Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2024ko ekainaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
62E/2024 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana; honen bidez onesten da toki entitateendako dirulaguntzen deialdia, gaua igarotzeko lekuak presta ditzaten, turismo ibiltarian dabiltzan autokarabana, karabana eta antzekoentzat. DDBN identifikazioa: 762025.
Nafarroako Foru Komunitatean turismo ibiltariaren fenomenoak hazkunde oso nabarmena izan du azken urteotan, eta agerian geratu da beharrezkoa dela Administrazioak jarrera aktiboa hartzea, turismo modalitate horren gaineko araudia antolatzeko eta gertatzen ari diren disfuntzioak zuzentzeko.
Esparru juridiko bat ezarri zuen azaroaren 5eko 03/2014 Foru Dekretuak, autokarabanendako harrera-leku eta kanpalekuen antolamenduari buruzkoak, baina ez zuen espero adinako emaitzarik lortu, eta gainditua geratu da nabarmen, modalitate horri lotutako turisten ohituren bilakaerarengatik, alde batetik, eta bestetik, turismoaren sektorean azken urteetan gertatzen ari den etengabeko aldaketa prozesuarengatik.
Turismo Zuzendaritza Nagusiaren lan planaren eta bide orriaren baitan dago hainbat txosten prestatzea, besteak beste, "Turismo ibiltariaren antolamendua Nafarroan: eredua eta arautzeko eta sustatzeko oinarriak" txostena, eta "turismo ibiltariaren portaera eta eragin ekonomikoa" eta "lurralde eragina" gaiei buruzko azterlanak.
Lan plan honen esparruan, berriki onartu da "22/2024 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, gaua igarotzeko lekuak arautzen dituena turismo ibiltarian dabiltzan autokarabana, karabana eta antzekoentzat, Nafarroako Foru Komunitatean"; horren helburua zen turismo mota hori modu jasangarriagoan garatzen laguntzea, Nafarroako Foru Komunitatean turismo ibiltariarentzat antolatzen ahal diren gau-lekuak arautuz, etxebizitza-ibilgailu mota guztientzat.
Aldi berean, Turismo Zuzendaritza Nagusia eremu-sare koordinatu bat prestatzen ari da, erreserba sistema integratu eta zentralizatu baten bidez kudeatuko litzatekeena, egungo eskaerari erantzun ahal izateko eta, orobat, izan daitezkeen sustatzaile berrien aukera eta interesei eta, batez ere, guztien interes komunari ere bai. Helburua da toki erakundeei jarduera horren kudeaketarako aukera bideragarri eta seguru bat eskaintzea, etxebizitza-ibilgailuen fluxuak sare osoan barna hedatu ahal izateko, kolapsorik izan ez dadin une gorenetan, eta natura edo hiri eremuak babesteko.
Jarduera antolatzeko prozesu horretan guztian, lehen esan den moduan, helburua baita jarduera horren garapen jasangarriagoa lortzea, toki erakundeak funtsezko elementuak dira; izan ere, haien esku dago trafikoa, aparkalekuak eta mugikortasuna arautzea, baita kanpalekuen eta gaua igarotzeko lekuen kontrola ere, zein bere udalerrian.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, deialdi hau banakako ebaluazio bidez ebaztea aurreikusten da, egoki diren dirulaguntzak emanez eskaerak aurkeztu diren hurrenkeran, aurrekontuan behar adina diru dagoen bitartean.
Inbertsioen ezaugarri bereziak direla eta, denboran luzatu egin baitaitezke, eta beharbada, ezinezkoa izan baitaiteke aurrekontu-ekitaldi bakar batean gauzatzea, deialdiak aurreikusten du, halaber, urte anitzeko gastu bat onestea, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean behar adina aurrekontu-zuzkidura egotearen baldintzapean.
