Iragarkia
120. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LEKUNBERRI
Aurrekontu partizipatiboen udal erregelamendua. Behin betiko onespena
Lekunberriko Udalak, 2024ko otsailaren 29an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea udal erregelamendu batean; hain zuzen ere, aurrekontu partizipatiboak arautzen dituen erregelamenduan.
Ez da alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean; hortaz, behin betiko onetsi da aldaketa, aurrekontu partizipatiboen udal erregelamenduan. Horren testua osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Lekunberrin, 2024ko maiatzaren 17an.–Alkatea, Arkaitz Goikoetxea Arriola.
Aurrekontu partizipatiboen udal erregelamendua
LEHENBIZIKO TITULUA.–Oinarrizko printzipioak
Printzipioen adierazpena.
–Prozesu irekia eta unibertsala.
Aurrekontu partizipatiboak irekiak eta unibertsalak izanen dira, Lekunberrin erroldatutako herritar guztientzat. Parte-hartzaile bakoitzak erabakitzeko ahalmen bera du, salbu adinarengatik erabakitzen diren murrizketen kasuan. Bozketa unibertsala izanen da (pertsona bat, boto bat).
–Prozesu plurala eta askotarikoa izanen da.
Lekunberriko pluraltasunaren eta dibertsitatearen isla izanen dira aurrekontu partizipatiboak.
–Prozesu argia eta gardena.
Herritarrei ezagutzera emanen zaizkie aurrekontu partizipatiboak, eta gardenak izanen dira haien garapena, erregelamendua eta edukiak. Ahalik eta argienak izanen dira prozesuko hizkuntza eta materialak, errazagoa izan dadin herritar guztiek ulertzea eta parte-hartzea.
–Prozesu hitzartua eta adostua.
Adostasunak eta erabakiak hartzea oinarritzat harturik eratuko dira aurrekontu partizipatiboak, herritarren ahalik eta adostasun handienarekin.
–Deliberazio-prozesu bat, autoerregulatua.
Sortutako erregelamenduaren bidez arautuko dira aurrekontu partizipatiboak. Arau multzo hori dokumentu batean ("Autoerregelamendua") jasoko da, eta dokumentu horrek balioko du arauak ezartzeko, aurrekontu partizipatiboaren prozesuan, haren urrats eta ekintza guztietan.
–Prozesu aholku-emaile eta loteslea.
Aurrekontu partizipatiboek kontuan hartuko dituzte herritarren iritziak, eta hartzen diren azken erabakiek politikoki lotesleak izanen dira, eta urteko udal aurrekontuan sartuko dira.
–Kudeaketa eta erantzukizun partekatuko prozesua.
Aurrekontu partizipatiboek bultzatuko dute prozesuaren erantzukizun eta kudeaketa partekatua, herritarren eta tokiko administrazioaren artean.
–Prozesu dinamikoa eta malgua.
Aurrekontu partizipatiboak malgu eta etengabe egokituko dira Lekunberriko testuingurura, bertako biztanleetara, zuzeneko parte-hartzaileetara eta prozesuaren garapenera.
–Prozesu sozialki justua eta solidarioa.
Aurrekontu partizipatiboek, beren garapenean eta proposamenetan, izanen dituzte justizia sozialeko irizpideak eta jasangarritasuneko irizpideak, mesede eginen dietenak Lekunberriko udalerriari eta bertako biztanleei.
–Prozesu irisgarria.
Aurrekontu partizipatiboek erraztasunak emanen dituzte Lekunberriko biztanle guztiak iristeko prozesura, edo prozesua eskura izateko, berdintasun-baldintzetan.
–Prozesu integratzailea eta inklusiboa.
Aurrekontu partizipatiboek sortu nahi dute parte-hartze sozialeko esparru bat, non Lekunberriko herritarrak sentituko diren aktiboak eta partaide, beren udalerriko bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean.
–Prozesu ekitatiboa eta berdintasunezkoa.
