Iragarkia
123. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
26/2024 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, onetsi egiten duena Nafarroako kontsumitzaileen erakundeentzako dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 765314.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duen abenduaren 12ko 34/2022 Foru Legeak asoziazionismoa aitortu eta sustatzen du 33 eta 35. artikuluetan; zehazki, beren jarduera Nafarroako lurralde eremuan garatzen duten erabiltzaileen eta kontsumitzaileen erakundeak hartzen ditu pertsona horien interesak defendatzeko parte hartzeko eta ordezkatzeko bide gisa.
Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren eskumenetako bat da kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesten eta defendatzen dituzten erakundeak garatu daitezela sustatzea, eta, arrazoi horrengatik, aurten laguntzen deialdi bat onetsi du erakunde horientzako, aholkularitzan, defentsan eta informazioa zabaltzean garatzen dituzten zereginak egikaritu ditzatela sustatzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako kontsumitzaileen erakundeentzako dirulaguntzen 2024ko deialdia.
2. Laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean daude.
3. 50.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2024ko Gastuen Aurrekontuko partida honen kargura finantzatuko da: 830004 83300 4819 492300 partida, "Kontsumitzaileen kolektiboentzako dirulaguntzak" izenekoa.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 29an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen onura publikoko xedea da kontsumitzaileen interes legitimoak eta eskubideak defendatzeko, ordezkatzeko eta kontsultatzeko eratutako erakundeen jarduera sustatzea.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Onuradun izaten ahalko dira honako betekizun hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen erakundeak:
a) Jarduera Nafarroan garatzea eta deialdia argitaratzen den egunean azaroaren 5eko 237/2007 Foru Dekretu bidez sortutako Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroan izena emanda izatea eta bertan ezarritako betebehar guztiak betetzea.
b) Kontsumoaren inguruko erreklamazioak kudeatu, artatu eta kontsultatzeko zerbitzu bat izatea eta Zuzenbideko tituludunak izatea horri atxikita.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere. Deialdi hau onesten duen ebazpenari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea esleitzen duen organoak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
2. Exijitutako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, laguntzaren eskabide inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta baldintzak betetzen jarraitu beharko da laguntza ordaindu arte.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:
1.–Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, 2. oinarri honetako 3. apartatuko dokumentazio hori laguntzaren eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Jarduketa hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:
a) Kontsumitzaileak babesteko araudiari buruzko prestakuntza.
b) Komunikabideetan esku hartzea (irratia eta telebista) aipatutako araudiarekin lotuta.
c) Araudi horri buruzko gaien inguruko bideoak editatzea eta zabaltzea.
d) Kontsumitzaileei inkestak egitea aipatutako gaiaren inguruan dituzten ezagutzak baloratzeko.
e) Laguntza juridikoa ematea kontsumitzaileei.
2. Dirulaguntza eskatzen bada 1. apartatuko a), b) edo c) letretako jarduketa baterako, jarduketa nahitaez izan beharko da gai hauetako bati buruz:
–Eskaintza komertzialaren baldintzak eta energia-hornidurako kontratuak.
–Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 20. artikulua, higiezinen kudeaketako gastuak errentatzaileari egozten dizkiona.
–Genero berdintasunarekin lotuta 4. oinarrian jasota daudenak.
3. Horrez gain, nahi izanez gero honako beste gai hauek jorratzen ahalko dira: elikagaietako etiketaren ezagutza, hipoteka kredituen kontratazioa, ibilgailu motordunen eta etxetresna elektrikoen erosketa, energia elektrikoaren, gasaren eta erregaien horniketa etxeetarako, pertsonen aireko garraioa, telefono mugikorren zerbitzuak, etxeko konponketak, informatikako, elektronikako, telefoniako eta telebistako zerbitzuen kontratazioa, arropen eta oinetakoen erosketa eta abar.
