1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
45/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 21ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, "Memoria duten paisaiak" VII. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onesten dituena eta 2.000 euroko gastua baimentzen duena.
Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalak, txosten batean, proposatu du "Memoria duten paisaiak" VII. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia egitea, Nafarroako merkataritza paisaiei buruz. Lanak aurkezteko epea 2024ko irailaren 6an amaituko da. Hori helburu, eskatu du onets daitezela argazkilaritza-lehiaketaren oinarriak, zeinak argitaratuko baitira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kultura eta Kirol Departamentuaren web-orrian: www.culturanavarra.es/eu.
Guztira, 2.000 euroko gastua ezarri da: deialdiaren oinarrien arabera, kopuru horretatik 1.500 euro (BEZa barne) lau sari ordaintzeko dira, eta 500 euro (BEZa barne) epaimahaikideei ordaintzeko. Epaimahaikide horiek dira lanak ebaluatzeko izendatutakoak, deialdiaren oinarrietako 6. puntuan jasotakoarekin bat.
Sarituei ordaindu beharreko 1.500 euroko zenbateko hori (zenbateko horren ordainketak %19ko atxikipena izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian xedatutakoa betez, sariak ordaintzeko) Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketako sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura ordainduko da.
Epaimahaiari ordaintzeko 500 euroko zenbatekoa Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura ordainduko da.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea "Memoria duten paisaiak" VII. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia, Nafarroako merkataritza paisaiei buruz, eta haren oinarriak. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.
2. Guztira, 2.000 euroko gastua baimentzea: 1.500 euro sariak ordaintzeko eta 500 euro epaimahaikideei pagatzeko. Diru kopuru horiek honela banatuko dira: 1.500 euro, "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketaren sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura, eta 500 euro, epaimahaikideei ordaintzeko, "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura. 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.
3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (www.kulturanafarroa.eus) ere egonen dira eskuragai.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 21ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
MEMORIA DUTEN PAISAIAK VII. ARGAZKILARITZA-LEHIAKETA
"Nafarroako merkataritza paisaiak"
Antolatzailea: Nafarroako Artxibo Garaikidea.
Paisaia, Europako Hitzarmenaren arabera, populazioen bizi-kalitatearen elementu garrantzitsua da leku guztietan: hiri- eta landa-inguruneetan, andeatutako eta kalitate handiko eremuetan, aparteko edertasun ezaguna duten espazioetan eta ohikoenetan.
Hainbatetan, paisaien eraldaketa bizkortzen ari da nekazaritza-, basogintza-, industria- eta meatze-ekoizpeneko tekniken bilakaeragatik, bai eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren, garraioaren, azpiegituraren, turismoaren eta aisialdiaren arloan ere gertatzen ari denagatik, eta, oro har, munduko ekonomiaren aldaketak direla eta.
Nafarroako Artxibo Garaikideak "Memoria duten paisaiak" izeneko proiektua berritu du, eta VII. argazkilaritza-lehiaketa antolatu du, aurten "Nafarroako merkataritza paisaiei" eskainia. Lehiaketa horren asmoa da herritarrak sentsibilizatzea, irudiaren bidez, XX. mendean zehar gaur egun arte eraikitako merkataritzako eraikin, instalazio edo establezimenduek paisaian eragindako aldaketez eta eraldaketez. Era berean, agerian jarri nahi da paisaia ongizate indibidual eta sozialerako funtsezko elementua dela, eta paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeak guztiontzako eskubideak eta erantzukizunak dakartzala.
OINARRIAK
1.–Gaia.
Aurkezten diren argazkiek lotura izan behar dute merkataritzako eraikin, eraikuntza edo instalazioekin, zehazki Nafarroako paisaiaren aldaketan parte hartzen edo hartu badute XX. mendetik gaur egun arte.
2.–Lehiatzaileak.
18 urtetik gorakoek hartzen ahal dute parte.
Antolakuntzarekin zerikusia duten pertsonek ezin izanen dute parte hartu, ezta haien ahaideek ere.
Lehiakide bakoitzak gehienez ere hiru irudi aurkezten ahalko ditu: irudi original eta argitaragabeak.
3.–Aurkezpena.
Dokumentazioa gutun-azal itxian aurkeztuko da; gutun-azal bat lehiaketara aurkezten den argazki bakoitzeko. Hartan adieraziko da lehiaketara aurkezten den argazkiaren izenburua eta, gainera, bi gutun-azal izanen ditu barruan:
–1. gutun azala:
Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.
Barruan DIN A4 neurriko orri bat sartuko da, datu pertsonalak izanen dituena (izen-deiturak, NANa, jaioteguna, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa); gainera, han adieraziko da lehiaketara aurkezten den irudia zer tokitan egina den (helbidea, herria...).
–2. gutun-azala:
Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.