Aurrekontu partizipatiboek bultzatuko dute gizon eta emakumeentzako ekitatea eta berdintasuna, prozesuaren etapa guztietan eta urteko udal aurrekontuko proposamenak garatzean, behin Udaleko osoko bilkurak onetsitakoan.
–Prestakuntza- eta hezkuntza-prozesu bat.
Aurrekontu partizipatiboen helburu bat da tresna bat izatea, ikas daitezen gizartean parte hartzeko gaitasunak, eta gaitasun horiek garatu daitezen.
–Prozesu jasangarria (ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik).
Aurrekontu partizipatiboek bultzatuko dute prozesuaren jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, etapa guztietan, baita urteko udal aurrekontuko proposamenak garatzean ere, behin Udaleko osoko bilkurak onetsitakoan.
BIGARREN TITULUA.–Antolaketa
Lurralde egitura.
1. artikulua. Lurralde eremua.
Prozesuan dago sartuta Lekunberriko udalerriaren lurralde eremu osoa.
Antolaketa egitura.
2. artikulua. Parte-hartzaileak.
Prozesuan hiru biztanle-talde egonen dira (kontuan hartuz udalerrian duten erantzukizuna): herritarrak, teknikariak eta politikariak.
Lekunberrin erroldatuta dagoen edonork parte hartu ahal izanen du aurrekontu partizipatiboetan (eztabaidatu, proposatu, erabaki). Erroldatu gabeko egoiliarrek aktiboki parte har dezakete prozesuan, hitzarekin baina botorik gabe.
Denek egin ditzakete aurrekontu partizipatiboetarako eskaerak eta proposamenak, adin mugarik gabe. Hala ere, 16 urtetik gorakoek soilik (urte horretan betetzen dituztenek ere bai) hartu ahal izanen dituzte erabakiak aurrekontu partizipatiboari buruz.
Prozesuan, beharrezkotzat jotzen denean (proposamenak aurkeztean, bozketak egitean etab.), parte-hartzaileek beharko dute beren burua akreditatu eta dokumentatu, agiri hauetako bat aurkeztuz: Nortasun-agiri nazionala (NANa), pasaportea, atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ) edo gidabaimena. Dokumentu horiek baliozkoak izan beharko dute, indarrean egon beharko dute.
3. artikulua. Antolaketa egitura.
3.1. Osoko bilkura:
Udalaren organoen artean, Osoko Bilkurak du ardura behin betiko onesteko aurrekontu partizipatiboen metodologia, betiere Herritarren Partaidetzaren Batzordeak eskatuta. Hark onetsiko du erregelamendu honen edozein aldaketa, eta, orobat, hark sartuko du aukeratutako proposamena Udalaren aurrekontuetan.
3.2. Aurrekontu Partizipatiboen Batzordea:
Aurrekontu Partizipatiboen Batzordearen ardura da Lekunberriko aurrekontu partizipatiboen prozesua koordinatzea. Batzorde horretan trukatuko dira iritziak, eginen dira azterketak, hartuko dira erabakiak eta eztabaidatuko da, aurrekontuen prozesuari buruz. Behar adina bilera eginen dira aurrekontu partizipatiboen prozesuan. Honela egonen da osatua:
–Lekunberriko Udaleko alkate udalburua.
–Udal talde bakoitzeko ordezkari bat.
–Lekunberriko Udaleko idazkaria: Udaleko arkitektura lantaldea + Udal Idazkaritza.
–Lekunberriko bi herritar heldu, 16 urteak beterik dituztenak. (Zozketaz aukeratuko dira bi horiek, iragarkia egin ondoren aurkezten diren guztien artetik).
Eginkizun hauek izanen ditu batzordeak:
–Prozesuko egutegia zehaztea.
–Aurkeztutako proiektuak aztertzea, eta egiaztatzea irizpide horiek betetzen dituztela.