4. oinarria.–Genero berdintasuna.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeren 18. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen eskatzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte benetako genero berdintasuna lortze aldera:
1. 3.2 oinarriak aipatzen dituen gaiak honako hauek dira:
a) Emakumeen kosifikazioa ondasun eta zerbitzuen publizitatean.
b) Genero arrakala produktu digitalen esparruan eta ondasun eta zerbitzuen kontratazio digitalean.
c) Emakumeen higiene intimoko produktuen prezio eta karga handia.
d) Jostailuak eta beste produktu batzuk estereotipo sexisten arabera diseinatzea.
e) Kontsumitzaileak babestearen markoan genero berdintasunari eragiten dioten beste edozein gai.
2. 3.1 oinarriko d) letrako jarduketaren kasuan, inkestak emakume eta gizon kopuru berari egiten saiatu behar da.
3. 3.1 oinarriko e) letrako jarduketaren kasuan, emandako laguntza juridikoari buruzko datuak biltzean sexuaren arabera bereiziko dira.
4. Jarduketa diruz lagungarri guztietan erabilitako hizkera inklusiboa eta ez-sexista izanen da.
5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Honako hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak, jarduketa motaren arabera, kasu bakoitzean adierazten diren mugekin:
a) Prestakuntza:
Prestakuntza prestatu eta eman duten langileen gastuak (erakundeko langileak) nominako zenbateko gordinaren arabera, gehienez ere 250 euro orduko. Halaber, gastu diruz lagungarritzat onartzen da 0,35 euro/kilometroko zenbatekoa, prestakuntza emateko erakunde onuradunaren egoitza sozialetik prestakuntza ematen den tokira joateko eta bertatik itzultzeko egindako bidaiagatik. Kilometroen kalkulua Google Maps aplikazioa erabilita eginen da, puntu bien arteko distantzia hartuta.
b) Komunikabideetan agertzea:
Irratiko nahiz telebistako esku-hartzea egin eta prestatu duten langileen gastuak nominako zenbateko gordinaren arabera, gehienez ere 250 euro agerraldiko. Esku-hartzea ordu erdikoa edo gehiagokoa bada, muga agerraldiko 500 eurora handitzen da.
c) Bideoak editatzea eta zabaltzea:
Diruz lagunduko dira nola bideoak editatzen eta zabaltzen dituzten langileen nominako zenbateko gordinaren gastuak hala bideoak editatzeko beste batzuekin hitzartutako zerbitzuak.
Gehienez ere hogei bideo laguntzen ahalko dira diruz. Bideo bakoitzak gutxienez ere bost minutuko iraupena izan behar du eta 500 eurorekin finantzatuko da. Alabaina, laguntza murriztuko da bideoen kalitatea optimoa ez bada.
d) Inkestak egitea:
Inkestak prestatzen eta egiten izan diren langileen gastuak, nominaren zenbateko gordinaren arabera.
200 inkesta lagunduko dira diruz gehienez ere, inkesta bakoitza 50 eurotan.
e) Laguntza juridikoa ematea kontsumitzaileei:
Kontsumoaren inguruko laguntza juridikoa ematen izan diren langileen gastuak, nominaren zenbateko gordinaren arabera.
400 laguntza lagunduko dira diruz gehienez ere, laguntza bakoitza 25 eurotan.
2. Diruz laguntzen ahal den gastuaren %100eko laguntza emanen da, eta 10.000 euro gehienez jarduketa bakoitzeko.
6. oinarria.–Egikaritze aldia.
1. Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:
a) 3.1 oinarriko a), b) eta e) letretako jarduketen kasuan: 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte.
b) 3.1 oinarriko c) eta d) letretako jarduketen kasuan: laguntza eman delako ebazpenaren egunetik 2024ko urriaren 31ra arte.
2. Egikaritze aldiaren barruan onuradunek jarduketa egin eta ordainketa diruz lagungarriak fakturatu eta ordaindu behar dituzte.
7. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
3. Hauxe da eskaera telematikoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:
a) Eskabide inprimakia, gutxienez ere honako eduki hau jasotzen duena:
–Laguntza zer jarduketarako eskatzen den.
