Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
65E/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana; honen bidez onesten da Nafarroako toki erakundeendako dirulaguntza deialdia, kirol instalazioak eraberritzeko 2024an. DDBN identifikazioa: 762350.
Kirolak Nafarroako toki erakundeetan eragiten dituen lehentasunetako bat da kirol instalazioak eraikitzea, handitzea eta hobetzea, kirola behar bezala egin ahal izateko. Xede horretan laguntzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren bitartez, beharrezkotzat jo du dirulaguntzak emateko deialdi bat ezartzea, eta hartan argitzea kirola sustatuko duten dirulaguntzak arautzeko irizpideak, kirola baita, hain zuzen ere, bizi kalitatearen hobekuntzaren oinarrizko ardatzetako bat; kirol azpiegiturak arautzea eta hobetzea.
Kontuan izanik 2022tik toki erakundeei ez zaiela dirulaguntzarik eman Nafarroako kirol instalazioak birmoldatu, kontserbatu eta eraikitzeko, eta kirol instalazioen arloan inbertsioak egitea beharrezkoa izaten dela, instalazio horiek gaurkotu beharrak izaten direlako, beharrezkoa da 2024an kirol instalazioak eraberritzeko laguntza deialdi bat egitea.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, bere 6.2 o) artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dio kirol jarduerak sustatzeko eskumena, laguntza eta dirulaguntzak emanez horretarako. Halaber, 79.5 artikuluan ezartzen da Nafarroako Gobernuak sustatzen ahalko duela Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haiei loturiko jarduketak egitea.
2022-2025 eperako idatzitako Nafarroako Kirol Azpiegituren Plan Zuzentzaileak, 10. puntuan, jarduketen proposamenak, adierazten du herritarrentzat kirola egitea erraztuko eta bermatuko duen instalazio sarea mantentzeko, udalen kirol instalazioetan berrikuntzak egiteko deialdiak bultzatu beharko liratekeela.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea laguntza publiko guztien arau-esparrua da, eta hor ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, betebeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Toki erakundeei 2024an kirol instalazioetan eraberritze lanak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea, foru agindu honen I. eranskinean jaso diren oinarrien arabera.
2. 1.000.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura: A50000 A5000 7609 336102 "Toki Erakundeak, kirol instalazioak berritzea".
3. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.
4. Foru agindu hau, bere oinarri arautzaileak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Dokumentu horiek guztiak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren web-orrietan.
5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 20an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Foru agindu honen xedea da 2024an Nafarroako toki erakundeei kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea. Inbertsioak kirol instalazioetan berrikuntzak egitera bideratu beharko dira, erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen hobekuntza ekarriko dutenak, betiere, aurreikusitako jarduketari aplikatu beharreko araudi teknikoa beteta.
Jarduketa motaren arabera, inbertsioak bideratuko dira modu esklusiboan lehendik eraikitako instalazioetan egin beharreko berrikuntzak egitera, alde batera utzita obra berrietarako eta handitze lanetarako inbertsioak. Obrak 2024an hasi eta 2024ko azaroaren 15a baino lehen bukatu behar dira, 12. oinarrian aurreikusitako salbuespenarekin.
Administrazio publikoen baliabideak errentagarriak izan daitezen, eta jarduera administratiboaren oinarri nagusi diren eraginkortasun, efizientzia eta ekonomiaren printzipioak bete daitezen, Nafarroako toki erakunde bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du deialdi honetan, instalazio bakoitzeko.
2. Helburua.
Deialdi honen helburua da toki erakundeetako erabilera publikoko kirol instalazioak bultzatzea, Nafarroako Foru Komunitateko bizilagunek, kirol praktikaren bidez, aukera izan dezaten bizi kalitate handiagoa izateko eta bizikidetzan eta elkartasunean oinarritutako jarduera soziala garatzeko, horiexek baitira kirolak sustatutako balioak. Horren guztiaren helburua Nafarroako herritarren ohitura osasuntsuak eta jarrera zibikoak hobetzea da.
3. Onuradunak.
Dirulaguntzen araubide honetan sartzen ahalko dira kirol instalazioak berritzeko proposamena egiten duten Nafarroako toki erakundeak; lanak 2024an hasi eta 2024ko azaroaren 15a baino lehen amaitu beharko dira, 12. oinarrian aurreikusitako salbuespenarekin. Alde batera uzten dira instalazioaren mantentze eta kontserbazio lanak.
Ez dira onartuko 2023 edo 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura laguntzak jaso dituzten Nafarroako toki erakundeen eskaerak, jasotako laguntza haien helburua baldin bazen oraingo eskaera honen xede diren kirol instalazioen eraikuntza edo eraberritzea finantzatzea, erabilitako esleipen prozedura edozein dela ere.