–Proiektu batek irizpide bat betetzen ez badu, arrazoiak azaltzea, eta sustatzaileei horren berri ematea, behar diren zuzenketak egin ditzaten.
–Proiektu bakoitzaren puntuazioa zehaztea, eta azken emaitzaren berri ematea.
HIRUGARREN TITULUA.–Proposamenak eta haiek lehenestea
Proposamenak.
4. artikulua. Proposamenen ezaugarriak.
Proposamenak zuzenduko zaizkie Lekunberriko Udalari edo/eta hango herritarrei. Herritar bakoitzak edo herritarren talde bakoitzak proposamen bakarra egin dezake.
Gauzatu beharko dira uneko urteko aurrekontu-ekitaldian, urte naturalean edo dagozkion luzapenetan.
Proposamenak jendaurrean ikusgai daudenean, anonimoak izanen dira.
5. artikulua. Proposamenak aurkeztea.
Herritarrek epe barnean aurkeztu behar dituzte proposamenak, parte hartzeko guneen bidez eta proposamenak biltzeko kanal eta guneen bidez.
Proposamenak aurkezteko, emanen da oinarrizko inprimaki labur eta erraz bat, ezaugarri nagusiak azaltzeko: proposamenaren izenburua, justifikazioa, helburuak, deskribapena, gutxi gorabeherako aurrekontua eta aukerako datuak.
Proposamenak identifikatuko dira proposatzen dituzten pertsonekin, eta parte-hartzaileek akreditatu egin beharko dute nor diren, eta dokumentatu: nortasun-agiri nazionalaren bidez (NANa), pasaportearen bidez, atzerritarraren identifikazio-zenbakiren bidez (AIZ) edo gidabaimenaren bidez. Betiere, formularioan jarri behar dira proposamenak aurkezten dituen pertsonaren datu hauek: frogagiriaren zenbakia, adina eta sexua.
16 urtetik beherako pertsona bada (barnean dira urte horretan 16 urte betetzen dituztenak), heldu batek aurkeztu beharko du proposamena.
Bizilagun batek bere proposamena udaletxean aurkeztu ezin duenean, beste pertsona bati baimena ematen ahal dio, bere izenean aurkez dezan.
Lekunberriko udaletxeko bulegoetan jaso ahal izanen da proposamenen inprimakia. Udalaren web-orritik ere deskargatu ahal izanen da. Kanpoan geldituko dira inprimaki ofizialean aurkezten ez diren proposamenak.
Proposamenak aurkezteko, proposamenen formularioa behar bezala beteta entregatu beharko da Lekunberriko udaletxeko bulegoan.
Formularioa betetzeko, Udaleko langileek laguntza emanen dute, proposamenak inprimakiaren eredura eramateko. (Ikus 2. eranskina).
Proposamenak lehenestea.
6. artikulua. Proposamen guztiei aplikatu beharreko irizpideak.
Aurrekontu Partizipatiboen Batzordeak baloratuko du zer proposamenek betetzen dituzten irizpideak, aurrekontu partizipatiboetan sartzeko. Proposamenak onartzeko, honako irizpide hauek bete behar dira:
Proposamena zuzentzen zaie Lekunberriko udalerriari (osorik edo zati batean) eta/edo bertako herritarrei.
Proposamena udal esparrukoa eta eskumenekoa izanen da.
Urte bereko aurrekontu-ekitaldian gauzatuko da proposamena.
Proposamenak udalerriaren beharrei erantzunen die.
Proposamena izanen da zehatza, mugatua eta ekonomikoki ebaluatzeko modukoa.
Proposamenak ezin ditu pertsonak baztertu, generoagatik, arrazagatik, adinagatik eta abarrengatik.
Proposamen batek ez badu irizpideetako bat betetzen, aurrekontu partizipatiboetatik kanpo geldituko da aldi baterako, eta sustatzaileei beti emanen zaie aukera eta orientazioa beren proiektuaren edukian edo forman egindako akatsak konpontzeko eta parte-hartzea ahalbidetzeko, betiere aurrekontu partizipatiboen espiritua errespetatuz.
