eta bosgarren xedapen gehigarrietan jasotakoak ere.
Salbuespen horrek ez ditu barnean hartuko eremu arkeologiko, leku eta multzo historikoak mugatzen dituen perimetroaren barnean kokatutako hiri-ondasun guztiak, baizik eta, soil-soilik, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:
–Eremu arkeologikoetan, "hirigintzako plangintza" tresnan babes bereziko objektu gisa sartutakoak ("hirigintzako plangintza" tresna jaso da ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluan).
–Gune edo multzo historikoen artetik, berrogeita hamar urte edo gehiago dituztenak eta babes integraleko objektu gisa jasota daudenak Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan aurreikusitako katalogoan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 21. artikuluan xedatutako moduan.
–Subjektu pasibo bakoitzak udal-mugarte batean dituen ondasun guztiak, baldin katastro-balioen batura 1.202,02 eurotik beherakoa bada. Zenbateko hori eguneratzen ahalko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan.
–Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoek ez dute zergarik ordainduko erabilera edo zerbitzu publikoko ondasunengatik.
–Salbuetsita egonen dira lurraren kontribuzioa ordaintzetik Plangintza orokorrerako mankomunitateak, eskualdeak eta mankomunitateak, bai eta haiek beren helburuak betetzeko sortutako entitate juridikoak ere, Udala haien parte denean.
–Foru lege bidez ezarritako beste guztiak.
4. artikulua. Subjektu pasiboak.
Subjektu pasiboak dira, zergadun gisara, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak eta entitateak, zerga honen ondorioetarako direnak zerga-egitate bat sortzen duen eskubidearen titularrak.
Subjektu pasiboa izanen da, betiere, zerga sortzen den egunean eskubidearen titularra dena. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz titular aldaketa eginez gero, ez da kontuan hartuko horren ondoriozko aldaketa juridikoa zer unetan sartzen den katastroan.
Ondasun higiezin baten gainean kontzesiodun bat baino gehiago baldin badira, kanonik handiena ordaindu behar duena izanen da zergadunaren ordezkoa.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboek duten ahalmena jasandako tributu-karga jasanarazteko zuzenbide komuneko arauei jarraikiz.
Era berean, zergadunaren ordezkoak ahalmena izanen du kuota likidoaren zatia beste kontzesiodunei jasanarazteko, bakoitzak ordaindu beharreko kanonen arabera dagokien neurrian.
Udalak zergaren kuota likido osoa jasanaraziko die honako hauei: zergaren subjektu pasibo izan gabe haren jabari publikoko ondasunak edo ondare ondasunak erabiltzen dituztenei kontraprestazio bat tartean dela.
5. artikulua. Zerga-oinarria.
Zerga honen zerga-oinarria izanen da ondasun higiezinen katastro-balioa. Balio hori kalkulatzeko, aditzera emateko eta aurkaratzeko, jarraikiko zaio Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeari, deusetan galarazi gabe martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 143.5 artikuluan xedatua (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Katastro-balioak legez ezarritako kasuetan eta moduan berrikusten, aldatzen eta eguneratzen ahal dira.
6. artikulua. Likidazio-oinarria.
Zerga honen likidazio-oinarria hau izanen da: zerga-oinarrian legez ezarritako murriztapenak –eta bereziki ordenantza fiskal honetako 7. artikuluan aipatzen dena– egitetik lortzen den emaitza.
7. artikulua. Murriztapenak oinarrian.
Baldin, balorazio txosten oso bat onesteagatik, katastroko balioen aldaketa kolektiboa egiten bada eta, horren ondorioz, balio guztien batezbestekoa igotzen bada aurreko balioen batezbestekotik %25 baino gehiago, Udalaren osoko bilkurak ahalmena izanen du onesteko zergaren zerga-oinarrian artikulu honetan ezarritakoaren araberako murriztapenak, bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 138. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
8. artikulua. Tributu-kuota, karga-tasa eta errekargua.
Zerga honen kuota osoa izanen da ateratzen dena zerga-oinarriari aplikatuta hurrengo apartatuan aipatzen den karga-tasa.
Karga-tasa izanen da %0,25etik 0,50era bitartekoa.
Hori dena, deusetan galarazi gabe ezarrita dagoena otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen 9. xedapen iragankorrean eta azken xedapenetako bigarrenean (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformari buruzko Foru Legea).
Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako; osoko bilkurak onetsiko du urtero.
9. artikulua. Hobariak.
1. Urbanizazioa, eraikuntza eta higiezinen sustapena.
Zergaren kuotan %90eko hobaria izanen dute urbanizazioko, eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko enpresen jardueraren xede diren higiezinek, baldin ez badaude ibilgetuko ondasunen artean.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako onurei buruzko erabakiak hartuko dira alderdi batek eskatuta.
Hobariaz gozatzeko epeak barnean hartuko dute urbanizazio- edo eraikuntza-denbora, eta urtebete gehiago obrak bukatzen direnetik aurrera; epe hori ezin izanen da hiru urtetik gorakoa izan, urbanizazio- eta eraikuntza-obrak hasten direnetik aurrera.
2. Familia ugariak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak.
Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboak familia ugari baten, guraso bakarreko familia baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular badira, eta erroldaturik egon badira etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik. Hobari hori aplikatuko zaio soilik ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari.
Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).
Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena izatea aurreko bost urteko epean egina, gehienez ere.
Hobari hauek izan ahal izateko errenta-muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena frogatu beharreko errentaren aitorpenei dagokien urtearen abenduaren 31n.
Kuotaren hobariaren xedeari dagokionez, hobari hori soilik aplikatuko zaio etxebizitzari dagokion zergaren zatiari, eta hobaritik kanpo geratuko da higiezinaren beste elementu batzuei aplikatu beharreko kuota, hala nola garaje eta trastelekuei, edo lorategi, ataripe, zoladura eta abarrei.
Hobari hori eskatu egin behar da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta betetzen badira zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik.
Hobari honen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete behar dira, eskaera egiten den unean, sortzapenaren unean eta hobaria aplikatzeko eskaeraren ebazpena ematen den unean:
–Familia-unitateko kide guztiak hobaria eskatu den etxebizitzan erroldatuta egotea.
–Familia-unitateko kide guztiek egunean izatea Garesko Udalarekiko zerga-betebeharrak.
–Familia-unitateko kide bat bera ez izatea beste etxebizitza baten titularra.
Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:
a) Eskabide sinatua, adierazten duena hobariaren xedeko bizitegi-erabilerako hiri-unitatea familia-unitatearen ohiko bizilekua dela, eta familia-unitateko ezein kide ez dela beste etxebizitza baten titularra.
b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, guraso bakarreko familia baten titularra edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titularra.
c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen ziurtagiriaren fotokopia edo horren gaineko zinpeko adierazpena edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.
3. Etxebizitzarako hobaria, baldin ohiko bizilekua bada kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako.
Hobari hori aplikatuko da baldin etxebizitzan bizi den familia-unitateak diru-sarrera horiek soilik jasotzen baditu.
Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren familia-unitatearen errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).
Hobaria aplikatzeko, baldintza izanen da gehienez ere bost urte igaro izana udalerriko balorazio txosten osoa onetsi zenetik edo azken berrikuspena egin zenetik.
Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:
a) Eskabidea, non jasoko baitira katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea adierazirik, eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.
b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen ziurtagiriaren fotokopia edo horren gaineko zinpeko adierazpena edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.
c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen edo Gizarte Segurantzaren txostena, ziurtatzen duena kontribuzioaren hobariari dagokion ekitaldiko urtarrilaren 1ean bete egiten direla hobaria izateko eskubidea dakarten inguruabarrak. Ezinen dute hobaririk izan kotizazio gabeko pentsioa, Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta aipatu dataz geroztik hartzen dutenek.
Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin Udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskaeran jaso beharko da, eta adierazi beharko da zer prozeduratan aurkeztu ziren.
Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea familia ugariarentzat; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatu beharko da, ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen. Eskaera aurkeztu beharko da urteko bigarren seihilekoan, uneko urteko abenduaren 31 baino lehen, ondorioak izan ditzan aurkeztu den urtearen ondoko ekitaldietan.
Hobari fiskala eman ondoren, etorkizuneko aldietan aplikatzeko, aurkeztu beharko da familia-unitatea osatzen duten kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia; edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.
Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.
4. Hobaria ohiko bizilekuaren gaineko kontribuzioan, eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak edo energia berriztagarriko bestelako sistemak instalatuak dituzten subjektu pasiboendako.
Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboek aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak edo energia berriztagarriko bestelako sistemak instalatuak badituzte bertan. Inbertsioak, gutxienez, 2.000,00 eurokoa izan behar du.
Hobari hori aplikatuko zaio sistemak instalatu diren eta familia-unitatearen ohiko bizilekua den hiri-unitateari soilik.
Gainera, etxebizitzaren titularrak erroldaturik egon beharko du etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik.
Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).
Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak.
Hobari hori eskatu egin behar da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik; hobariaren aplikazioaldia 5 urtekoa izanen da, sistemak instalatzetik bukatzen denetik, hots, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatzetik bukatzen denetik.
Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:
a) Eskabidea, non jasoko baitira katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea adierazirik, eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.
b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen ziurtagiriaren fotokopia edo horren gaineko zinpeko adierazpena edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.
c) Sistema horiek ohiko bizilekuan instalatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Udalak egiaztatzen ahalko du ea instalazio horiek baimena duten, udal lizentzia bidez, eta hobaria ukatzen ahalko du instalazioa legeztaturik ez badago.
d) Udalarendako baimena, subjektu pasiboen datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta industriaren alorretan eskumena duten administrazioetan.
5. 9.2, 9.3 eta 9.4 artikuluetako hobariei aplikatu beharreko baldintzak.
Subjektu pasiboaren errentak kalkulatzeko, diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiari dagokion zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak).
Hobari hauek izan ahal izateko errenta-muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena frogatu beharreko errentaren aitorpenei dagokien urtearen abenduaren 31n.
Hobari hauek eskatu egin behar dira, eta zerga-onura honen titularrak ondasun higiezin bakarrerako aplikatzen ahalko ditu. Hobaria eskatzeko epea izanen da urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa.
Hobariok ez dira metagarriak izanen. Etxebizitza batek lor dezakeen gehieneko hobaria %50 izanen da.
Udalak aukeran izanen du edo kontribuzioaren ordainagiriak hobaria aplikaturik igortzea, edo, bestela, kontribuzio osoaren ordainagiriak igorri, eta gero hobariaren zenbatekoa itzultzea subjektu pasiboari, ekitaldi bakoitzeko bigarren seihilekoan.
Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatzeko epearen barruan egin beharko da eskaera.
Etxebizitzaren titularrak erroldaturik egon beharko du etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik.
Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.
10. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.
Zerga sortuko da zergaldiaren lehen egunean.
Zergaldia urte naturalari dagokio. Dena dela, kuota epe laburragoetan zatikatzen ahalko da.
Kargaturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak eraginkorrak izanen dira deklaratu beharra sortu eta hurrengo zergaldian. Deklaratu beharra adierazten da Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean.
Balorazio txosten bat onesten bada edo ondasun bat ondasun berezi gisa kalifikatzen bada edo deskalifikatzen bada, aldaketa juridiko horren ondoriozko balioak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.
11. artikulua. Ordainketarako afekzioa.
Edozein arrazoirengatik 2/1995 Foru Legearen 134. eta 137. artikuluetan jasotzen diren eskubideen titulartasuna aldatzen den kasuetan, titular berriak bere gain hartuko ditu zerga-zor eta errekargu guztiak, ordaintzeke gelditu direnak eskubide horien xede diren ondasun higiezinengatik.
Zerga-akzioa lotutako ondasunen aurka deribatzeko, beharko da erregelamenduz jakinarazitako administrazio-egintza bat. Eskuratzaileak ordainketa egiten ahal du, uzten ahal du jarduketak aurrera jarrai dezala, edo erreklamazioa aurkezten ahal du, egindako likidazioaren aurka edo deribazio horren bidezkotasunaren aurka.
Deribazioaren muga izanen dira zerga honengatik ordaintzeke dauden zerga-zor eta errekargu guztiak, titulartasunean aldaketa izan duten ondasunei dagokienez.
12. artikulua. Zerga kudeatzea eta berrikustea.
Udalak kudeatuko du zerga, katastroko datuetatik abiatuta. Katastroa eratuko da Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 9. eta 21. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz, eta bertan ondasun higiezinei buruzko informazio hau bilduko da: ondasunaren identifikazioa eta kokalekua, titularraren identifikazioa eta egoitza fiskala, katastroko balioa eta zerga ordainarazteko behar diren gainerako datuak.