Azkenik, deialditik bazter utziko dira erabilera publikoko igerilekuetako ontziak aplikatu beharreko araudira egokitzeko eskaerak (urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua; haren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene, osasun eta segurtasun baldintzak).
4. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.
4.1. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Eskaera orria, behar bezala betea, eta datuen aitorpena (II. eranskina).
b) Gauzatu beharreko obren memoria baloratua, non deskripzio-memoria xehatu bat jasoko baita, egin beharreko obrak eta haien planoak, egungo egoeraren argazkiak, eta kapituluz kapituluko aurrekontua, proiektuko eta zuzendaritzako ordainsariak barne.
c) Obraren xedeko lurren edo eraikinen jabetza ziurtagiria, indarrean den hirigintzako araudiarekin bateragarriak direla eta obrak hasteko unean erabiltzeko moduan egonen direla adierazita.
Lurren titularra Nafarroako Gobernua bada, lurren erabilera lagatzeko egiaztagiria aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak emana.
d) Inbertsioaren baterako finantzaketaren ziurtagiria, espresuki adierazita beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso diren dirulaguntzak, III. eranskineko eredua erabiliz.
Baldin dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren beste erakunde publiko edo pribatu batzuen finantzaketa jasotzen bada, toki erakundeak baterako finantzaketaren aitorpena aurkeztu beharko du.
e) Toki erakundearen ziurtagiria, non jasoko baita honako konpromiso hau biltzen duen erabakia: instalazioa dirulaguntzaren xede den helburu zehatzerako mantenduko duela gutxienez 5 urtez.
f) Kirol Instalazioen Tokiko Plana (KITP), IV. eranskinaren arabera, eta entitateak KITP bat baldin badu, dirulaguntzaren xede den jarduketa lehentasunezkotzat jotzen duen dokumentuaren eranskina bidali beharko du.
Kirol instalazioen tokiko plana prestatzeko Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren dirulaguntza jaso bada, aski da laguntza ematen duen ebazpena aipatzea eta honen aurreko paragrafoan aipatutako eranskina bidaltzea.
g) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
h) Tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
i) Ziurtagiri bat, erakundearen legezko ordezkariak emana, zeinetan adieraziko baita udalerriko kirol instalazioak eguneratuta daudela Nafarroako Kirol Instalazioen Erroldan, eskatutako dokumentazioa aurkeztu baino lehenago.
Era berean, dirulaguntza eskatzen duen erakundeak ziurtagiri horretan jaso beharko du eguneratuta daudela bere jabetzako kirol instalazioetako kirol espazioen segurtasun akta guztiak.
j) Erakundearen legezko ordezkariak emandako ziurtagiria, V. eranskineko ereduaren araberakoa, zeinetan adieraziko baita egin beharreko inbertsioari dagokion BEZa berreskuratu edo konpentsatu daitekeen edo ez, bete dadin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoa.
k) Toki erakunde eskatzaileari bere eskaera oinarritzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, foru agindu honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.
4.2. Dokumentuek jatorrizkoak izan beharko dute, edo administrazioak kautotutako kopiak.
4.3. Esandako dokumentazioaren aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo agiriren bat falta bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio ikusitako akatsa telematikoki zuzentzeko, gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Horretarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaio, eta ohartaraziko zaio epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikulua betez.
5. Aurkezteko tokia eta epea.
5.1. Dirulaguntzaren eskaera eta hasierako dokumentazioa aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.
5.2. Dirulaguntzaren eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabilita. Helbide horretan esteka bat izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.
5.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraiki. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eta telematikoki aurkezten ez diren eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8. eta 66.6. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzentzen ahalko.
5.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
6. Dirulaguntzaren instrukzioa.
6.1. Laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak eginen du. Atal horrek aurkeztu diren agiriak tramitatu, baloratu eta aztertuko ditu, foru agindu honen I. eranskinaren 4. oinarrian ezarritakoari jarraiki. Aurkezten edo eskatzen diren agirietan dagoen informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die toki entitate eskatzaileei, eskaerak hobeki ebaluatzeko.
Azpiegiturak Kudeatzeko Atalak dirulaguntzaren proposamena eginen du eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari helaraziko dio. Hark dirulaguntzen deialdia ebatziko du.
6.2. Azpiegituren Kudeaketaren Atalak zilegi du gaian eskumenak dituzten instituzioei eta erakundeei txostenak eskatzea, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, balio izanen dute dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko.