Gobernuak 2024ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari dirulaguntzan banakako ebaluazioaren araubidean emateko deialdi hau tramitatzeko.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismoko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Toki entitateei dirulaguntzak banakako ebaluazioaren bidez emateko deialdia onestea, gaua igarotzeko lekuak presta ditzaten, turismo ibiltarian dabiltzan autokarabana, karabana eta antzekoentzat.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. 800.000 euroko gastua baimentzea, deialdiaren ondoriozko konpromisoak betetzeko, ekonomiaren eta denboraren banaketa honen arabera finantzatuko dena:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A30001 A3100 7609 432100 Turismo ibiltariarendako gaua igarotzeko eremuetarako dirulaguntzak. | 2024 | 400.000 |
A30001 A3100 7609 432100 partidaren baliokidea, Turismo ibiltariarendako gaua igarotzeko eremuetarako dirulaguntzak, 2024ko gastuen aurrekontutik | 2025 | 400.000 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 17an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
TURISMO IBILTARIAN DABILTZAN AUTOKARABANA, KARABANA ETA ANTZEKOENDAKO GAUA IGAROTZEKO LEKUAK PRESTATZEKO TOKI ENTITATEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen helburua da Nafarroako toki erakundeendako dirulaguntzak emateko araubidea arautzea, turismo ibiltarian dabiltzan autokarabana, karabana eta antzekoendako gaua igarotzeko lekuak presta ditzaten.
Deialdiaren helburua da toki entitateek inbertsioak egin ditzaten eta neurriak har ditzaten sustatzea, autokarabanen, karabanen eta antzekoen turismo ibiltaria antolatzeko, ikuspegi orokorra izanen duen eremu-sare bat sortzeko, jardueraren fluxuak ulertuz eta haiei erantzuna emanez, eta orobat, eremu horien kudeaketarako eredu bat eskaintzea.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honetatik sortuko diren konpromisoak betetzeko baimendu den kreditua 800.000 eurokoa da, eta ekonomia eta denbora banaketa honen arabera finantzatuko da:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A30001 A3100 7609 432100 Turismo ibiltariarendako gaua igarotzeko eremuetarako dirulaguntzak. | 2024 | 400.000 |
A30001 A3100 7609 432100 partidaren baliokidea, Turismo ibiltariarendako gaua igarotzeko eremuetarako dirulaguntzak, 2024ko gastuen aurrekontutik | 2025 | 400.000 |
2025eko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.
3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
Jarduketak dagokien eskaera aurkeztu ondoren gauzatu eta fakturatu behar dira, eta beranduenez 2025eko urriaren 31rako. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egikaritu, fakturatu eta ordaindu badira.
4. oinarria. Erakunde onuradunak eta baldintzak.
4.1. Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik dauden eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek; zehazki, honako hauek:
–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera osatuta egotea. Udalerri ez diren entitateek frogatu beharko dute diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko eskumena dutela.
–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.
–Ez egotea administrazio zehapen irmo edo kondena epai irmoren bat betetzen, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera egiteko inprimakian jaso den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.
5. oinarria. Diruz lagungarriak diren proiektu eta kostu motak.
5.1. Proiektu mota.
Deialdi honen babesean, dirulaguntza jasotzen ahalko dute turismo ibiltariarendako "Gaua igarotzeko eremuak" izeneko azpiegitura turistiko berriak sortzeko proiektuek, edo une honetan Nafarroako toki entitateek dituzten geralekuak eta aparkalekuak helburu horretarako egokitzeko proiektuek. Eremu horiek egokitu beharko dira turismo ibiltarian dabiltzan autokarabana, karabana eta antzekoendako gaua igarotzeko lekuak Nafarroako Foru Komunitatean arautzen dituen martxoaren 6ko 22/2024 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.
"Gaua igarotzeko eremuak" xede duten proiektuek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Partzelaren jabetza toki erakunde eskatzailearena da edo gutxienez 10 urtez toki erakundearen aldeko lagapena du. Epe horretan toki entitateak konpromisoa hartzen du deialdi honen bidez finantzatutako azpiegitura erabili, kudeatu eta mantentzeko. Epe hori 10 urte baino laburragoa izan daiteke, soilik, partzela hori herriaren erabilera publikoko eta interes orokorreko beste zerbitzu baterako erabili behar den kasuetan. Kasu horretan, erabileraren aldaketa hori Turismo Zuzendaritza Nagusiak onetsi beharko du.
–Toki erakundeak konpromisoa hartuko du gaua igarotzeko eremua lotzeko Turismoko Zuzendaritza Nagusia sustatzen ari den bisitarien harrera guneen eta gaua igarotzeko guneen sarearekin; beraz, haren sarbideen kontrolerako sistemak aukera eman behar du sare horren erreserben plataformarekin lotura egiteko.
