1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
257E/2024 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita "Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzea" udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketaz, erabileren araudiari eta sektorizazio akustikoari buruzkoaz, NASUVINSA enpresa publikoak Noaingo udal mugartean (Elortzibar) sustatua.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, organo substantiboa den aldetik, udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketari buruzko memoria bat (2024ko urtarrilekoa) aurkeztu zion Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari 2024ko otsailaren 13an. Memoria horretan hasierako dokumentu estrategiko bat jasotzen da, eta haren helburua da ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua tramitatzen hastea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak araututako prozeduraren arabera (29. artikulua eta hurrengoak).
Aldaketaren eremua "Iruñeko Garraioaren Hiria (CTP)" izenekoaren 3. eta 4. faseei dagokie, eta aldaketa horren helburuak honako hauek dira:
–Askotariko erabilera logistikoa duten lurzatietan, industria-erabilera produktibo arina gehitzea erabilera toleratu gisa.
–Proposamen horretan oinarrituta, zonifikazio akustikoa aldatzea, hirugarren mailako eremu akustikotik (TER) industria-eremu akustikora (IND) pasatzeko, erabilera nagusiarekin bat etorriz, hau da, industria-erabilera logistikoarekin.
Tramitazioan, organo substantiboak txostena eskatu die honako entitate hauei: Iruñerriko Mankomunitatea, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusia, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.
Aldi berean, ingurumen-organoak kontsulta egin dio Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, zaratari eta zonifikazio akustikoari dagokienez, eta haren aldeko txostena jaso da espedientean, 2024ko otsailaren 16koa.
Ingurumen-ebaluazioa.
–Zarata:
Udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketa hau planteatzen den lurzatietan, egungo erabilera akustikoa hirugarren mailakotzat jotzen da, eta aurrerantzean industria-erabilera eman nahi zaie.
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak emandako txostenaren ondorioetan hau esaten da: Azaldutako guztiagatik, ondoriozta daiteke proposatutako erabilera akustikoaren aldaketa egiteko modukoa dela; hala ere, Zarataren Mapa Estrategikoen-Bide Ardatz Handien laugarren faseko emaitzek, oraindik argitaratu ez direnek, ondorio horri kontrajarriko zaion informazioa eman dezakete.
–Airearen kutsadura:
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera (8.4.2 atalean), udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketarekin, "ekoizpen-erabilerak sartuta, aurreikus dezakegu emisioak handituko direla". Hala ere, eransten du emisioen kuantifikazioa, betiere, instalatu nahi diren jardueren proiektu-faseari dagokiola, udalez gaindiko plan sektorialak hirigintza-plangintzako tresna gisa duen irismena kontuan hartuta ezin baitira kuantifikatu.
–Sare hidrografikoa, Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak eta berdeguneak:
Aurkezten den udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketak ez dakar berekin berdeguneen azalerak aldatzea, ez eta planaren eremua edo ukitutako azalera aldatzea ere.
Sare hidrografikoari eta hari lotutako landarediari dagokienez, Arkotxain erreka, Garraioaren Hirian barna igarotzen denean, ibilgu irekia da gaur egun trazaduraren zatirik handienean –3. eta 4. faseetako berdegune baten barruan bideratuta eta integratuta–, eta lurpeko ibilgua da (hormigoizko markoak), aldiz, biribilguneetan eta gurutzatzen duten bideetan; azken tarte horiek eragotzi egiten dute erreka faunarentzako korridore ekologiko gisa erabiltzea. Udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketak ez du ingurumenaren gaineko ukipen handiagorik ekarriko.
4. faseko urbanizazio-lanek drainatze jasangarriko sistema bat (SUDS) barne hartu dute: urak atxikitzeko aire zabaleko biltegiak (Nafarroa etorbidearen ondoan) eta "hezegune" artifizial bat (4. fasetik mendebaldera). Gaur egun, askotariko erabilerako eremu logistikoetan, hego-ekialdeko ertzean (4. fasea) eta ipar-ekialdekoan (3. fasea) aurreikusitakoetan, gabeziak ikusten dira jariatze-uren kudeaketan, euri-urak zuzenean isurtzen direlako Arkotxain errekara, eta materialak eta hondakinak eramaten ditu, hain zuzen ere egoera ekologiko onena duten tarteetan (kanalizatu gabeak); alderdi hori, ziur aski, konponduko da urbanizazio-proiektua gauzatzean.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraz, eta ezarri du plan sektorialaren aldaketak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea "Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzea" udalez gaindiko plan sektorialaren aldaketaz, erabileren araudiari eta sektorizazio akustikoari buruzkoaz, NASUVINSA enpresa publikoak Noaingo udal mugartean (Elortzibar) sustatua.
2. Zarataren Mapa Estrategikoen lurralde-eremuan eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eremuan, Garraioaren Hiriko 3. eta 4. faseei dagozkien zonifikazio akustikoaren aldaketaren aldeko txostena egiten da. Fase horiek eremu akustiko industrialtzat hartzen dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Noaingo Udalari (Elortzibar) eta Nasuvinsari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko apirilaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2408435