7. Hautaketa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
7.1. Deialdi honetarako, 1.000.000 euro bideratu dira. Diru kopuru hori hiru multzotan banatuko da (jarduketak eginen diren toki erakundeetako biztanleen kopuruaren arabera), bakoitzari honako zenbateko hauek esleituta:
a) 12.001 biztanle edo gehiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak: 120.000 euro arte.
b) 3.001 eta 12.000 biztanle arteko toki entitateen kirol instalazioetako jarduketak (bi zifrak barne): 280.000 euro arte.
c) 3.000 biztanle edo gutxiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak. 600.000 euro arte.
7.2. Deialdi honetan laguntzen onuradun ateratzen diren toki erakundeek, a) eta b) apartatuak, orokorrean, aurkezten duten proiektuko kirol obraren aurrekontuaren %60rainoko dirulaguntza lortzen ahalko dute; 60.000 euroko gehieneko mugarekin.
3.000 biztanle edo gutxiago, c) apartatua, dituzten toki entitateen kirol instalazioetako jarduketek aurrekontuaren %80ko dirulaguntza jasotzen ahalko dute, 80.000 euroko gehieneko mugarekin.
7.3. Lehenik, apartatu honetako eskaeren dirulaguntzak esleituko dira: a) "12.001 biztanle baino gehiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak". Baldin eta atal horretan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun ondoren ez bada agortzen atal horri dagokion dirua, soberako zenbatekoa atal honetarako erabiliko da: b) "Jarduketak 3.001 eta 12.000 biztanle arteko toki erakundeetako kirol instalazioetan". Baldin apartatu horri dagozkion eskaera guztiei erantzun ondoren dirua geratzen bada, soberakoa beste apartatu honetarako erabiliko da, kreditu osoa agortu arte: c) "3.000 biztanle edo gutxiagoko toki erakundeetako kirol instalazioetako jarduketak".
7.4. Bi eskaera edo gehiagoren artean puntu berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duen toki erakundearen alde ebatziko da.
8. Balorazio irizpideak.
Prozedura: lehenbizi eskaerak baloratuko dira, biztanleriari dagokionez aipatu diren hiru apartatuetako bakoitzean, eta ondoren jarduketari dagokionez. Bi kasuetan ere, hurrengo paragrafoetan jasotako irizpideei jarraikiz baloratuko da, eta eskaera bakoitzari dagokion dirulaguntza emanen zaio, 7. oinarrian ezarritako portzentajeak eta gehieneko kopuruak kontuan hartuta.
A.–BIZTANLERIA | 40 PUNTU GEHIENEZ |
A.1.–Biztanle kopurua | 20 puntu |
A.2.–Biztanleria dentsitatea | 10 puntu |
A.3.–Despopulazio arriskuaren indizea | 10 puntu |
B.–JARDUKETA | 60 PUNTU GEHIENEZ |
B.1.–Inbertsioa | 18 puntu |
B2.–Instalazioaren antzinatasuna | 18 puntu |
B.3.–Jarduketa egitekoa den espazioa | 8 puntu |
B.4.–Irisgarritasunari egindako ekarpena | 5 puntu |
B.5.–Efizientzia energetikoari egindako ekarpena | 5 puntu |
B.6.–Aurreko urteetan jasotako dirulaguntzak | 6 puntu |
A.–Dirulaguntza eskatzen duen toki erakundearen biztanleriaren arabera: 40 puntura arte.
A.1.–Biztanle kopurua. 20 puntu gehienez.
Puntuen gehieneko kopurua emanen zaio populazio gutxieneko toki erakundeari, eta gainerako toki erakundeei emanen zaie dagokien balio haztatua, alderantzizko hiruko erregela aplikatu eta gero.
A.2.–Biztanleria dentsitatea. 10 puntu gehienez.
Puntuen gehieneko kopurua emanen zaio populazio gutxieneko toki erakundeari, eta gainerako toki erakundeei emanen zaie dagokien balio haztatua, alderantzizko hiruko erregela aplikatu eta gero.
A.3.–Despopulazio arriskua. 10 puntu gehienez.
Gehieneko puntuazioa emanen zaie despopulazio arriskuan dauden entitateei, despopulazio maila edo mota kontuan hartuta, dokumentu honen arabera: "Nafarroan despopulazio arriskuan dauden eskualde eta udalerrien mapa. Udalerrien araberako despopulazioaren zonifikazioa eta kategorizazioa"; Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak egin zuen eta 2022ko otsailean eguneratu zuen.
MOTA | PUNTUAZIOA | |
1 | Muturreko arriskua | 10 |
2 | Arrisku bizia | 8 |
3 | Arrisku garrantzitsua | 6 |
4 | Gainbehera bizia | 4 |
5 | Gainbehera moderatua | 2 |
6 | Ahula | 1 |
"Nafarroako despopulazioaren mapa" dokumentua esteka honetatik deskargatu daiteke: https://administracionlocal.navarra.es/areas/despoblacion-mapanavarra/default.aspx.
