123. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

234/2024 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoan eskakizun bereziko lanpostu bat berariazko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia egiten duena Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileentzat.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak martxoaren 5ean emandako 74/2014 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulego berriaren egitura eta antolaketa ezarri ziren, eta, martxoaren 5ean emandako 29/2014 Foru Aginduaren bidez, bulego horretako lanpostuen zerrendari hasierako onespena eman zitzaion.

Martxoaren 1eko JUS/242/2018 Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako lanpostuen zerrenda.

Justiziako zuzendari nagusiak abuztuaren 19an emandako 264/2021 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoa abian jartzeko data ezarri zen: 2021eko irailaren 1a.

Justizia Zuzendaritza Nagusi honek, bat etorriz Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko Funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeko moduari eta haien lanbide-igoerari buruzko Erregelamenduaren (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsia) 49. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, erabaki du Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileen artean berariazko lehiaketa baterako deialdia egitea, ebazpen honen I. eranskinean adierazten den Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzako koordinatzaile izateko eskakizun bereziko lanpostua betetzeko, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehena.–Parte hartzeko araubidea.

Lehiaketa honetan parte har dezakete Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko karrerako funtzionarioek, edozein izanik ere beren destinoko lurralde eremua, baldin baldintza orokorrak eta deialdi honetako beharkizun zehatzak betetzen badituzte, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte mantentzen badituzte.

Ezin dute lehiaketan parte hartu interes partikularrengatiko edo familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek (egoerak dirauen gutxieneko epean), eginkizunez gabetzeko erabaki irmoa dutenek (egoerak irauten duen bitartean) eta nahitaezko lekualdaketa ezarri zaien funtzionario zehatuek (zehapena ezarri zaien leku berean destinoa duten lanpostuetarako), harik eta urtebete edo hiru urte igaro arte, falta astuna edo oso astuna den, hurrenez hurren.

Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denborari dagokionez, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioak Administrazioan sartu, bertako lanpostuak bete eta lanbidean gora egiteko Erregelamenduaren 49.7 artikuluan ezarritakoari jarraikiz (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), ez da aplikatuko erregelamendu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

Bigarrena.–Eskaintzen den lanpostua.

Bete beharreko lanpostua ebazpen honen I. eranskinean agertzen da.

Eranskin horretan, lanpostuaren deskribapena eta hari buruzko hainbat datu agertzen dira, baita esleitu zaion eginkizunaren izaerari loturiko berezitasunak eta eginkizun nagusien zerrenda ere. Adierazten dira, orobat, lanpostuaren osagarri orokorra, berariazko osagarria, zein kidegori dagoen atxikita eta zer merezimendu baloratuko diren.

Hirugarrena.–Deialdiaren oinarriak eta balorazio-baremoak.

Berariazko lehiaketa honek bi fase ditu.

Lehen fasean, merezimenduak egiaztatu eta bideratuko dira.

Bigarren faseko berariazko merezimenduak baloratzeko, Balorazio Batzordeko kide bakoitzak emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa aterako da. Horretarako, emandako puntuaziorik handiena eta txikiena baztertu beharko dira, edo, kasua bada, handien edo txikien gisa errepikatuta ageri direnetako bat. Baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioak, baita azken balorazioa ere, ondorio horietarako egin beharreko aktan agertu beharko dira.

Lanpostua adjudikatzeko merezimenduen balorazioa lehiaketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den uneari dagokio, eta baremo honen arabera eginen da:

1. Lehen fasea.

Merezimendu orokorren balorazioa:

a) Antzinatasuna: Lortu nahi duen lanpostuaren atxikipen-kidego berean karrerako funtzionario gisa egindako zerbitzuengatik, bi puntu emanen dira zerbitzu-urte oso bakoitzeko. Hilabetetik beherako tarteak hilabeteka kontatuko dira, edo egunka, hala badagokio. Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekotzat hartuko dira. Egun bakoitzagatik 0,00555556 puntu emanen dira. Kontzeptu honengatik 60 puntu lortzen ahal dira gehienez.

b) Nafarroako Foru Komunitateko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, euskararen ahozko eta idatzizko ezagutzagatik, maila bakoitza gainditu izana behar bezala frogatuta organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, eta ondorio hauetarako soilik, gehienez ere 12 puntu emanen dira, frogatutako ezagutza-mailaren arabera, honela:

1.–B1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: lau puntu.