Aurrekontu partizipatiboetan, proposamen bakar batean bateratu daitezke zenbait proposamen, baldin eta berdinak edo elkarren osagarriak badira eta aurrekontu partizipatiboen mahai teknikoak hala irizten badio.
Aurrekontu partizipatiboetan sartzen diren proposamenak zabaldu eginen dira, eta jendaurrean azalduko dira, modu anonimoan.
Betiere, proposamenak aurkezten dituztenek aukera izanen dute beren proposamena nahi bezala iragartzeko.
7. artikulua. Proposamenak lehenestea.
Bi sistemaren bidez puntuatuko dira herritarren proposamenak:
Aurrekontu partizipatiboen printzipio eta irizpide teknikoak puntuatzea.
Herritarren zuzeneko bozketa.
Proposamen bakoitzaren guztizko puntuazioa kalkulatzeko, kontuan hartuko da sistema horietako bakoitzari emandako portzentajea:
Aurrekontu partizipatiboen printzipio eta irizpide teknikoen puntuazioa hau izanen da: proposamenaren puntuazio osoaren %25.
Herritarren zuzeneko bozketa izanen da proposamenaren puntuazio osoaren %75.
Behin zehazturik zer emaitza lortu den herritarren zuzeneko bozketatik eta printzipio eta irizpide teknikoetatik, proposamenak antolatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera, proposamenak handienetik txikienera ordenatuz. (Ikus 3. eranskina).
8. artikulua. Bozketa-sistema.
Aurrekontuetan, botoa emateko, 16 urtetik gorakoa izan behar da, edo urte horretan bete behar dira.
Behin proposamenak aukeraturik, iragarri eginen dira, eta, horrekin batera, bozketarako eguna, tokia eta orduak, behar besteko denboraz.
LAUGARREN TITULUA.–Prozesuaren ebaluazioa
eta autoerregelamendua aldatzea
Autoerregelamenduaren ebaluazioa eta aldaketa.
9. artikulua. Prozesuaren ebaluazioa.
Aurrekontu partizipatiboen prozesua aztertzeko, azken ebaluazio hauek eginen dira:
Bizilagunen ebaluazioa. Horretarako, Aurrekontu Partizipatiboen Batzordearen bilera bat eginen da.
Aurrekontu partizipatiboen prozesuan autoerregelamenduari egindako zuzenketak edo ekarpenak.
Prozesu osoaren bukaerako memorian jasoko da ebaluazio horien emaitza.
10. artikulua. Autoerregelamendua aldatzea.
Autoerregelamendua aldatzeko, kontuan hartuko da prozesu osoaren bukaerako memoria.
Aurrekontu Partizipatiboen Batzordeak Udaleko osoko bilkuran planteatu dezake autoerregelamendua aldatzeko, kontuan hartuz prozesuan jasotako ekarpenak eta proposamenak.
BOSGARREN TITULUA.–Prozesu osoan egin beharreko mugarri bakoitzaren datak
1.–Herritarren Batzarra: 2024ko martxoaren 19an, 19:30ean.
2.–Oinarriak jendaurrean jartzea: Martxoaren 20an.
3.–Proposamenak aurkeztea: Azken eguna: apirilaren 21ean.
4.–Aurrekontu Partizipatiboen Batzordearen bilkura: apirilaren 22ko astean.
5.–Proposamenak zuzentzeko aldia: apirilaren 29ko astean.
6.–Aurrekontu Partizipatiboen Batzordea: maiatzaren 6ko astean.
7.–Bozketa, bertaratuta: maiatzaren 10ean.
ERANSKINAK
Eranskinetarako sarrera.