B.–Proposamenaren balorazio estrategikoa: 60 puntu gehienez.
B.1.–Inbertsioa. 18 puntu gehienez.
Inbertsiorako beharrezko zenbatekoei jarraikiz, eta aurkeztutako aurrekontuaren arabera, 1 puntu inbertsioko 5.000 euroko. 18 puntu gehienez.
B.2.–Instalazioaren antzinatasuna. 18 puntu gehienez.
Berritzeko lanak eginen diren tokian. Toki erakundeko idazkaritzaren edo idazkaritza/kontu-hartzailetzaren titularraren ziurtagiria eskatuko da: 18 puntu gehienez.
–51 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 18 puntu.
–50 urte edo gutxiagoko eta 41 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 16 puntu.
–40 urte edo gutxiagoko eta 31 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 12 puntu.
–30 urte edo gutxiagoko eta 21 urte baino gehiagoko antzinatasuna: 8 puntu.
–20 urte edo gutxiagoko antzinatasuna: 4 puntu.
B.3.–Jarduketa eginen den espazio motaren arabera: 8 puntu arte.
–Jarduketa kirol espazioan bakarrik eginen da: 8 puntu.
–Jarduketa kirol espazioan eta espazio osagarrietan eginen da: 4 puntu.
–Jarduketa espazio osagarrietan soilik eginen da: puntu 1.
B.4.–Kirol instalazioaren irisgarritasuna errazten du: 5 puntu gehienez.
–5 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %30 edo gehiago bideratu bada irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera.
–3 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %30 baino gutxiago eta %10 baino gehiago bideratu bada irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera.
–1 puntu emanen da baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %10 baino gutxiago eta %0 baino gehiago bideratu bada irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera.
–Desgaitasunaren ikuspegitik ez du ekarpenik egiten: 0 puntu.
B.5.–Instalazioaren efizientzia energetikoa hobetzeko ekarpena egiten da: 5 puntu arte.
–5 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %50 edo gehiago bideratu bada instalazioaren efizientzia energetikoa hobetzeko ekintzetara.
–3 puntu emanen dira baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %50 baino gutxiago eta %20 baino gehiago bideratu bada instalazioaren efizientzia energetikoa hobetzeko ekintzetara.
–1 puntu emanen da baldin eta jarduketaren aurrekontu osoaren %20 baino gutxiago eta %0 baino gehiago bideratu bada instalazioaren efizientzia energetikoa hobetzeko ekintzetara.
–Instalazioaren efizientzia energetikoa hobetzearen aldeko ekarpenik egin ez bada 0 puntu emanen dira.
B.6.–Aurreko ekitaldietan jasotako dirulaguntzak: 6 puntu arte.
–Toki entitateak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura laguntzarik jaso ez badu bere kirol instalazioak berritzeko, 2021, 2022, 2023 eta 2024 ekitaldietan, 6 puntu lortuko ditu.
–Toki entitateak ez badu jaso Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura bere kirol instalazioak berritzeko laguntzarik 2022, 2023 eta 2024 ekitaldietan, 4 puntu lortuko ditu.
–Toki entitateak ez badu jaso Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura bere kirol instalazioak berritzeko laguntzarik 2023 eta 2024 ekitaldietan, 2 puntu lortuko ditu.
9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.
9.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena emanen du gehienez lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatzean ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, toki erakundeek ondorioztatu beharko dute eskaera ukatu zaiela.
9.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan agertuko dira dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da.
Dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirolaren Institutuaren aurrekontuetan xede horretarako dauden kredituen menpe egonen da betiere, baita foru agindu honen 6. oinarriaren 2. apartatuan ezarritako zenbatekoen menpe ere.
Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.
9.3. Dirulaguntza emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko da, erakunde onuradunaren gaitutako helbide elektronikoaren bidez.
9.4. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izaten bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da.
9.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin, baldin eta jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Xede horretarako jasotako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez du gainditzen ahalko, inola ere ez, obra bukatzean justifikatutako gastuen guztizkoa.
10. Entitate onuradunen betebeharrak eta justifikatzeko agirien aurkezpena.
10.1. Dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeek hilabeteko epea dute, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaienetik hasita, exekuzio proiektua edo behin betiko memoria aurkezteko, hasierako dokumentazioan egindako zuzenketak ere agertuz, halakorik balitz.