2.–B2 mailako ziurtagiria edo baliokidea: zortzi puntu.

3.–C1 mailako ziurtagiria edo baliokidea: hamabi puntu.

Hizkuntzen ezagutza egiaztatzeko, maila bakoitza gainditu izanaren ziurtagiriaren kopiak aurkeztu beharko dira.

Ziurtagiri horiek ezin dira metatu. Hortaz, lehiatzaileak maila bateko baino gehiagotako tituluak baldin baditu, maila gorenekoa bakarrik baloratuko da.

Fase honetan 60 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Dena dela, antzinatasunagatiko eta euskaraz jakiteagatiko puntuazioa aplikatuz gero, fase honetako puntuazioa 72 puntukoa izan daiteke gehienez.

2. Bigarren fasea.

Berariazko merezimenduen balorazioa, hots, I. eranskinean azaldutako lanpostuaren eduki eta ezaugarrietarako egokiak diren merezimenduen balorazioa. Kontzeptu honengatik 43 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Fase honetan baloratuko dira martxoaren 1eko JUS/242/2018 Aginduaren bidez (2018ko martxoaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegorako lanpostuen zerrendan jasotako merezimenduak, ebazpen honen I. eranskinean zehazten den moduan.

Kontuan hartuko dira hautagaiek, dagokien kidegoan edo eskalan sartzeko eskatzen direnez gainera, dituzten titulu akademiko ofizialak, betiere lanpostuarekin zerikusia badute.

Gaitasun zehatzak baloratuko dira, ezagutzen, esperientziaren eta hautagaia lanposturako egokia dela bermatzen duten gainerako elementuen bidez.

Balorazio Batzordeak, lehiakideek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondotik, hautagaiari argibideak eskatzen ahalko dizkio eta, hala badagokio, merezimenduak, eskakizunak eta emandako datuak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio gehigarria, bai eta inklusio edo balorazio doia egiteko beharrezkotzat jotzen diren gainerako elementuak ere.

Laugarrena.–Eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak Justizia Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan aurkeztuko dira (Iratxeko Monasterioaren kalea 22, behea, 31011 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren baliabideetatik edozein erabiliz (urriaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), hamar egun balioduneko epean, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko dira, apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoaren arabera.

Eskabideak Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio, eta ebazpen honen II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

2. Lehiakideek eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharko dituzte alegatutako merezimenduak, bai eta haien ziurtagiriak ere.

3. Justizia Zuzendaritza Nagusiak ofizioz emanen du kidegoko antzinatasunaren ziurtagiria, hirugarren oinarrian (lehen fasea) ezarritakoarekin bat etorriz, baita dagokion puntuazioa ere.

4. Hirugarren oinarrian adierazten diren merezimenduak (bigarren fasea) lehiakideek zerrendatu beharko dituzte, ebazpen honen II. eranskinean agertzen den ereduan. Ondorio horietarako, alegatzen ahalko dira titulazio akademikoak, ikastaroak, diplomak, argitalpenak, ikerketak, lanak, ezagutza profesionalak, esperientzia eta eskatzen diren merezimendu espezifikoetara egokitzen diren lanpostu batzuetan aritu izana. Dena den, baloratu ahal izateko, dokumentu bidez ziurtatu beharko dira dagozkien ziurtagiriekin, tituluekin, frogagiriekin eta bestelako dokumentuekin.

5. Avantius kudeaketa prozesaleko sisteman Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoari dagokion modulu espezifikoaren gaineko ezaupideei dagokienez, modulu hori egintzat hartuko zaie azkeneko bost urteotan Bulego horretan funtzionario titular gisa edo bitarteko gisa sei hilabetez edo gehiagoz lanean aritu direnei –hori Justizia Zuzendaritza Nagusiak egiaztatuko du ofizioz–.

6. Merezimenduak baloratzeko, lehiaketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna hartuko da erreferentzia gisa, eta dokumentuen bidez ziurtatu beharko dira merezimenduok, parte hartzeko eskaerarekin batera.

7. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, parte-hartzaileek ez dute beren eskaera aldatzen edo baliogabetzen ahalko.

8. Eskabideak aurkezteko epea betetakoan, egindako eskaera loteslea izanen da eskatzailearentzat.

Bosgarrena.–Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu merezimenduak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ordezkatzen duten lau kidek osatuko dute batzorde hori; Justiziako zuzendari nagusiak izendatuko ditu kideak, zeinetatik bat bederen Justizia Administrazioko funtzionarioa izanen baita.

