123. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

45E/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 23koa, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariak emana, Nafarroako Merkataritza Kontseiluko kide berriak izendatzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa dauka barneko merkataritzaren arloan, deusetan galarazi gabe prezioen politika orokorra, Estatuko lurraldearen barneko ondasunen joan-etorri librea eta lehiaren defentsari buruzko legeria, hori guztia Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluan zehaztutako gaikuntzaren ondorioz.

Eskumen esklusibo hori erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea onetsi zuen. Lege horrek, bere 63. artikuluan, Nafarroako Merkataritza Kontseilua eratzen du, arlo horretan eskumenak dituen organo gisa, eta adierazten du erregelamendu bidez ezarriko direla haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

Urriaren 29ko 68/2010 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokiaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautu ziren, zeinak gero Nafarroako Merkataritza Kontseilua izena hartu baitzuen.

Kontseilua eratu zenetik metatu den esperientziak eta hala gizartean nola Nafarroako merkataritza sektorean izan diren aldaketek ekarri zuten kontseiluaren osaera berriz arautu behar izatea, ordezkaritza zabaldu eta hobetzeko, eta aldi berean, gizonezkoen eta emakumezkoen parte-hartze orekatua sustatzeko.

Hartara, 57/2019 Foru Dekretua onetsi zen, maiatzaren 15ekoa, Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena eta goian aipatutako 68/2010 Foru Dekretua indargabetu zuena.

57/2019 Foru Dekretuaren 6. artikuluan Merkataritza Kontseiluko kideak noren ordezkari diren jasotzen da, eta artikulu horren 3. apartatuan adierazten da a), d), e), f), g), h), i), j), k), l) eta m) apartatuetako kide titularren eta ordezkoen hautapenak idazkariari zuzendutako idatzi baten bidez eginen direla. Gero, idazkariak kontseiluko buruari helaraziko dizkio, hark foru agindu bidez izenda ditzan.

57/2019 Foru Dekretuaren 6.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera Nafarroako Merkataritza Kontseiluan ordezkaritza duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendaritza nagusi gehienek beren ordezkariak berritu dituzte.

57/2019 Foru Dekretuaren 6.1.d) artikuluan adierazitako kontseilukideei dagokienez, zeinak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkariak baitira, federazio horrek kide titular berri bat hautatu du, kontseiluan dagozkion bi lekuetako bat bete dezan, eta halaxe jakinarazi dio Merkataritza Kontseiluko Idazkaritzari.

Bestalde, Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak ordezko kide berri bat hautatu du, 57/2019 Foru Dekretuaren 6.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera kontseiluan dagozkion bi lekuetako batean kide titularraren ordezkoa izan dadin.

57/2019 Foru Dekretuaren 6.1 artikuluaren g) apartatuan xedatutakoaren arabera, eta bat etorriz bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin, Kontseiluko Idazkaritzak eskualdeko elkarteei komunikazio bat bidali zien, dagozkien kideak berritzeko, arau hartan ezarritako bi urteko epea igaro zelako. Horrela, eskualdeko eta eskualdez gaindiko elkarteei kontseiluan dagokien kideari dagokionez, elkarte bakar batek aurkeztu zuen eskaera, eta, ondorioz, elkarte horrek beteko du leku hori, zozketarik egin gabe. Bestalde, udal eremuko eta bitarteko eremuetako elkarteei dagokienez, ez da eskaerarik erregistratu, eta, beraz, Kontseiluko Idazkaritza harremanetan jarri zen gaur egun kontseiluko kide den elkartearekin, eta hark adierazi du ados dagoela karguan jarraitzearekin.

Azkenik, 6.1 artikuluaren l) apartatuan ezarritako ordezkaritzari dagokionez, hots, Nafarroako garapen agentziena, zeinak txandaka aritzen baitira kontseiluan 57/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan zehaztu bezala (bi urteko txandak eginez), agentziek jakinarazi dute zein diren dagozkien lekuak betetzeko hautatutako pertsonak.

Horregatik guztiagatik, berritu egiten da Nafarroako Foru Komunitatean sektore horretako eragile ekonomiko eta sozial adierazgarrienak ordezkatzen dituzten kide titularren eta ordezkoen izendapena, bat etorriz 57/2019 Foru Dekretuan ezarritako arauekin.

Horrenbestez, Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen maiatzaren 15eko 57/2019 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenen arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Honako pertsona hauek Nafarroako Merkataritza Kontseiluko kide izendatzea:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ordezkatuz:

–Leyre Iribarren Gil andrea, titular gisa, eta Alexia Mauleón Goñi andrea, ordezko gisa, toki administrazioaren arloan eskumena duen departamentua ordezkatuz.

–Iñaki Mendioroz Casallo jauna, titular gisa, eta Javier Zubicoa León jauna, ordezko gisa, lan arloan eskumena duen departamentua ordezkatuz.

–Rosa de Luis Aboitiz andrea, titular gisa, eta Javier Zazu Ercille jauna, ordezko gisa, kontsumo arloan eskumena duen departamentua ordezkatuz.

–Manuel Bermejo Garde jauna, titular gisa, eta Margarita Cueli Erice andrea, ordezko gisa, turismo arloan eskumena duen departamentua ordezkatuz.

b) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatuz:

–Koldo Martínez Urionabarrenetxea jauna, titular gisa, Cristina Ibarrola Guillén andrearen ordez.

c) Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala ordezkatuz:

–Iñaki Puncel Pardo jauna, Celso Clariana Poch jaunaren ordezko gisa.

d) Eskualdeetako merkatarien elkarteak ordezkatuz:

–Carlos Albillo Torres jauna, titular gisa, eta María José Corretge Castañón andrea, ordezko gisa, Iruñeko Alde Zaharra, Merkataritza Gune Irekia, merkatarien elkartea ordezkatuz, eskualdeko eta eskualdez gaindiko eremuei dagokienez.

–Inmaculada Elcano Redín andrea, titular gisa, eta Lidia Lizarraga Eraso andrea, ordezko gisa, Martín Azpilcueta inguruko merkatarien elkartea ordezkatuz, bitarteko edo udal eremuetako jarduketa eremuari dagokionez.

e) Nafarroako garapen agentziak ordezkatuz:

–Iñigo Nagore Ferrer jauna, titular gisa, Teder garapen agentzia ordezkatuz.

–Cristina Bayona Pérez andrea, titular gisa, eta Olga García Alfaro andrea, ordezko gisa, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoa ordezkatuz.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu hau interesdunei jakinaraztea eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentura eta Merkataritza Antolatzeko eta Sustatzeko Zerbitzura igortzea, adierazita foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 23an.–Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

Iragarkiaren kodea: F2408600