–Bazkide kopurua, Nafarroako Kontsumitzaileari Informazioa emateko Udal Bulegoetan artatutako pertsonen kopurua eta Kontsumoaren Zerbitzuan jarritako erreklamazioetako zenbatetan eman zaien laguntza erreklamatzaileei, eta langileetako zenbat diren Zuzenbideko tituludunak ere bai.
–Erantzukizunpeko adierazpena, 2.1 oinarrian ezarritako betekizunak betetzeari buruzkoa.
b) 2.3 oinarrian merkataritzako eragiketetako berankortasunaren inguruan aplikatzekoa den araudia betetzeari buruz exijitutako dokumentazioa, salbu eta dokumentazio hori dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako hilabeteko epean aurkezten bada.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Kontsumoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.4 oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
2. Hauek dira jarduketa bakoitza baloratzeko irizpideak:
2.1. Prestakuntza (gehienez 10 puntu):
IRIZPIDEA | PUNTUAK |
a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean | 1 |
b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileari Informazioa emateko Udal Bulegoetan 2023an | 1 |
c) Kontsumoaren Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2023an | 1 |
d) Kalitatea prestakuntzako jardueren diseinuan | 3 arte |
e) Prestakuntzako jarduerak egokiak izatea kontsumitzaileak babesteko gairako | 3 arte |
f) Kontsumo jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren gaiak sartzea | 1 |
2,2. Komunikabideetan esku hartzea (10 puntu gehienez):
IRIZPIDEA | PUNTUAK |
a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean | 1 |
b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileari Informazioa emateko Bulegoetan 2023an | 1 |
c) Kontsumoaren Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2023an | 1 |
d) Esku hartzen duen komunikabidearen lurralde esparrua zein den: tokikoa (udalerri bat), puntu 1; eskualdekoa (hainbat udalerri), 2 puntu; forukoa (Nafarroa osokoa), 3 puntu | 3 arte |
e) Komunikabideetan egindako esku-hartzeak egokiak izatea kontsumitzaileak babesteko gairako | 3 arte |
f) Kontsumo jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren gaiak sartzea | 1 |
2,3. Bideoak editatzea eta zabaltzea (10 puntu gehienez):
IRIZPIDEA | PUNTUAK |
a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean | 1 |
b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileari Informazioa emateko Bulegoetan 2023an | 1 |
c) Kontsumoaren Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2023an | 1 |
d) Kalitatea bideoen diseinuan | 3 arte |
e) Bideoak egokiak izatea kontsumitzaileak babesteko gairako | 3 arte |
f) Kontsumo jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren gaiak sartzea | 1 |
2,4. Inkestak egitea (10 puntu gehienez):
IRIZPIDEA | PUNTUAK |
a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean | 1 |
b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileari Informazioa emateko Udal Bulegoetan 2023an | 1 |
c) Kontsumoaren Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2023an | 1 |
d) Kalitatea inkestetako galderen diseinuan | 3 arte |
e) Galderak egokiak izatea kontsumitzaileak babesteko gairako | 3 arte |
f) Kontsumo jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren gaiak sartzea | 1 |
2,5. Laguntza juridikoa ematea kontsumitzaileei (10 puntu gehienez):
IRIZPIDEA | PUNTUAK |
a) Mila bazkide edo gehiago izatea laguntza eskatzen den egunean | 1 |
b) Mila pertsona edo gehiago artatu izana Kontsumitzaileari Informazioa emateko Bulegoetan 2023an | 1 |
c) Kontsumoaren Zerbitzuan aurkeztutako 500 erreklamazio edo gehiagotan laguntza eman izana 2023an | 1 |
d) 2 puntu Zuzenbideko tituluduna den langile bakoitzeko | 6 arte |
e) Kontzientziazioa kontsumo jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren alderdiei buruz artatutakoen artean | 1 |
3. Kontsumo jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren alderdiei buruzko irizpideak eskatzen du gai etikoak eta erantzukizun sozialekoak trata daitezela hala nola produktuak berrerabiltzea, konpontzeko modukoak izatea eta birziklatzea, erosketekiko adikzioa eta kontsumismoa, ondasunak eta zerbitzuak ekoiztean hondakinak sortzea, greenwashinga edo zuritze ekologikoa, ekoizpena eta saltokiak birkokatzea eta abar.
4. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa egonez gero, berori ebazteko kontuan hartuko da zeinek eman duen laguntza kopuru handiagoa Kontsumo Zerbitzuan aurkeztutako erreklamazioetan, zeinek artatu dituen pertsona gehiago Kontsumitzaileari Informazioa emateko Bulegoetan, eta, azkenik, zeinek duen bazkide gehiago.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Kontsumoaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.
10. oinarria.–Dirulaguntzaren justifikazioa.
1. Onuradunek 2024ko azaroaren 1era arteko epea izanen dute egindako jarduketak justifikatzeko; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez.
a) Laguntzen fitxan dagoen justifikazioaren inprimakia, behar bezala osatuta.
b) 3. oinarriko jarduketa diruz lagungarrietan parte hartu duten erakundeko langileen nominak.
c) Prestakuntzako jardueretara bertaratu direnen zerrenda, beren izen-abizenekin.
d) Komunikabideetako espazioetan agertu izanaren ziurtagiria edo txostena, espazio horietako arduradunek eginak.
e) Guztiz editatutako bideoak eta internetetik eskuratzeko esteka.
Bideoak editatzeko zeregina beste batzuekin hitzartu bada, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira (bankuko transferentziak, bankuko txartel nahiz ordainketa-aplikazio bidez ordaindu izanaren ziurtagiria, legezko ordezkariak formalizatutako ordainagiriak edota ordainketa egiaztatzeko beste modu fede-emaile bat) eskaera aurkeztu zuenaren izenean edota erakunde eskatzailea ordezkatzeko ahala duen beste baten izenean Ordainagiriek 6. oinarriko egikaritze epearen barneko data izan beharko dute.
f) Egindako inkestak eta inkestatutakoen izen-abizenak.
g) 2024an emandako laguntza juridikoen erantzukizunpeko adierazpena, galarazi gabe Kontsumoaren Zerbitzuak egiten eta eskatzaileari errekeritzen ahal dizkion egiaztapenak.
2. Adierazitako epean eta moduan justifikatzen ez diren gastuak ez dira diruz lagunduko.
11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hilabeteko epean emanen da, justifikazioko frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
12. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.
1. 3.1 oinarriko c) letrako jarduketaren kasuan, onuradunek bideoak editatzeko %100era arte azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.
3.1 oinarriko gainerako jarduketak ez dira kontratatzen eta azpikontratatzen ahalko.
2. Onuradunek beraiekin lotutako enpresekin azpikontratatzen ahalko dute bideoan edizioa baldin eta:
a) Oinarri hauetan zehaztutako gastu diruz lagungarriak badira.
b) Laguntzen eskaeran jasota geratzen bada eta baimentzen bada, gastu hori sartuta laguntzak emateko ebazpenean.
c) Gastuak justifikatzen badira onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (langileek lan egindako ordu kopurua zenbateko gordinaren arabera).
d) Ez da onartuko kostuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.
Lotutako enpresatzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen).
13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute.
b) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan.
c) Genero berdintasunarekin lotuta 4. oinarrian jasota dauden betebeharrak betetzea.
d) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, eta baldin eta halakorik aurkeztu ez badute laguntzak eskatzeko unean, 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak 2.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.
e) Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duen abenduaren 12ko 34/2022 Foru Legeak eta Nafarroako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Erregistroa sortzeko azaroaren 5eko 237/2007 Foru Dekretuak kontsumitzaileen erakundeei ezarritako betebeharrak betetzea.
f) Behar bezalako publizitatea ematea diruz lagundutako jarduketa bakoitzean, adierazteko berorrek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.
g) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Kontsumoaren Zerbitzuari, inguruabar horren berri izan eta berehala.
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
15. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatutako erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago "enpresa bakarraren" definizioa.
2. Eskatzaileek uneko urtean eta aurreko bi urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.
16. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
Laguntzen eskaera eta interesdunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Kontsumoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
18. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da datuak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal direla, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
19. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2408946
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
