2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXARRIKO KONTZEJUA
Ordenantza fiskala, tasa arautzen duena ur-hornidura eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jarduerak egiteko. Behin betiko onespena
Etxarri Larraungo Kontzejuko Batzarrak, 2024ko otsailaren 15ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: ordenantza fiskala, tasa arautzen duena ur-hornidura eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jarduerak egiteko.
Onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, argitaraturik 2024ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 26an; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).
Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Etxarri Larraunen, 2024ko maiatzaren 13an.–Kontzejuko burua, Imanol Jaka Navarro.
ORDENANTZA FISKALA, TASA ARAUTZEN DUENA UR-HORNIDURA ETA URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUERAK EGITEKO
I. KAPITULUA.–OINARRIAK
1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak bat datoz aplikatu beharreko araudi fiskalak Nafarroako toki-erakundeei ematen dizkien ahalmenekin, eta horien babespean daude.
II. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENAREN IZAERA
2. artikulua. Titulu honen xedeko tasen oinarria da edateko uraren hornidura zerbitzua ematea eta aurrekoarekin zerikusia duten gainerako jarduera eta zerbitzuak egitea.
Beraz, ezartzen diren ordainarazpenak, izaera fiskalaren ikuspegitik, tasak dira, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk egiteari dagozkionak, hain zuzen ere, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan jasotako zerbitzu eta jarduerak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
III. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA
3. artikulua. Ordenantza hau Etxarriko udal-mugarte guztian aplikatuko da.
IV. KAPITULUA.–ZERGA-EGITATEA
4. artikulua. Zerga-egitatea da eskura izatea –benetan edo aukeran– edo erabiltzea –benetan edo aukeran– ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak edo jarduerak, zeinek tasak sortzen baitituzte; hona hemen zerbitzu eta jarduera horien zerrenda:
a) Edateko urez hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta horren mantentze-lanak.
b) Behar diren zerbitzu teknikoak eta administratiboak egitea, edateko uraren hornidura behin betiko kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketetarako (lotune kuota).
c) Behin-behineko horniduretarako altak.
Lurzoru urbanizaezineko jarduera ekonomikoek eta familia bakarreko etxebizitzek ez dute eskubiderik sare orokorra beren lurzatiraino izateko; zerbitzu hori jabeek konpondu beharko dute autonomoki eta banaka, hala ezartzen baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 116.4 artikuluak. Aldez aurretik, Kontzejuak baimena eman beharko du, eta jabeek haren jarraibideei segitu beharko diete, kontagailuak ezartzeari dagokionez.
Gaur egun zerbitzu hori duten horrelako etxebizitzen kasuan, honako zehaztapen hauek aplikatuko dira:
a) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria pribatua bada, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, zerbitzuaren onuradun den etxebizitzaren jabearen kargura izanen da mantentzea ordenantzan "sare orokor" gisa definitutakotik kanpo gelditzen den hornidura sarearen zatia, eta udal betebeharra izanen da, bakar-bakarrik, egoera onean mantentzea sare orokorra, Kontzejuak etxebizitza horretarako ezarritako lotuneraino.
b) Etxebizitza horien kontsumoak ongi kontrolatzeko, Kontzejuak, behin ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, kontagailuak lekuz alda ditzake, sare orokorrarekin lotzeko tokira, eta zerbitzuaren onuradunak ezin izanen dio kontra egin.
c) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria publikoa bada, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, sare hori pasatuko da sare orokorrekoa izatera, sare orokorraren ezaugarri berberekin.
5. artikulua. Kontzejuak behar diren tasak ezarriko ditu harguneak egiteko lanak finantzatzeko, bai edateko uraren banaketa sareetarako, bai kontagailuak zigilatzeko, egiaztatzeko, ezartzeko eta berritzeko, lan horiek Kontzejuak berak egiten dituenean. Baldin Kontzejuak aurretiaz baimendutako kontagailuen kokapena aldatu behar bada, Kontzejuaren kontura izanen da.
V. KAPITULUA.–SUBJEKTU PASIBOAK
6. artikulua. Subjektu pasibotzat eta zergadunaren ordezkotzat hartzea.