Prozesu guztia bukatu arte, ezin izanen dira aldatu Lekunberriko aurrekontu partizipatiboen autoerregelamenduaren eranskinak. Prozesua bukatutakoan, ebaluazioen emaitzak aztertu ondoren, Batzordeak planteatuko ditu autoerregelamenduaren balizko aldaketak, aurrekontu partizipatiboen hurrengo prozesurako.
1. ERANSKINA.–ZENBATEKOA
Hauek dira 2019ko aurrekontu partizipatiboen prozesuan irekita dauden udal gastuko zenbatekoak: 15.000 euro (BEZa barne).
2. ERANSKINA.–PROPOSAMENAK AURKEZTEKO INPRIMAKIA
IZEN-ABIZENAK: ..............................................................................................................................
Nortasun-agiri nazionala (NANa): .......................................................................
TELEFONOA: .........................................................
HELBIDE ELEKTRONIKOA: ..................................................................................................................
DATA: ......................................................................
PROIEKTUAREN ARRAZOIA .........................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................
PROIEKTUAREN AZALPENA ..................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................
AURREKONTUA: ..................................................
3. ERANSKINA.–AURREKONTU PARTIZIPATIBOEN PRINTZIPIO
ETA IRIZPIDE TEKNIKOAK PUNTUATZEA
Aurrekontu partizipatiboetako printzipio eta irizpide teknikoei dagokienez, Lantaldeak puntuatuko du proposamen bakoitza.
–Estrategikoa eta jarraitua (3 puntu bitarte).
Posible da proposamenak hurrengo urteetan jarraitzea eta iraupena eta inpaktua izatea.
- 0 urte eta urte bat bitarte: 0 puntu.
- Urte bat eta 5 urte bitarte: puntu bat.
- 5 urte eta 10 urte bitarte: 2 puntu.
- 10 urtetik gora: 3 puntu.
–Sozialki justua (3 puntu bitarte).
Proposamenak Lekunberriko jende frankori eragiten die.
- Biztanleen %0tik %25era: 0 puntu.
- Biztanleen %26tik %50era: puntu bat.
- Biztanleen %51tik %75era: 2 puntu.
- Biztanleen %76tik %100era: 3 puntu.
–Irisgarria eta solidarioa (6 puntu bitarte).
Proposamena zuzentzen zaie udalerrian premia handiena duten herritarrei edo esparruei.
Udalerrian premia handiena duten herritarrak: Adin-taldeak (haurrak, gazteak, adinekoak), desgaitasuna duten pertsonak (fisikoa, psikikoa edo sentsoriala), aukera gutxien duten kolektiboak (langabeak, migratzaileak, gutxiengo kulturalak) eta abar.
–Garrantziaren-urgentziaren balorazio teknikoa:
- Esku-hartzeko beharrik ez: 0 puntu.
- Esku-hartzeko beharra dago: puntu bat.
- Esku-hartze garrantzitsua: 2 puntu.
- Esku-hartze urgentea: 3 puntu.
Udalerrian behar handiena duten udalerriko espazioak eta eremuak.
–Garrantziaren-urgentziaren balorazio teknikoa:
- Esku-hartzeko beharrik ez: 0 puntu.
- Esku-hartzeko beharra: puntu bat.
- Esku-hartze garrantzitsua: 2 puntu.
- Esku-hartze urgentea: 3 puntu.
–Ekitatiboa eta berdintasunezkoa (puntu bat bitarte).
Proposamenak bultzatzen du emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna. Indartzen ditu emakumeen eta gizonen parte-hartze, erantzunkidetasun eta presentzia orekatuak. Kontuan hartzen ditu kontziliazio pertsonalerako beharrak (genero desberdintasunak, etxeko eta zaintzako lanen banaketan). Emakumeen ekarpenak ikusarazten ditu. Hezkidetza sustatzen du. Beste batzuk.
Ez: 0 puntu.
Bai: puntu bat.
–Integratzailea eta inklusiboa (puntu bat bitarte).