–Gaua igarotzeko eremuak sarbide bakarra izanen du ibilgailuentzat, eta aurreko puntuan adierazitako Turismo Zuzendaritza Nagusiaren erreserba sistemari lotutako hesi automatiko bat edo antzeko elementu bat instalatuz kontrolatuko da.
Toki entitateak, gainera, konpromisoa hartu beharko du turismo ibiltarian dabiltzan ibilgailuei gaua egokitutako eremuetatik kanpo igarotzeko aukera mugatzeko, eta orobat, zerbitzua erabiliko dutenek ordaindu beharreko prezioak ezarri beharko ditu, dagokion udal ordenantzaren bidez, gehienez 12 hilabeteko epean onetsiko dena, dirulaguntza esleitzen den unetik hasita.
5.2. Kostu diruz lagungarriak.
Deialdi honen bidez diruz laguntzen ahalko dira honako kostu hauek:
a) Honen aurreko puntuan aipatutako inbertsio proiektuak idaztea eta dagokien obra zuzentzea. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %10 gehienez, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoetara iristeko.
Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako gauzatze materialaren zenbatekoaren %10era arte, gehienez. Horren ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ez da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egiten ahalko.
b) 5.1 apartatuan aipatzen diren instalazioak eta azpiegiturak egokitzeko behar diren eta proiektatu diren inbertsioak egikaritzea, onetsitako obraren egikaritze proiektuaren arabera.
c) Kontrol eta zaintza sistemak instalatzeko kostuak.
d) Behar diren altzariak eta ekipamendua erosi eta instalatzea, eta informazio panelak jartzea.
5.3. Kostu ez lagungarriak.
Laguntzak pizgarri gisa erabili nahi direnez, onartuko diren jarduketa bakarrak laguntzaren onuradunek laguntzaren eskaera erregistratu ondotik hasitakoak izanen dira. Ez da hautagarri izanen jarduketa egikaritzeari buruz data hori baino lehenago fakturatutako inongo kosturik, salbu eta eskaera aurkezteko edo inbertsioak gauzatzeko beharrezkoak izan diren prestaketa lanei dagozkien kostuak, esate baterako, proiektua edo memoria teknikoa idaztea; izan ere, horiek diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, lehenago fakturatu badira ere, betiere prestaketa aldiko jarduketa horiek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi badira.
Ondoko gastu mota hauek ez dira inolaz ere diruz lagungarriak izanen:
a) Dirulaguntza eskatzen duen erakundeak berak egindako lanak ez dira lagunduko, eta jarduera ematen edo hornitzen duena erakunde eskatzailea bera denean ere ez, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean, ezta ere.
b) Garraio elementuak.
c) Administrazio baimenak, lizentziak, baimenak, abal eta fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo ordainak.
d) Kudeaketei, kontratazioei, kontsultei edo administrazio tramiteei lotutako edozein gastu, nahiz eta beharrezkoak izan baimenak edo lizentziak lortzeko.
e) Finantza gastuak, pasiboen berregituraketei edo birfinantzaketei dagozkienak, edozein eragiketa motatako banku gastuak.
f) Establezimenduen errentamendu gastuak.
g) Jarduketen mantentze-lanetako gastuak edo soluzio teknologiko bat ezarri ondoko funtzionamenduarekin eta hobekuntzarekin zerikusia duen beste edozein gastu.
h) Izenpetutako aseguruak, zehapen penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.
i) Funtzionamendu gastu arruntak.
j) Erakunde onuradunen mendeko lan harremana duten langile finkoen edo behin-behineko lan kontratudunen ordainsari arruntei dagozkien gastuak.
k) 5.2 atalean hautagarritzat jotzen ez den beste edozein gastu.
6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko inbertsioa.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da. Inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoaren (BEZa barne) %65 eta %80 artekoa izanen da, baremoan lortutako puntuazioaren araberakoa eta honako xehetasun hauekin bat etorriz:
–Beharrezko gutxieneko inbertsioa: 30.000 euro.
–Gehieneko aurrekontu diruz lagungarria: 200.000 euro.
–Dirulaguntzaren ehunekoa:
- %65 oinarri arautzaileetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten proiektuetan.
- %80 irizpide hauek betetzen dituzten proiektuetan:
–Lehentasunezko proiektu motak, puntu beroen eta eskaintza/eskariaren arteko arrakalaren arabera.