10.2. Dirulaguntzaren onuradun diren toki erakundeek 2024ko azaroaren 15eko 23:59 baino lehen bukatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko obrak, horixe baitute onetsi zaien dirulaguntzaren ordainketa gauzatzeko ezinbestean bete beharreko baldintza; 12. oinarrian xedatutakoa ere bete beharko dute:
a) Obren adjudikazioaren akta, bertan datu hauek adierazita, gutxienez: adjudikazioaren data, enpresa adjudikaziodunaren izena eta identifikazio datuak (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta adjudikazioaren zenbatekoa.
Obrak administrazioak egiten baditu, adjudikazioaren aktaren ordez, toki erakundearen organo eskudunak hartutako erabakia sartuko da, eta hartan adieraziko da obrak sistema honen bidez eginen direla.
b) Zuzendaritza fakultatiboaren izendapenaren akta, teknikariaren edo teknikarien identifikazio datuak adierazita (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).
c) Toki erakundearen ziurtagiria, idazkariak egina eta alkate udalburuak onetsia, zeinetan egiaztatzen baita efizientzia eta ekonomia irizpideak erabili direla hornitzaileak hautatzean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera.
d) Obren harrera akta, jabeek, enpresa adjudikaziodunak eta zuzendari fakultatiboak sinatua.
e) Obra bukaerako jatorrizko ziurtapena, zuzendaritza fakultatiboak, toki erakundearen ordezkari batek eta enpresa adjudikaziodunaren ordezkari batek sinatua.
f) Diruz lagunduko diren gastu guztien jatorrizko fakturak edo faktura elektronikoak, bai eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.
g) Euskarri informatikoa, benetan egindako obren proiektua biltzen duena, zeinetan jasoko baitira obren jatorrizko proiektuan izan diren aldaketak, baldin aldaketarik izan bada. Betiere jaso beharko ditu egindako obren memoria, behin betiko planoak, azken likidazioa eta jatorrizko egoeraren eta bukaerako egoeraren argazki dosierra.
Txosten horretan justifikatu egin beharko da irisgarritasun unibertsalari eta efizientzia energetikoaren hobekuntzari laguntzeko adierazi den obraren exekuzioaren ehunekoa.
h) Frogabide bat (argazkia), erakusteko obra lekuan berean jarri dela kartel bat, obrak egin diren bitartean, non agertu zen obra egin dela Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren anagramak eta logotipoak izanen ditu, diruz laguntzen diren obren informazio euskarrien diseinurako finkatuta dagoen testua erabiliz, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan ezartzen den moduan, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.
i) Frogabide bat, erakusteko obra bukaerako plaka bat jarri dela ageriko leku batean, euskarri zurrunean, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren anagrama eta logotipoekin, diruz laguntzen diren obren informazio euskarrien diseinurako finkatuta dagoen testua erabiliz, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan ezartzen den moduan, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.
j) Ziurtagiri bat, zeinaren bidez toki erakundeek adierazten baitute konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako kirol instalazioaren erabilera eta gozamena baimentzeko, herri horietako herritarren baldintza beretan, erakunde onuradunaren kirol eskualde bereko beste udalerri batean bizi diren nafarrentzat, 5 urteko epe batez. Halaber, erakunde onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako kirol instalazioaren erabilera Nafarroako Kirolaren Institutuari uzteko, programa propioetarako edo hark intereseko deklaratutako entitate edo jardueretarako. Horrelakoetan, erabilera doakoa izanen da. Lankidetza hitzarmen bat formalizatzen ahalko da, diruz lagundutako instalazioaren erabilera partekatua egiteko, 5 urteko epe batez.
10.3. Dirulaguntzaren eskaera ez ezik, oinarri honetan adierazitako frogagiriak ere aurkeztuko dira, nahitaez, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko tramiteen katalogoaren bitartez (www.nafarroa.eus).
Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, erakunde eskatzaileari eskaera eginen zaio, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.
10.4. Obrak exekutatuko dira diruz lagundutako proiektuari jarraikiz, ezertan galarazi gabe toki erakundeek eskatuta eransten ahal diren aldaketak. Aldaketa horiek Azpiegituren Atalak baimendu beharko ditu, baina kontuan hartu beharko da dirulaguntzaren xede den inbertsioaren gaineko kostuaren igoerak onuradunaren bizkar izanen direla.
10.5. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek onartu eta erraztu beharko dute Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eskatzen dituen frogak eta dokumentuak aurkeztea.
10.6. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Azpiegituren eta Kudeaketaren Atalaren bidez, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Dirulaguntza hartzen duen erakunde onuraduna beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein dokumentazio ematera.
10.7. Toki erakundeek hitz ematen dute ez dutela baimenik emanen diruz lagundutako instalazioetan apustuen publizitatea jartzeko eta beteko dutela arlo horretan indarrean dagoen araudia.