Halaber, Nafarroako Justizia Administrazioaren arloan ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkari bat ere izanen da Balorazio Batzordean, sindikatuek berek proposatua.

Balorazio Batzordeko kide titular bakoitzari ordezko bat esleituko zaio, justifikatutako absentzia-kasuetan haren ordez arituko dena, hitzarekin eta botoarekin.

Sindikatuen erantzuna jaso ondotik, Justizia Zuzendaritza Nagusiak Batzordeko kideak eta ordezkoak izendatuko ditu ebazpen bidez; ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/justizia/enplegu-publikoa).

Balorazio Batzordeak Justizia Zuzendaritza Nagusiari eskatzen ahalko dio izenda ditzala zenbait aditu aholkulari gisa aritzeko, hitza bai baina botorik ez dutela. Adituen eskaera eta izendapena idatziz jaso behar dira espedientean. Kasu hori alde batera utzita, Balorazio Batzordean ez dute parte hartzen ahalko aurreko paragrafoetan adierazi baino ordezkari gehiagok; hala ere, behar diren administrazio-laguntzako langileak joaten ahalko dira batzordera.

Batzordekide titularrek, eta orobat justifikatutako absentzia-kasuetan haien ordez hitzarekin baina botorik gabe arituko diren ordezkoek, deialdiko lanposturako eskatzen den titulazioaren maila bereko edo goragoko mailako sarrera-titulazioa eskatzen duten kidegoetakoak izan beharko dute.

Balorazio Batzordeko kideen abstentzioari eta errekusazioari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatuari jarraikiz jokatuko da.

Balorazio Batzordeak ebatziko ditu arau hauek interpretatzean eta aplikatzean sor daitezkeen zalantzak eta galderak.

Bi faseetako azken emaitzak batuta puntuazio handiena lortu duen hautagaia proposatuko du Balorazio Batzordeak lehiaketa honetan eskaintzen den lanposturako; berdinketa baldin badago, kidegoan antzinatasun handiena duen hautagaia hautatuko du.

Seigarrena.–Prozedura.

Eskaerak aurkezteko epea amaituta, onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (https://www.navarra.es/eu/justizia/enplegu-publikoa); hautagai bazterturik baldin bada, baztertzeko arrazoiak adierazi beharko dira. Zerrenda horren kontra alegazioak aurkezteko epe bat irekiko da, ez hamar egun baliodunetik gorakoa. Alegazioak baloratu ondotik, onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da Internetako helbide berean.

Deialdiaren gaineko behin-behineko ebazpena ere Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian argitaratuko da, adierazitako helbidean, erabilitako baremoa atxikita. Hamar egun balioduneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko, ebazpen hori argitaratu eta biharamunetik hasita.

Adierazitako epea igaro eta alegazioak ebatzi ondotik (halakorik bada), Justizia Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, eta deialdia behin betiko ebatziko da. Ebazpen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da.

Zazpigarrena.–Lanpostua adjudikatzea.

Balorazio Batzordeak aztertu eta baloratuko du kontuan hartu behar diren baldintza eta merezimendu guztiak betetzen ote diren. Lanpostua adjudikatzeko ordena ezartzeko, ebazpen honetan jasotako baremoari jarraikiz lortzen den puntuazio osoa hartuko da kontuan. Puntuazioan berdinketa izanez gero, izangaiek eskalafoian duten antzinatasunari begiratuko zaio lanpostua nori adjudikatu erabakitzeko.

Deialdi honetan eskaintzen den lanpostua ez da adjudikatu gabe uzten ahalko lehiakideren batek lanpostua eskatu badu. Hala ere, salbuespenez, lanpostu-zerrendak berregituratzearen edo aldatzearen ondorioz, amortizatu egin daiteke, edo ezaugarri funtzionalak, organikoak eta ordainsariei dagozkienak aldatu daitezke.

Zortzigarrena.–Destinoak.

1. Adjudikatutako destinoa borondatez lortutakotzat joko da, eta, ondorioz, ez du sortuko ezein kontzeptutan kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.