EREMUA | PROIEKTU MOTA |
Baztan-Bidasoa, Pirinioak, Zangozako eskualdea eta Pirinioaurreko eskualdea | Une honetan dauden geraleku eta/edo aparkalekuak egokitzea edo berriak sortzea. Gehienez 20 plaza dituzten eremuak |
Errege Bardearen ingurua (Partzuergoko kide diren herriak, Erronkaribar-Zaraitzu izan ezik) | Egungo geraleku eta/edo aparkalekuak egokitzea gaua igarotzeko eremuak izan daitezen. |
Iruña eta metropolialdea | Egungo geralekuak Pernocta Plus eremura egokitzea |
Nafarroako gainerakoa | Egungo geralekuak edo aparkalekuak egokitzea |
* Oinarria: "Turismo ibiltariaren lurralde eragina eta gaua igarotzeko guneen beharren mapa" azterlana.
–5000 biztanletik beherako udalerriak.
Toki erakundeak BEZa berreskuratzea badu, gastu hori ez da diruz laguntzen ahalko. Partzialki berreskuratzea badu, udal idazkaritzak ziurtagiri bat egin beharko du, hainbanaketa portzentajea adierazita. Portzentaje hori ez da inola ere diruz lagungarria izanen.
7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2025eko ekainaren 30ean bukatuko da.
Deialdi honetarako aurreikusitako aurrekontu kreditua egun hori baino lehen agortzen bada, epe hori espresuki itxiko da, eta laguntzen fitxan iragarriko da.
7.2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.
b) Laguntza hauekin loturik Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak egiten ahal dituen jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat izatea.
c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du esan nahi gero ez denik bide telematikotik aurkezten ahalko. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoa egin denekoa izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Turismoko Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
7.3. Eskaerak ez baditu esandako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzentzeko, gehienez hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria. Eskaturiko dokumentazioa.
Laguntzak eskatzeko, berariazko eskaera-orria aurkeztu beharko da, toki erakundearen legezko ordezkariak sinatuta, honako dokumentazio honekin batera:
8.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenak.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako egoera debekatu batean ez dagoela adieraziz.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esanez ez dagoela inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esanez ez duela zorrik administrazioarekin laguntzak, maileguak edo aurrerakinak itzuli behar izateagatik eta, orobat, ez dagoela berreskuratze agindu baten zain, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratzeko erabakia hartu ondoren.
–Erantzukizunpeko adierazpena, esanez betetzen duela aplikatzekoa den Espainiako eta Europar Batasuneko araudi guztia (bereziki, lehiaren, kontratazioaren, obren eta horniduren adjudikazioaren eta ingurumenaren arloetakoak) eta konpromisoa hartzen duela bere gain proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren lizentziak eta baimenak eskuratzeko.
–Erantzukizunpeko adierazpena, beste administrazio, entitate edo partikular batzuei dirulaguntzaren xede diren jarduketa beretarako eskatutako eta/edo haiek emandako dirulaguntzei buruzkoa, eta jasotzen duena konpromiso bat, deialdi honetako dirulaguntzak izapidetzen diren bitartean eskatzen edo jasotzen ahal dituen laguntzei buruz informatzeari buruzkoa.
–Toki entitateko idazkaritza lanetan ari den pertsonaren ziurtagiria, adieraziz entitate horrek ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zerga ordainduak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.
–11. oinarrian araututako ordainketaren aurrerakina eskatuz gero, dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, toki erakunde eskatzailearen idazkari lanetan ari den pertsonak emandakoa. Entitate eskatzaileak bat baino gehiago direnean, idazkaritza bakoitzak ziurtagiri bana aurkeztu beharko dute.
–Entitate eskatzailea jarduketak eginen diren eremuen edo lursailen titularra dela dioen ziurtagiria edo, kasua bada, eremu edo lursail horiek baliatzeko baimena duela, eskaera aurkezten den egunetik 10 urtetik gorako epe batez. Horretarako, toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria aurkeztuko da, zirkunstantzia horiek egiaztatzen dituena eta, gainera, jarduketak eginen diren poligono eta lurzati zehatzak adierazten dituena.
–Toki erakundearen konpromisoa, gaua igarotzeko eremua gutxienez 10 urtez zerbitzu horretarako erabiliko dela eta Turismo Zuzendaritza Nagusiaren eremu sarera atxikiko dela, 5. oinarria betez.