11. Dirulaguntzaren ordainketa.
11.1. Emandako laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira, Azpiegituren Kudeaketaren Atalak txostena egin ondoren, baldin eta 10. oinarriaren 2. apartatuan eskatutako frogagiriak behar den epean eta moduan aurkezten badira.
11.2. Obrak bukatu eta exekuzioaren zenbateko osoa (barne direla proiektuko eta obra zuzendaritzako ordainsariak) hasieran aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu osoaren %80 edo %60 ordainduko da, dagokien taldearen arabera eta betiere errespetatuz jaso beharreko gehieneko zenbatekoa.
12. Diru laguntzen aurrerapena.
12.1. Esleitutako dirulaguntzaren ordainketaren aurrerakinak egin daitezke, baldin eta justifikatzen bada diru-funtsa jasotzea beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko. Ordainketa aurreratzeko eskaerarekin batera, funtsen beharraren justifikazioa eta egikaritzeko epeen aurreikuspena erakutsiko dira.
12.2. Obra 2024ko azaroaren 15tik aurrera bukatzea aurreikusten bada, justifikaziorako dokumentazioa aurkezteko aurreikusitako epea luzatzen ahalko da, obra 2024an hasia bada.
2024ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira 10. oinarriko 10.2 apartatuko a), b), c) eta i) apartatuetan aipatzen diren dokumentuak. 10.2 apartatuan aipatzen diren gainerako dokumentuak 2025eko irailaren 30a baino lehen aurkeztuko dira.
13. Ez-betetzea.
13.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatzen badira, dirulaguntza galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.
Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko zalantzarik gabeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
13.2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez behin betiko emandako dirulaguntza bati uko egitea edo hura errebokatzea irizpide negatibotzat jotzen ahal da eskatzaileak hurrengo deialdietan aurkezten dituen eskaerak baloratzeko orduan, eta, hala, bigarren mailako lehentasuna izanen dute ondorengo bi deialdietan.
14. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.
Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.
15. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendurik; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
16. Aplikatzekoa den legedia.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–DATUEN AITORPENA
NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENDAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, 2024an KIROL INSTALAZIOEN BERRIKUNTZEN ARLOAN INBERTSIOAK EGIN DITZATEN
Izen-deiturak: ……………………………………………………………………..................................... NAN zenbakia ……………………………………………………………………………………………………. duenak, ............... Toki erakunde honen ordezkari gisa: ........................................................................, helbidea ..........., ......................................................................................................... IFZ: ........................... Telefonoa ..................…………………… Helbide elektronikoa: ................................................................. ESKAERA hau sinatzen du, honako hau adieraziz:
1. Jarduketa honako honetan datzala: ................................................................................................................................................................................................................................................................
2. Aurreikusitako jarduketaren guztizko zenbatekoa honako hau dela: ............................................................. euro. ............................................ euro (BEZa barne)
3. Jarduketa gauzatuko den kirol instalazioak ................................... urte dituela. ................................................................. urte Erakundeko idazkaritzaren edo idazkaritza/kontu-hartzailetzaren titularra den pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da.
4. Jarduketaren guztizko aurrekontuaren portzentaje hau bideratuko dela irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera ............................... %.
5. Jarduketaren guztizko aurrekontuaren portzentaje hau bideratuko dela instalazioaren efizientzia energetikoa hobetzera ............................. %.
6. Ordezkatzen den toki entitateak Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren (lehengo Nafarroako Kirolaren Institutua) dirulaguntza jaso zuela,....... urtean. ...................... (adierazi 2021, 2022, 2023 edo 2024 urteetan onuraduna izan den) ....................................................................
Non: ……..……….…..…......(e)n. .................................... -ren .......................... (e)(a)n. 2024
KARGUA: .............................................................
NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUA.
III. ERANSKINA.–BATERAKO FINANTZAKETAREN ORRIA.
NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENDAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA,
2024an KIROL INSTALAZIOEN BERRIKUNTZAREN ARLOAN INBERTSIOAK
EGIN DITZATEN
Izen-deiturak: ……………………………………………………………………..................................... IFZ: .................................... Toki entitatearen ordezkaria: ............................................... Adierazten du:
Proiektua ……………………………………………………………………................................... BAI/EZ da finantzatu beste entitate publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako dirulaguntza edo baliabideekin, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak emandakoaz gain.
Beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzarik edo baliabiderik jaso bada, honako hauek zehaztu beharko dira:
–Bestelako dirulaguntza edo baliabideak eman dituzten entitatea/k.
–Laguntza horien zenbatekoa.
–Ekarpen horren ebazpenaren agiria.
Halaber, entitate honek konpromisoa hartzen du, laguntza emateko ebazpenaren ondoren beste erakunde publiko edo pribatu batzuen finantzaketa jasotzen bada, jasotako finantzaketa bateratuari buruzko aitorpena aurkezteko.
