120. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUSKIZKO KONTZEJUA

Ordenantza, auzo-bideen eta mendiko pisten erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Muzkizko Kontzejuak, 2019ko martxoaren 1ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, auzo-bideen eta mendiko pisten erabilera arautzeko.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 eguneko epean, eta inork ez zuen alegaziorik aurkeztu. Beraz, ordenantzaren testu osoa argitaratzen da, indarrean jar dadin. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko legea).

Muskitzen, 2024ko maiatzaren 13an.–Kontzejuko burua, Virginia Sarasa Erice.

ORDENANTZA, MUSKIZKO KONTZEJUAREN MUGARTEKO AUZO-BIDEEN ETA MENDIKO PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek arautzen du Muskizko Kontzejuko mugarteko auzo-bideen eta mendiko pisten erabilera.

2. artikulua. Kategoriak.

Muskizko Kontzejuko auzo-bideak eta mendiko pistak nolakoak diren, hartarako erabiliko dira, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bideetan kalte egiten dutenak edo trafikoaren segurtasunaren kontrakoak.

3. artikulua. Finka mugakideak.

Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek garbi-garbi edukiko dituzte bide horien mugan dauden itxitura guztiak, eta kenduko dituzte jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak.

Halaber, aipatutako finkekin bide-zortasuna duten bideek atexka bat izanen dute, eta aukeran ataka bat.

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunez ibiltzea, bai eta aurreko artikuluan aipatutako pistetatik, sarbidea kontrolatua baitute. Era berean, debeku izanen da bi metrotik beherako zabalera duten pistetan barna ibiltzea, salbu eta ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, eta basogintzarekin.

5. artikulua. Sarbide kontrolatua duten pistetan barrena ibilgailu motordunetan zirkulatzeko baimena.

A. Honako hauek dute zirkulatzeko baimena:

a.–Kontzejuan erregistratuta dauden bizilagun guztien ibilgailuek.

b.–Erakunde publikoek, beren lanak egiteko bada.

B. Partikularrak, edozein izaera juridikoko sozietateak, elkarte eta erakundeak (publikoak zein pribatuak) behartuta daude Kontzejuari baimena eskatzera, ondoko artikuluetan ezarritako eran eta baldintzetan. Muskizko Kontzejua da salbuetsirik dagoen bakarra.

6. artikulua. Kontzejuaren baimena behar duten jarduerak.

A. Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Berariaz salbuetsi dira nekazarien produktuak eta etxeko egurra.

B. Eraikuntzako materialak pista eta bide horietan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

C. Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Muskizko Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

D. Muskizko Kontzejuko barrutien ehiztari errentariek sarbide kontrolatua duten pistetan barrena zirkulatzea. Baimendutako ibilgailuek identifikazioko txartel bat jasoko dute, eta leku ikusgai batean eraman beharko dute.

E. Sarbidea kontrolatuta duten pistetan barrena ibilgailu motordunak ibiltzea, aisialdirako eta beste erabilera batzuetarako.

F. Era guztietako materiala pilatzea bide edo lursail publikoan.

Erabat debekaturik dago oihaneko gaiak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debekua haustea zorrotz zehatuko da. Egindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain, ordainaraziko da garraiatutako oihaneko gaiek edo eraikuntzako materialek balio dutenaren halako bi, isun gisa.

7. artikulua. Baimena eskatzera behartutako subjektuak.

a) Zura denean, egurketaria edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresa. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzailea.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituena.

d) Aurretik aipatutakoez bestelako erabilera egiteko edo turismoa egiteko sartu nahi duten partikularrak.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuko buruak emanen du sarbide kontrolatua duten pistetan barna ibiltzeko baimena.

9. artikulua. Baimena izapidetzea.

Bide eta sarbide kontrolatua duten pista eta horiek erabiltzeko asmoa dutenek aldez aurretik jakinaraziko diote Muskizko Kontzejuari, eta orobat, adierazi beharko dute zer nolako erabilera egin nahi duten eta bertatik zenbat zur edo bestelako material garraiatu nahi duten. Mendia edo bestelako baliabideak ustiatzeko baimen ofiziala ere aurkeztu beharko dute. Hori guztia, zerga behar bezala ordaintzeko. Adierazi beharko da, halaber, zenbat eraikuntzako material garraiatu nahi den eta zenbat tona pisatzen duten makinek.

Zuraren edo eraikuntzako materialen garraioa edo makina astunen pasatzea euri edo elur garaian egiten bada, Kontzejuari jakinarazi beharko zaio, une horretan pasatzea debekatu behar ote den ikusteko, kalte larriak galaraztearren.

10. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Gehieneko abiadura 30 km/h-koa izanen da.

Istripu arriskuak murriztearren, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, bai eta azienda lokabea hurbil dabilenean eta oinezkoak agertzean ere, edo eguraldi idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

11. artikulua. Jarduera debekatuak.

Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak, arriskutsuak badira paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat. Salbuespenez, Muskizko Kontzejuak baimena eman dezake lehiaketa ofizialak eta taldeko jarduera turistiko antolatuak egiteko, aldez aurretik fidantza ordainduta.

12. artikulua. Erantzukizunak eta fidantzak.

Bide horiek erabiltzen dituztenek beraien jarduerarekin eragiten dituzten kalteak konpondu beharko dituzte. Hartara, jarduera hasi baino lehen, behar den fidantza utzi beharko dute Muskizko Kontzejuan. Kasu bakoitzean Kontzejuak kalkulatuko du fidantza, bideetan ustez sor daitekeen arriskuaren arabera.

Kasu bakoitzean, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, eta ordenantza honetan biltzen direnen osagarri izanen dira. Kalkulatzeko, kontuan hartuko dira honako hauek: jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta abar.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Orobat, arau-haustea izanen da baimenik ez eskatzea, edota, oro har, ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea.

Arau-hausteak isunarekin zehatuko dira, baina hura ez da izanen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezartzen dena baino handiagoa.

14. artikulua. Kalte-ordainak.

Bideetan eragindako kalteak konponduko dira ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kargura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Iragarkiaren kodea: L2407685