Udalak, 1. apartatuan agertzen diren datuetan oinarrituta, urtero, martxoaren 31 baino lehen, behar diren likidazioak egin eta, tributu-zorrak zein diren zehaztuta, kobrantza-agiriak igorriko ditu, espresuki adieraziz zerga-tasa aplikatu zaion ondasunaren katastro-balioa. Ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritakoaren arabera murriztapenik aplikatu behar bada zerga-oinarrian, inguruabar hori aipatu eginen da, bai eta murriztapen horiek noiz arte aplikatuko diren ere. Kobrantza-agirietan adierazko da, halaber, tributu-zorra non, zer epetan eta zer modutan ordaindu behar den, bai eta aurkaratze bideak zein diren ere.
Katastroan alta eman ondorengo likidazioek ez dute jakinarazpen indibidualik beharko, eta kolektiboki jakinarazten ahalko dira horren berri emanen duten ediktuen bidez, baldin eta aurreko zergaldikoen berdin-berdinak badira edo izan diren aldaketak orokorrak badira. Ediktuetan adierazita egon beharko du zer egunetan bukatzen den aldizkako ordainagiria ordaintzeko epea eta zer errekurtso jar daitezkeen likidazioen aurka.
Kasuren batean frogatzen bada, kobrantza-agiriak igorri ondoren, subjektu pasiboa ez dela katastroan titular gisa agertzen zena zergaren sortzapeneko egunean, eginiko likidazioak behin-behinekotzat hartuko dira, eta egin behar ez ziren diru-sarrerak itzuli eginen dira.
Subjektu pasiboek ahalmena izanen dute egin zaien likidazioa aurkaratzeko, eta, horretarako, erabiltzen ahalko dute 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan zehazten diren bideetako edozein (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Zerga-oinarriari dagokionez, eta ez bada ondasunaren balioa errekurritu, zeina adierazi edo jakinaraziko baitzen Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, likidazioaren aurkako errekurtsoan ere aurkaratzen ahalko da katastro-balioa, baina soilik aldaketaren bat izan bada aurre-aurreko zergaldiko lurraren kontribuzioaren zerga-oinarri gisa hartu zen katastro-balioarekin alderatuta, eta balio-aldaketa hori ez bada izan aldaketa orokorren ondorio.
Apartatu honetan ezarritako errekurtsoren bat jartzeak ez du etenen aurkaratutako egintzaren betearazpena.
Udalean zerga-oinarriaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, Udalak ondasunaren katastroko balioari buruzko txosten loteslea eskatuko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta eten eginen da errekurtsoa ebazteko epea, harik eta txosten hori toki-erakundeari igorri arte. Txostena jasotzen denean berriz irekiko da epea eta, errekurtsoarekin batera, prozeduran sortzen diren auzi guztiak ebatzi beharko dira.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du eskumenik ebazteko toki-erakundeek lurraren kontribuzioaren zergaren gainean ematen dituzten egintzen aurka jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak, baldin eta zerga-oinarriari buruzko aurkaratzearen xedea bada Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin horri ezarritako balioa.
Zergadunek ez baldin badute betetzen Nafarroako Lurralde Aberastasunari eta katastroei buruzko Foru Legean ezartzen den katastroko aldaketaren aitorpena egin beharra, egindako aldaketa katastroan jaso ondoren, preskribitu gabeko aurreko zergaldiei dagokien zerga ordainaraziko da.
Aurreko paragrafoan ezarritako kasuan, itzuli eginen dira subjektu pasibotzat hartu behar ez zenak oker egindako diru-sarrerak, baina, betiere, preskripzio epea errespetatuko da diru-itzulketa hori egiteko.
Auzirik baldin badago ondasunaren inguruan edo kargapean jarritako eskubidearen titularraren inguruan, zerga-administrazioak titulartzat hartzen ahal ditu katastroetan agertzen direnak, eta behin-behineko likidazioak igortzen ahalko dira. Gero, epaileek epai irmoa emandakoan edo beste edozein moduren bidez auzia bukatutzat jotakoan, behin-behineko likidazio horiek zuzenduko dira edo behin betiko bihurtuko.
Azken xedapena.
Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Aurreko araudi guztia indargabetuta gelditzen da.
Iragarkiaren kodea: L2408451
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