Non: ……..……………...…......(e)n. ....................................................... (e)(a)n. 2024
O.E.
ALKATEA/UDALBURUA O.E. IDAZKARITZAREN TITULARRA
NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUA.
IV. ERANSKINA.–HERRI EDO ESKUALDE BATEAN KIROL INSTALAZIOEN
ETA JARDUEREN PLANA EGITEKO DATU-ORRIA
NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENDAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA,
2024an KIROL INSTALAZIOEN BERRIKUNTZAREN ARLOAN INBERTSIOAK EGIN DITZATEN
KIROL INSTALAZIOEN TOKIKO PLANA
Helburua:Udaleko kirol espazioak hainbat ikuspegitatik aztertzea, jakiteko zein den haien erabilera maila, herritarrek egiten duten aprobetxamendua, behar dituzten mantentze lanak, kontserbazio egoera, gabeziak eta indarguneak.
3 Fase:
–1. fasea: KIROL INSTALAZIOAK: Azken 5 urteotan kirol instalazioetan egin diren erabilera eta mantentze lanak. Kirol instalazioen egungo egoera eta kokapena.
–2. fasea: KIROL JARDUERAK: Datozen urteotan izanen diren jardueren plangintza eta programazioa.
–3. fasea: KIROL INSTALAZIOEN JARDUKETA PLANA: Azterketa, instalazioen eta kirol espazioen gabeziak. Jarduketa plana. Kronograma.
1. FASEA: KIROL INSTALAZIOAK:
Kirol instalazioetan azken 5 urteotan izandako erabilera eta mantentze lanak. Kirol instalazioen egungo egoera eta lokalizazioa.
1.–Herriko instalazio bakoitzaren MANTENTZE LANETARAKO azken 4 urtean erabili den aurrekontua.
1. INSTALAZIOA: .........................................................................................
URTEA | PREBENTZIOZKO | MANTENTZE-LAN | OBRETAKO GASTUAK | ZENBATEKOA GUZTIRA, (€) |
2020 | ||||
2021 | ||||
2022 | ||||
2023 |
2. INSTALAZIOA: .........................................................................................
URTEA | PREBENTZIOZKO | MANTENTZE-LAN | OBRETAKO GASTUAK | ZENBATEKOA GUZTIRA, (€) |
2020 | ||||
2021 | ||||
2022 | ||||
2023 |
"X" INSTALAZIOA: ........................... *(Instalazio bakoitzerako koadro bat sortu)
2.–Azken 4 urteotan (2020, 2021, 2022, 2023) herrian egin diren eta instalazio bakoitzean garatu diren jarduera errealak.
Barnean izanen dira, era berean, normalean kirolerako ez diren beste espazio batzuetan egindako jarduerak.
Infografiak gehitu daitezke ikastaroen eta/edo jardueren informazioko/programetako kartelekin, informazioa emateko.
URTEA: ........................... *(Urte bakoitzerako koadro bat egin)
JARDUERA | MODALITATEA | ADIN | SEXUA | IRAUPENA | PARTE-HARTZAILE KOPURUA | TOKIA / INSTALAZIOA |
3.–Kirol instalazio bakoitzaren kontserbazio egoeraren deskribapena (egoera seinalatu X batez).
INSTALAZIOA | EGOERA ONA | HALA MODUZKO EGOERA | EGOERA TXARRA | INST. ITXIA |
4.–Herriaren planoa, kirol instalazioen kokalekua markatuta.
2. FASEA: KIROL JARDUERAK:
Egungo egoera. DATOZEN 4 URTEOTAN garatu nahi diren JARDUEREN analisia, plangintza eta programazioa. Zenbatespen ekonomikoa.
5.–Udalak hurrengo 4 urteotan egin nahi dituen jarduera fisikoen eta kirol jardueren plana eta programa.
Atal honetan sartu behar dira bai orain egiten ari diren jarduerak bai jarduera berriak.
5.1. Gaur egun EGITEN ARI DIREN jarduerak:
JARDUERA | MODALITATEA | ADIN | SEXUA | IRAUPENA | PARTE-HARTZAILE KOPURUA | TOKIA / INSTALAZIOA |
5.2. Proposamena, datozen urteotan eginen diren jarduera BERRIEI buruzkoa:
JARDUERA | MODALITATEA | ADIN | SEXUA | IRAUPENA | PARTE-HARTZAILE KOPURUA | TOKIA / INSTALAZIOA |
6.–Hurrengo 4 urteetan kirol jardueretara bideratuko den aurrekontuaren aurreikuspena, lehendik egiten diren jardueren jarraipena izan nahiz jarduera berriak izan.
