2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDABIA
Aldaketa, Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko udal laguntzen gaineko ordenantzan. Behin betiko onespena
Mendabiako Udalak, 2024ko martxoaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko udal laguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa (2024ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 9an).
Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuta dagoenari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).
Mendabian, 2024ko ekainaren 3an.–Alkatea, María Josefa Verano Elvira.
MENDABIAN ETXEBIZITZAK ERAIKITZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO UDAL LAGUNTZEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Mendabiako Udalak bere mugartearen barnean dauden eraikinak berritzeko eta zaharberritzeko ezarritako laguntzak arautzea da ordenantza honen xedea.
Arauketa berariazkoa ezarri da "La Villa" Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren eremurako, Mendabiako hirigune historikoko eremu horren berreskurapena bereziki bultzatzeko.
I. TITULUA.–BALDINTZA OROKORRAK
2. artikulua. Babestekoak diren jarduketak.
Udalaren babesa bakarrik hartuko da bizitegietarako eraikinetan egindako obrengatik. Hona hemen:
2.1. Lehendik dauden eraikinak ordeztea –eraitsi eta berriz eraikitzea– bizitegietarako erabiltzeko.
2.2. Lehendik dauden eraikinak osorik egokitzea; horrelako obratzat joko dira gutxienez ere alderdi hauek jasotzen dituztenak: Estalkia berritu edo hobetzea, fatxadak berritu edo hobetzea (estaldura, isolamendua eta kanpoko arotzeria) eta barnetik berritzea.
Dena dela, ordenantza honen babesa izan ahalko dute horrelako egokitzapen obretako bat behar ez duten jarduketek edo obra lizentzia lortu eta ordenantzak babestutako berritze obrak egin dituztenek, egungo eskabidea aurkeztu baino hiru urte lehenagoko epean, bi kasuetan aurreko lerroaldean aipatutako eraikin zatietako batean. Babes hori jasoko dute Udal Zerbitzu Teknikoek egiaztatu eta txostena egin ondotik.
Obra horiek bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak.
2.3. Aurreko ataleko obrak egiten direnean, eraikinaren egitura egokitzeko obrak ere babestuko dira. Halakotzat jotzen dira eraikuntzaren segurtasuna behar bezalakoa izan dadin, hots, eraikinaren egonkortasuna, jasankortasuna, irmotasuna eta sendotasuna bermaturik geldi daitezen egiten diren obrak.
2.4. Eraikineko edo etxebizitzako oztopo arkitektonikoak ezabatzea, irisgarritasun unibertsalera eta ororendako diseinura egokitzeko.
EKT-DB-SUA Eraikigintza Kode Teknikoaren arabera, pertsona ororendako diseinuari eta irisgarritasunari egokitzeko obratzat jotzen dira oztopoak ezabatzen dituztenak, desgaitasuna dutenen sarrera eta erabilera errazteko.
2.5. 50 urtetik baino zaharragoak diren eta erabiltzen ez diren eraikinen kanpoaldea moldatzea, baldin eta jarduketak fatxadan eta estalkian egiten badira. Diruz lagunduko dira fatxadan eta estalkian egiten diren obrak, zurgintzako lanak alde batera utzita.
3. artikulua. Baldintzak.
3.1. Jarduketa babesgarritzat hartua izateko, eraikinak baldintza hauek bete behar ditu:
a) Familia bakarreko etxebizitzaren edo etxebizitza kolektiboaren tipologiako erabilera izatea, gutxienez haren azalera erabilgarriaren %50, sotoak eta beheko solairua kenduta.
b) 25 urtetik gorako antzinatasuna izatea –ordezkapenaren kasuan ordezkatzen den eraikinaren antzinatasuna hartuko da kontuan–, salbu eta oztopo arkitektonikoak ezabatzeko jarduketen kasuan.
c) Betiere egitura eta funtzio aldetik nahikoa egokia den eraikin batean egin behar dira obrak. Arau horretatik kanpo geratzen dira desgaituentzako irisgarritasun baldintzak.
d) Bat etortzea hirigintzan indarrean dauden araudiak eta planeamenduak ezarritakoarekin.
e) Obrak ezin izanen dira hasi laguntzak eskatu baino lehen.
f) 2.5 apartatuan jasotzen diren jarduketak, baldin eta jarduketa eraikinaren berrerabilpenari badagokio.
3.2. Udalaren babesetik kanpora utzi dira:
a) Erabilera nagusia bizitegikoa ez duten eraikinen gaineko jarduketak, salbu 2.5 apartatuan jasotzen direnak.
b) Jarduketak banakako etxebizitzetan, etxebizitza kolektiboaren tipologia duten eraikinetan.
c) 2. artikuluan zehazten diren eta Udalaren zerbitzu eskudunak ebaluatzen dituen beharrezko gutxieneko obrak egiten ez dituen jarduketa.
4. artikulua. Laguntzak.
Udal honek ezartzen dituen laguntzek xede izanen dituzte aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak.