–Toki entitateak konpromisoa hartzea, dagokion ordenantza arautzailearen bidez, turismo ibiltariarendako gaua igarotzeko eremuaren mugapena eta zerbitzua emateagatik kobratu beharreko prezioa arautzeko, 5. oinarrian adierazitako moduan.
8.2. Proiektuari buruzko dokumentazioa.
–Dirulaguntzaren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria, informazio zehatz eta xehatua bilduko duena, gutxienez, honako alderdi hauen gainean:
–Jarduketa horrekin lortu nahi diren helburuak.
–Jarduketaren interesaren justifikazioa.
Naturguneetan dauden harrera-lekuen erabilera publikoaren gaineko kudeaketa hobetzeko inbertsio proiektuetan, 6. oinarrian ezarritako baremoa aplikatzeko, memorian justifikatu beharko da puntuak ematen dituzten baldintzak betetzen direla.
–Memoria baloratua edo, inbertsioek hala eskatzen badute, obrak egikaritzeko proiektua, behar bezala zigilatua.
–Kostu hautagarrien artean obra zibila jasotzen duten jarduketetarako eskaeren kasuan, hondakinen kudeaketaren azterlan bat, teknikari eskudun batek sinatua, hondakinen gutxieneko portzentajearen betekizuna (%70) betetzen dela justifikatuz, edo bestela, onuradunaren ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, betekizuna bete dela eta hori justifikatzeko behar den dokumentazio guztia aurkeztuko dela adieraziz.
–Beharrezkoak diren administrazio baimenak (Ingurumena, Lurraldearen Antolamendua edo beste batzuk), aginduzkoak badira.
–Aurrekontua kontzeptuen arabera zehaztua, fakturak edo proforma fakturak, gastuak kuantifikatzeko bide ematen dutenak; ez dira inoiz onartuko erakunde eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
–Argazkiak, erakusten dutenak zer egoeratan dauden intalazioak/azpiegiturak eskaera aurkezteko unean.
–Jarduketak gauzatzeko kronograma eta jarduketaren gauzapenaren faseak.
9. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
–Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen kudeaketa organoa.
–Dirulaguntza hau banakako ebaluazioaren araubidearen bidez emanen da. Eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean, eta 2. oinarri arautzailean proiektu mota bakoitzerako kontsignatutako kredituen arabera.
–Laguntzak eskatzeko epea amaitu baino lehen agortzen bada aurrekontu-kreditua, eskaerak behin-behineko erreserba zerrendan erregistratzen jarraitzen ahalko dira. Eskaera horiei erantzunen zaie, sartze ordenari zorrotz jarraituz, kreditua askatzen bada (laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen delako edo onuradunen batek laguntzari uko egiten diolako) edo deialdian aurrekontu berria sartzen bada.
Eskaera behin-behineko erreserba zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.
–Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako baldintzak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 eguneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.
–Zuzentzeko epea amaituta, espedientearen behin betiko ebaluazioa eginen da, eta ondoriozko dirulaguntzaren kalkulua ere bai, eta dagokion dirulaguntzaren esleipena ere eginen da, inbertsioa eginen den urteko aldiaren edo urteetako aldien arabera.
2024ko aurrekontuan ez badago behar adina funts une horretan aurreikusitako gastu konpromisoa hartzeko, baina 2025ekoan gerakinik geratzen bada, emakida urte horren kontura egitea proposatuko da.
–Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak dagokion ebazpen proposamena bidaliko dio Turismo Zuzendaritza Nagusiari. Dagozkien dirulaguntzak aurreko zenbakian xedatutakoari jarraituz esleitu ondoren, eskaerei erantzuteko ezarritako aurrekontu baliabideak agortzen badira, gainerako eskaerak espresuki ezetsiko dira.
–Turismo Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
–Eskaeren berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.
10. oinarria. Aurrera eramandako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
10.1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Egindako jarduketen justifikazioa noiznahi aurkezten ahalko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den unetik aurrera; azken eguna izanen da dirulaguntzaren xede den urteko urriaren 31.
10.2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa aurkezteko, laguntzaren fitxan dagoen berariazko justifikazio formularioa erabili beharko da, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari helaraziko zaio.
Justifikazioko dokumentazioa aurkezteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora lotura egiteko.