URTEA | JARDUERA PLANAREN ZENBATESPEN EKONOMIKOA (eurotan) |
2024 | ........ ............................................... euro |
2025 | ........ ............................................... euro |
2026 | ........ ............................................... euro |
2027 | ........ ............................................... euro |
3. FASEA: KIROL INSTALAZIOEN PLANA:
Azterketa, Instalazioen eta kirol espazioen gabeziak. Jarduketa plana. Kronograma.
7.–Aztertzea eta baloratzea zer aukera dagoen lehendik dauden instalazioetan jarduera berriak gauzatzeko, kirol espazio berriak eraiki behar izanik gabe.
INSTALAZIOA/KIROL ESPAZIOA | BALIZKO JARDUERA BERRIA |
8.–Aztertzea eta hautematea zer gabezia dauden kirol instalazioetan eta espazioetan.
Gabezia horiek estaltzeko aukeren eta neurrien azterketa eta proposamenak.
8.1. Lehendik dauden kirol instalazioen GABEZIAK.
LEHENDIK DAGOEN KIROL | GABEZIAK | HOBETZEKO PROPOSAMENAK/NEURRIAK |
8.2. Instalazio berrien beharra.
KIROL JARDUERA | INSTALAZIO BERRIEN PROPOSAMENAK |
9.–Kirol Instalazioen Jarduketa Plana prestatzea, hautemandako beharrak eta etorkizunerako aurreikuspenak kontuan harturik.
Atal honetan, honako aldagai hauek hartu beharko dira kontuan:
–Modalitate edo behar berriei erantzute aldera, lehendik dauden instalazioak handitzeko, horietan aldaketak egiteko edo horiek birmoldatzeko dauden aukerak.
–Behar diren instalazio berriak.
Oharra: atal honetan sartu behar dira bai instalazio eta jarduera mankomunatuak, inguruneko herriekin egin litezkeenak, bai, kasua bada, zer herritan eta instalaziotan egiten diren.
INSTALAZIOEN JARDUKETA PLANA: HERRIAREN ETORKIZUNEKO PROSPEKTIBA | ||
Kirol jarduera | Lehendik dagoen instalazioa handitzea/aldatzea/birmoldatzea / Proiektua prestatzea edota idaztea | Instalazio berria |
10.–Beharrak ezagututa, KRONOGRAMA bat prestatuko da, hurrengo urteetan egin litezkeen "eraberritze, hobekuntza edo eraikuntza berriak", eta horien aurreikuspen ekonomikoa azalduz.
Aipatuko dira, berariaz aipatu ere, diruz lagunduko diren jarduketak, 2024. urtean lehentasunezko gisa sartutakoak.
INSTALAZIOEN JARDUKETA PLANERAKO JARDUKETA KRONOGRAMA: | ||
AURREIKUSITAKO URTEA | HOBETZEKO JARDUKETA / PROIEKTUA | ZENBATESPEN EKONOMIKOA |
2024 | 1. jarduketa | ... ............................................... euro |
2. jarduketa | ... ............................................... euro | |
2025 | .................... | ... ............................................... euro |
.................... | ... ............................................... euro | |
2026 | .................... | ... ............................................... euro |
........ | .................... | ... ............................................... euro |
Non: …….…...…......(e)n. ........................................... Data ............................................(e)(a)n. 2024
O.E.
ALKATEA/UDALBURUA
NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUA.
V. ERANSKINA.–ERAKUNDEAREN LEGEZKO ORDEZKARIAREN ZIURTAGIRIA, INBERTSIOARI DAGOKION BEZari BURUZKOA
NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENDAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA,
2024an KIROL INSTALAZIOEN BERRIKUNTZAREN ARLOAN INBERTSIOAK
EGIN DITZATEN
Izen-deiturak: ……………………………………………………………………..........................................................................................…………………………………..…………………… jaunak/andreak, ……………………………………….. Udalaren/Kontzejuaren Idazkaritzaren titularrak, ...............................................................................
ZIURTATZEN DU
Inbertsioak sortutako BEZa......................................................... BAI/EZ berreskuratu edo konpentsatu daiteke gastu diruz lagungarritzat hartzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan ezarritakoa betez.
Eta, jasota gera dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau ematen dut, alkateak/udalburuak ontzat emana eta entitatearen zigilua duena.
Non: ……..……………...…......(e)n. .......................................... (e)(a)n. 2024.
O.E.
ALKATEA/UDALBURUA O.E. IDAZKARITZAREN TITULARRA
NAFARROAKO KIROLAREN ETA JARDUERA FISIKOAREN INSTITUTUA.
Iragarkiaren kodea: F2408172
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