Laguntzak izanen dira jarduketa babesgarriari dagokion EIOZaren likidazioagatik ordaindu beharreko zenbatekoaren %50; 3.000,00 euro familia bakarreko etxebizitzetarako eta 8.000,00 euro etxebizitza kolektiboen eraikinetarako, etxebizitza bakoitzeko muga 2.000,00 euro izanen da.
2.5 apartatuan jasotzen diren jarduketei dagokienez, laguntza izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %50, eta gehienez 2.000 euro.
II. TITULUA.–BALDINTZA BEREZIAK "LA VILLA" BARNE-ERABERRITZEKO PLAN BEREZIAREN (BBPB) EREMUAN
5. artikulua. Jarduketa babesgarriak "La Villa" BBPBn.
Baldintza orokorretan ezarritakoei hauek gehitu zaizkie:
5.1. Eraikuntza berriak lehendik dauden orubeetan edo urbanizazioa berritzeko jarduketen ondorioz sortutakoetan.
5.2. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen 61/2013 Foru Dekretuaren 45.1 artikuluan, zaharberritzearen inguruan jasotako jarduketa babesgarri guztiak.
5.3. Hirigintzako planeamenduan antolamendutik kanpo deklaratutako elementuak ezabatzea.
6. artikulua. "La Villa" BBPBn jarduketa babesgarritzat jotzeko baldintzak.
Etxebizitza kolektiboen tipologiako eraikinetan banakako etxebizitzetan egiten diren jarduketak ere sartzen dira baldintza orokorretan.
7. artikulua. Laguntzak "La Villa" BBPBn.
Udal honek ezartzen dituen laguntzek xede izanen dituzte aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak.
Laguntzak izanen dira jarduketa babesgarriari dagokion EIOZaren likidazioagatik ordaindu beharreko zenbatekoaren %80; 4.500,00 euro familia bakarreko etxebizitzetarako eta 12.000,00 euro etxebizitza kolektiboen eraikinetarako, muga etxebizitza bakoitzeko 3.000,00 euro izanen da.
III. TITULUA.–PROZEDURA
8. artikulua. Onuradunak eta laguntzak hartzea.
8.1. Honako hauek izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun: banakako etxebizitzen jabeak, baldin eta jabekideen erkidego baten kide badira; jabeak ez direnak (errentariak, gozamendunak etab.), baldin eta jabearen baimena badute eta egoera hori behar bezala frogatzen badute; eta eraberritzeko obren sustatzaileak.
Onuradunek udal honekiko ordainketetan egunean egon beharko dute.
8.2. Laguntzak behin betikoak bihurtuko dira obrak burutu ondoan eta, horrenbestez, zerbait bete gabe utzi dela ikusiz gero, laguntzak jasotzeko eskubidea galduko da; gainera, horrek ez du eragotziko bestelako ekintzei ekitea; hori guztia, Udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin ondotik.
8.3. Titular bera ezin izanen da izan ordenantza honetako diru-laguntzen espediente baten baino gehiagoren onuraduna.
9. artikulua. Laguntzen tramitazioa.
9.1. Laguntzak eskatu ahalko dira obra lizentziaren eskabidearekin batera edo ondotik, dokumentu osagarri hauek aurkeztuta:
–Udalaren eskabidea.
–Eraikinaren identifikazioaren gaineko datuak, etxebizitzen eta lokalen zerrenda eta haien jabeena.
–Jabeen elkartearen akordioa, bere gain hartutako obrak bilduko dituena eta ordezkariaren izendapena.
–Sustatzailearen NANaren kopia edo jabeen elkartearen IFZarena. Hala balegokio, jabeen elkartearen ordezkariaren NANa.
9.2. Udalak laguntza eskaerak ordena kronologikoari jarraikiz ebatziko ditu, eta aldez aurretik Udaleko zerbitzu eskudunaren aldeko txostena beharko du izan.
9.3. Ekitaldi bakoitzean Udalaren aurrekontuetan jasoko dira ordenantza honetan ezarritako laguntza ekonomikoei aplikatuko zaizkien baliabide guztiak; horrela, ekitaldian agortuz gero eta laguntzak likidazioaren zain badaude, hurrengo urtean ordainduko dira, zein den indarreko ekitaldia, haren aurrekontuen kargura.
Era berean, Udalak aurrekontuko partida handitu dezake berak nahi duen zenbatekoan, beharrezkoa ikusten badu eta egoera ekonomikoak ahalbidetzen badu.
10. artikulua. Udalaren konpromisoa.
Aukera egonen da interesdunek ordenantza honetan jasotako laguntzak eska ditzaten, baldin eta Mendabiako Udalak bere aurrekontuetan laguntzak ordaintzeko partida paratzen badu soil-soilik.
11. artikulua. Araubide juridikoa.
Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan, aplikatuko da toki araubidearen gaineko legeria, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau –behin betiko onetsirik lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz– indarrean sartuko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, haren testua osorik argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarrita dagoenarekin.
Iragarkiaren kodea: L2408944