123. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

59/2024 FORU DEKRETUA, maiatzaren 29koa, zeinaren bidez Amaya Mateos Goñi andrea, Aurrekontuen Plangintzarako Ataleko burua, hautatzen baita Ekonomia eta Ogasun Departamentuan Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendari kargua bete dezan bitarte baterako.

Azaroaren 6ko 310/2019 Foru Dekretuaren bidez, Ana Isabel Mariezcurrena Baleztena andrea izendatu zen Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendari, eta, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urriaren 4ko 109/2021 Foru Aginduaren bidez, Amaya Mateos Goñi andrea departamentu bereko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuko Aurrekontuen Plangintzarako Ataleko buru izendatu zen bitarte baterako.

Zerbitzuko zuzendaria lanerako ezintasun egoeran dago 2023ko azaroaren 6az geroztik. Denbora tarte horretan, zerbitzu horretako langileek eta, batez ere, zerbitzuari atxikitako ataletako buruek zenbait eginkizun hartu behar izan dituzte beren gain, hauek izanik garrantzitsuenak: lehenbizi, 2024ra luzatu den 2023ko aurrekontua onesteko behar diren lanak eta, gero, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorrak onestekoak.

Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorren proiektua azaroaren 1a baino lehen aurkeztu behar da Nafarroako Parlamentuan. Epe hori betetzeko, lan teknikoak ekainean hasi behar dira. Gainera, zerga arauei dagokienez, Europako arau-esparru berria onesteko prozesuan sarturik gaude bete-betean, eta esparru hori Foru Komunitateak egokitu eta aplikatu beharko du. Horregatik, funtsezkoa da eginkizun horiek bere gain hartuko dituen pertsona bat egotea, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuari dagozkion gainerako eginkizunak ere bete beharko dituena.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 32. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen denez, funtzionarioek bitarte baterako betetzen ahalko dute titular gisa daukaten lanpostuaren maila berekoa eta kategoria berekoa edo goragokoa den edozein lanpostu, baldin eta horretarako behar den titulazioa edo prestakuntza baldin badute.

Horregatik guztiagatik, proposatzen da Amaya Mateos Goñi andrea hautatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendari kargua bete dezan bitarte baterako.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

DEKRETATZEN DUT:

1. Amaya Mateos Goñi andrea, Aurrekontuen Plangintzarako Ataleko burua, hautatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuan Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendari kargua bete dezan bitarte baterako.

Hautapen horrek ondorioak izanen ditu 2024ko maiatzaren 30etik hasi eta Ana Isabel Mariezcurrena Baleztena andrea zerbitzura itzultzen den arte, organo eskudunak ez badu lehenago errebokatzen.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2408671