1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1203/2024 EBAZPENA, 2024ko ekainaren 4koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdia onesten da sari bat emateko familia-enpresari lotutako arloei buruz 2022/2023 eta 2023/2024 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedra Nafarroako Familia Enpresaren garapenerako Elkartearen (ADEFAN), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Familia Enpresa Institutuaren, ARPA Abogados Consultores enpresaren eta SONAGARen arteko lankidetza-tresna da, eta bere xedea da familia-enpresari lotutako arloetan ezagutza teorikoa eta praktikoa sortzen, eskura jartzen eta zabaltzen laguntzea, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.
Hori horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak, 2024. urterako jarduera programaren barnean, erabaki zuen familia-enpresari lotutako arloei buruz 2022/2023 eta 2023/2024 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa) sari bat emateko deialdiaren oinarriak onestea.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak egin duen akta.
Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.
Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.
Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdia onestea sari bat emateko, ebazpen honen eranskinean dauden oinarrien arabera, familia-enpresari lotutako arloei buruz 2022/2023 eta 2023/2024 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa).
Bigarrena.–Deialdi honek sortutako gastua baimentzea. 600,00 eurokoa izanen da gehienez gastu hori, sarirako baliatuko da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2024ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00,8325 0380 480.25 Katedren sarietarako 600,00 euro.
Hirugarrena.–Deialdia egiten da 600,00 euroko sari bat emateko Ikasketa Amaierako Lan hoberenari.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Horretaz gainera, Enpresa Familiarren Katedraren webgunearen bidez ere zabalduko da ebazpen hau (https://www.unavarra.es/catedra-empresa-familiar/?languageId=100001).
Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta bere oinarrien aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2024ko ekainaren 4an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco Javier Arregui San Martín.
NUP-EKO ENPRESA FAMILIARREN KATEDRAREN SARIA (III. EDIZIOA) GRADUKO NAHIZ MASTERREKO IKASKETA AMAIERAKO LAN HOBERENARI
Eranskina, 2024ko ekainaren 4ko 1203/2024 Ebazpenarena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ADEFANekin, Familia Enpresa Institutuarekin, ARPA Abogados Consultores enpresarekin eta SONAGARekin lankidetzan (Enpresa Familiarren Katedra osatzen duten entitateak), beharrezkotzat jotzen du familia-enpresari lotutako arloetan ezagutza teorikoa eta praktikoa sortu, eskura jarri eta zabaltzea, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.
Ildo horretan, Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak erabaki du familia-enpresari lotutako arloei buruz 2022/2023 eta 2023/2024 ikasturteetan NUPen graduko nahiz masterreko ikasketetan egindako eta defendatutako Ikasketa Amaierako Lan hoberenari sari bat emateko deialdia egitea.
Horiek horrela, Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.
1.–Deialdiaren xedea.
Enpresa familiarren arloarekin loturiko gaiei buruz 2022/2023 eta 2023/2024 ikasturteetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin eta defendatu den Ikasketa Amaierako Lan hoberenari (gradukoa nahiz masterrekoa) sari bat emateko prozedura arautzea da deialdi honen xedea, betiere publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.
2.–Finantzaketa.
Deialdi honek 600,00 euroko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2024ko gastuen aurrekontuko 30.30.00.8325 0380 480.25 Katedren sarietarako izeneko partidaren kargura ordainduko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrak jarriko du zenbateko hori.
3.–Deialdiko saria.
600,00 euroko sari bat.
4.–Hautagai izateko baldintzak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkezten ahal dira, baldin eta familia-enpresari lotutako arloei buruz egin badute Ikasketa Amaierako Lana eta 2022/2023 eta 2023/2024 ikasturteetan aurkeztu eta defendatu badute.
5.–Hautagaitzen aurkezpena.
Sarietan parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute, eta Ikasketa Amaierako Lana eta inprimakia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu behar dituzte; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra.
Eskaerak aurkezteko epea 2024ko irailaren 22an bukatuko da.
6.–Saridunen betebeharrak.
1. Saridunak nahieran erabiltzen ahalko du jasoko duen diru kopurua.
2. Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
3. Lehiaketan parte hartzeak deialdiko oinarrien eduki guztia onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak ebatziko du.
7.–Sariaren epaimahaia.
Honako bost kide hauek izanen dira saria emateaz arduratuko den epaimahaiko partaideak:
–Lucía Garcés, Enpresa Familiarren Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Beatriz Rodríguez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Iñigo Ayerra, ADEFANen ordezkaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–José Antonio Arrieta, ARPAko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
–Pablo Cámara, SONAGAReko zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona.
Enpresa Familiarren Katedrako zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, dei eginen die epaimahaikideei. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.
8.–Saria ematea.
Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat proposamenak baloratzerakoan:
–Originaltasuna eta sakontasuna lanaren xedea den gaia aztertzeko.
–Ondorio praktikoak eta ikerketarako ekarpena.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dio saria emateko proposamena, eta, hark dagokion ebazpena eman ondoren, Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan eta Enpresa Familiarren Katedraren webgunean argitaratuko da.
Ebazpen horretan, saria zer lani eman zaion bakarrik jasoko da, eta gainerako lanei saririk eman ez zaiela ulertuko da. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiak hala erabakita.
Ebazpen horretan emanen da jakitera baita ere noiz eta non eginen den saria emateko ekitaldi publikoa.
Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
9.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamenduak bat etorri behar du EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoarekin (DBLO).
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua NUPen Enpresa Familiarren Katedrari lotutako sariketa antolatzea eta saria ematea da.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. eta zilegi izanen du sarbiderako, informaziorako, zuzenketarako, ezabaketarako eta bestelako eskubideak erabiltzea, Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
10.–Argitaratzea.
Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren baliabideen katalogoan argitaratuko dira.
11.–Zabalpena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedrak beren webgunea erabiliko du deialdi hau, haren oinarriak eta hura aplikatzeko gainerako egintzak zabaltzeko, edo mezu elektronikoak bidaliko dizkiete interesdunei edo publizitaterako egokiak iruditzen zaizkien beste bide edo tresna batzuk erabiliko ditu.
12.–Errekurtsoak.
Interesdunek, deialdi honen eta bere oinarrien aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, hilabeteko epean Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2409264