1.–Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboen izaera izanen dute, zergadun gisa, pertsona fisikoek edo juridikoek, bai eta bestelako entitateek ere, izaera juridikorik ez izan arren, baldin zergapegarria izaten ahal den entitate ekonomiko edo ondare bereizia osatzen badute, eta jasotzen badituzte ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jarduketen onura erreal edo potentzialak edo haiek ukituak gertatzen badira. Zehazki, honako hauek dira ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboak:
a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako tasetarako, hornidura-kontratuaren titularra.
b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan zehaztutako tasarako, subjektu pasiboa izanen da behin-behineko zerbitzuaren eskatzailea.
2.–Zerbitzua zer finka edo eraikinetan egiten den, haren jabeak izanen dira zergadunaren ordezko. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiei jasanarazten ahalko dizkiete kuotak.
3.–Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo ekonomia jarduera batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahal zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo. Ordaintzeko borondatezko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.
Ustiapenaren edota ekonomia jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Kontzejuari eskatzeko jarduerak edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.
VI. KAPITULUA.–ZERGA-OINARRIA
7. artikulua. Aurreko 4. artikuluaren zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:
a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako zerga-egitateetarako: ur kantitate kontsumitua, metro kubikotan, neurtua kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bidez.
b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako, ezarri beharreko kontagailu kopurua.
VII. KAPITULUA.–TARIFAK
8. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, Etxarriko Kontzejuak ekitaldi bakoitzean ezarriko du zer tarifa aplikatu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari.
VIII. KAPITULUA.–TRIBUTU-KUOTA
9. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota izanen da zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza.
10. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek une oro finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.
IX. KAPITULUA.–SALBUESPENAK
11. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Gobernuak edo beste edozein entitate edo erakunde publikok hartutako bestelako erabaki edo egindako jarduketetatik sortzen diren guztiak.
X. KAPITULUA.–SORTZAPENA
12. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak sortuko dira uraren kontsumoa egiten den unean, edo zerbitzua behin betiko kontratatzen den unean, Etxarriko Kontzejuak onesten duen aldien arabera. Hilabetean, hiru hilean edo urtean behingo tasak izan daitezke 4. artikuluko a) eta c) letretako zerga-egitateetarako.
Artikuluko b) letrako zerga-egitatean, kontagailua jartzearekin batera sortuko da tasa.
XI. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENA
13. artikulua. Sortzen diren unean ordainaraziko dira ordenantza honetan araututako tasak.
XII. KAPITULUA.–DIRU-BILKETA
14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabekotzat" hartuko dira, jarraituz 2/95 Foru Legearen 82. artikuluari eta hurrengoei (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
4. artikuluaren a) eta c) apartatuetako tasek sortutako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratuz, eta argitalpen horretatik aurrera hogeita hamar egun balioduneko epea hasiko da zenbatzen borondatez ordaintzeko, errekargurik gabe.
Ordenantzaren 4. artikuluko b) apartatuan ezarritako tasak ordaindu beharko dira sortzen diren unean berean.
15. artikulua. Borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak luzapen aldian ordaintzen ahal dira, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 90. artikuluarekin. Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, salbu eta Kontzejuak haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko baimena eman badu.
16. artikulua. Tributu-zorrak honela ordaindu daitezke:
a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboen kasuan, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.
b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboen kasuan, horretarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.
XIII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
17. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, aplikatzekoa izanen da 2/95 Foru Legean ezarrita dagoena (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
18. artikulua. Kuota ordaintzen ez bada, baldin aurretik behar bezala eskatu bada ordaintzeko, Kontzejuko Batzarrak erabaki dezake hornidura moztea, salbu ez bada ordaindu gabezia ekonomikoengatik; halakoak erabiltzaileak azaldu eta frogatu beharko ditu, eta Kontzejuko Batzarrak espresuki onartu beharko ditu. Halakoetan, egoera salbuespenekoa dela dioen ebazpenak araubide bat ezarriko du tasa ordaintzeko, erabiltzailearen ahalmenen araberakoa, baina inola ere ez da onartuko ordaintzetik salbuestea.
Lehenengo xedapen gehigarria.–Tarifak
Ordenantza hau indarrean jartzen denetik legez ezarritako prozedurari jarraiki aldatzen ez diren arte, ur-hornidurako zerbitzua emateagatiko tarifak honako hauek izanen dira:
–Urteko kontsumoa, 150 m³ bitarte: 0,45 euro/m³.
–Urteko kontsumoa, 150 m³-tik gora: 0,60 euro/m³.
Azken xedapena.
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onetsi, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2408437