2. Adjudikatutako destinoari ez zaio uko egiten ahalko. Dena dela, hautagai batek lanpostua berariazko lehiaketa bidez lortu badu, hari uko egiten ahalko dio, jabetza hartzeko epea amaitu baino lehen, beste destino bat lortzen badu deialdi publiko bidez; halakoetan, organo dei-egileari jakinarazi beharko dio. Jakinarazteko betebehar hori betetzen ez badu, adjudikatutako lehen destinoa hartu beharko du.

Bederatzigarrena.–Ebazpena.

Lehiaketa hau sei hilabeteko epean ebatziko da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 51.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean Eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, araudi horretako 51.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera arrazoituta.

Lanpostua behin betiko adjudikatzeko ebazpenean, lanpostu berriaren jabetza hartzeko modua eta epea finkatuko dira.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan xedatutakoarekin.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 27an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.

I. ERANSKINA.–DESTINOKO ZENTROA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO FISKALTZAREN BULEGOA

Herria: Iruña.

LANPOSTUA

LANPOSTU-KOPURUA

LANPOSTUAREN OSAGARRI OROKORRA/URTEKOA

BERARIAZKO OSAGARRIA URTEAN

KIDEGOA

BERARIAZKO EGINKIZUNAK

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoko koordinatzailea

1

4.117,08 euro

12.662,97

Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa

Fiskalburutzari sostengu ematea Fiskaltzaren antolaketan, kudeaketan, administrazio-lanetan, prozesu eragileetan, ikuskapenetan eta kalitatea eta barne-lana hobetzeko lanetan.

Antzinatasuna.

Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoan.

60 (gehienez ere)

Fiskaltzako langileak antolatu, kudeatu eta gainbegiratzea, alderdi tekniko-prozesalei dagokienez.

Euskaraz idazten eta hitz egiten jakitea.

12 (gehienez ere)

Lana banatzea, taldeak antolatzea eta jarduketa-ildoak ezartzea.

Ezagutzak: 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 21, 22, 23, 24, 25 kodeak (martxoaren 1eko JUS/242/2018 Aginduaren II. eranskinaren arabera; 2018ko martxoaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

15 (gehienez ere)

Zerbitzuaren funtzionamendurako protokolo tekniko-prozesalak proposatu eta eguneratzea.

Esperientzia: 30, 43, 46, 49, 56, 57, 17, 18, 21, 22, 58, 59, 60 kodeak (martxoaren 1eko JUS/242/2018 Aginduaren II. eranskinaren arabera; 2018ko martxoaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

18 (gehienez ere)

Fiskaltzako langileen barne-arazo administratiboak kudeatzea: altak, bajak, absentziak, ordezkapenak, lanpostu hutsak, oporrak, prestakuntza, etab.

Titulazioak: zuzenbideko lizentzia edo gradua; 80 kodea (martxoaren 1eko JUS/242/2018 Aginduaren II. eranskinaren arabera; 2018ko martxoaren 12ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

10

Baliabide materialen premiak gainbegiratzea eta kudeatzea.

Lanpostuarekin zerikusia duen beste edozein.

II. ERANSKINA.–ESKAERA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO FISKALTZAKO KOORDINATZAILE IZATEKO LANPOSTUA BERARIAZKO LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO

ESKATZAILEAREN DATUAK:

DEITURAK

IZENA

NANa

Kidegoa

Egungo destinoa

Herria

Lanpostuko edo etxeko helbidea

Harremanetarako telefonoa

Helbide elektronikoa

GAUR EGUNGO ADMINISTRAZIO-EGOERA:

Jardunean: Bai/Ez

Zerbitzu-eginkizunetan: Bai/Ez

Eszedentzia, lanpostuaren erreserbarekin (adierazi zer eszedentzia-mota den eta zein egunetan hasi zen):

ESKATZEN DUEN LANPOSTUA:

Izendapena: Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzako koordinatzailea

Zuzkidura: 1

ERANTSITAKO DOKUMENTUAK, MEREZIMENDU GISA BALORATZEKO:

Behean sinatzen duenak eskatzen du deialdian onar dezatela eta aitortzen du eskabide honetan adierazitako datu guztiak egiazkoak direla.

Iruñean, ......................(e)ko .............aren ......................(e)(a)n.

Sinadura

NAFARROAKO GOBERNUKO JUSTIZIA ZUZENDARITZA NAGUSIA.

Iratxeko Monasterioaren kalea 22, behea.

31011 IRUÑA.

Iragarkiaren kodea: F2408797