Gutun-azalaren barruan, aurkezten den argazkia egonen da. Argazkiaren euskarriaren atzealdean, aukeratutako izenburua agertuko da, ez besterik.
Argazkia izengabea izanen da, eta ez da egonen gutun-azalaren barruan ez kanpoan argazkiaren egilea identifikatzen ahal duen inolako daturik, salbu eta izenburua bera.
Argazkiak honelakoak izanen dira: argazki-paperaren gainean dauden originalak; zuri-beltzekoak edo koloretakoak; 30 × 40 cm-ko neurria dutenak eta markorik gabeak.
Argazki bakoitza kartoi mehez egindako 30 × 40 cm-ko euskarri baten gainean muntatuta egonen da.
4.–Epea.
Lanak aurkezteko epea 2024ko uztailaren 1etik irailaren 6ko 14:30 artekoa izanen da.
5.–Non aurkeztu.
Lanak behar bezala babestuko dira, materialak kalterik izan ez dezan, eta aurrez aurre edo posta ziurtatuaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Artxibo Garaikideari zuzenduta (Superser eraikina; Zaragozako errep., -3. km, 3. solairua - 31191 Cordovilla, Galar). Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30 arte.
Antolakuntzak emanen du hartu izanaren agiri bat.
6.–Epaimahaia.
Entitate deitzaileak izendatuko du epaimahaia, eta hura osatuko dute argazkilaritzako bi profesionalek eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kidek. Aurkezten diren argazkiak baloratzean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.
–Argazkigintzako teknika.
–Konposizioaren originaltasuna.
–Paisaiaren ikuskera integrala (Paisaiaren Europako Hitzarmenean ezarritakoaren arabera).
7.–Sariak.
Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera emanen dira sariak, eta haren erabakia apelaezina izanen da.
Lehenbizikoa: 700 euro.
Bigarrena: 400 euro.
Hirugarrena: 200 euro.
Paisaiaren ikuskera integrala hobekien islatzen duen argazkiarentzako akzesita: 200 euro.
Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sari batzuk, edo guztiak, hala iruditzen bazaio.
Saritutako argazkiekin eta lehiaketara aurkeztutako argazki hautatu batzuekin erakusketa bat eginen da.
Epaimahaiaren erabakia Nafarroako Gobernuaren Kultura atarian (www.kulturanafarroa.eus) jakinaraziko dira, 2024ko irailaren 20an, sariak noiz eta non emanen diren adierazita eta erakusketaren inaugurazioaren berri emanda.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.
8.–Obrak eta egile-eskubideak.
Parte-hartzaileen ardurapekoak izanen dira aurkezten diren obren egiletza eta originaltasuna; halaber, haien ardura izanen da ez egotea hirugarren pertsonen eskubiderik argazkien gainean.
Lehiaketa honetan esku hartzen dutelarik, parte-hartzaileek atxiki eginen dituzte aurkeztutako obren gaineko beren eskubideak. Sustapen ekintza guztietan adierazi eginen da nortzuk diren erabilitako argazkien egileak.
Nafarroako Artxibo Garaikideari baimena ematen zaio hautatutako argazkiak eta haien egileak argitaratzeko bere webguneetan, sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen dituen bide guztietan.
Finalera iristen diren argazki guztiak sartuko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen funtsetan. Hautatzen ez diren argazkiak jaso ahalko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen egoitzan (Zaragozako errepidea, 3. km, 31191 Cordovilla, Nafarroa) astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
9.–Datu pertsonalen babesa.
Nafarroako Artxibo Garaikideak konpromisoa hartzen du bere eginkizunetan betetzeko datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudia; bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako xedapen osagarriak.
Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan eta Datuak Babesteko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie lizitatzaileei:
–Lehiaketan parte hartzean eman dituzten datuak Nafarroako Artxibo Garaikideak hartuko dituela tratatzeko, haien parte-hartzea kudeatzeko eta etorkizunean ere parte-hartzailearekin komunikatzeko.
–Haien datu pertsonalak ez zaizkiela hirugarrenei lagako aldez aurretik horretarako berariazko baimenik eman gabe.
–Harremanetan jar daitezkeela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkariarekin, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.
–Datu pertsonalak jakinaraztea legezko baldintza dela lehiaketan onartua izateko; egin ezean, kanpo geldituko direla.
–Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea dutela datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko; eta, horretarako, idatzizko eskaera zuzendu behar zaiola datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan.
–Datuak indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte gordeko direla.
–Datuak babesteari dagokionez, eskubidea dutela datuen babesari buruzko erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.
10.–Oharrak.
Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek osorik onartzea.
Informazio gehiago, hemen:
Nafarroako Artxibo Garaikidea. Zaragozako errepidea, 3. km. 31191 Cordovilla (Nafarroa).
Telefonoa: 848 429 721.
E-maila: archivo.contemporaneo@navarra.es
Web-orria: acn.navarra.es
Iragarkiaren kodea: F2408210