Proposamenak bultzatzen ditu herritarren parte-hartzea eta artikulazioa. Laguntzen du sortzen herritarren sare autonomo bat, partizipatiboa eta konprometitua. Espazio eta bide batzuk indartzen ditu, horien bidez komunikatu eta koordinatu daitezen udalerriko sektoreak eta gizarte-taldeak. Bultzatzen ditu, udalerrian, demokrazia partizipatiborako ekimenak edo espazioak.
Ez: 0 puntu.
Bai: puntu bat.
–Prestakuntzakoa eta hezkuntzakoa (puntu bat bitarte).
Proposamenek on egiten diete herritarren ikaskuntza eta trebakuntza prozesuei. Lagungarria da, eskuratzeko udalerria garatzeko beharrezkoak diren gaitasunak (jarrerak, trebetasunak eta kontzeptuak).
Ez: 0 puntu.
Bai: puntu bat.
–Ingurumen jasangarritasuna. Ingurumen-inpaktua Lekunberrin (4 puntu bitarte).
Proposamenak minimizatzen du Lekunberriko ingurumeneko inpaktua, edo biltzen ditu ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak. Ingurumen-inpaktua da jarduera batek ingurunean sortzen duen eragina. Horrek esan nahi du badirela inpaktu negatiboak (kaltegarriak) eta positiboak (onuragarriak).
- Ingurumenaren-inpaktu negatiboa: 0 puntu.
- Ingurumen-inpaktu negatibo apala (edo dagoen inpaktua gutxitzen du): puntu bat.
- Ingurumen-inpakturik ez: 2 puntu.
- Ingurumen-inpaktu positiboa: 4 puntu.
–Mantentze-kostua (4 puntu bitarte).
Proposamenak ez du mantentze-kosturik, edo ahalik eta kostu txikiena du.
- Urteko kostuaren %10etik gorako kostua: 0 puntu.
- Urteko kostuaren %10etik beherako kostua: puntu bat.
- Urteko kostuaren %5etik beherako kostua: 2 puntu.
- Ez du kosturik: 3 puntu.
- Kostuak murrizten ditu: 4 puntu.
–Baliabide propioak erabiltzen ditu (puntu bat bitarte).
Proposamena gauzatu daiteke herrian dauden baliabideak erabiliz (azpiegiturak, materialak, langileak eta abar). Proposamenaren kostua kalkulatzeko, udal-gastua ere jasoko litzateke.
Ez: 0 puntu.
Bai: puntu bat.
–Euskara. Hizkuntza-normalizazioa (2 puntu bitarte).
Proposamenek bultzatzen dituzte hizkuntza normalizatzeko prozesuak, hezkuntza prozesuekin, edo euskara integratuz herriaren eta/edo herritarren egunerokoan.
Ez: 0 puntu.
Bai: 2 puntu.
–Proposamen berriak (puntu bat bitarte).
Proposamena berria da, eta ez du onurarik izan aurreko urteetako aurrekontu partizipatiboetan.
Ez: 0 puntu.
Bai: puntu bat.
4. ERANSKINA.–IZAPIDETZEA
Baldin proiektu irabazlea ez bada iristen ezarrita dagoen 15.000 euroko kopurura, eta, beraz, soberakinik badago, soberakina eskainiko zaie, puntuazio-ordenaren arabera, gainerako proiektuei, beren proiektua gauzatzeko zenbateko hori erabili nahi badute ere.
Proiekturen bat 15.000 eurotik gorakoa bada, aurkeztu beharko da bideragarritasun- eta finantzaketa-plan bat.
Proiektu irabazlea gauzatzeko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, izendatzen denetik kontatzen hasita. Epe hori gainditzen bada jakinarazpenik edo justifikaziorik gabe, Mahai Teknikoak erabakiko du luzapena onartzen duen edo ez, eta erabaki ahal izanen du proiektu irabazleari dagokion aurrekontu-zuzkidura baliogabetzea lehiaketaren baldintzak ez betetzeagatik.
Iragarkiaren kodea: L2408128
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