10.3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Jarraian aipatutako agiriak atxikiko zaizkio justifikazio inprimaki formalizatuari. Agiriok eskaneatuta aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:
a) Dirulaguntzaren xede izan diren jarduketen memoria, aurreikusitako jarduketen exekuzio maila azalduta.
b) Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen indarreko fakturazio erregelamenduaren araberakoak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
c) Egindako ordainketak justifikatzeko banku agiriak.
d) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xede diren jardueren finantzaketari buruzkoa. Adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketa horiek finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
e) Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena Kontratu Publikoei buruz indarrean dagoen Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ) eta 28.3 artikuluetan aurreikusten diren ondorioetarako.
f) Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, egiaztatzen duena dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko egin behar izan diren lanen kontratazioan bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak.
g) Egindako jarduketen argazkiak.
11. oinarria. Aurrerakinen aurreikuspena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako dirulaguntzaren %75eko aurrerakina ematen ahalko da, baldin eta erakunde onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela.
Horretarako, erakunde onuradunak berariaz eskatu beharko du, eta behar bezala justifikatu, aurrerakin horren premia duela.
Aurrerakina dirulaguntza ematen den unean ordainduko da, betiere urte horretan diru-zuzkidura aski bada aurrekontuan, eta erakunde onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkezten duenean erregularizatuko da.
Dirulaguntza esleitzeko unean kreditu gerakinik ez badago 2024ko ekitaldian, hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren kargura eman eta ordainduko da aurrerakina.
12. oinarria. Dirulaguntza ordaintzea.
Egindako jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena helaraziko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, entitate onuradunak dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatuko duena.
Onuradunak oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzaren aurrerakina jaso badu, honela erregularizatuko da:
–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen ez bada, ordaindutako dirulaguntzaren soberakinari dagokion diru kopurua itzultzeko eskatuko da, kasuan kasuko berandutze interesekin batera.
–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen bada, falta den zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emanen da.
13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak eta ez-betetze mailak.
13.1. Betebeharrak.
Laguntzen toki erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea, hamabost egun balioduneko epean, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin diruz lagundutako jarduketaren bat edo guztiak ezarritako epean ez badira burutu behar.
c) Diruz lagundutako jarduketen burutze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, hasieran onartutako aurrekontuaren aldean, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari jakin bezain laster, eta edonola ere laguntza jaso eta bi hilabetera, beranduenez.
Komunikazio hori egin ezean, dirulaguntzaren xede diren jarduketen gauzatze mailari buruz 13.2 oinarrian ezarritako murrizketak aplikatuko dira.
d) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.
e) Eskaerarekin batera aurkeztu diren erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromisoak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.
f) Dirulaguntzaren xede den eremua zerbitzu horretarako mantentzea, gutxienez 10 urtez.
g) Dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko jarduketen kontratazioan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak betetzea.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.
13.2. Ez-betetzeak eta ez-betetzeen graduazioa.
Dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Egiaztagiriak aurkezten badira dirulaguntzaren xede den urteko urriaren 30aren ondoren, baina atzerapena ez bada 10 egunetik gorakoa, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Atzerapena 10 egunetik gorakoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratuko da.
b) Dirulaguntzaren xede izan diren jarduketak burutzen badira (gauzatu, fakturatu eta ordaindu) zenbateko txikiago batez, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratuko da.
Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa alderatuko da horretarako ezarritako epearen barruan onartutako gastu justifikatuaren zenbatekoarekin.
c) Onartutako gastu justifikatuak ezin dira inola ere izan baxuagoak 6. oinarrian ezarritako gutxieneko gastu diruz lagungarrien zenbatekoak baino. Eta, hala izanez gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
d) Turismo Zuzendaritza Nagusiak sustatutako eremu-sareari atxikitzeko hartutako konpromisoak betetzen ez badira, edo udal ordenantza bidez udalerrian gaualdiak egiteko mugapena eta zerbitzuarengatik ordaindu beharreko prezioak arautzen ez badira, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera, jasotako dirulaguntza itzuli egin beharko da, dagokion espedientea ireki ondoren.
13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira jarduketa beretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen ahal dituzten dirulaguntzekin.
Nolanahi ere, deialdi honetako dirulaguntzen xedeko ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo ekintza horietarako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
14. oinarria. Emandako dirulaguntzak jakitera ematea.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2408206
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
