1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
277/2024 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2024an abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko deialdia onesten duena 2024rako. DDBN identifikazioa: 760084.
Nafarroako Foru Komunitatean urtean zehar abere lehiaketak egiten dira, tokikoak, eskualdekoak edo erregionalak, hainbat modutara emanak: erakusketa, enkantea, txapelketa, erakustaldia, azoka edo feria. Ekitaldi horien sailkapena haien lurralde-eremuaren arabera ezartzen da, kontuan hartuta antolatzaileek baimena emateko unean aurkezten duten memoria.
Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 24.2.a) artikuluan xedatuarekin; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.
Kontuan hartuta iraupen bera izan ohi dutela Europar Batasunaren aurrekontuak eta laguntza araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurreikusten du zenbait laguntza kategoria sortzea, 2029ko abenduaren 31ra artekoak, oro har.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira 2023-2029 aldian abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko.
Ondoren, Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso izanaren adierazpena egin zuen, eta salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena erregistratu zuen SA.107797 laguntza-zenbakiarekin.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.
Ebazpen honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateak abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzen deialdia onesten du 2024rako.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzen deialdia onestea 2024rako.
2. 2024. urteari dagokion laguntzaren eskaerak aurkezteko epea hilabeteko epean amaituko da, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
3. Deialdi honetan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenean xedatutakoa aplikatuko da. Ebazpen horren bidez, abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira, 2023-2029 aldirako.
4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
5. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 297/2023 Ebazpenaren hamahirugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
6. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 55.000 gastua baimentzen da, 2024ko gastu-aurrekontuen "Abere feriak eta lehiaketak" izeneko 710004 71300 4609 412200 partidaren kargura.
7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
9. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 9an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
Iragarkiaren kodea: F2407610